Lankide:Iolanda Formoso

Wikipedia, Entziklopedia askea





Iritzia

Eskola jangelak: jasotzeko, erein Iolanda Formoso eta Zuriñe Andres - LABen Eskola Jangeletako, Batzordea


Eskola-jangelen eraldaketari buruzko eztabaida guztion agendetan dagoen gaia da, pil-pilean dagoena komunikabide, plataforma, ikastetxe, familia, langileen artean... LABek agortutzat ematen du egungo eredua eta jangelak herriaren eraldaketa eta eraikuntzarako tresnak izan daitezela proposatzen du.

Zergatik proposamen hau. Herri edo jendarte baten eraikuntzan hezkuntza da elementu zentrala, eraldatzeko transmititu. Egungo heziketa ereduak «zerbitzu osagarria» deritzo jangelari; ondorioz, gure umeak «erabiltzaile» deitzen dituzte. Egungo hezkuntza sistemen antzera, sistema kapitalistaren tresna dira, inposatua, patriarkala eta zapaltzailea. Kapitalak nahi duen jendarte ereduaren jarraipenerako erabiliak dira.

Gure nortasunaren kontrako filosofiak elikatzen dituzte, zenbait alderditatik. Kudeaketa inposatua da, ez du aukerarik uzten zein elikagai sartu behar den zehazteko. Zein enpresarekin lan egin behar den ere inposatzen du, jangeletan ezarri beharreko ratioak eta lan baldintzak ere bai. Datu bitxi moduan ikastetxe kontzertatuak aipa ditzakegu, kudeaketa zuzeneko araudian sartu gabe daudenak eta, hala ere, kudeaketa zuzeneko hornitzaile berdinekin lan egiten dutenak. Enpresa berdinak, baldintza berdinak. Iruzurragatik botatako eta ebazpenen zain dagoen 18 milioi euroko isuna jaso duten enpresak dira (Auzo Lagun, Cocina central Goñi, Cocina central Magui, Eurest colectividades, Eurest Euskadi, Tamar Las Arenas, Gastronomía cantábrica eta Gastronomía Vasca).

Elikadurari dagokionez, bertoko elikagaiak sartzeari uko egiten dio. Horrela gure ingurua, produktuak, ekoizleak eta gure izaera ezagutu ahal izatea ezerezean uzten da. Gainera, jateko modua bateratzen da: beti berdina. Egokienak ez diren sukalde-teknikak erabiltzen dira: frijituak, saltsak, egina izan denetik ordu batzuetara berriro berotu behar den catering-eko janaria. Sobera dagoen janari asko botatzen da, egoera ekonomiko prekario larrian dauden pertsona eta familiak elikatzeko erabil zitekeena.

Jangelak espazio fisiko gisa hartuta, ikastetxeetako sukaldeak desagertzen dira, bazkaltiarren kopuruak gora egiten du egoera ekonomikoa dela eta, askotan txiki geratu diren espazioetan kontzentratzen dira, txandak ezartzen dira, erlaxatua izan beharko lukeen unea estresagarri bihurtzen dutenak (presek agintzen dute), jangelak aska bihurtuz.

Langileei dagokienez, LABek ez du onartzen egungo banaketa jangela eta gainontzeko egitasmo hezitzailearen artean. Lan hezitzailea ezin da 12:00etan bertan behera utzi eta 15:00etan berrartu. Gainera, ez dugu onartzen langileak azpikontratatzerik; funtzio berdinak, baldintza berdinak, enpresa berdina. Egoera zatikatzaile eta diskriminatzaile honekin amaitu beharko litzateke.

Kalitatezko hezkuntza sistemak kontuan hartu behar du tresna hau eta bere osagaiak. Langileak funtsezkoak dira transmisioan, eta ez dugu bereizketarik egiten, guztiok hezitzaile garela uste dugulako.

Oinarrizko adierazpen honetatik, ezinbestekoa da langileak modu egokian trebatzea, ez soilik higieneari dagokionez, ikasleekiko harremana indartzearekin lotutako guztian baizik. Ratioak arreta ona emateko egokiak izan daitezela zaindu beharko litzateke, euren lan hezitzailea onartuz eta euren ikusezintasunarekin amaituz.

Egungo sistemak patriarkatuaren ereduari eusten dio. Langileen %95 emakumezkoak dira, eta horrekin transmititzen da amaren figurari dagokiola jaten ematea. Sektore feminizatuetako lan-baldintzak ezartzen dira hemen: lanaldi murritzak, prestakuntza falta, gaindimentsionatutako ratioak, aitortza profesional falta edo soldata prekarioak. Lanaldiak murriztu egiten dira ikasturte hasiera eta amaieran, enpresen beharrizanen arabera.

Horrek guztiak nabarmen uzten du egungo sistemak pentsarazten duela emakumeek etxean «laguntza bat» ematearekin konformatu behar dutela, eta, egungo egoera sozioekonomikoan, horrela izateari utzi dio familia askotan.

Hezkuntza sistemari dagokionez, aurretiko erreformen kasuan bezala (LOGSE edo LOE), LOMCE ere inposatu egin digute. Berriro ere heziketa eredu uniformizatzaile, zentralizatu eta inposatuak, inola ere gure nortasunera egokitzen ez direnak. Heziketa erreformak biharko langileak sortzera bideratuta daude: merkeak, prekarioak, otzanak, kontsumistak... Ez dira lagungarriak ezta familia, ikasle eta langileen konfluentziarako gune moduan aitortzeko ikastetxea.

Horri lotuta, herri moduan ditugun beharrizan guztiak beteko dituen hezkuntza eredu propioaren eraikuntzaren alde egiten du LABek.

EAEn, 267.498 ikasle daude lehen eta bigarren hezkuntzan (133.539 kontzertatuan eta 133.959 publikoan), eta %19k jasotzen dute jangelako beka.

Kezkatuta eta lanean gaude eskola-jangelen egoeraren inguruan, LABek bere aldaketa proposamena abiatzen du, eta hezkuntza sisteman presente dauden eragile guztiekin lanerako mahaia martxan ipintzea proposatzen du.

Egoera zenbait alderditatik aztertzea proposatzen dugu, eta hiru ardatzetan aukerak aurkeztea: elikadura, eredua eta lan-baldintzak, horrekin lotutako politika publikoek lagunduta etorri behar duela ulertuta (hezitzaileak, laboralak, ingurumen-aldetikoak, sozialak...), gure burujabetzatik eraikiak. Bihar jasotzeko gaur ereinez.