Lankide:Txikillana/Almirante Cervera gurutzaontzia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txikillana/Almirante Cervera gurutzaontzia
Baja: 31 de agosto 1965[1]
Ezaugarriak


Almirante Cervera gurutzaontzia Armada Espainiarraren gurutzaontzi arina izan zen, Cervera klasekoen burua. Izena Kubako Independentzia Gerran parte hartutako marinel baten omenez ezarri zitzaion, Pascual Cervera Topete almirantea.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

172,62 metroko luzera zuen, 16,61 m. erruna eta 5,03 m. zingoa. Arma nagusiak 152 milimetrotako 6 kainoi ziren, dorre bikoitzetan muntatuta. Eskifaia 566 marinelek osatzen zuten.

Almirante Cerveraren klase berekoak ziren Príncipe Alfonso (gero Libertad eta Galicia berrizendatuko zena) eta Miguel de Cervantes gurutzaontziak.

1925eko urriaren 16an Ferrolen jarri zen abian, Emiliano Enríquez almirantearen emaztea amabitxi zela. 1928ko maiatzaren 24an egin zituen itsasoko entsegu ofizialak,[2] eta ondoren, Espainiako Armadari eman zitzaion, urte bereko irailaren 15ean.[3]

Primo de Riveraren diktaduran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1928ko azaroan, Balear Uharteetan eginiko itsas maniobretan parte hartu zuen, non Alfonso XIII erregeak eskuadra ikuskatu zuen.[4] 1929ko apirilaren 13an, Lisboara joan zen, Errepublikako Lehendakariak komandanteari harrera egin zion,[5] eta gurutzaontzia bisitatu zuen apirilaren 18an.[6]

1929ko maiatzaren 16an, Habanako portura iritsi zen, Kubara Espainiako ordezkaritza garraiatuz, Gerardo Machado jenerala Errepublikako Lehendakari postuaz jabetzeko ekitaldira.[7] Portura sartu zenean, Cipriano Sebastian marinela uretara erori zen eta ezin izan zuten aurkitu.[8] Habanako merkataritza lonjak 100 peso eman zizkion familiari.[9] Gurutzaontzia 1929ko maiatzaren 26ean itzuli zen Espainiara.[10]

Espainiako Bigarren Errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1934ko urrian, Asturiasko matxinadan kostaldeko herri batzuen bonbardaketan parte hartu zuen,[11] Jaime I korazatuarekin batera.[12]

1936ko hasieran artilleria ariketetan parte hartu zuen Jaime I korazatuarekin eta Libertad eta Miguel de Cervantes gurutzaontziekin batera; ariketotan Conde de Venadito gurutzaontzi zaharra hondoratu zuten.[13]

Espainiako Gerra Zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txoritokietako gotorlekua (Orereta), itsasontzi matxinatuen helburu nagusietako bat.

1936ko uztailean, Gerra Zibila hasi zenean, Almirante Cervera Ferroleko dike lehorrean zegoen, eta marinel errepublikazaleen esku geratu zen; hori dela eta, ez zuen lehen operazioetan parte hartu bere serieko besteek bezala. Halere, uztailaren 21ean matxinatuen aldeko ofizial eta marinelak oldartu ziren, ontzia bereganatuz eta Juan Sandalio Sánchez-Ferragut kapitaina afusilatuz.[14]

Itsasontzia Kantauri itsasoan famatua bihurtu zen, herriak bonbardatzen edo portuetan minak nahierara ezartzen zituelako. Hori dela eta, "El Chulo del Cantábrico" edo "Almirante Pirata" goitizenak ezarri zitzaizkion.[15]

Gijonera bidali zuten, koartelean setiatuta zegoen Simancas Erreximentuari laguntzeko. Ostean, España korazatuarekin eta Velasco destruktorearekin batera, Kantauriko kostaldea bonbardatzeko eta blokatzeko taldea osatu zuen.

1936ko abuztuaren 9an, Blue Shadow iot ingelesa Bilbotik zetorren, pasaiari britainiarrak eramanez. Iota Gijonera zijoan, eskala bat egiteko asmoz, eta Almirante Cervera portua bonbardatzen ari zen une berean ailegatu zen hara. Gurutzontziaren komandanteak Blue Shadow ontzi errepublikar batekin nahastu zuen -kroskoa Lehen Mundu Gerrako gerraontzi batena baitzuen-, eta bere kontra su egiteko agindua eman zuen. Erasoak kapitaina eta iotaren jabea (Rupert Savile) hil zituen, azken honen emaztea eta marinel bi zaurituz. Bizirik geratu zirenak El Musel portuan zegoen HMS Comet destruktoreak erreskatatu zituen.[16]


Guadalupeko gotorlekua (Hondarribia). Bertatik atera zen Almirante Cervera jo zuen obusa.

Emilio Mola generalak matxinatuen ontziteriari agindua eman zion: Bilbo, Donostia eta Pasaia nahierara bonbardatzeko, izua barreiatze aldera eta Nafarroa Garaitik zetozen tropa matxinatuei laguntzeko. Abuztuaren 11an, Almirante Cervera Donostia parean kokatu zen. Hamabost egunez, Gipuzkoako hiriburua eta inguruko posizio militarrak (San Marcos, Txoritokieta, Guadalupe) bonbardatzen arituko zen, abuztuaren 15etik aurrera España korazatuak eta Velasco destruktoreak lagunduta. Abuztuaren 18an, Guadalupetik botatako obus batek jo zuen; gero Ferrolerantz abiatu zen, erregaia hartzera. Asturiasen, C-6 Errepublikako urpekontziak miran hartu zuen, baina Mariano Romero komandanteak (gero matxinatuekin bat egingo zuenak) torpedorik ez botatzeko agindu zuen. Abuztuaren 22rako, Donostian bueltan zen.[17]

Ondoren, Gibraltarko itsasadarraren blokeoan parte hartzera abiatu zen. Bertan, irailaren 29an, Espartel lurmuturraren batailan parte hartu zuen. Bertan, Gravina Errepublikako destruktorearekin borrokatu zen, 152 mmtako 292 jaurtigai botata, baina itua haietako birekin bakarrik joz. Gurutzaontziaren punteria txarrari esker, Gravinak ihes egitea lortu zuen, eta Casablancan babestu zen.

Urriaren hasieran, Malaga parean Uad Lucus eta Uad Muluya kostazainak hondoratu zituen.


1937ko urtarrilean Malagako bonbardaketan partehartu zuen, eta Galerna bou armatuarekin Andra merkatal untzia jazarri zuen, Panamako ikurrina zeraman ontzi honek matxinatuek ezarritako blokeoari izkin ematen baitzion. Kainoiekin eginiko bigarren saioan, Andra jo zuten eta ontzia atxilotu zuen. Gero, atoian eraman ezin zutenez, Galernak hondoratu egin zuen.[18]

1937ko otsailean Canarias eta Baleares gurutzaontziekin batera Malagako borroketan aritu zen, Malaga-Almeria Errepideko Sarraskia delakoan parte hartuz, hiriburutik ihesi ari ziren emakumeak, haurrak eta zaharrak bonbardatuz (guztira 3.000-5.000 hildako zibil).[19]

HMS Royal Oak , Gerra Zibilean Kantauri itsasoan trafiko neutrala babestu zuen korazatu britainiarreko bat.

Gertakari honetatik aurrera, 1937ko apirilaren 6an matxinatuek ezarritako itsas blokeoa urratu nahi zuten untzi merkanteak izan ziren bere helburua. Apirilaren 6an Thorpehall britainiarra atxilotzen saiatu zen, baina hiru destruktore ingelesen laguntzaz, ihes egin zion eta Bilbora iristea lortu zuen.[20] Apirilaren 23an Almirante Cerverak eta Galernak hiru merkatal ontzi britainiar geldiarazi zituzten, baina hauek Hood korazatu ingelesari babesa eskatu zioten; korazatuak 3 miliatako mugara arte lagundu zien eta, portutik Bizkaya eta Iparreko-Izarra bouak laguntzera atera zitzaizkien; honek, eta Galea lurmuturreko tiro eremuan sartuta egoteak ontzi matxinatuak uxatu zituen, merkatal ontziei Bilbora sartzeko bidea libre utziz.[21] Gauza bera gertatu zen hilabete batzuk geroago Almirante Cerverak Gordonia britainiarra geldiarazi zuenean, baina uztailaren 14an, herrialde bereko Molton Santander parean harrapatzea lortu zuen, nahiz eta HMS Royal Oak britainiar korazatuak kontra egin.

1937ko ekainaren 18an, Almirante Cervera, eta Ciriza, Fantastico eta Galerna ontziek Santoñako portuan zeuden ontziak bonbardatu zituzten: Gipuzkoa boua jo zuten, Bizkayak kontraeraso egiten zuen bitartean. Handik egun gutxira Eusko Itsas Gudarosteko bouak desartillatuak izan ziren.[21]

1937 urtean, bi kostazain errepublikar eta tabako garraio untzi bat hondoratu zituen. Almirante Cervera bera erasotzen saiatu zen hiru motorreko hegazkin bat ere bota zuen. Halaber, Marqués de Comillas garraio untziaren konfiskazioan parte hartu zuen.[22]

1938ko otsailaren 17an, Palma de Mallorca-ra joan zen Canarias eta Baleares gurutzaontziekin batera, eta bertan Valentzia hiriburuaren bonbardaketan parte hartu zuen. 1938ko otsailaren 22an, Errepublikako hegazkinen erasoa jaso zuen: lehenik 30 Taldeko Polikarpov RZ Natacha biplano eskuadrilak, artilleriaz uxatu zituena; bigarren oldarraldi batean Tupolev SB Katiuska hegazkinak, 30 Taldekoak baita ere; 50 kgtako bonba bat txopako tximiniatik sartu zitzaion, lehertu gabe; halere makinak hondatu zituen, eta metrailarekin 25 zauritu eragin zituen.[23] Txosten batzuen arabera beste bonba batek bizkarrean jo zuen, 17 marinel hilez.[24] Ondoren, Almirante Cervera Palmara itzuli zen.

Martxoaren 6an, Baleares gurutzaontzia eskoltatzen ari zela, Palos lurmuturreko guduan parte hartu zuen; eta gero Baleareseko naufragoen erreskatean.[25]

Francoren diktaduran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1939ko uztailaren 13an, Ciano kondea Italiako Atzerri Arazoetarako ministroa eraman zuen, Donostiatik Santanderrera bisita ofiziala egiteko[26] eta alderantzizko bidea hurrengo egunean. [27]

1941eko irailaren 10ean Francisco Franco eraman zuen Donostiatik Santanderrera[28] biharamunean bueltatuz.[29]


1963ko uztailean, Vallettatik, (Malta) San Pabloren besoaren erlikia garraiatu zuen Tarragonara, apostolua penintsulara heldu zela ospatzeko. [30]


1965eko abuztuaren 31n baja eman zitzaion,[31] [32] eta 1966ko irailaren 29an desegintzarako saldu zen.[33] [34]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Txantiloi:Cita web
  2. «ABC (Madrid) - 25/05/1928, p. 29 - ABC.es Hemeroteca» hemeroteca.abc.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  3. «ABC (Madrid) - 13/09/1928, p. 31 - ABC.es Hemeroteca» hemeroteca.abc.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  4. «ABC (Madrid) - 07/11/1928, p. 31 - ABC.es Hemeroteca» hemeroteca.abc.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  5. «ABC (Madrid) - 14/04/1929, p. 39 - ABC.es Hemeroteca» hemeroteca.abc.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  6. «ABC (Madrid) - 18/04/1929, p. 31 - ABC.es Hemeroteca» hemeroteca.abc.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  7. «ABC (Madrid) - 17/05/1929, p. 27 - ABC.es Hemeroteca» hemeroteca.abc.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  8. «ABC (Madrid) - 18/05/1929, p. 37 - ABC.es Hemeroteca» hemeroteca.abc.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  9. «ABC (Madrid) - 26/05/1929, p. 43 - ABC.es Hemeroteca» hemeroteca.abc.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  10. «ABC (Madrid) - 28/05/1929, p. 21 - ABC.es Hemeroteca» hemeroteca.abc.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  11. (Ingelesez) «museonavalmadrid.com is available at DomainMarket.com» museonavalmadrid.com is available at DomainMarket.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  12. «ABC (Madrid) - 19/10/1934, p. 40 - ABC.es Hemeroteca» hemeroteca.abc.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  13. Escoben. (2004-02-08). «EL CRUCERO GALICIA» Escobén (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  14. «Organización Armada al 16 de julio de 1936» www.sbhac.net (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  15. «GIPUZKOA 1936 - EGUNEZ-EGUN» www.gipuzkoa1936.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  16. (Ingelesez) «SPAIN: Moors to Lusitania» Time 1936-08-17 ISSN 0040-781X. (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  17. (Gaztelaniaz) «Los bombardeos navales de agosto (1936)» Miradas de un peatón 2016-09-01 (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  18. 1923-1985., González Echegaray, Rafael,. (D.L. 1976). Naufragios en la costa de Cantabria. (2a. ed., ampl. argitaraldia) Estudio ISBN 8424199545. PMC 431413155. (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  19. «RMH: La Memoria de los Nuestros» web.archive.org 2008-10-28 (Noiz kontsultatua: 2019-01-26).
  20. «Kultura - Gipuzkoa Kulturako web ataria - Kultura» ORAIN Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  21. a b «Actividades de La Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi (1936-37)» www.marinavasca.eu (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  22. «Trasatlántica: Buque Marqués de Comillas: La guerra civil española» www.mgar.net (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  23. «Revista Ares» web.archive.org 2012-01-19 (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  24. Infiesta Pérez, José Luis (1998). «Bombardeos del litoral mediterráneo durante la Guerra Civil». La máquina y la historia (Valladolid). vol. I.
  25. «Combate del Cabo de Palos» www.revistanaval.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  26. ABC egunkariko liburutegia: uztailaren 13, 1939; Irteera Santanderreko Almirante Cerveran
  27. ABCko egunkariko liburutegia: 1939ko uztailaren 15a. Itzulera Donostira
  28. ABC egunkariko liburutegia: 1941eko irailak 11; Caudillo-ren bidaia
  29. ABC egunkariko liburutegia: 1941eko irailaren 12a; Caudilloko triunfalia bidaia
  30. ABC egunkariko liburutegia: uztailaren 6an, 1963; San Pedroko besoaren erlikia Espainiara eraman zuten
  31. «Buques de la Guerra Civil Española (1936-1939) - Cruceros» www.kbismarck.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-24).
  32. ABC egunkariko liburutegia: 1965eko irailaren 1ean; Almirante Cervera gurutziltzatua deskargatua
  33. ABC egunkariko liburutegia: 1966ko irailaren 14a; Armada Ministerioa; ad
  34. ABC egunkariko liburutegia: 1966ko urriaren 15a; Donostiako lehoien klubaren dohaintza

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]