ORES

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

ORES Wikimedia proiektuetan ikasketa automatikoa eskaintzen duen zerbitzua da, bereziki Wikipedian eta Wikidatan. Sistema honi esker bandalismoa automatikoki detekta daiteke, baita artikuluen kalitatea zein den neurtu ere. Artikulu bakoitzean lortutako emaitza zein den ikus dezakezu, euskarazko Wikipedian aitzindaria den zerbitzu bat. Orrialde honetan kalkulu hori nola egiten den eta nola hobetu ikas dezakezu.

Kalkulua nola egiten den[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sistema honek tamaina ezberdineko artikulu kopuru bat eskaintzen du, bere ebaluazioa eskuz egiteko. Sei dira artikulu horiei jar dakieken nota edo emaitza:

  • Zirriborro-motako artikulua: artikulu hau zirriborro bat da, eta asko dauka hobetzeko.
  • Hasi-motako artikulua: artikulu hau hasiera fasean dago. Asko izan dezake hobetzeko, ez du apenas erreferentziarik, eta sekzio gehiago behar ditu.
  • C-motako artikulua: nahiko. Artikulu honek informazio nahikoa ematen du, eta gai baten inguruan jakin beharreko gutxiena aurkezten du. Ziurrenik atal gehiago, testu gehiago eta, batez ere, erreferentzia gehiago behar ditu hobetzeko.
  • B-motako artikulua: ondo. Artikulu honetako informazioa nahiko osatua dago, baina oraindik erreferentziak, atalak eta irudiren bat falta zaio hobetzeko.
  • Artikulu ona: artikulu hau oso ondo dago, eta gutxi falta zaio nabarmendua izateko.
  • Nabarmendutako artikulua: artikulu nabarmena da, bikaina. Baliteke komunitateak ere horrela bozkatu nahi izatea.

Ondoren, ikasketa automatikoa eginez, eskuz jarritako nota horiek elkarrekin zer harreman duten aztertzen du, eta saiatzen da artikulu guztiak irizpide horien arabera sailkatzen.

Zer ez duen egiten[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Artikulu baten benetako kalitatea ez du neurtzen: luzera eta erreferentzia kopuru antzekoa duten bi artikuluk balorazio berdina eduki dezakete, baina agian gaia bera ez dago ondo landuta bietako batean. Pentsa Europa edo Eguzki-sistema artikuluak luzeago izan beharko liratekeela Aizarnazabal edo 121 Hermiona baino. Sistemak ez daki artikuluak eduki gehiago behar duen edo ez.
  • Artikuluaren ortografia eta sintaxia ebaluatu: ez daki euskaraz (ezta beste hizkuntzarik ere). Artikuluaren testu-egitura neurtu baino ez du egiten.
  • Zure ikasgaian izango duzun nota jarri: Wikipedian duen kalitatea bakarrik neurtzen du, ez zuk egindako lanean lortuko duzun emaitza.

Nola hobetu emandako emaitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zure artikuluaren egitura neurtzen du, beraz hobetu dezakezu irizpide batzuk jarraituz:

  • Atalak ondo bereizi: paragrafo luzeak ez ditu maite. Saiatu testua ulergarri egiten, paragrafoka eta atalka banatzen, eta emaitza hobea lortuko duzu.
  • Erreferentziak jarri: erreferentziak maite ditu. Zenbat eta gehiago, hobeto. Emaitzaren zati handi bat erreferentzia kopuruan datza.
  • Irudiz hornitu: atal gehienetan irudiak egotea saritzen du. Saia zaitez artikulua irudiz hornitzen.
  • Kategorizatu: lineala ez bada ere, artikulua kategorizatuta egotea garrantzitsua da.
  • Gehiago idatzi: artikulua luzeagoa bada, emaitza hobea izango du, gehienetan behintzat. Baina aurreko puntuak kontuan hartu!