Lankide:Olatz Esteban/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Never Again MSD[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Never Again MSD ikasleek zuzendutako batzorde politiko estatubatuarra da, eta armen kontrola defendatzen du, horiek eragiten duten indarkeria saihestuko duten arau zorrotzagoak ezartzeko.[1] Erakundea Twitterreko #NeverAgain eta #EnoughIsEnough traolengatik da ezaguna, eta MSD Marjory Stoneman Douglas institutuko hogei ikaslek sortu zuten, bertan 2018ko otsailaren 14an gertatutako tiroketaren harira. Ezbehar hartan, 19 urteko ikasle ohi batek hamazazpi ikasle eta langile hil zituen, AR-15 motako errifle erdi-automatiko batekin. «Stoneman Douglaseko tiroketan bizirik atera direnentzat, Stoneman Douglas tiroketan bizirik atera direnen eskutik» lemapean, eta #NeverAgain traola erabiliz hasi zuen jarduna sare sozialetan.[2] Taldearen helburua 2018ko AEBko hauteskundeetan eragina edukitzea zen,[3] eta, urte hartako ekainean, AEBko hainbat hiri bisitatu zituzten, jende gaztea bozkatzera deitzeko. [4]

Cameron Kasky (erdian) 2018ko otsailaren 17an Fort Lauderdal-en, Floridan, egindako mitin batean.

Erakundeak protestak egin zituen, etorkizunean antzeko tiroketak saiheste aldera ekintza legegilea eskatzeko. Bestalde, NRA Erriflearen Elkarte Nazionalaren aldetik bultzada politikoa jaso duten legebiltzarkideak gaitzetsi zituzten.[5] [6][7][8] Ekimen horiek NRAren kontrako «garaipen harrigarri» gisa baloratu zituen Washington Post egunkariak. Izan ere, 2018ko martxoan, Floridako legebiltzarreko bi ganbarek armen kontrolaren aldeko hainbat neurri hartzearen alde bozkatu zuten.[9] Lege horrek, eskoletako segurtasunean diru gehiago inbertitzea ekarri zuen, arma bat erosteko adina 18 urtetik 21 urtera igotzearekin batera. [10]

Erakundeko kiderik nabarmenenak Alfonso Calderon, Sarah Chadwick, Jaclyn Corin, Ryan Deitsch, Emma González, David Hogg, Cameron Kasky, eta Alex Wind dira.[11][12] [13] Corin, González, Hogg, Kasky eta Wind Time aldizkariko azalean agertu ziren 2018ko martxoan. 2018ko abenduan, March for Our Lives mugimendua osatzen zuten aktibistak influentzia handiena duten pertsonen zerrendan laugarren postuan sailkatu zituen Time aldizkariak.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

David Hogg (ezkerrean) eta Emma Gonzalez (bigarrena eskuinetik hasita) Fort Lauderdalen, Floridan, eginiko mitin batean, 2018ko otsailaren 17an.

Taldea Cameron Kasky-k sortu zuen, bere institutuko lagunekin batera, tiroketa gertatu eta lau egunera. Tiroketaren egilea 19 urteko ikasle ohi bat izan zen, AR-15 motako errifle erdi-automatiko batekin.

Hasierako sortzaileak Kasky, Alex Wind eta Sofie Whitney izan ziren. 2018ko otsailaren 15ean, tiroketaren hurrengo egunean, Kasky Windekin gelditu zen lo egin ezinik zeudela biak. Windek dioenez, «tiroketaren biharamunean, zerbait egin behar genuela esan genuen, mugimendu baten sorrera beharrezkoa zela». Egunak argitu zuenean, Wind eta Whitney gonbidatu zituen Kaskyk bere etxera. Kaskyri berari bururatu zitzaion «Never Again» izena, eta Facebooken «Stay alert. #NeverAgain» idatzi zuen, gainerakoek gau osoan zehar ekintzak antolatzen zituzten bitartean.

Tiroketaren ondorengo hiru egunetan, taldeak 35.000 jarraitzaile baino gehiago lortu zituen Facebooken. Stoneman Douglas institutuko David Hogg, Emma González eta Delaney Tarr bildu zituen Kaskyk Fort Lauderdalen (Floridan) armen kontrolari buruzko mitin bat eman behar zutenean, eta berehala batu ziren beste zenbait ikasle ere. Ikasleek ahal bezainbeste elkarrizketa eman zituzten telebista kateentzat. Biharamunean, taldeak Twitter kontua sortu eta 2018ko martxoaren 24ko estatu mailako protestaren berri eman zuen. Martxoaren 24ko protesta hartan AEBko eta beste zenbait herrialdetako 800 toki baino gehiagotako milioika pertsonak hartu zuen parte.

Aktibismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Never Again MSD gobernuz kanpoko erakundeak herrialde osoko ikasleak adoretu ditu armen legeen aurka protesta egiteko.Argazkia: Etxe Zurian «etzanaldia» egiten dagoen ikasle talde bat, 2018ko otsailaren 19an.

Ehunka jarraitzaile joan ziren 2018ko otsailaren 17an antolatutako armen kontrolari buruzko mitinera, Fort Lauderdaleko Broward Konderriko Auzitegi Federalera. Hautetsitako funtzionarioek eta armen kontrolaren defendatzaileek, Gary Farmer Floridako senatariak barne, armen erabilera segurua bermatzeko zentzuzko legeak exijitu zituzten. Aipatutako mitinean, Emma Gonzálezek bere hitzaldia eskolan tirokatuta eraildako 17 biktimen oroimenez egindako isilunearekin hasi zuen. Ondoren, 11 minutuko hitzaldi sutsua eman zuen. Hitzaldian, AEBko arma legeek zer zentzu zuten jakitea exijitu zuen, eta NRAren ekarpenak onartutako kongresuko kideei egin zien desafio. González ospetsu egin zen kritikatu egin zituelako gobernuak eta Donald Trump AEBko presidenteak «bihotz-bihotzez emandako doluminak ».

Never Again MSDk gaubeilak antolatu ditu indarkeria armatuaren aurka protesta egin eta erreformei buruz hitz egiteko.Irudia: Tamalpais High Schooleko ikasleak Mill Valley-n, Kalifornian.

CNN komunikabidearentzako iritzi-zutabe batean, Cameron Kasky Parkland-eko ikasleak honako hau idatzi zuen: «ezin dugu ahaztu tragedia hau areagotzea eragiten duen armen kontrolaren kontua. Beraz, eskatzen dut, edo hobe esanda, exijitzen dut: har ditzagun neurriak orain». David Hoggek AEBko CBS telebista-katearen This Morning saioan esan zuenez, «herrialde honetako legegileek elkarrekin lan egin behar dute. Eta ez zait axola errepublikanoa edo demokrata izatea. Umeen bizitzak daude jokoan».

Delaney Tarr-ek Teen Vogue aldizkarirako iritzi-artikulu bat idatzi zuen. Bertan azaldu zuen zergatik ari ziren bera eta bere ikaskideak Parklandeko tiroketa masiboari erantzuteko antolatzen. Honako hau adierazi zuen: «beste pertsona bati gauza bera gertatzea ekidin dezakegula jakiteak jasangarriago egiten du zentzurik gabeko tragedia hau... Dagoeneko ez gara bigarren hezkuntzako ikasleak soilik, argi dago. Orain etorkizuna gara, mugimendu bat gara, aldaketa gara».

Never Again mugimenduak antolatutako lehen protesta Florida estatuko Tallahassee hiriburuko Kapitolioan egindako manifestazioa izan zen, 2018ko otsailaren 20an. Taldea Debbie Wasserman Schultz diputatuarekin eta Lauren Book Floridako senatariarekin aritu zen elkarlanean. Elkarlan horren helburua ehun ikasle eta hamabost guraso laguntzailerentzako Kapitoliora autobus-bidaia bat antolatzea zen, taldeak bere egonezina legegileei adierazteko eta indarkeria armatuaren aurkako neurriak hartzea exijitzeko. Jaclyn Corin protestarako autobus-bidaiaren funtsezko antolatzailea izan zen. Vanity Fair aldizkari estatubatuarrarentzat egindako erreportaje batean adierazi zuenenez, bere ideia izan zen autobus-bidaia tiroketa gertatu eta gutxira antolatzea, orduan baitzebilen bolo-bolo berrietan. Honako hau esan zuen Jaclyn Corinek: «Albisteak oso azkar ahazten dira, gertaera kritiko masibo baten beharra dugu». Autobus-bidaian zehar, Sofie Whitneyri, bidaiaren antolatzaileetako bat izan baitzen, CNN telebista katean Washingtongo berriemaile burua den Jake Tapperrek elkarrizketa bat egin zion. Zenbait ikaslek, Fred Guttenberg eraildako ikasleetako baten aitarekin batera, goiko eserlekuetatik ikusi zuten nola Floridako Ganberak aurka bozkatu zien erasorako armak (adibidez, AR-15 motako errifleak) eta edukiera handiko armak debekatzeko lege-proiektuari; bozketan aurkakoak 71 eta aldekoak 36 izan ziren. Biharamunean, 3000 pertsona baino gehiago bildu ziren Kapitolioan egin zen mitinean.

Never Again MSD mugimenduko kideek eta beste talde batzuek eragina izan zuten NRAk ematen dituen laguntzak eta NRAko kideek jasotzen dituzten deskontuak kentzen. Honako enpresa hauek lotura estuak dituzte NRArekin: First National Bank of Omaha bankuak; Hertz, Avis, Enterprise eta Budget autoen alokairurako enpresek; MetLife aseguru-etxeak; Symantec softwareak; SimpliSafe etxeko segurtasunerako enpresak; eta Delta eta United airelineek.

Never Again MSD famatua egin zen mugimenduan koloreko pertsonak barne hartzeagatik. Jaclyn Corinek aitortu zuenez, «Parklandek arreta handiagoa erakartzen zuen bere aberastasunagatik»; David Hoggek, berriz, komunikabideak kritikatu zituen ikasle beltzei ahotsik ez emateagatik. Alex Windek esan zuen protestek komunitate guztien aurkako indarkeria armatua amaitzea zutela helburu.

2018ko maiatzean, zerbitzu sekretuek hala eskatuta, NRAk armak debekatu zituen Dallasko konferentzia batean Mike Pence presidente ordea babesteko. Parklandeko ikasleek hipokritatzat jo zuten erabakia.

« Presidente orde baten segurtasuna dela eta armarik ez egoteko eskatu, eta umeei dagokienean, ordea, armak nahi dituzue edonon? Norbaitek azal al diezadake hau? Izan ere, badirudi NRAk, umeak babestu beharrean, armak saltzen laguntzen dien jendea babestu nahi duela. »

—Matt Deitsch, 2018ko apirilaren 30ean[oh 1]


March for Our Lives[aldatu | aldatu iturburu kodea]

March for Our Lives 2018ko martxoaren 24an egin zen nazio-mailako manifestazioa izan zen, eta, beraz, Washington hirian ere egin zena. Everytown for Gun Safety gobernuz kanpoko erakundearekin lankidetzan burutu zen ekitaldia. Milaka eta milaka pertsona batu ziren manifestazioetara AEB osoan zehar, eta baita beste herrialdetan ere, indarkeria armatuaren aurkako ekintzak aldarrikatzeko. Marjory Stoneman Douglas institutuko ikasle ugarik hartu zuten hitza Washington hirian. Lau minutuko isilunea egin aurretik, Gonzálezek labur hitz egin zuen biktimak izendatuz. Sei minutu eta 20 segundoz egon zen taula gainean, Parklandeko tiroketak iraun zuen denbora tarte berdina, hain zuzen ere.

Corinek Yolanda Renee King gonbidatu zuen, Martin Luther King Jr. zenaren 9 urteko biloba, eta hark honakoa esan zuen bere hitzaldian: «amets bat dut: aski da». Kingekin agertokia partekatzeaz gain, mikrofonoa pasa zioten Virginia African-American lehen hezkuntzako eskolako Naomi Wadler ikasleari. Bestalde, CNN komunikabideak New Yorkeko manifestazioan egindako elkarrizketa batean, Paul McCartneyk mezu hau zeraman kamiseta erakutsi zuen: «indarkeria armatua geldi dezakegu».

Udalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Never Again MSDk bilerak antolatu zituen AEBko udaletxetan, kongresuko kideak arma-legedien erantzuletzat har zitezen. Taldeak ekitaldiak antolatu zituen 30 eskualdetako udaletan, 2018ko apirilaren 7an. Parkland inguruko udaletxe batean hainbat jarraitzailek pegatina gorri handiak banatu zituzten eraso-armak debekatzea eskatzeko.

Armen kontrolaren alde bira nazionala egiteko planak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018ko ekainean, Never Again MSDk AEBn zehar bidaiatuko zuela adierazi zuen, armen kontrol handiagoa eskatzea helburu, eta azaroan hemezortzi urte izango zituzten gazteak 2018ko AEBko legealdi erdiko bozetara deitzeko. Taldeak jakinarazi zuen NRAk eragin handiena duen hirietara joateko asmoa zuela.

Erantzuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

George eta Amal Clooneyk 500.000 dolar eman zizkioten antolakundeari March for Our Lives manifestazioaren gastuei aurre egiteko, eta, gainera, manifestazioarekin bat egin zuten. Clooney senar-emazteek 500.000 dolar emango zituztela iragarri zutenean, Oprah Winfrey, Jeffrey Katzenberg eta Steven Spielbergek haien eredua jarraitu zuten.

CNNko editorialak honako hau idatzi zuen tituluan: «hemen da NRAren ametsik gaiztoena», eta Dean Obeidallahk sexu-jazarpenarekiko kultur-aldaketa bat ekarri zuen #MeToo mugimenduaren hastapenekin alderatu zuen Never Again MSD.

Never Again MSDren protesta baketsuetan parte hartzeagatik, eskola batzuek hainbat ikasle kanporatzearekin mehatxatu ostean, ehunka unibertsitatek hitz eman zuten ez zutela arrazoi horregatik mehatxatutako ikaslerik zigortuko. Unibertsitate horiek #NeverAgain Colleges zerrendan sartu ziren; besteak beste, Massachusetts Institute of Technology, Harvard University, Yale University, Columbia University, eta University of Florida.

Michelle eta Barack Obamak elkartasun gutun bat idatzi zieten Parklandeko ikasleei, esaldi honekin amaituz:«bertan egongo gara zuentzat».

2018ko martxoan, Michelle eta Barack Obamak Parklandeko ikasleei gutun bat idatzi zieten eskuz, haien indarkeria armatuaren aurkako borroka miresten zutela esanez.

« Zorigaitz honen ondoren, zuek denok erakutsi duzuen indarrak, erabakitasunak eta elkartasunak zein inspiratuak sentiarazi gaituen jakinarazi nahi genizuen… Batak besteari elkartasuna erakutsi eta kontsolatzeaz gain, nazioaren kontzientzia pizten lagundu duzue, eta arduradunei gure haurren segurtasuna herrialdearen lehentasunen artean jar dezaten exijitu diezue. … Gure historian, zuek bezalako gazteek egin duzue Amerika hobe baten bidea. »

—Michelle eta Barack Obama, 2018ko martxoaren 10ean[oh 2]


Informazio faltsua eta erasoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Never Again MSDren izena belzteko saiakerak anitzak izan dira hedabideetan, eskuin errepublikanoen liderren hitzezko eraso eta desinformazioarekin. Senatari errepublikano ohi eta lehendakari-hautagai Rick Santorumek hitzez eraso zien Parklandeko ekintzaileei CNN kateko elkarrizketa batean. Bertan esan zuenez, hobe izango litzateke ikasleak Washingtonen manifestatu beharrean bihotz-biriketako bizkortze klaseetara joatea. The Washington Post egunkariak hainbat mediku aipatu eta Santorum barregarri utzi zuen bihotz-biriketako bizkortze klaseen ideiagatik, alferrikakoak baitira traumatismo eta odol-galtzeetarako. Leslie Gibson izeneko Maineko Ordezkarien Etxeko hautagai errepublikanoak Emma González eta David Hogg gutxietsi zituen, nahiz eta ondoren bere hitzengatik barkamena eskatu eta bere hautagaitza baztertu zuen. Steve King Iowako ordezkari errepublikanoaren kanpainak Emma González kritikatu zuen bere ondare kubatarra erakusteagatik.

NRAren batzordeko Ted Nugent rock musikariak «gogaikarri eta gezurti krudeltzat» jo zituen Parklandeko aktibistak. Alex Jones, teorialari eskuindar konspirazionista eta Infowars berri faltsuen web orriaren buruak, Emma González, David Hogg eta March for Our Lives elkarteko beste aktibista batzuk gutxiesteko kanpaina bat sortu zuen, ikasleak nazien antzerakoak zirela leporatuz.

Emma González AEBko konstituzioa mila puskatan txikitzen ageri den irudi faltsuak eta GIFak zabaldu ziren sare sozialetan 2018ko martxoan. Jatorrizko irudian González tiroketen aldeko ikur bat hausten ari den argazkia trukatu zuten. Adam Baldwin aktore eta esatariak argazki horien zabalkundea defendatu du, «satira politikoa» dela argudiatuz.

Lege berriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018ko martxoan, Floridako legebiltzarrak Marjory Stoneman Douglas High School Segurtasun Publikorako lege-proiektua onartu zuen. Legeak su-armen erosketak egiteko adin legala 21 urtera igo zuen, itxaronaldiak eta aurrekarien frogaketak ezarri zituen, irakasle batzuk armatzeko eta eskolarako polizia kontratatzeko programa bat xedatu zuen, armak automatiko egiten dituen bump stock mekanismoak debekatu zituen, eta legeren batengatik atxilotuta dauden eta biolentoak edo mentalki gaixoak izan litezkeen pertsonei eragotzi egin zien armak edukitzea. Guztira 400 milioi dolar inguru zuzendu zituzten neurri horietarako. Gobernadoreak martxoaren 9an sartu zuen indarrean lege-proiektua. Hauxe aipatu zuen: «Marjory Stoneman Institutuko ikasleak: zuen ekintzek oihartzuna izan dute. Ez duzue atseden hartu, eta aldaketa bat egon den arte borrokatu duzue». John Cassidyk The New Yorker egunkarian aipatu zuenez, «hau izan da 30 urtean Floridan onartu den armen lehen murrizketa, eta Marjory Stoneman Douglas Institutuko ikasleek sortutako Never Again mugimenduak ondorio zuzena izan du honetan». Salon magazine aldizkariak argitaratutako erreportaje batek adierazten zuenez, legegile errepublikanoak isilik geratu dira armen kontrolaren neurrien aurrean; asko NRA taldearen laguntzen menpe daude, baita armen aldeko boto-emaileen menpe ere.

Eragina belaunaldi berriengan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armen legeria aldatzeko konpromisoak unibertsitateko azken urteko ikasle askok euren ikasketak birpentsatzea eragin du; askok urte sabatikoa hartzea pentsatzen dute, edo agian lehenengo sei hilabetekoan ikasketak uztea, aktibismo kanpainarekin jarraitu ahal izateko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Seelinger, Lani. «Parkland Survivors Have Formed A New Group & You Need To Know What They Stand For» Bustle (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  2. "Turning Anger Into Activism: School Shooting Victims Say 'Never Again'"
  3. "Florida school shooting survivors march on unfazed by personal attacks"
  4. Parkland Survivors Launch Tour To Register Young Voters And Get Them Out In November
  5. "Students Who Survived Florida Shooting Want Politicians To Know They're Angry"
  6. (Ingelesez) Burch, Audra D. S.; Mazzei, Patricia; Healy, Jack. (2018-02-16). «A ‘Mass Shooting Generation’ Cries Out for Change» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  7. (Ingelesez) Holpuch, Amanda. (2018-02-17). «Post-Columbine generation demands action on guns: 'We don't deserve this'» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  8. «US: School shooting survivors demand stricter gun laws» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  9. .
  10. CNN, Ray Sanchez and Holly Yan. «Florida Gov. Rick Scott signs gun bill» CNN (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  11. (Ingelesez) «The fire alarm blared. Then the gunshots began and students ran for their lives» WHNT.com 2018-02-15 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  12. (Ingelesez) Witt, Emily. (2018-02-19). How the Survivors of Parkland Began the Never Again Movement. ISSN 0028-792X. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  13. (Ingelesez) «Parkland students: The violence must stop here» Harvard Gazette 2018-03-20 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  1. You're telling me to make the VP safe there aren't any weapons around but when it comes to children they want guns everywhere? ... Can someone explain this to me? Because it sounds like the NRA wants to protect people who help them sell guns, not kids.
  2. We wanted to let you know how inspired we have been by the resilience, resolve and solidarity that you have all shown in the wake of unspeakable tragedy ... Not only have you supported and comforted each other, but you've helped awaken the conscience of the nation, and challenged decision-makers to make the safety of our children the country's top priority. ... Throughout our history, young people like you have led the way in making America better.