Labe apal

Wikipedia, Entziklopedia askea

Labe apala metalurgia-labe mota bat da, burdinoletan erabiltzen zena burdin mearen erredukzio zuzena egiteko.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mirandaola burdinola, Legazpi, Gipuzkoa.

Burdinoletako labe apala haize-harriari atxikirik egoten zen. Lau hormez eratutako esparru laukizuzena zen; lauak ziren hiru horma, baina laugarrena, aurrealdekoa, labearen barru aldera ganbila edo konkorduna. Harriz eta buztinez egiten zen, eta barneko paretak burdinazko xaflez estaltzen ziren. Neurriak asko aldatzen ziren baina, normalean, 50-80 zentimetro luze, 65-90 zentimetro zabal, eta 60-70 zentimetro garai izaten zen barnealdean. Edukiera 300 eta 600 litro artekoa izan ohi zen.[1]

Haize-harriaren aldeko horman, zolatik hurbil, tobera izeneko haizebidea zegoen, hauspoen muturretatik irteten zen haizea sutegira bideratzen zuena.[2] Alboko paretetako batek zulo bat zeukan beheko aldean, zeharzuloa, urtutako ezpurutasunak (zepak) labetik kanpora ateratzeko.[3] Labearen kontrako aldeari, berriz, iduri-gela deitzen zitzaion. Ohikoa zen burdinolek tximiniarik ez edukitzea eta, keari irteera emateko, sabaian zulo soil bat besterik ez zuten izaten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Cabezón, Xabier. Ferrerías hidráulicas: Horno. leitzaran.net (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
  2. Eibarko euskara: Burdinolak. Eibarko Udala, eibarko-euskara.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
  3. Rementeria Argote, Nagore. Burdina, metal preziatua. Elhuyar aldizkaria, 189. zenbakia, 2003ko uztailak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-29).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]