Lamoten grabatua
| Lamoten grabatua | |
|---|---|
| Jatorria | |
| Sortzailea(k) | Juan Fernando Palomino (en) |
| Sorrera-urtea | 1756 |
| Ezaugarriak | |
| Materiala(k) | paperra |
| Dimentsioak | 68 ( |
| Egile-eskubideak | jabari publiko |
| Deskribapena | |
| Honen parte da | Euskal Herriko historia 100 objektutan |
| Kokapena | |
| Bilduma | Espainiako Liburutegi Nazionala |
Lamoten grabatua esaten zaio Soraluzeko Errege Arma-Fabrikaren egoera eta deskribapena, Gipuzkoa Txit Zintzo eta Txit Leialean dagoena, antzina, Kantabria gogoangarrian, Bardulia ospetsua eta goraipatua izan zena[1][oh 1] XVIII. mendeko grabatuari, Florencio Jose Lamoten aginduz 1757an egindakoa. Grabatu horrek XVIII. mendeko Soraluze eta Deba arroko armaginen jarduera erakusten du, armak egiteko prozesua modu grafikoan azalduz. Grabatuak Deba ibarreko aspaldiko tradizio industrial sendoa frogatzen du.
Deba arroko tradizio industriala grabatua baino askoz zaharragoa da, XIV eta XV. mendekoa gutxienez, Mendaro eta Elgoibarko burdinolek eta Arrasate, Bergara edo Soraluzeko arma zuriek frogatzen dutenez. 1573. urtean Soraluzeko maisu armaginek Soraluze hiribilduko suzko arma eramangarrien lantegia[oh 2] sortu zuten, kooperatiba baten antzera funtzionatzen zuena. Denbora motzean eskualdeko armagin guzti-guztiak bildu zituen eta hirurehun urtetan Euskal Herriko enpresa industrial handiena izan zen (garaiaren arabera 1.000 eta 3.000 langile erabili zituen eta). Enpresa 1865. urtean desegin zen. Paraleloan, bezero nagusia zen Espainiar Inperioak 1573ean bertan Gipuzkoa eta Bizkaiko Errege Arma Lantegiak[oh 3] izenekoa sortu zuen, aurrekoarekin nahastu behar ez dena[oh 4].
Egilea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Florencio Jose Lamot Goudesoone Flandrian jaio zen 1701. urtean
Euskal Herrira etorrita, Erret Lantegien ordezko kontadorea moduan hasi zen lanean. Geroago ikuskatzailea izan zen, eta 1754-1759 tartean Soraluzeko Erret Lantegien ardura hartu zuen.
Urte hauetan, 1756.ean hain zuzen, Soraluzeko Errege Arma Lantegiaren egoera eta deskribapena grabatua eta Descripción de las Reales Fábricas liburua argitaratu zituen.
Zuzendariaren ardurak eman zizkioten, bai, baina izendapena ez. Bost urte pasa ostean, 1759. urtean zuzendari berria izendatu zuten, Luis Urbina teniente-koronela. Izatez, aurreko urteetan Lamoten jarduera ez zen oso pozgarria izan, 5 urtetan 243.810 erreal kuarto galdu zituen eta[oh 5].
1735. urtean Markinako Bibiana Ibarluzea Etxazabalekin ezkondu zen, eta berearekin bost seme-alaba izan zituen. Hiru urte geroago Maria Josefa Lamot alaba izan zuen Frantziska Jauregirekin. Bibiana 1766.ean hil eta gero, 1769. urtean berriro ezkondu zen, Maria Ana Lakarekin, markinatarra hura ere.
1772. urterako armagina ere bazen.
Soraluzen hil zen, 1779.eko uztailaren 30an, 78 urte zituela.
Grabatuaren deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuribeltzeko grabatua da, 68 x 48 zmtakoa (margotutako bertsio digitala XXI. mendekoa da).
Grabatua bost ilaratan antolatuta dago[2].
Goiko ilara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Goiko ilaran dedikatoriak agertzen dira: Fernando VI erregeari eta Arandako Kondeari. Erdian, erregearen erretratua.
Bigarren ilara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bigarren ilaran azalpen orokorrak datoz, bakoitza bere markoan: Gipuzkoako azalpena, lantegian ekoizten diren armak, jarduera eta arautegia, gastadoreen lanabesak eta lantegiaren kokapena.
Azken honetako esaldi bat bitxia da oso, ...Europako gainontzeko printzeek Hiribildu hau bere mapa geografikoetan sartzeko agintzen dute..."[3]. Honetan ere Florencio Josepf Lamotek arrazoia zuen, XVIII. mendean Soraluze Europako mapa asko eta askotan agertzen delako, eta gutxienez mapamundi zein lurbira-globo batean ere![4].
Erdiko ilara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ezker eskubian, ilara honetan Erret Biltegien irudiak agertzen dira. Erdian, Soraluze eta Lantegiaren Erret Biltegien parajeen zirkunferentziaren Mapa Topografikoa[5], hogetabost kilometroko bueltan Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat herri, mendi, ibai eta zubi erakusten duela. Lau ertzetan, arma ekoizpenaren irudi bana.
Laugarren ilara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Maparen azpian, laugarren ilaran, Soraluzeko irudia agertzen da. Ezkerreko aldean marrazkilari eta grabatzailearen izenak agertzen dira: Joseph Zameza gatzagatarra eta Juan Fernando Palomino, hurrenez hurren.
Beheko aldean herriko azalpen zehatza, soraluzetarren izaerazko aipamen bitxiarekin:
Bere egoera nahiko antzua da, baina arma-azterketetan sortzen den artilleria-burrunbaz eta bertakoak alaiak eta eskuzabalak berez izanik, Espainia osoko hiribildu alaienetakoa da.[6].
Azpiko ilara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erdibidean Forencio Joepf Lamoten erretratua agertzen da. Eta alboetan, lau gremioen irudiak eta azalpenak.
Grabatuaren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Grabatu berak jasotzen duenez, Florencio Josepf Lamotek azalpen guztiak eman zizkion Josepf Zameza gatzagatarrari, honek marrazkiak egiteko. Eta 1756. urtean Juan Fernando Palominok[7] grabatu zuen Madrilen.
Grabatua eginarazten zuen bitartean, Florencio Josepf Lamotek liburua idatzi zuen ere: Gipuzkoako Soraluzeko Erret Lantegien jatorria, ezarketa, aintzintasuna eta gobernuaren azalpen zehatza. 1583. urtetik 1756. urtera izan dituen aldaketak eta egokitzapenak.[8].
Mapa zein liburua biak salgai jarri zituzten Madrilgo liburudenda batean, Joseph Mathias Escrivano jaunarenean hain zuzen; eta aldizkarian iragarkia jarri zuten hurrengo urtean[9]. 1772 urtean mapa Antonio Mayoralen liburudendan zegoen salgai, Gaceta de Madriden 1772. urtean[10] agertutako iragarkiaren arabera.
Madriletik bueltan, ale bat oparitu zion Soraluzeko Udalari, eta honek Udaletxeko aretoan esegi zuen, agiriak jasotzen duen moduan[11]:
- En dicho Ayuntamiento representó su merced dicho Sr. Alcalde cómo don Florencio Josepf de Lamot, Contador por su Magestad en estas Reales Fábricas, estante en la Corte de Madrid, se ha servido gratificar a esta dicha Villa con una mapa con un cuadro sobredorado con su cristal en todo el marco, que el subsodicho ha sacado y dado a imprenta y es que contiene las Reales Fábricas de Armas de esta dicha Villa y dicha Mapa se halla puesta en esta dicha sala del Ayuntamiento sobre el archivo de ella.
- Y dicho Ayuntamiento, en vista de dicha Mapa y representación del dicho Sr. Alcalde, acordó se le escriba al referido D. Florencio Josepf de Lamot dándole gracias en nombre de esta dicha Villa por su afectuosa memoria y adelantamientos conque siempre procura manifestar su verdadero afecto en aventajar los objetos de esta dicha Villa.
Grabatuaren ale hau Soraluzeko Udaletxean egon zen urtetan, baina gerra garaian desagertu zen.
Berragerpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste ale bat Madrilen gordetzen da, Españako Liburutegi Nazionalean[12].
Joaquín de Yrízar ikerlari eta aditu bergararrak 'topa' zuen, eta Real Sociedad Bascongada de Amigos del País-en boletinean artikulu bat idatzi zuen: Un desconocido grabado de la Real Fábrica de Armas de Placencia[13]. Joaquin de YUrizarrek esaten zuenez, berak ere grabatuaren jatorrizko ale bat gordetzen zuen bere liburutegian.
Geroago, Ramiro Larrañaga soraluzetarrak zabaldu zuen: Placencia de las Armas. Monografía (1970) liburuan aipamena egin zuen, eta Soraluze-Placencia de las Armas: monografía histórica (1993) liburuan erreprodukzioa sartu zuen.
Handik urte batzuetara Donostiako Udal Aurrezki Kutxak kopiak egin eta zabaldu zituen.


Lamoten liburu galdua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Grabatuarekin batera Florencio Josepf Lamotek liburua argitaratu zuen: Gipuzkoako Soraluzeko Erret Lantegien jatorria, ezarketa, aintzintasuna eta gobernuaren azalpen zehatza. 1583. urtetik 1756. urtera izan dituen aldaketak eta egokitzapenak. Nahiz eta aipamenak ezagutu, tamalez ez da alerik gordetzen.
Baina 2024. urtean 116 orrialdeko eskuizkribua agertu zen Granadan, Teologia Fakultatearen Artxibo Historikoan: Soraluzeko Arma Lantegien azalpena, eta Eugin izan zirenena, gero Tolosara aldatuak[14].
Soraluzeko Erret Lantegien Joseph Tomas del Hierro kontulariak ondu zuen eskuizkribua, eta 1785. urtean Pedro López de Lerena Ogasun eta Gerraren ministroari bidali zion.
Eskuizkribua Soraluzeko armagintzaren auditoria modukoa da, alde guztiak aztertzen dituela: armak, ekoizpena, prezioak, langileak, antolaketa... Azterketa 1573. urtean hasten denez, oso litekeena da hainbat eta hainbat datu Lamoten liburu galdutik hartutakoak izatea.
Armagintza: industrializazio goiztiarra Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Industrializazioa Euskal Herrian hasi aurretik, burdinolak jada garatuta zeuden garai batean, armagintza izan zen industrializazio goiztiarraren adierazle nabarmena. XIV. mendean hasita, balio erantsiaren bidean aurrera egin zuen mota guztietako jauziak emanez: ez bakarrik teknologikoak, produktu edo prozesu aldekoak, baizik eta enpresa antolamenduaren inguruko aldaketa komertzialak, finantzarioak, eta gizarte antolamenduan aldaketak ekarri zituen. Bide horretan gertakari garrantzitsua Soraluze Hiribilduko Suzko Arma Eramangarrien Lantegiaren sorrera izan zen, 1573ab. Europako beste herrietan ematen ari ziren bilakaeraz gain, Euskal Herrian antolaketa goitik behera irauli zuten, hirurehun urte iraun zuen sistema asmatuz.
1573. urte arteko hiru jauziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrasate inguruko kalitate oneko burdina erabiliz[15], Behe Erdi Aroan hiru jauzi eman ziren Debarroan:

Lehena, meatzetik burdina sortzekoa. Debarroa bailara estua izanik, eta Gipuzkoan egiten duen euri kopuru handia lagun, uraren indarraz baliatu ziren hauspoak eta gabiak mugiarazteko, gero sortutako burdina esportatu ahal izateko. Azpimarratzekoak dira Debabarrenako burdinolak, Alfontso XI.a Gaztelakoak 1335an emandako lege propioa izan zutenak[16].
Urteekin burdina lantzen hasi ziren: aitzurrak, laiak, goldeak, igitaiak, iltzeak, aizkorak... eta arma zuriak ere: pikak, aihotzak, sastakaiak edo ezpatak. Eta azken horietatik babesteko osagarriak ere egiten hasi ziren: morrioiak, kaskoak, bular- eta bizkar-babesak, brokelak, adargak... Lehengaia eskaintzetik produktua eskaintzera pasa ziren, horrek etekinetan suposatzen zuenarekin: balio erantsiaren bidean bigarren jauzia eman zuten. Debarroan Arrasate, Bergara eta Soraluze nabarmendu ziren.
XV. mendean zabaldu ziren Mendebaldean lehen suzko armak, bonbardak eta eskuzko trumoiak. Eta 1481. urtean, Hurtuno Ibarrakoa armagile eibartarrak, Errege-erregina Katolikoen artilleroak, bi bonbarda handi fabrikatu zituen, Medina Sidoniako dukeak hala eskatuta[17]. XVI. mende hasierara arte, ontziak artilleriaz hornitzeko bonbarda eta errekamara mugikorreko kanoi txiki asko fabrikatu ziren, baina laster desagertuko zen jarduera hori, mende aldaketarekin lehen suzko arma eramangarriak agertu zirelako, espingardak, eta arma zuriak (pieza bakarreko produktuak) alde batera utzi gabe, suzko armak egiteari ekin ziotelako. Pieza askotako mekanismoak izanik, egiteko zailagoak ziren eta etekin handiagoa ematen zuten: balio erantsiaren hirugarren jauzia eman zuten. Ekoizpen horretan Soraluze gailendu zen, agian nekazaritzarako toki egokia ez zelako.
Suzko armen ekoizpena Debabarrenan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hasiera batean espingardak ekoizten baziren ere, aurki eskopetak, arkabuzak eta mosketeak egiten hasi ziren. Armaginak gremio batean zeuden antolatuta. Halaxe erakusten dute erabilitako izendapenak: maisu forjatzailea, maisu armagina. Soraluzeko zaharrenak 1512 urtekoak dira[19]. Ekoizpena ere handia zen. Urte bereko agiri batean Juan Ibañez Loiola maisu forjariak aurretik eskopeta asko eginak zituela eta ehundaka egiteko konprometitzen zela zioen[20]. Esteban Garibairen Compendio Historial lanean (Anberes, 1571[21]) esaten du "lurralde honetan arma mota ugari daude, erasorako zein defentsarako, bereziki arkabuzak, mosketeak eta beste suzko arma batzuk, batez ere Arrasaten eta Bergara aldean egiten direnak, eta asko gehiago Soraluzen"[oh 6][22].
Hasiera batean, arma guzti horiek norbanakoek erosten zituzten. Batzuk beraientzat[oh 7] eta bestela euren proiektuentzat. Ameriketarako eta Pazifikorako espediziotako armak Debarroan egindakoak izan ziren. Eta paraleloan Gaztelako armada hasieran, eta Espainiakoa gero, armak erosten hasi zen, gero eta gehiago. Erosketa horiek bideratzeko 1538. urteaz geroztik, biltegia ezarri zuten Soraluzen, gobernadore batek zuzenduta. Esate baterako, D. Francisco Roxas artilleriako kapitaina aipatzen da 1542an, Soraluzeko hiribilduan egoiliar fidela izenpean. Gobernadore horrek banan banan negoziatzen zituen eskaerak maisu armagin bakoitzarekin. Baina euskal armagintzaren arrakastak sistemaren ajeak erakutsi zituen Alpujarretako Matxinadan (1568-71), ordura arteko inoizko arma kopuru handiena eskatu zutenean[18], sistema gobernaezina zela ikusi zen.
Lantegi txikiak izanik, armadaren ordezkariak eskaera asko kudeatu behar zituen; maisu armagin guztiak lehengaiak batera erosterakoan, prezioek gora egiten zuten; ekoizpenari aurre egiteko, lantegiek elkarri lapurtzen zizkieten ofizial eta aprendizak; lantegi bakoitzak bere kalitate eta estiloa zuen eta armak ezberdinak ziren. Antolaketa beharrezkoa zen eskariari aurre egiteko.
1573: Soraluze hiribilduko suzko arma eramangarrien lantegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ematen ari ziren erantzuna eskasa zela ikusita, eta kanpoko konkurrentziaren beldur (Bresciako armaginak, esate baterako[23]) Soraluzeko maisu armagin guztiak elkartu eta Fábrica de armas portátiles de fuego de la Villa de Placencia osatu zuten (1573). Horri esker, bezeroari (Espainako armadari) eskaini zioten negoziatzerakoan solaskide bakarra, barne logistikaz ahaztea eta ekoizpena berdinagoak. Hau da, kudeaketa errazagoa eta ezusteko gutxiago. Armaginendako abantailak, berriz, argiak ziren. Alde batetik, salmenta prezio hobeak; batera joanda, lehengaiak eskuratzeko prezio merkeagoak; ofizial eta aprendizak elkar errespetatzea. Horretaz gain, maisu armaginek norbanako bezeroei saltzeko askatasuna mantendu zuten.
Azpimarratzekoa dira hiru puntu. Lehena, Soraluzeko maisu armagin guztiek batera aritzea hasieratik. Bigarrena, inguruko maisu armagin guzti guztiek urte gutxitan sistema berriari batu izana. Azken finean, Soraluzek lan teknikoa eta burokratikoa zentralizatzen zuen, baina bailarako herri gehienetan zegoen zer egina, piezen eta lehengaien fabrikaziotik, Altzolan Debatik itsasora egiten zen garraioraino[22]. Eta hirugarrena, erabakiak hartzeko modua: bazkide bakoitzak bere botoa zuen, kooperatibetan bezala.
1573: Gipuzkoa eta Bizkaiko suzko armen Lantegiaren sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hilabete batzuk geroago Espainiako Filipe II.ak Reales Fábricas de Armas de fuego de Guipúzcoa y Vizcaya sortu zituen. Izenak horrela badio ere, ez zen fabrika bat: eroste bulegoa ziren, ez zuten ezer ekoizten. Eskaera bakoitzeko epea eta prezioak negoziatzen zituzten Soraluzeko lantegiarekin, diru bat aurreratu lehengaiak erosteko, jasotako piezen kalitate kontrola egin, jasotako arma osoei kalitate kontrola pasa, bukatutako armak biltegietan gorde eta, ostean, bidalketa antolatu, itsasoz edo lehorrez. Azkenik, egindako lana ordaintzen zuten, nahiz eta horrek tirabirak sortu ohi zituen, monarkiak ez zuelako beti garaiz ordaintzen jada egindako lana[24].
Kudeaketa hori egiteko lagun gutxi behar zituzten, eta erregeak ikuskatzaile edo veedor bat izendatzen zuen. Lehen ikuskatzailea Hernando Agirre debarra izan zen, baina 1576an nahiko ezaguna izan zen bat izendatu zuen: Lope Elio etxauriarra[25]. Erregeak egindako enkarguez gain, erosle pribatuek egiten zituzten armak ikuskatzeko ardura zuen, eta horretarako inguruko laguntzaileak bazituen, armagintzan iaioak[24]. XVIII. mendean zortzi lagun ziren guztira: diruak kudeatzeko kontularia, kalitatea bermatzeko lau maisu aztertzaile, biltegi eta bidalketen arduraduna, idazkaria eta buruzagia. Lau maisu aztertzaileak soldatapekoak izaten ziren, soraluzetarrak edota ingurukoak. Gainontzekoak funtzionarioak. Eraikin handia zuten alokatuta, herrian Erregetxea esaten zitzaiona (gaur egungo Erregetxe Zaharra).
Sistemaren bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hurrengo hirurehun urteetan sistemak indarrean iraun zuen. Hala ere, egokitzapen batzuk izan zituen.
Armaginen aldetik, hurrengo urtetan Soraluzeko armaginak bakarrik ez, Eibar, Elgoibar, Ermua, Bergara eta Arrasateko armagin guztiak Soraluzeko arma lantegira bildu ziren. Armagin kopurua gora ari zela, XVII mendean lau gremiotan banandu ziren: kainoigileak, gitzaginak, kaxaginak eta aparejeroak.
Gremio bakoitzak bere ahalduna aukeratu zuen, eta laurok Ahaldunen Batzordea (Junta de apoderados) osatzen zuten. Junta honek erabaki ekonomikoak negoziatu eta hartzen zituen: prezioak eta epeak negoziatu, lehengaiak erosteko maileguak, gremio bakoitzari zenbat ordainduko zitzaion… Armaginek kobratutakoaren ehuneko bia ordaintzen zioten Juntari, kudeaketa gastuei aurre egiteko: Madrilgo ordezkarien soldatak, bidaien dietak…
Beste aldetik, gero eta arma gehiago ekoizten ari zenez, gero eta diru gehiago behar zen. Armadak ez zuen honenbeste dirurik, eta asentistak (bitartekariak) agertzen hasi ziren: dirua aurreratzen zutenak… eta irabazi politak lortzen zituztenak (urteko %8a normala izaten zen).
Lehenak XVI. mende hasieran agertu ziren, baina XVII. mendean finkatu zen figura hau. Asentista asko izan ziren, inoiz errege bera. Eta asentistaren arabera gorabehera asko izaten ziren. Kaudimena ezean armak ekoitzi eta eman bai, baina ordainketak ez ziren heltzen, gosea eta haserrea sortzen.
1732. urtean Caracaseko Konpainia Gipuzkoarra sortu zuten, eta hurrengo urte luzetan honek asientoak irabazi zituen, armaginei egonkortasun ekonomikoa bermatuz (eta %8a irabazten, noski). Eta honek laga izan behar zuenean (1783), Filipinetako Konpainiak hartu zuen lekukoa.

Sistema Lamoten garaian (1756)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garai honetakoa da Lamoten grabatua, lantegien martxa erakusten duena.
Espainiako armadak sei, zortzi edo hamar urtetako asientoa enkantean jartzen zuen. Eta irabazleak halako dirutan honenbeste arma halako epean emateko konpromezua hartzen zuen. Asentistak, gero, Soraluzeko Ahaldunen Batzordearekin negoziatzen zituen armen prezioak eta epeak, eta diru bat aurreratzen zuen.
Ahaldunen Batzordeak maileguak negoziatzen zituen lehengaiak erosteko (horretarako zen aurreratutako dirua) eta lana banatzen zuen lau gremioen artean (bakoitzaren prezioa markatuz), eta gremio bakoitzak bere bazkideen artean. Kainoigileek, giltzaginek eta kaxaginek Erregetxeko biltegira eramaten zuten egindako piezak. Han maisu aztertzaileek kalitate kontrola egiten zuten, eta kainoiak probatzen ziren. Aparejeroek pieza hauek jaso eta osagarriekin arma osoa muntatzen zuten. Erregetxeko biltegira eramaten zituzten eta, aztertu ostean, bertan gordetzen zituzten. Biltegiko arduraduna bidalketak antolatzen zituen.
Bitartean, asentistak falta zen dirua ordaintzen zuen eta Ahaldunen Batzordeak banatzen zuen aurretik adostutako moduan. Azkenik, Espainako armadak asentistari ordaintzen zion hitzartutakoa.

Aipatzekoa da Euskal Herrian egoiztutako armek Estatu Batuetako independentzia gerran (1774-1783) izandako rol erabakiorra. Matxino amerikarrek Joseph Gardoqui e Hixos Bilboko bazkideei armak eta hornidurak eskatu zizkieten, eta hauek Diego Maria Gardoki Arrikibar jauna jarri zuten negozioaren buru. Hasieran Ameriketatik bidalitako dirua erabili bazuten, gerora Espainiako Gobernuaren ezkutuko finantziazioa erabili zuten, 946.906 erreal, mailegu gisa aurreratuak.
Armak Debabarrenean erosi zituzten. Soraluze logistika gune erabilita, lehen bidalketak 1774 bukaeran egin ziren. Diego Gardoki berak azpimarratu zuenez, Joseph Gardoqui e hixos etxeak guztira "brontzezko 215 kainoi, 30.000 moskete, 30.000 baioneta, mosketeentzako 51.304 bala, 300.000 libera polbora, 12.868 granada, 30.000 uniforme eta 4.000 kanpadenda" lortu, bildu, Amerikaraino itsasontziz eraman eta gudaroste matxinoari eman zizkion, dena izkutuan. Honetaz gain, Soraluzen 11.000 zapata pare, 18.000 izara eta 30.000 uniforme egin omen ziren.
Sistemaren gainbehera eta bukaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1789. urtean Frantziako Iraultza hasi bazen ere, lau urte geroago Espainiak gerra deklaratu zion Frantziari, Konbentzio gerra hain zuzen (1793-1795). 1794. urtean Frantziako gudarostea Kataluña alde batetik eta Euskal Herria bestetik okupatu zituzten, Miranda de Ebroraino. Orduan hasi zen armagileen lehen ihesaldia, Asturiaseko Trubia eta Oviedora hain zuzen.
Gerra bukatuta 1795.ean, egoera tamalgarria zen: tailerrak deseginda, armagile asko hilda edo zaurituta, alde egindako armagileek egindako konkurrentzia, ordurarteko asentista zen Real Compañía de Filipinas desagertuta... Eta gainera, Gobernua ez zegoen lasai lantegia mugatik hain gertu egonagatik.
Hala ere, hamar urte geroago sistema inoiz baino hobeto zegoen, bere goia jo zuelako: urteko 30.000 fusil ekoizten ziren, gehi beste mota askotako armak (pistolak, arma zuriak...). Eta Erregetxe berria eraiki zuten (1804-1809). Lanak herriak ordaindu zituen, gero Estatuari uzteko, modu honetan Erret Lantegiak Soraluzen mantentzeko.

Orduan Espainiako Independentzia gerra etorri zen (1808-1814). Gerra bukatuta, ondorioak aurreko gerrarenak baina askoz larriagoak izan ziren: armagileen ihesaldia (Zaragoza, Valencia, Sevilla...), tailerrak deseginda, armagile asko hilda edo zaurituta...
Hurrengo urteak ez ziren onak izan: Independentzia gerra ostean, Espainia lur jota geratu zen, eta ez zegoen diru handirik armetan gastatzeko. Eta eskaerak egotekotan, konkurrentzia handiago zegoen, Asturiasekoa kasu: lantegi berriagoak ziren, baliabide tekniko modernoagoekin. Gainera, pistoi giltza asmatu zenean, ekoizpena edozein langile koalifikatuen eskura zegoen.
Eta 1833. urtean lehen karlistada piztu zen (1833-1840), Debarroko armagintza kili-kolo lagatzen. Sasoi honetan (1835. urtean) konstituzio berriak gremioak desegin zituen, eta honekin batera orduko euskal armagintzaren zutabeetako bat. Dena dela, Eibarko eta Soraluzeko lantegi txiki batzuk (La Euscalduna, Orbea Hermanos...) bere kasa hasi ziren saltzen.
Azkenik, 1865. urteko urtarrilak 13ko eta martxoak 8ko Erret Aginduek Erret Lantegiak bertan behera utzi zituzten. Modu honetan, mende askotako ohiko funtzionamentua bukatu zen.
Euskal Herrian utzitako arrastoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualdeko industrializazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lantegi batzutan ohikoa zen %100a armadarako lan egitea, Soraluze Hiribilduko Suzko Arma Eramangarrien Lantegiaren bidez. Eta azken hau desagertu zenean, hainbat armaginek noraezean ikusi zuen bere burua.
Lantegi batzuk itxi ziren, baina giza kapital hura ez zen galdu. Beste hainbat lantegi beren jarduera industriala mantendu eta jarraitu zuten, eta horietako batzuk asko hazi ere.
XIX. mende erdialdean armagin batzuk (José Ignacio Ybarra[26] Soraluzen, Orbea anaiak Eibarren...) sistemaren bukaera antzeman zuten eta, itxierari aurrea hartuz, enpresa kapitalistak antolatu zituzten: inbertsoreak bilatu, merkatu berriak zabaldu...
Halaxe sortu ziren La Euscalduna[27], Orbea Hermanos eta antzeko enpresak. 1865tik aurrera, lantegi txiki asko itxi zutenean, enpresa hauek hazteko aukera ikusi zuten, eskulana itxitako lantegietatik hartuz.
XX. mende hasieran, berriz, merkatuaren hazkundea aprobetxatuz armagintzako enpresa berri asko sortu ziren, batez ere Eibarren: Olave, Solozabal y Cía; Alfa; Gárate, Anitua y Cía; Trocaola, Aranzabal y Cía; Zulaica y Cía; Hijos de Ángel Echeverría... Enpresa guzti hauek arma motzak ekoizten zituzten gehien bat.
Soraluzeko kasu bat aipatzeak merezi du. La Euscaldunak arma luzeak egiten zituen: fusilak, zizpamotzak, eskopetak... Bigarren karlistadaren ostean, La Euscalduna kilikolo zegoen jabeak karlistak zirelako. Eta Britania Handiko Nordenfelt Guns and Ammunition Companyk (gerora Vickers izango zena) erosi zuen, besteak beste, bertako langileen prestakuntzarengatik[28], The Placencia de las Armas Company Limited (inoiz Compañía Anónima de Placencia de las Armas moduan ezagutua) sortuz, gaur egungo SAPAren jatorria[29].
Bitxikeri moduan, salerosketa hau antolatzen Basil Zaharoff[30] heriotzaren merkataria ibili zen.
Kooperatiben sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezin da ukatu Soraluze Hiribilduko Suzko Arma Eramangarrien Lantegiaren eragina euskal mundu kooperatiboan.
1865. urtean itxi bazuten ere, ez da kasualitatea XX. mendean sozialistek sortutako kooperatiba handiena eta eredugarriena Eibarren sortu izana: Alfa kooperatiba (1920).
Gaur egun josteko makinen ekoizle moduan ezagutzen badugu ere, hasiera batean errebolberrak ekoizteko sortu zuten. Hortik hasierako izena: ‘’Sociedad Anónima Cooperativa Mercantil y de Producción de Armas de Fuego Alfa’’.
ALFA kooperatiba gerra ostean desagertu zen, irabazleok berau inkautatu eta saldu ostean. Baina gerra ostean kooperatibak Debarroan loratu ziren, Arrasate inguruan bereziki: Ulgor bertako lehena izan zen (1956).
Dena dela, Ulgor ez zen izan Debarroko lehena: aintzindariak Danobat (1952) eta Eguzki (1956) izan ziren, Elgoibarren aurretik sortuak.
Azkenik, azpimarratzea komeni da Mondragon Taldearen sustatzailea, Jose Maria Arizmendiarrieta abadea, Barinagakoa zela, Eibarren ondokoa.
- Alfa. Logoa
- Danobat. Hasierako makina bat
- Jose Maria Arizmendiarrieta. Erretratua
Lagatako aztarna fisikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Soraluze Hiribilduko Suzko Arma Eramangarrien Lantegia 1865. urtean desagertu zen, baina hainbat eta hainbat bazkidek beren jarduera industriala mantendu zuten. Lantegi txiki hauek etengabe egokitu ziren: berritu, zabaldu, handitu, bota...
1950. hamarkadan hasitako industrializazio orokorrak prozesu hau areagotu zuen, eta orduko tailerretatik ia ezer gutxi ez da geratzen.
Soraluzeko Erregetxe berria ere, hainbat "birmoldaketa" jasan ostean (eskolak, etxebizitzak, lantegiak, biltegiak...) 1976. urtean bota zuten.
Halanda ere, Soraluzek oraindik gordetzen ditu garai haietako lau monumentu:
- Igareta (Florencio J. Lamot 1756)
- Igaretako presa[31]. Deba ibaian eraikia, izen bereko multzotik (presa, sarrerako erretena, errota, barrena, irteerako erretena) geratzen den elementu bakarra. XIV. mendean sortua, 1535.erako arkabuzak barrenatzeko erabiltzen zen. Euskal Herrian inoiz izan den presa armagin handiena da: 50 bat metro luze eta bi metro baino zertxobait altuagoa.
- Sagarraga. Multzo armagina (Juan C. Astiazarán 2022)
- Sagarraga. Presa (Alberto Arizaga 2024)
- Sagarraga. Lantegia (Alberto Arizaga 2024)
- Sagarragako/ Mutxaneko armagin multzoa[32]. Sagar-errekan kokatua, elementu guztien aztarnak gordetzen ditu, batzuk oso hondatuta daude, baina presa eta sarrerako erretena osorik. 1494. urtean aipatzen da lehen aldiz, burdinola zenean. Hurrengo mendetik aurrera armagintzara aldatu zen, balio erantsi handiagoaren bila: XVI. mende hasieran arma zuriak ekoizten zituen, eta 1597rako arkabuz zein moskete kainoiak barrenatzen ari zen.
- Erregetxe zaharra (Florencio J. Lamot 1756)
- Erregetxe zaharra (Juan Carlos Astiazarán 2022)
- Erregetxe zaharra (Alberto Arizaga 2024)
- Erregetxe Zaharra[33]. Deba ibaiaren ondoan kokatuta, hasiera batean Juan Garcia de Uribarri asentistaren jauregia izan zen, eta aurki Espainiako armadak alokatu zuen eraikina. Bi aldiz handitu zuten. Jatorrizko etxea eta lehen zabaltzea oraindik gordetzen dira, etxebizitzak bihurtuta.
- Olabarrena (Florencio J. Lamot 1756)
- Olabarrena presa gaur egun
- Olabarrenako presa[34]. Deba ibaian eraikita, izen bereko multzotik geratzen den aztarna bakarra. 1534. urtean sortu zuten gari errota moduan, baina gerora erabilera aldatu zioten, burdinola aurretik eta XVII. mende bukaeran arkabuzak barrenatzeko (hortik izena). Hasierako urtetan ordainpeko zubi moduan ere erabili izan zen. Igaretarekin batera, Euskal Herrian inoiz izan den presa armagin handienetakoa da: 40 bat metro luze eta bi metro baino zertxobait altuagoa.
Lau monumento hauen egoera ez da oso ona. Denboraren higadura jasatzaz gain, erakunde publikoek ez diete inolako jaramonik egin urtetan eta, inoiz, erasotzaile agertu dira[35]. Horregatik, 2004. urtean Hispania Nostraren Zerrenda Gorrian[36] sartu dituzte.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ gaztelaniaz: Estado y descripción de la Real Fabrica de Armas de Placencia sita en la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa. Antiguamente celebrada Bardulia en la memorable Cantabria
- ↑ gaztelaniaz: Fábrica de armas portátiles de fuego de la Villa de Placencia
- ↑ gaztelaniaz: Reales Fábricas de Armas de Guipúzcoa y Vizcaya
- ↑ Errege Arma Lantegiak erosketaz eta bidalketaz arduratzen ziren; erakunde oso txikia zen, zortzi lagun momenturik onenean.
- ↑ Gaur egun 100.000 eta miloi euro artekoa.
- ↑ Abunda esta tierra de diversos géneros de armas, assí offensivas, como defensivas, que en ella se labran, especialmente arzabuzès, mosquetes versos, y otros instrumentos de fuego, que más que en otra parte se labran en Mondragón y Vergara, y mucho más en Plazencia.
- ↑ 1495. urtean Errege Katolikoek Pragmatica bat onartu zuten, norberak bere mailari zegozkion armak erosteko eta eramateko eskubidea ematen zuena. Lege horrek armagintza bultzatu zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Larrañaga & Ortuondo 2018, 20 orr. .
- ↑ Azalpen zehatzagorako ikus Estado y descripción de la Real Fabrica de Armas de Placencia. Sorapedia (Soraluzeko wikipedia).
- ↑ ...los demás Príncipes de la Europa mandan poner a esta Villa en sus mapas geográficos...
- ↑ Coronelliren lurbira-globoa. Sorapedia (Soraluzeko wikipedia).
- ↑ Mapa Topographica de la circunferencia de los lvgares de Plasencia y los Rea.s Almacen.s de la Fábrica jatorrizko gazteleraz.
- ↑ Es su situación bastante estéril pero la diversión de los exámenes de armas que se hacen a estruendo de artillería y la gente alegre y generosa por su naturaleza, se hace una de las Villas más divertidas de toda España jatorrizko gazteleraz.
- ↑ Juan Bernabé Palomino Fernández de la Vega grabatzaile ospetsuaren semea eta jarraitzailea.
- ↑ Descripción y noticia distinta del origen y establecimiento, antigüedad y gobierno de las Reales Fábricas de armas de la villa de Plasencia en Guipúzcoa. Alteraciones y mudanzas que ha tenido desde el año 1583 hasta el año 1756 jatorrizko gaztelaniaz.
- ↑ El Mapa, y desfripcion de la Real Fabrica de Armas de la villa de Plafencia, en Guipuzcoa: egilea Florencio Josepf Lamot jauna, lantegi horietako erret kontularia : ideia berezia eta arte duen lana; Jofeph Mathias Escrivano liburu-dendan topa daiteke, San Phelipe el Realen aurrean. Gaceta de Madrid 35 zbk. 280 orrialdea (1757/08/30).
- ↑ Erregea gure jaunak Soraluzeko hiribilduan, Gipuzkoan, arma mota guziko Erret Lantegiaren irudia edo marrazkia, barnean hartzen dituenen azalpenarekin: bere Egilea, Joseph la Mota jauna, bertan ikuskatzailea; Antonio Mayoralen liburudendan, Aingeruaren Plazatxoan, aurkituko da. Gaceta de Madrid 7 zbk. 60. orrialdea (1772/02/18).
- ↑ Soraluzeko Udal Artxibategia. 1757.eko irailak 29ren akta.
- ↑ Mapa Topographica de la Circunferencia de los Lugares de Plasencia y los Reas. Almacens. de la Fabrica. Espainiako Liburutegi Nazionala.
- ↑ Un desconocido grabado de la Real Fábrica de Armas de Placencia. Joaquín de Yrízar Barnoya (Boletín de la RSBAP 1957).
- ↑ Descripción de las Fábricas de Armas de Plazencia y las defensivas que hubo en Egui y que fueron trasladadas a Tolosa jatorrizko gaztelaniaz.
- ↑ Pereda López, Ángela. (2022). «Placencia (Guipúzcoa): la fabricación de armas para la Guerra de las Alpujarras (1570)» Chronica nova: Revista de historia moderna de la Universidad de Granada (48): 297–331. ISSN 0210-9611. (kontsulta data: 2026-01-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) Fernández, Luis Miguel Díez de Salazar. (1989-12-09). «Fueros de Ferrerías de Cantabria, Vizcaya, Álava y Guipúzcoa» Anuario de Historia del Derecho Español: 597–632. ISSN 2659-8981. (kontsulta data: 2026-01-05).
- ↑ Elorza Maiztegi, Javier. (2022). Placencia de Soraluze: sorrera eta bilakaera = fundación y evolución (siglos XIV-XVI. mendeak). Soraluzeko Udala ISBN 978-84-09-45825-7. (kontsulta data: 2026-01-05).
- 1 2 Pereda López, Ángela. (2022). «Placencia (Guipúzcoa): la fabricación de armas para la Guerra de las Alpujarras (1570)» Chronica nova: Revista de historia moderna de la Universidad de Granada (48): 297–331. ISSN 0210-9611. (kontsulta data: 2026-01-05).
- ↑ Urte honetako agiri batean Martín Abad de Loyola agertzen da maisu armagin moduan.
- ↑ 100 eskopeta zituela maiatzaren 25ean bertan saltzeko moduan, eta ekainaren 24ko, San Joan Bataiatzailearen egunerako, beste 350 eskopeta bakoitza zilarrezko zazpi errealetan saltzeko konprometitzen zela. Oñatiko Unibertsitateko Protokoloen Probintziako Artxiboa (1512/05/25).
- ↑ (Gaztelaniaz) Garibay y Zamalloa, Esteban. (1571). Compendio historial de las chronicas y vniuersal historia de todos los Reynos d'España .... (kontsulta data: 2026-01-06).
- 1 2 Azpiazu, José Antonio. (1994). «Fabricación y comercialización de armas en el valle del Deba (1550-1600)» Vasconia: Cuadernos de historia - geografía (22): 9–72. ISSN 1136-6834. (kontsulta data: 2026-01-06).
- ↑ Astiazarain Achabal, María Isabel. (1992). «Un ejemplo de arquitectura industrial en la Guipuzcoa del siglo XVIII: la Real Fábrica de Armas de Placencia» Ondare: cuadernos de artes plásticas y monumentales (10): 9–28. ISSN 1137-4403. (kontsulta data: 2026-01-06).
- 1 2 Azpiazu, José Antonio. (1994). «Fabricación y comercialización de armas en el valle del Deba (1550-1600)» Vasconia: Cuadernos de historia - geografía (22): 9–72. ISSN 1136-6834. (kontsulta data: 2026-01-06).
- ↑ Larrañaga 1981, 27 orr. .
- ↑ Ybarra aita-semeak. Sorapedia (Soraluzeko wikipedia).
- ↑ S.A. Euscalduna. Sorapedia (Soraluzeko wikipedia).
- ↑ Placencia de las Armas. Arístides Fernández Fret (El Correo Militar 1891).
- ↑ SAPA. Web sitea (gazteleraz/ ingelesez).
- ↑ Basil Zaharoff. Wikipedia (gazteleraz).
- ↑ Presa del molino armero de Igareta. Hispania Nostraren zerrenda gorria (gazteleraz).
- ↑ Complejo armero de Sagarraga. Hispania Nostraren zerrenda gorria (gazteleraz).
- ↑ Erregetxe Zaharra. Hispania Nostraren zerrenda gorria (gazteleraz).
- ↑ Presa del molino armero de Olabarrena. Hispania Nostraren zerrenda gorria (gazteleraz).
- ↑ Merlin proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundia.
- ↑ Lista roja. Hispania Nostra (gazteleraz).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Larrañaga, Ramiro. (1981). Armeria Vasca. Sintesis Historica. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 573 or. ISBN 8472316297..
- Larrañaga, Ramiro; Ortuondo, Pedro. (2018). Lamoten grabatua. Makina Erremintaren Museoa ISBN 9788469791660..
- Armagintza Soraluzen/ La armería en Soraluze. Félix Arizaga Arrasate (2023)
- La Real Fábrica de Placencia de las Armas (c.1538 - 1865) según idea de Florencio Joseph de Lamot, dibujo de Joseph Zameza (1756) y grabado de Juan Fernando Palomino (1757). Juan Tous Meliá (2021)
- Armeros vascos. Repaso histórico - Raíces y desarrollo. Ramiro Larrañaga Fernández de Arenzana (2001)
- Soraluze-Placencia de las Armas. Monografía histórica. Ramiro Larrañaga Fernández de Arenzana (1993).
- 500 años de armería vasca. Ramiro Larrañaga Fernández de Arenzana (1990)
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Un desconocido grabado de la Real Fábrica de Armas de Placencia. Joaquín de Yrízar Barnoya (Boletín de la RSBAP 1957).
- El grabado de Lamot. Ramiro Larrañaga Fernández de Arenzana (Boletín de la RSBAP 2005).
- Mapa Topographica de la Circunferencia de los Lugares de Plasencia y los Reas. Almacens. de la Fabrica. Espainiako Liburutegi Nazionala (Biblioteca Nacional de España).
- Estado y descripción de la Real Fabrica de Armas de Placencia. Sorapedia (Soraluzeko wikipedia).
- Descripción de las Fábricas de Armas de Plazencia y las defensivas que hubo en Egui y que fueron trasladadas a Tolosa. Sorapedia (Soraluzeko wikipedia).

