Emakumeen lana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lanaren zatiketa sexual» orritik birbideratua)
Lanaren zatiketa sexualak emakumeak lanbide jakinetara mugatzen du. Irudian, Belizeko emakumeak fruta sailkatzen. Fruta sailkapena emakumeei soilik esleitzen zaien lanbideetako bat izaten da.

Emakumeen lanak ezaugarri bereziak ditu gizonen lanaren aldean, lanaren zatiketa sexual delakoaren bitartez, aldi berean genero-rolaren egitura nagusietako bat dena. Emakumearen lanaren berezitasunaren sustraiak historiaurrean antzeman daitezke, teoria zenbaiten arabera, gizonek ehiza lana bereganatu zutenean. Edonola ere, mendebaldeko kulturan lanaren zatiketa sexuala familian du jatorri; esaterako, Antzinako Grezian eta Erroman emakumeak haurrak eta etxea zaintzearen ardura hartzen du, gizonak familiaz haraindiko eginbehar ekonomikoak bereganatuta. Industria iraultzatik aurrera emakumea kapitalismoaren funtsezko lan indar bilakatzen da, ekoizpen masiboaren beharrak bultzaturik; aldi berean, ordea, emakumeak jarraitu zuen etxeko lanaren eta haurren hazkuntzaren ardura hartzen. XX. mendeko bigarren erdialdetik aurrera instituzio politiko eta akademikoen aldetik genero berdintasunaren aldeko diskurtsoa eta politika nagusitzen joan diren arren, egun ere nabarmena da emakumeek lan arloan pairatzen duten asimetria, eskubide murritzekin, ordainsari txikiagoekin nahiz emakumeak lanbide jakinetara mugatuz. Halaber, emakumeek joera handiagoa dute ekonomia informalean izateko. Hori guztia dela eta, emakumeek pobrezian jausteko aukera handiagoak dituztela egiaztatu da. Aldi berean, emakumeei neurri handiagoan esleitutako lanbideak hirugarren sektorean izateko joera dago, hala nola erizainak, agure eta haurren zaintzaileak, azafatak eta saltzaileak, jostunak, administrazio-laguntzaileak, garbitzaileak, sukaldariak eta haurren irakasleak emakumeak izaten dira. Lanbide horiek bi sailetan bana daitezke: alde batetik, emakumea bere edertasunagatik apaingarri gisa erabiltzen direneko lanbideak (azafata, esaterako) eta, bestetik, emakumeek burutu ohi dituzten etxeko lanak erreproduzitzen dituztenak, ustez lan horietan trebeagoak direlako (garbitzaile, esaterako). Horrela, lan arloan genero-berdintasunaren aldeko politikak bultzatu badira ere, helburu iheskorra izaten jarraitzen duela esan daiteke, gutxitzen doan arren, dirauen desberdintasunak indartu egiten baititu behin eta berriz emakumeei buruzko aurreiritziak eta gutxiespen-jarrerak lan arloan[1].

Lanaren zatiketa sexuala historiaurrean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiaurrea milaka urtetan zehar luzatzen den garaia dela kontuan harturik eta, beraz, irizpide eta patroi finkoak ezartzea toki guztietan eta garai osorako eztabaidagarria bada ere, eredu zenbait proposatu dira lehenengo gizakien gizarteetan sortu zen lanaren zatiketa sexuala azaltzeko. Eredu hauek bi sailetan bana daitezke: alde batetik, eredu naturalak edo esentzialistak eta, bestetik, eredu historikoak edo sozialak, sexuen arteko diferentzia fisiko eta naturalak gutxiesten dituztenak. Eredu natural ezagunena ehiztari arraren eredua da. Horren arabera, ehiza eta gizonak ehizarako zuen abantaila naturala dago lanaren banaketa sexualaren sustraietan. Abantaila hau arren agresibitatean eta emakumeek, umeak zaintzeko beharra izaten dutenez, izaten duten mugikortasun txikiagoan datza. Ehizak janari gehiago eta, ondorioz, emakumeen ugalkortasun handiagoa dakar berarekin, emakumearengan gizonak ekarritako janariekiko dependentzia sorraraziz eta hasierako lanaren zatiketa indartuz: emakumearen dependentziak familia sortzea ekarriko du, araldia ezabatuz eta sexu harremanak janariak ekartzen dizkion gizonarekin soilik ukanez. Lila Leibowitz antropologoak beste eredu bat proposatu zuen, non ezaugarri naturalek ez, baizik eta ekoizpenaren dinamikak berak sorrarazi zuen lanaren banaketa sexuala. Leibowitzen iritziz, elikagai begetaletatik elikagai begetal-haragi dieta misto batera igaro zen hasiera batean, sexuen arteko lanaren zatiketarik gabe. Haragia jaten hasteak gizakien hilkortasuna murriztu eta biziraupena luzatu zuen. Horrela, gizabanakoak trebeago eta indartsuago bilakatu ziren eta, aldi berean, ehizak garrantzi handiagoa hartzen joan zen, prozesua indartuz. Modu horretan, gainera, gizabanako bakan batzuek soilik lan eginda talde osoarentzako janaria eskuratzen hasi ziren. Janariaren ugaritasunak sedentarismoa eta, horrekin batera, emakumeen ugalkortasun handiagoa ekarri zuen. Haurren hilkortasuna murriztu egiten zenez eta ehiza helduen jarduera espezializatua zenez, emakumeak haurrak eta gaztetxoak zaintzera behartuak izan ziren, ehizan hasiera batean ziharduten denbora hartuz. Espezializazioa giza talde batetik bestera ere gertatu zen eta horrela, taldeen arteko trukaketak abiarazi ziren. Hedapen prozesu batez, lanaren zatiketa sexuala talde guztietara zabaldu eta finkatu egiten da.[2]

Etxeko lana eta emakumeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxeko lanak nagusiki emakumeen lana izaten jarraitzen du familia askotan. Etxeko lanaren ardura asimetrikoa azaltzeko teoria zenbait proposatu dira: teoria marxistatik emakumeen etxeko lana, ugalketa eta haurren zaintza barne, jabetza pribatuaren euskarri den familia-erakundearen bitartez kapitalismoak sorturikoa dela baieztatzen da, sozialismoarekin bukatuko dena; teoria marxista eta feminismoa uztartuz, bestelako diskurtsoak ere eratorri ziren 1970eko hamarkadatik aurrera, sistema sozioekonomikoaren egiturari baina, baita ere, gizon menderatzaileei egotziz etxeko lana emakumeei esleitzea; beste alde batetik, historian zehar ekonomiaren eskola neoklasikotik etxeko lana baztertu eta soilik saritutako lan produktiboa aztertu izan den arren, XX. mendearen bukaeratik familia eta etxeko lana baliagarritasunaren ikuspunturik aztertu dira, bereziki Gary Becker Ekonomiako Nobel Saridunaren eskutik, emakumeen etxeko lanetarako duten abantaila konparatiboa kontuan hartuz eta lan horren zatiketa familiaren baitan hartzen den erabaki arrazionalen multzoan sartuz.[3].

Beste alde batetik, etxeko lanaren zatiketa horrek emakumea lan-merkatuan nola txertatu den eragin du. Izan ere, emakumeak lan-merkatutik at egoteak, produkzio ekonomikoa gizonaren inguruan antolatzea ekarri eta beranduago emakumea sistema kapitalistako lan-indarra bilakatzean, gizonak utzitako zirrikituak soilik bete ditu, denbora partzialeko lanpostuetara, aldi baterako lan-kontratuetara eta beranduko kapitalismoan nagusitzen joan den hirugarren sektorera mugatuz askotan[1]. Askotan etxekoen ardura ekonomikoa izateak pairatzen duten esplotazioa eta lan-prekarietatea indartu egin du gainera, XIX. mendeko enpresari ingeles honen testigantzak jasotzen duen bezala:

« (...) ezkondutako emakumeak nahiago ditut guztiz, bereziki bere ardurapean dauden familia dutenak etxean; saiatuak eta esanekoak dira, ezkongabeak baino areago, eta bizitzaren beharrei aurre egiteko euren indarren mugetaraino iristera daude behartuta.[4] »


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) Rodriguez, Arantxa; Larrañaga, Mertxe. EL TRABAJO DE LAS MUJERES: CLAVES PARA ENTENDER LA DESIGUALDAD LABORAL. .[Betiko hautsitako esteka]
  2. (Gaztelaniaz) Sanahuja Yll, María Encarna. (2002). Cuerpos sexuados, objetos y prehistoria. , 91-106 or...
  3. Flores Garrido, Natalia; Guzmán Gallandos, Flérida. Retomando un debate inconcluso: división sexual del trabajo en un orden globalizado. .[Betiko hautsitako esteka]
  4. Anderson, Bonnie S.; Zinsse, Judith P.. (2007). Historia de las mujeres. Una historia propia.. , 736 or..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]