La Voz de Guipúzcoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search


La Voz de Guipúzcoa Donostian XIX. mendearen bukaeran hasi eta 1936ko uztailera arte argitaratutako egunkaria izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Voz de Guipúzcoa Donostian argitaratu zen 1885eko urtarrilaren 1etik 1936ko uztailaren 16 edo 17ra arte. Bere burua definitzean, egunkari errepublikazalea zela azpimarratzen zuen; izan ere azpitituluan Diario republicano agertzen zuen. Berrogeita hamaika urteko bizitzan etenaldiak izan zituen, besteak beste zentsura, gobernu agindu eta grebengatik.

Hasieran egunero argitaratzen zen, jai-egun eta igandeak barne. 1890ean, tipografoak igandeetan lan egitearen aurka azaldu ziren eta La Voz ez zen astelehenetan argitaratu apirilaren 20tik ekainaren 30era[1].

Ondoren, berriro egunero argitaratzen hasi zen. Handik urte batzuetara, 1904tik aurrera, igandeko jai-eguna onartu zenean, ez zen astelehenetan berriz kaleratu.[2]

Egunkariaren egoitza nagusia, hau da, administrazioa eta erredakzioa, hasierako urtean Principe kalean (egun, Arrasate kalea) egon zen. Hurrengo urteetan lekuz aldatu zen: 1886Ko martxoaren 23an, Askatasunaren etorbideko 17ra aldatu zen; 1888Ko ekainaren 5ean, Etxaide kaleko 6ra; 1894an, Getaria kaleko 14ra; 1904an, San Martin kaleko 10era; eta 1909ko martxoaren 8tik aurrera, San Marzial kaleko 10ean egon zen. 1889ko maiatzaren 28tik aurrera, egoitzak telefono zenbakia izan zuen.[3]

Hasieran lau orrialde besterik ez zeukan; 1912tik 1914ra, abuztuan eta irailean sei, baina gainontzeko hilabeteetan, lau. 1917tik aurrera, hilabete? eta egun berezietan hamabi orrialde izan zituen eta gainerako egunetan, zortzi. 1922ko abuztutik aurrera, 16 orrialderekin kaleratu zen.

La Voz de Guipúzcoaren eguneko aleak 5 zentimoan saltzen zen eta ale atzeratuak, 10 zentimoan. 1920an, Errege Agindu batek ale bakoitzaren prezioa 10 zentimoan finkatu zuen eta 1935eko ekainaren 1etik aurrera, alearen prezioa 15 zentimokoa izan zen.

Manuel Urcola, Benjamín eta Guillermo Brunet anaiak, Tomás Bermingham, Ramon Usabiaga, Francisco Goitia, Andrés Egoscozábal, Marcelo Garat, Benito Jamar, Blas Escoriaza, Víctor Acha, Feliciano Echeverría, Agapito Ponsol, Leandro Uranga, Manuel Oa, Antonio Echeverría, Semperio eta Erquicia[4] donostiarrek sortu zuten egunkaria,

Lehenengo zuzendaria Eduardo de la Peña madrildarra izan zen. 1889an monarkiko liberalak La Voz egunkarian hartzen ari ziren nagusitasuna salatu zuen eta beste egunkari bat sortu zuen, La Libertad izenekoa. Peñaren ondoren, Angel María Castell Urquiola (Burgos, 1865-1938) 1902ra arte jardun zen zuzendaritzan. Adrián Navasek ordezkatu zuen, 1902tik 1916 arte.[5]

1916tik 1920ra Alfredo Barrio Canal izan zen zuzendaria: zezenketen kronikak ere egiten zituen eta Taleguilla izengoitiaz izenpetzen zituen.[6]. Haren ondoren, 1920tik 1922ra Joaquín Aznar Delgado aritu zen zuzendaritzan eta ondoren, Madrileko La Libertad egunkarira aldatu zen.[7]

Primo de Riveraren diktaduraren hasierako urteetan, zuzendaria Isaac Abeytua Pérez Iñigo izan zen, 1922tik 1927ra. Kazetari berriak sartu zituen egunkariaren lan taldean, bereziki kiroletan eta arlo grafikoan Indalezio Ojangurenekin. Kolaboratzaileen taldean izen berriak agertu ziren: Miguel Unamuno, Wenceslao Férnandez Flórez, Luis Araquistáin, Marcelino Domingo, Julio Senasor, Luis Zulueta, Azorín, Eugenio d'Ors, Andrenio, Ortega y Gasset, Luis de Sirval, Ignacio Carral, José Montero Alonso[8] eta Ángel María Castell itzuli zen “Episodios y anécdotas donostiarras” sailarekin.[9] Koenig eta Bauer etxeko errotatiba berriari esker, egunkariak hamasei orrialderekin kaleratzea lortu zuen.[10]

Zoritxarrez, diktadura garaiko zentsura zorrotzaren ondorioz, zenbait artikulu debekatzen ziren eta zentsura pasa ez zuten hutsune zuriekin kaleratu izan zen egunkaria. Testuinguru horretan, La Vozek Primo de Rivera “egunkari guztietako erredaktore buru” izendatu zuen.[11]

La Voz de Gipúzcoa egunkaria Donostian argitaratu zen 1885etik 1936ra,

1927tik 1929, zuzendaria Juan Guixé izan zen, aurretik Madrileko El Liberal egunkariko kazetaria izandakoa.[12] Haren zuzendaritzaren urteetan gertatu ziren egunkariaren bizitza osoko isunik handiena (mila pezeta) eta etenaldi luzeena (hiru eguneko debekua[13] eta, ondoren, hamabiko egunekoa).[14]

Guixeren ondorengo Pascual Martín Triepe-k United Press agentziarekin kablegrafo zerbitzua inauguratu zuen, Paulino Uzkudunen New Yorkeko boxeo borrokaren berri eman zuenean.[15] Diktadura garaiko albiste politikoen hutsunea kiroletako orriekin bete zen: hain zuzen, Uzkudunen Europako garaipen urteak ziren.[16]

II. Errepublikaren etorreraren ondorioz, egunkariaren edukia erabat aldatu zen eta politikak pisu handia hartu zuen. 1931tik 1933ra, zuzendaria Fernando Blanco Santamaría izan zen,[17] eta ondoren, egunkariaren amaiera arte, David Casares Mendiolaren eskuetan egon zen zuzendaritza. Casares aspaldian aritu zen La Vozen lanean: musikako kritikak Orfeo izengoitiaz sinatzen zituen. 1926tik Vasconia Industrial y Pesquera aldizkariko erredaktorea zen.[18]

Errepublika garaian langile greba ugari egin ziren eta egunkarien lantegietan ere eragina izan zuten. 1932an, Donostiako grafikagintza alorreko langileek hilabeteko greba egin zuten eta egunkari guztietan izan zuen eragina.[19]

1933ko maiatzaren 1ean, Donostian greba eguna izan zen. Grafikagintzako langileak ez ziren lanera joan eta egun osoa ez zen egunkaririk argitaratu, ez goizekoak eta ezta ere arratsaldekoak.[20] Irailean karrozeroen elkartasunez egin zen hogeita lau orduko grebak hiria geldiarazi zuen eta egunkaria ez zen bi egunean argitaratu.[21]

1934ko urriko greben ondorioz, La Voz de Guipúzcoa ez zen bost egunean argitaratu.[22] Hurrengo urtean, 1935ean, egunkariaren 50. urteurrenean, ale berezi bat kaleratu zen eta administrazio kontseiluak oturuntza bat antolatu zuen Donostiako Arana Hotelean.[23]

Handik hilabete batzuetara, Espainiako Gerra Zibilaren hasierarekin batera, La Voz de Guipúzcoa eta donostiar egunkarien artean, Frente Popular izeneko gerra egunkaria sortu zuten. Gerra amaieran egunkariak konfiskatuak izan ziren eta La Voz de Guipúzcoaren lantegietan La Voz de España egunkaria argitaratzeari ekin zitzaion.

Egunkariaren bildumari dagokionez, Donostiako Liburutegi Nagusian 112 liburuki gordetzen dira, 1885eko urtarrilaren 1etik 1894ko abenduaren 31ra eta 1902ko urtarriletik 1936ko ekainaren 30era argitaratuak. Liburutegi Digitalean 1885etik 1927ra argitaratu ziren aleak daude.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Gaztelaniaz) Arantxa Arzamendi: «Catálogo de publicaciones periódicas donostiarras: 1800-1936». Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 38. urtea, XXV liburukia, 1. zenbakia, 1990eko urtarrila-ekaina.
  • (Gaztelaniaz) Biblioteca Municipal de Donostia-San Sebastián: catálogo de publicaciones periódicas; dirección Eulalia San Agustín; coordinación Arantxa Arzamendi ; realización Arantxa Arzamendi y Eki Servicios Bibliotecarios. - Donostia: Asociación de Bibliotecarios de Gipuzkoa, 1992.
  • Unai Belaustegi: Errepublikanismoa Gipuzkoan: (1868-1923). Euskal Herriko Unibertsitatea, 2014
  • Unai Belaustegi: II. Errepublika eta Gerra Zibila. Kronika Donostiatik = II República y Guerra Civil. Crónica donostiarra. Donostia Kultura, 2016

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. La Voz de Guipúzcoa, 1892. zenbakia, 1890.06.30
  2. La Voz de Guipúzcoa, 6939 zenbakia, 1904.10.24
  3. La Voz de Guipúzcoa, 1495 zenbakia, 1889.05.28
  4. La Voz de Guipúzcoa, 17.441 zenbakia, 1935.01.10 3. orrialdea
  5. La Voz de Guipúzcoa, 6.276 zenbakia, 1902.11.24 “A los lectores de La Voz, 1. orrialdea. La Voz de Guipúzcoa, 11.220 zenbakia, 1916.11.05 1. orrialdea
  6. La Voz de Guipúzcoa, 12.399 zenbakia, 1920.07.20 “Alfredo Barrio” 1. orrialdea
  7. La Voz de Guipúzcoa, 12.913 zenbakia, 1922.03.02 “La dirección y la redacción de La Voz de Guipúzcoa” 4. orrialdea
  8. La Voz de Guipúzcoa, 14.397 zenbakia, 1924.04.29 “Una nueva colaboración” 1. orrialdea
  9. La Voz de Guipúzcoa, 15.606 zenbakia, 1924.11.30
  10. La Voz de Guipúzcoa, 13.052 zenbakia, 1922.08.15 “Comenzamos a saldar una deuda”. 1. orrialdea.
  11. La Voz de Guipúzcoa, 14.512 zenbakia, 1924.09.06 “El contenido de los periódicos” 1. orrialdea.
  12. La Voz de Guipúzcoa, 16.844 zenbakia, 1927.09.11 “Juan Guixé” 1. orrialdea.
  13. La Voz de Guipúzcoa, 17.031 zenbakia, 1928.04.27 “Al reanudar nuestra publicación” 1. orrialdea
  14. La Voz de Guipúzcoa, 17.842 zenbakia, 1928.09.14 “La suspensión de La Voz de Guipúzcoa” 1. orrialdea
  15. La Voz de Guipúzcoa, 16.933 zenbakia, 1928.01.03 “El nuevo servicio cablegráfico de La Voz de Guipúzcoa” 16. orrialdea
  16. La Voz de Guipúzcoa, 17.021 zenbakia, 1928.04.05 “La llegada de nuestro gran pugil” 8-9 orrialdeak
  17. La Voz de Guipúzcoa, 11.182 zenbakia, 1931.07.12 La Voz de Guipúzcoa, 17.043 zenbakia, 1933.09.14 “Don Fernando Blanco, gobernador de Ávilal” 1. orrialdea
  18. La Voz de Guipúzcoa, 17.132 zenbakia, 1933.12.27 “La dirección de La Voz de Guipúzcoa” 1. orrialdea
  19. La Voz de Guipúzcoa, 16.593 zenbakia, 1932.11.03 “Al reaparecer” 1. orrialdea
  20. La Voz de Guipúzcoa, 16.935 zenbakia, 1933.05.03 “La fiesta del trabajo” 9. orrialdea
  21. La Voz de Guipúzcoa, 17.040 zenbakia, 1933.09.10 “La jornada del viernes” 5. orrialdea
  22. La Voz de Guipúzcoa, 17.374 zenbakia, 1934.10.12 “Cinco días de silencio” 1. orrialdea
  23. La Voz de Guipúzcoa, 17.447 zenbakia, 1935.01.08 “Conmemorando una fecha” 1. orrialdea