Lankide:Aortizpinedo/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Literatura konparatuak testuak aztertzen ditu mugen gainetik, eta hizkuntzen gainetik. Nazioz gaindikoak diren egitura diakronikoak ikertzeko, azaltzeko eta ordenatzeko eginkizuna du.

Termino honek hainbat prozedura metodologiko besarkatzen ditu: bi testu konpara ditzake, baina baita ere testu bat eta arte plastikoko elementu bat. Azken aldi honetan, Cultural Studies delakoek hartu dute Literatura konparatuaren lekua hainbat unibertsitatetan, garai bateko azterketa motak burutzeko. Eskola nagusi bi izan dira Literatura konparatuaren alorrean: frantsesa eta anglo-saxoia. Eskola frantses indartsu batek datu positiboak jaso nahi zituen, adibidez, literatur lanen arteko eraginak bilatzeko.

René Wellek amerikarrak, aldiz, aipatzen du literatura konparatua ezin dela gizatasunik gabea izan, baizik eta holistikoa behar duela.

René Wellek (1903-1995) amerikarraren arabera, literatura-ikerketa konparatua ezin da izan iraganera begiratze erlatibista, ezta kanpoko formalismo hutsa ere. Konparatismoa ez da izango zientifismo neutrala, edota historizismo axolagabea, baizik eta objektuekiko harreman esentziala. Literatura konparatua izango litzateke gizateriaren balio nagusiak iraunarazteko ahalegina, ziur aski, Argien mendeko programari eutsita. Daniel-Henri Pageaux (1939) frantsesak ere bide hori proposatzen du, kritika frantsesaren azken urteotako bozeroale modura:

"Pageaux wanted to develop imagology into a method for the human sciences in general, in the context of a totalizing science humaine. Consequently, he abandoned the philological analysis of perceptions and representations in favour of an ambitious, Enlightenment-style programme towards the understanding of culture in general: "des problèmes qui intéressent la culture, et tout simplement (si l´on ose dire) la vie des hommes"[1]”.

Literatura konparatuko departamentu bat bada Euskal Herriko Unibertsitatean (Gasteizeko Letren Fakultatean).

Euskal kritikan konparatismoaren prozedura erabili du Jon Kortazarrek, adibidez, Lauaxeta eta Federico García Lorca poeten lanak konparatzeko eta zehazteko nola mailegatu zion Lauaxetak Lorcari "Muerte de Antoñito el Camborio" (Romancero gitano liburukoa) poema bere "Langile eraildu bati" olerkia ontzeko. Beñat Sarasola kritikariak ere konparazioaren metodologia erabili du ikerketan.

Bidaia-kontakizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bidaia-liburuak aztertzea ere Literatura konparatuaren arlokoa da. Aitor Ortiz de Pinedok metodologia horrekin aztertu du 1931n argitaratutako autoko ibiladia Euskal Herrian zehar, Jean Etxeparek idatzia. Testuan jasotzen den herrialdearen iruditeria aztertu du, imagologia izeneko metodo batekin[2].

"el estudio de la literatura de viajes terminará por trabajar al lado de otros campos de investigación: -con la imagología, porque las obras de nuestro género son precisamente las que por su lección proporcionan imágenes de lugares y pueblos"[3].


Ez alferrik, literatur ikasketen diskurtso teorikoan ere, Literatura konparatua itun-kutxa bat da konparatistaren eskuetan bereziki bidaien azpisailean. Itun-kutxa bat da nazio-mugen gainetik lotura abegikorrak eraikitzen dituelako.
Galde diezaiokegu geure buruari nazio txikien nazionalismoa zertan geratzen den honelako ataka batean. Letren esparruan, Literatura Konparatuak nazionalismoa kritikatzen du, nazionalismoa baita literatura konparatuaren kontrario beltza; nazio handien nazionalismoa, batez ere. Izan ere, bi gauza dira: bata, estatu-nazioen nazionalismoa eta, bestea, herri gutxituen nazionalismoa.
Literatura konparatuak mugen gainetik jarduten du, kasu honetan bezala, non bidaia-liburuak aipagai ditugun. Izan ere, euskaldunontzat, hizkuntza bereko auzoak ez ezagutzea da txokokeriaren isla literatura konparatuaren talaiatik begira.

Adibidez, Jean Etxeparek hausten du mugen debeku hori eta pulunpatzen da Beste hurbila ezagutzera, alegia, probintziak izenekoak. Elkarren arteko ezagutza falta hori ahulezia edo ezaintasun baten islatzat interpreta daiteke. Horrek guztiak ematen du, literatura konparatuaren bitartez, Jean Etxeparek nazioartekotasunarekin duen lotura astiroago aztertzeko aukera[4]. Aipagarriak dira hainbat pasarte liburu honetan. Aipagarria da duen asmo diplomatikoa mugaren alde bietako euskaldunak elkarri hurbiltzeko kontakizun legendario komun baten abaroan (Orreagako gudua), eta Historia hurbila ere aipatuz “zauriak berritu” gabe (Napoleonen inbasioa). Aipagarria da Loiolako Santutegiko bisitaren kontakizuna, non hizkuntzaren efektu sotilen bidez adierazten duen bere ikuspuntu kritikoa luxu barrokoari buruzkoan, hautsik harrotu gabe. Aipagarria da Zarauzko etxeen deskribapen enpatikoa, belaunaldiz belaunaldi irauteko asmoz egindako etxe sendo-ederrak. Aipagarria da Donostiako giroa nola kritikatzen duen, eta gizarte hartako arinkeria, arazo latzei itzuri egiteko ihesbidea: Belle Époque eta gero etorri behar zuen Bigarren Mundu Gerrako hondamendiaren zantzu iragarlea. Hazkunde ekonomiko eta sozial etengabearen baitako sinesmena putzura eroria zen Lehem Mundu Gerrarekin…

Aipagarriak dira, era berean, herri-bizimoduaren laginak, estanpa modukoak: euskal bazkaria, Iruneko jaiak, euskararen soziolinguistika…

Daniel-Henri Pageaux konparatistaren Imagologia baliagarria da mugen gainetik bi herrialde konparatzeko literatur lanen bitartez. Imagologiak aztertzen duen idearioak edo iruditeriak, edozein ideariok, eman dezake zerbait atzigaitzaren eta lurraren gainean sustrai eskas eta urrikoaren itxura, literaturgileen irudimenean izan ezik; hala ere, barra-barra entzuten dira erreferentziak nazio-irudi jakinei helduta, eguneroko adierazpen politikoetan eta hauteskunde-kanpainetan jendea mobilizatu nahiz, hala Frantziako nola Espainiako lider politikoen ahotan, adibidez.

Literatura da, hala ere, kultura-kapital globalaren iturria (“fuente de capital cultural global”); literatura identitate-sortzailea da, gizarte-errealitatea sortzen laguntzen duena.

"Cuando presento la literatura comparada como disciplina de descolonización no formulo en realidad reflexiones de orden general. Desde nuestra profesión de hombres de letras, expreso mi intención de comprometerme según un programa y una línea política, en cuanto a los problemas arriba mencionados desde la óptica de la confederación como imagen del futuro"[5]

  1. Beller, M. eta Joep Leerssen. (2007). Imagology. The cultural construction and literary representation of national characters. Amsterdam. Rodopi
  2. https://www.academia.edu/39408791/Jean_Etxepareren_Beribilez_1931_bidaia_eta_ideologia Ortiz de Pinedo, Aitor. 2018. Jean Etxepareren Beribilez (1931): bidaia eta ideologia (tesia)]
  3. Domenico Nucera "Los viajes y la literatura" in: Armando Gnisci (arg.) (2002). Introducción a la literatura comparada. Barcelona. Editorial Crítica. 245 or.
  4. http://www.euskaltzaindia.eus/dok/euskera/82275.pdf Ortiz de Pinedo, Aitor, 2018, "Jean Etxepare Bidegorri zubigile", Euskera 63: 365-391
  5. Gnisci, A. (1998). "La literatura comparada como disciplina de descolonización" in: Vega, M. J. eta Carbonell, N. La literatura comparada: principios y métodos. Madrid. Gredos. 191 or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ortiz de Pinedo, Aitor, 2018, "Jean Etxepare eta Pío Baroja",Fontes Linguae Vasconum 125:85-112. https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=6536132
Ortiz de Pinedo, Aitor, 2018, "Gizartea Jean Etxepareren idazlanetan: adabakiak", EGAN 2018 3/4:123-148. https://bascongada.eus/images/bascongadak/aldizkariak/egan_2018_3-4.pdf