Lankide:MarkelBZ17/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea


Kosakoak (Lev Tolstoy)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kosakoak (errusieraz Капаки), Lev Tolstoyk 1863an Mezulari Errusiarra (errusieraz Ру́сский ве́стник) literatura aldizkarian publikaturiko eleberri labur bat da. Tolstoy 1853ko udan hasi zen eleberri hau idazten, baina 1857an, Homeroren Iliada ber-irakurri eta gero, eta hau inspirazio iturri berri gisa harturik, eleberrian hainbat birmoldaketa egitea erabaki zuen. Karta-jokoan izan zituen galera ekonomikoek behartu zuten Tolstoi obra hau publikatzera, honen salmentek eragindako irabaziek jokoan hartutako zorrak kitatzeko aukera emango ziotelakoan.

Kosakoak eleberriak ageriko izaera autobiografikoa dauka, agerikoa izanik Dimitri Andreich Oleninen eleberriko protagonistaren eta egilearen arteko paralelismoa. Izan ere, obra literario hau idazteko, Tolstoyk gaztetan Kaukasoko gerran izan zituen esperientzietan oinarritu zen. 1851an, hogeita bi urte zituela, Tolstoyk bere bizitza erosoa utzi eta Errusiak Kaukasoan zeukan defentsa-lerrora joan zen kadete bezala, Errusiak eta Turkiak eskualde hartan izan zuten gerratearen testuinguruan, eta bertan izan zituen bizipenek Oleninek Kaukasoan biziko dituenak inspiratu zituen.

Sinopsia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusiako gizarte pribilegiatuan daukan existentziaz gogaiturik, Dmitri Andreich Olenin gazteak, denboraldi batez bere familia aberatsak utzitako jaraunspena bizioetan xahutu eta gero, Moskun daukan bizimodu hutsal, eroso eta libertinoa atzean uztea erabakitzen du. Bere aurreko existentziatik ihesean, bizitza berri bati ekin nahi dio, eta horren bila karrera militarra hastea erabakitzen du, errusiar armadan kadete bezala sartuz.

Errusiar armadak Kaukasora bidaltzen du, Txetxeniara, hain zuzen Gróznaiako gotorlekura (ondoren Grozny izendatua, gaur egun Txetxeniako hiriburua) eta Oleninek hasiera batean bere lekualdatzea eragozpen neketsu gisa ikusten du, denboraldi batez modu zaputzean jokatuz, lekualdaketa berri baten esperoan. Hala ere, hilabete horietan zehar Olenin erabat aldatuko da. Moskun zeraman bizitza gautiarra utzirik, bere gaztetasunari dagokion energia eta forma fisiko osasuntsua bizkor berreskuratuko du.

Azkenean Armadak bere erregimentua Terek ibaiaren (txetxeniar menditarren eta estepako kosakoen arteko mugarri naturala) eremura bidaltzen du, Grebenskeko kosakoen eskualdera, eta konkretuki Novomlinskeko stanitsa edo herrixka kosakora. Heldu bezain laster, Olenin gaztea herriko etxe hoberenean ostatuko dute, eta bertan ezagutuko du herriko neskatxarik ederrena, Marianka. Denbora igaro ahala, Olenin Mariankaz maiteminduko da, nahiz eta hau Lukashka herriko gazte kosako ospetsuaren emaztegaia izan. Aldi berean, Yeroshka agure kosakoa ezagutuko du. Yeroshkak Oleninek kosakoek eginiko chijir ardoa edateko duen modua gustuko izango du, eta elkarrekin mozkortzeak bien artean adiskidetasun harremana agertzea ahalbidetuko du. Yeroshkak gizarte kosakoan barneratuko du Olenin, bertako ohiturak eta tradizioak erakutsiz, bereziki garrantzitsuak izanik bere irakaspenetan faisaiaren eta basurdearen ehiza.

Txetxeniar menditarren aurkako borrokan, Kaukasoko Gerraren testuinguruan, zeinek noizbehinka Oleninek Novomlinsken daukan bizitza lasaia urratuko du, Kaukasoko jende xumearen konpainiak eta eskualde urrun hartako paisaia natural paregabeak transmititzen duen lasaitasunak onura handia egiten diola ikusiko du Oleninek, Terek ibaiaren ingurua halako erretiro espiritual bat balitz bezala.  Apurka-apurka, Olenin gazteak ordura arte ezezaguna zuen zoriontasuna lortuko du, eta horrek aurretik Moskun izandako alferrikako bizimodu duingabea erabat mespretxatzera eramango du. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, Mariankarekin izango duen harreman gatazkatsuak hainbat sufrikario eta arazo eragingo dizkio, bai neskatxarekin, baita ere bere familia eta komunitatearekin, eta azkenean Oleninek, atsekabe handiz, argi ikusiko du berari dagokion mundua eta kosakoen mundua beti izango direla erabat ezberdinak, azken hau zoritxarrez erabat eskuraezina izanik berarentzat.