Lankide:Enekobidegain/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Aztarna fosilak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suaren lehen arrasto fosilak duela 470 milioi urtekoak dira, Ordoviziar ertain garaikoak[1]. Horrek ahalbidetu zuen oxigeno metatzea atmosferan, inoiz baino gehiago, lurrazalean zeuden landareek suaren arrastoak xurgatzen zituztelako. Oxigeno kontzentrazio hori %13tik gorakoa izan zenean, oihanetako suteak hasi ziren[2]. Oihaneko sute arrasto zaharrena duela 420 milioi urtekoa da, siluriar garaiaren amaierakoa. Landareen egur ikatzezko fosilak dira horren aztarnak[3][4].

Atmosferako oxigeno maila eta egur ikatzaren aztarnak hertsiki lotuta daude, oxigeno gehiago izateak sute gehiago eragiten duelako[5]. Sute gehiago izan zen, halaber, landare lastodunak ugaritu zirenean eta ekosistema askotako osagai nagusia bihurtu zenean, duela 6-7 milioi urte[6]. Sute orokortu horiek klima beroagoa eta lehorragoa izatea eragin zuten, eta klima hori sute gehiagotarako bide izan zen[5].

Etxekotzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suaren etxekotzea edo kontrolpean edukitzea bihurgune handia izan zen gizakiarentzat, Historiaurrean. Lehenbiziko gizakien ohiturak eraldatu zituen. Sua egitea zen beroa eta argia ekartzea, janaria prestatzea, elikagai aniztasuna bermatzea eta gaixotasunak murriztea[7]. Beroari esker, gainera, garai edo leku hotzetan egoteko aukera erraztu zen. Gainera, gauetako harrapakariez babestu ziren.

Aztarna zaharrenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da erabat ziurtatua noiztik aitzina erabiltzen zuten sua. Teoria gehienen arabera, sua ez zuten modu kontrolatuan erabiltzen duela 400.000 urte arte[8]. Haatik, duela 50.000-100.000 urte sua erregularki erabiltzen zelako frogak badaude[8]. Baina badira ikerketa batzuk diotenak sua era kontrolatuan erabili zela duela milioi bat urte[9][10].

Hain zuzen, ikerlari amerikar batzuek diote suaren aztarna zaharrenak duela milioi bat urtekoak direla. Hegoafrikan aurkitu zituzten hezur kiskali eta landare errauts batzuk, Wonderwerkeko haitzuloan. Baina ikerketak ez du ziurtatzen gizakiek bazekiten sua berek pizten, ala soilik sua kontrolatzen zekiten, sute naturaletatik abiatuta[11].

Israelgo ikerlari batzuen arabera, sua etxekotzearen aztarna zaharrena duela 790.000 urtekoa da. Jordan ibaiaren bazterreko Jakoben alaben Zubiko aztarnategian dago[12][13].

Su aztarnak aurkitu zituzten Greziako Petralona haitzuloko geruza batean ere. Han aurkitutako Homo heidelbergensis giza fosila baino zaharragoa bide da aztarna hori. Giza fosila, aldiz, duela 700.000 urtekoa da.

K.a 400.000 inguruan gertatu zela diote hainbat dokumentuk, besteak beste Bretainiako Menez Dregan eremuan (Plouhinec-en), Niza ondoko Terra Amatan, Alemaniako Bilzingsleben-en, Hungariako Vertesszolos-en[14] , Israleko Qesem-en eta Txinako Zhoukoudian-en.

Eraginak gizakiaren metabolismoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suaren kontrolari esker, elikagaiak berotu ahal izan zituzten. Horren ondoren, haragi ketua kontserbatzeko ahalmena ere lortu zuten. Gisa horretan, parasitosisa (bizkarroietatik hedatzen ziren infekzioak) murriztea erraztu zuten, baita ere elikagaien digestioa. Horrela, gizakiaren metabolismoaren errendimendua hazi zen, eta, ondorioz, garunaren bolumena ere handitu zen[15].

Eraginak teknologian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009an, Cap, Liverpool, Wollongong eta Bordeleko unibertsitateetako ikerlari batzuek frogatu zuten sua duela 72.000 urte erabiltzen zutela harrizko tresnak ekoizteko, Hegoaldeko Afrikan. Ikerketa haren emaitzak jakin ziren arte, suaren erabilera horren arrasto zaharrenak duela 25.000 urtekoak ziren, Europan[16]. Suari esker, tresna berriak ekoiztu zituzten, dardoen puntak gogortuz eta, bereziki, harriak berotzeko, tresnak ekoiztu aitzin. Hartara, harriak aiseago erabil zitzaketen.

Sua erabili zuten ikatza ekoizteko eta duela milaka urteko fauna kontrolatzeko ere[17].

Suaren inguruan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polly Wiessner antropologoak ikertu zituen Kalahari eskualdeko khoisanek zer elkarrizketa gai izaten zuten egunaz eta gauaz. Egun argiko elkarrizketa gai gehienak ekonomiari buruzkoak ziren, hala nola ehiza eta bilketa estrategiari  eta tresnen ekoizpenari buruzkoak. Kritikak, txantxak eta txutxumutxuak ere izaten ziren, baina elkarrizketen %6tan bakarrik kontatzen ziren ipuinak. Gauetako elkarrizketen %80tan, aldiz, ipuinak kontatzen ziren, gehienetan espirituen munduari buruzkoak. Wiessnerren arabera, suaren kontrolari esker, gaubeilak luzatu ahal izan ziren, iluntzeetako bizitza suaren inguruan biltzera zuzendu zen. Horrek ahalbidetu zituen elkartruke sozialak eta kulturaren hastapenak, kantuaren, dantzaren eta ipuin kontalarien bidez[18].

Suaren erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sua fenomeno naturala da. Naturan, tximistak eragin dezake edo fermentazioak (erre daitezkeen gasak ekoiztean). Sua gizakiek berek piztu eta kontrolatu ahal izateak, garapen handiak ahalbidetu zituen.

   •    Janaria erretzea: horri esker, germenak suntsitu eta beste gisan jan ez litezkeen elikagaiak jan litezke.

   •    Berotzea, garai hotzetan (neguan), eta, gauaz argia ematea.

   •    Zurezko tresnak gogortzea; horri esker tresna eraginkorragoak ekoitzi ahal izan dira.

   •    Metalurgia eta osagaien eraldaketa kimikoa eta fisikoa, tenperatura handietan.

   •    Motor potentzia: lurrun makinak, lehenik; konbustio motorrak, gero.

Beste hainbat gauzetarako ere erabiltzen da sua.

Torturatzeko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sua erabili izan da tortura eta exekuzio tresna gisa. Jendea  erreketa bidez hiltzera kondenatzen zuten. Torturatzeko, aldiz, burdinazko botak erabiltzen zituzten, urez, olioz edo berunez beteta egoten zirenak eta suarekin berotzen zituztenak, hori zeramana agoniara bultzatu arte.

Gerrarako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sua aspalditik erabiltzen da gerra egiteko. Homerok kontatu zuenaren arabera, Greziako soldaduek sua erabili zuten, Troiako gerran. Zurezko zaldi batean ezkutatu ziren Troia erretzeko asmoz. Geroago, Bizantzioko ontziteriak sua erabili zuen etsaien itsasontziei eta pertsonei eraso egiteko.

Lehen Mundu Gerran, lehenbiziko su-jaurtigailuak erabili zituzten. Bigarren Mundu Gerran su-jaurtigailuak ezarri zituzten ibilgailu blindatuetan. Gerra hartan, bestalde, su-bonbak erabiltzen hasi ziren, besteak beste Tokion, Rotterdamen, Londresen eta, batez ere, Hanburgon eta Dresdenen. Azken bi hiri horietan, suzko ekaitzak piztu zituzten, nahita. Amerikako Estatu Batuetako armadak ere asko erabili zituen gisa hartako armak japoniarren kontra, eta zurez eta paperez eraikitako hiri osoak suntsitu zituzten.

Bigarren Mundu Gerraren bukaeran, 1944ko uztailean, napalma erabili zuten[19], nahiz eta, batez ere, Vietnamgo gerrarekin lotu ohi den lehergailu hori[19].

Molotov koktelak ere erabiltzen dira gerretan edo kale borroketan.

Laborantzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laborantzaren hasieratik, sua erabili izan da paisaia kudeatzeko, kontrolatutako suen bidez. Su horiek udaberrian eta udazkenean piztu ohi dira, oihan azpiko sasiak erretzeko. Horrek arriskua ere badauka, suaren kontrola galduz gero, oihanak erre daitezkeelako. Sasi horiek mesedegarriak dira animalien eta landareen aniztasunari begira. Gizakiari, aldiz, oihanean ibiltzeko zailtasunak eragiten dizkiote.

Sute kontrolatu horien helburu nagusia, gaur egun, laborantzarako lurrak garbitzea da. Luzaz pentsatu da su horiek lagungarriak direla laborari txikientzat, landaretzak hartutako eremuak garbitzeko eta landaretza horren elikagaiak askatzeko[20]. Baina teknika horrek hainbat arazo sortzen du, sute horiek kontrolatzea gero eta zailagoa delako, besteak beste lurraren berotzearen ondorioz. Sute horiek ekosistemei eta azpiegiturei kalte egiten diete. Osasun arazoak ere eragiten dituzte atmosferara igortzen dituzten karbono eta kedar partikulengatik. Isurtze horiek are gehiago larritzen dute berotze globala. Gaur egun, munduan, 5 milioi kilometro koadro erretzen dira suteen ondorioz, urte bateko epean[20].

Teknologian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sua egunero erabiltzen da erreketa bidezko ibilgailuetan. Zentral termikoek argindarra sortzen dute, hori ere erreketa bidez.

Erregaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erregaiak erretzea energia sortzaile da. Egurra historiaurreko erregaia zen, eta gaur egun ere erabiltzen da. Beste erregai fosilek sortzen dute (petrolioa, gas naturala eta ikatza), zentral elektrikoetan, munduko argindarraren zati handiena. Energiaren  Nazioarteko Erakundeak dio, 2002an, erregai horiekin ekoizten zela munduko energiaren %80[21].

Zentral elektrikoetan, sua erabiltzen dute ura berotzeko, eta horrela lurruna sortzen da, turbinak martxan jar ditzan. Turbinek argindar sortzaileak lanean jartzen dituzte.

Erregai bateko solido erregaitza clinker deitzen da, baldin eta fusiorako heina garraren tenperaturatik beherakoa bada (gisa hartan, fusionatu eta berriz gogortzen da hozten denean); eta errauts bihurtzen da, baldin eta fusiorako heina garraren tenperatura baino handiagoa bada.


Esanahi sinbolikoa eta ikonologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elementu honek aldareak, apaizak eta sakrifizioak izan zituen planetako komunitate askotan. Erromatarrek, Vulkanoren irudipean irudikatzen zuten ziklopeen erdian. Aldare baten ondoan dagoen janzkera bat, zeinaren gainean su sakratua dagoen, edo emakume bat, bere azpian salamandra bat duen edalontzi bete batekin, antzinakoek sua irudikatzeko erabiltzen zituzten sinboloak ere badira. Cesare Ripak eta Gravelotek, ikur hauei, eguzkiaren presentzia, beroaren eta argiaren printzipioa, eta fenixa, elementu honetan hil eta birjaiotzen dena, batu diete, adierazpen sinboliko hau, filosofoen ustez, egunen batean, sugarrek mundua kontsumituko zutela uste zutelarik, distiratsuago eta perfektuago birsortzeko.

Masoneriak ere sua sinboloen artean sartzen du: Antzinaroko kulturetan bezala, lengoaian eta logien lanetan presentzia iraunkorra duten lau elementuetako bat da. Masoneriak suaren esanahi sinboliko zaharra hartzen du eta bere izaera bikoitza onartzen du: sorkuntza eta argiztapena, batetik, eta suntsiketa eta arazketa, bestetik.

Alkimia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinako filosofian, sua bost osagaietako bat da, metalarekin, urarekin, egurrarekin eta lurrarekin batera.

Mendebaldeko alkimian, Aristotelesen irakaskuntza baino askoz lehenagotik, oinarrizko lau osagai inerteetako bat da, urarekin, airearekin eta lurrarekin. Sua oinarri-oinarrizkoa da, lau osagai horien inguruan sortutako hainbat doktrinatan, besteak beste Platonen doktrinan.

Justizia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sua bi eratara erabili da justizian. Batetik, zigor tresna gisa erabili izan da. Erdi Aroan, sutan erretzea maiz erabiltzen zen kondena gisa. Batzuek immolaziorako ere erabili dute sua, salaketa ekintza gisa. 1969an, Jan Palach Txekoslovakiako ikasleak eman zion sua bere buruari Pragan, Sobietar Batasunaren inbasioa salatzeko. 1970ean, Joseba Elosegik Donostian eman zion sua bere buruari, eta Francoren gainera jauzi egiten ahalegindu zen.

Bestetik, sua tentu handiz kontrolatu beharrekoa da, eta gaizki kontrolatzea edo sua nahitara ematea gogorki kondenatua izan ohi da. Atenasen, adibidez, sua piztea zen krimen handienetako bat.

Garbikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sua garbikuntzaren sinbolo ere bada. Horregatik sutan erre ohi ziren hainbat pertsona, adibidez, inkisizio garaian. Sinbolo horren jatorria dator, itxura batean, laborantza ohituretatik, hala nola lurrari su ematen zioten, emankorrago bihur zedin. Erdi Aroko kristauek maiz erabiltzen zuten sua garbikuntza sinbolo gisa. Denborarekin, ordea, ordalia eta sutan erretzea bezalako praktikak galdu edo debekatu ziren.

Erotikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sua sinbolo erotikoa ere izan daiteke. Eneida epopeian, Dido barnetik erretzen ari zuen Eneasekiko zeukan maitasunak. Sinbolismo erotiko horren jatorrian daude suaren eta sexu ekintzaren, pasioaren, afekzioaren eta sentimenduen arteko irudi eta metaforak. Mitologia greziar-erromatarrean, Kupido arku batekin eta tortxa batekin erakusten zuten. Zientziak sinbolismo horren logika azaltzen du, motibazio psikofisiologikoa aldaketa termikoekin hasten delako eta ekintza sexualarekin bukatzen.

Errituak eta gurtzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kultura askotan, sua jainkotzen dute, eta herri eta tribu gehienen adorazio objektua da.

Persia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Persian edo Iran zaharrean, zoroastristentzat, suaren gurtza beren erlijioaren oinarrizko zatia zen. Gurtza zeremonia haiek xeheki kontatuta daude Avestan. XIX. mendean, Kermanen eta Gujaraten, persiarren zeremonia zahar haiei eusten zieten.

Grezia eta Erroma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziako mitologian, sua Prometeok lapurtu zien jainkoei, eta gizakiei eman.

Greziarren su itzalezina denbora guztian erretzen ari zen Atenasen eta Delfosen. Vestako emakume apaizek Vulkanoren gurtza egiten zuten Erroman bizirik eusten zuten suaren bidez. Kasu horiek guztiek erakusten dute sua jainkotzen zutela, jatorri pelagikoko herri guztietan.

Judaismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juduek menorah pizten dute, bederatzi adarreko kandelarioa, Hanukkah festan, egunero mirariz betetzen den olio flaskoaren miraria goraipatzeko. Ostiralero, iluna heltzean, kandela batzuk pizten dituzte Sabbat-aren hasierari edo bestelako erlijio ospakizunei ohore egiteko. Zenbait familiatan kandelak pizten dituzte astelehenetan eta ostegunetan, hala nola, Tora ateratzen dutenetan, edo zenbait pertsonaren heriotzaren urtemuga egunean.

Kristautasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eliza katolikoetan eta ortodoxoetan argizaria pizten dute, une liturgikoari hasiera emateko, edo santuentzako eskaintza gisa. Garrek Espiritu Santua ere sinbolizatzen dute.

Sua erabiltzen duten zenbait praktika pagano kristautasun herrikoiak hartu ditu bere gain, hala nola San Joan sua, Suediako Santa-Luziako kandelak eta abar.

Infernua suaren bidez deskribatzen da erlijio kristauen. Axularren Gero liburuak infernuko suen eta su horiek eragiten dituzten oinazeen deskribapen zehatza egiten du[22].

Islama[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koranean, bi su mota daude: su kosmikoa, Infernuaren adierazgarri (izan haraindian edo lurrean), eta etxeko sua, sukaldekoa[23]. Etxeko sua, Ala-k “zuhaitz berdeetan” jarri zuena, bi aldiz baizik ez da aipatua. Infernuko sua, aldiz, askotan agertzen da. Suari lotutako zazpi hitz dauzkate Infernua adierazteko edo hari erreferentzia egiteko (fr 13, 14, 12). Koranak infernuari ematen dion zazpigarren izenak (hutama), “Jainkoak piztutako sua” erran nahi du (fr 12).

Koranak deskribatzen duen infernua erabat estalia den su handi bat da, ezerk itzal ez dezakeena eta kondenatuak inguratzen dituena (fr 15). Kondenatuen haragia da, harriekin batera, suaren erregai gustukoena (fr 12). Suak asto orroak botatzen ditu (fr 16), kondenatuen larrua erretzen du, gorputz barnean sartzen da eta gorputz zatiak kentzen ditu (fr 12). Horrez gain, kondenatuek suari eta beroari lotutako beste hainbat oinaze jasaten dute: erretzen duen haizea, ur irakina, kedarraren iluntasuna (fr 17).

Infernuaz gain, sua heriotza eragiteko tresna gisa agertzen da Koranean (fr 12). Islamaren jeinuak ere sutik sortuak dira, “kerik gabeko su baten argi sotiletik” (fr 18). Eta Iblis Koraneko deabrua ere bai (fr 19).

Asia (hinduismoa, budismoa)

Hinduek eta budistek hainbat eskaintza erretzen dituzte beren gurtza ekitaldietan. Hildakoen errausketa ere egiten dute. Hinduen kulturan eta erlijioan sua askoz garrantzitsuagoa da budistentzat baino. Hinduek sua Agni jainkoaren baitan pertsonifikatzen dute. Justiziaren eta garaipenaren sinboloa da. Hainbat festatan (Diwali festan, adibidez) sua erabiltzen dute, baina baita erlijio ospakizunetan ere.

  1. (Ingelesez) Wellman, Charles H.; Gray, Jane. (2000-06-29). Edwards, D. ed. «The microfossil record of early land plants» Philosophical Transactions of the Royal Society of London. Series B: Biological Sciences 355 (1398): 717–732.  doi:10.1098/rstb.2000.0612. ISSN 0962-8436. PMID 10905606. PMC PMC1692785. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  2. (Ingelesez) Jones, Timothy P.; Chaloner, William G.. (1991-12). «Fossil charcoal, its recognition and palaeoatmospheric significance» Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology 97 (1-2): 39–50.  doi:10.1016/0031-0182(91)90180-Y. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  3. (Ingelesez) Glasspool, I.J.; Edwards, D.; Axe, L.. (2004). «Charcoal in the Silurian as evidence for the earliest wildfire» Geology 32 (5): 381.  doi:10.1130/G20363.1. ISSN 0091-7613. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  4. (Ingelesez) Scott, A. C.; Glasspool, I. J.. (2006-07-18). «The diversification of Paleozoic fire systems and fluctuations in atmospheric oxygen concentration» Proceedings of the National Academy of Sciences 103 (29): 10861–10865.  doi:10.1073/pnas.0604090103. ISSN 0027-8424. PMID 16832054. PMC PMC1544139. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  5. a b (Ingelesez) Bowman, D. M. J. S.; Balch, J. K.; Artaxo, P.; Bond, W. J.; Carlson, J. M.; Cochrane, M. A.; D'Antonio, C. M.; DeFries, R. S. et al.. (2009-04-24). «Fire in the Earth System» Science 324 (5926): 481–484.  doi:10.1126/science.1163886. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  6. Retallack, Gregory J.. (1997-08). «Neogene Expansion of the North American Prairie» PALAIOS 12 (4): 380.  doi:10.2307/3515337. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  7. (Ingelesez) Gowlett, John A.J.; Wrangham, Richard W.. (2013-03). «Earliest fire in Africa: towards the convergence of archaeological evidence and the cooking hypothesis» Azania: Archaeological Research in Africa 48 (1): 5–30.  doi:10.1080/0067270X.2012.756754. ISSN 0067-270X. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  8. a b (Ingelesez) Bowman, D. M. J. S.; Balch, J. K.; Artaxo, P.; Bond, W. J.; Carlson, J. M.; Cochrane, M. A.; D'Antonio, C. M.; DeFries, R. S. et al.. (2009-04-24). «Fire in the Earth System» Science 324 (5926): 481–484.  doi:10.1126/science.1163886. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  9. (Ingelesez) News, A. B. C.. «Were Early Humans Cooking Their Food a Million Years Ago?» ABC News (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  10. (Ingelesez) Berna, F.; Goldberg, P.; Horwitz, L. K.; Brink, J.; Holt, S.; Bamford, M.; Chazan, M.. (2012-05-15). «Microstratigraphic evidence of in situ fire in the Acheulean strata of Wonderwerk Cave, Northern Cape province, South Africa» Proceedings of the National Academy of Sciences 109 (20): E1215–E1220.  doi:10.1073/pnas.1117620109. ISSN 0027-8424. PMID 22474385. PMC PMC3356665. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  11. (Ingelesez) Berna, F.; Goldberg, P.; Horwitz, L. K.; Brink, J.; Holt, S.; Bamford, M.; Chazan, M.. (2012-05-15). «Microstratigraphic evidence of in situ fire in the Acheulean strata of Wonderwerk Cave, Northern Cape province, South Africa» Proceedings of the National Academy of Sciences 109 (20): E1215–E1220.  doi:10.1073/pnas.1117620109. ISSN 0027-8424. PMID 22474385. PMC PMC3356665. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  12. (Frantsesez) Goudet, Jean-Luc. «Découverte du feu : elle daterait de 790 000 ans» Futura (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  13. Nira Alpeson-Afil, "Continual fire-making by hominins at Gesher Benot Ya'aqov, Israel", Quaterly Science Reviews, vol. 27, 2008, p. 1733-1739.
  14. W. Roebroeks et P. Villa, "On the earliest evidence for the habitual use of fire in Europe", PNAS, vol. 111, no 37, 2014, 5209-5214 orr.
  15. Richard Wrangham (2010), Catching Fire: How Cooking Made Us Human, Profile Books, 309 orr.
  16. (Frantsesez) ICI.Radio-Canada.ca, Zone Aucun thème sélectionné-. «Le feu, 50 000 ans plus tôt» Radio-Canada.ca (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  17. (Ingelesez) Bowman, D. M. J. S.; Balch, J. K.; Artaxo, P.; Bond, W. J.; Carlson, J. M.; Cochrane, M. A.; D'Antonio, C. M.; DeFries, R. S. et al.. (2009-04-24). «Fire in the Earth System» Science 324 (5926): 481–484.  doi:10.1126/science.1163886. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  18. (Ingelesez) Wiessner, Polly W.. (2014-09-30). «Embers of society: Firelight talk among the Ju/’hoansi Bushmen» Proceedings of the National Academy of Sciences 111 (39): 14027–14035.  doi:10.1073/pnas.1404212111. ISSN 0027-8424. PMID 25246574. PMC PMC4191796. (Noiz kontsultatua: 2020-05-31).
  19. a b NapalmGlobal Security.
  20. a b (Ingelesez) «Farmers, Flames and Climate: Are We Entering an Age of ‘Mega-Fires’?» State of the Planet 2011-11-16 (Noiz kontsultatua: 2020-06-01).
  21. "Share of Total Primary Energy Supply, 2002; International Energy Agency". 2015eko urtarrilaren 13a
  22. «Pedro Agerre, «Axular»: Gero» klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-06-01).
  23. Toelle, Heidi. (2007). «Feu» Dictionnaire du Coran. Robert Laffont, 345-347 or. ISBN 978-2-221-09956-8. PMC 237954399. (Noiz kontsultatua: 2020-06-01).