Lankide:Txikillana/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Upo Mendi
Euskal Herria
Mota: Turret deck motako garraio ontzia
Uretaratze data: 1911
Zerbitzua: Naviera Sota y Aznar
Ezaugarriak
Desplazamendua: 8.925 tona
Luzera: 106,70 m
Zabalera: 15,28 m
Sakonera: 6,60 m
Abiadura: 10 korapilo


Upo Mendi itsasontzia 1911an eraikitako garraio-ontzia izan zen, Espainiako Gerra Zibilean gartzela bezala erabilitakoa.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

106,70 mtako luzerarekin, bere zabalera 15,28 mtakoa zen, zingoa 6,60 m eta puntala 7,70 m. 8.925 tonatako desplazamendua zuen, eta 6.800 tona gai garraia zitzakeen. Erregai (ikatz) biltegietan 910 tona bildu zitzakeen, eguneroko kontsumoa 25 tonatakoa zelarik.[1] 1.250 zaldi zituen, eta honek 10 korapilotako abiadura egiteko ahalmena ematen zion.[2]

Lanerako eta eskifaiarendako prestatutako instalakuntzek (kamarinak, egongelak, erizaintza gelak...) Espainia mailako ontzigintzan aurrerakuntza handia suposatu zuten.[3]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turret Age ontzia (1893), Upo Mendi bezalako turret tipoko kroskoduna.

Euskalduna Ontzioletan eraikia, Sota y Aznar armadoreendako. Eraikuntza bizkorra izan zuen: gila 1910eko irailean ezarri zitzaion, eta 191ko abenduan 1ean uretaratu zen. Turret deck ontzia[4] izan zen, Espainian eraikitako mota honetako bakarra.[5] Ontzi mota honek jeneroak granelean eta zakuetan sartu barik garraiatzeko eginak ziren. 1912ean kapitaina J. C. Arrotegi zen. 30.eko hamarkadan Igeldoko Behatokiarekin elkarlanean aritu zen, meteorologia behaketak eginez.[6]

Espainiako Gerra Zibilean gartzela-ontzi bezala erabili zen, lehenik Errepublikaren aldetik,[3] eta gero matxinatuengandik; presoek ikatza garraiatzeko sotoetan sarrarazi ziren; ontziaren instalakuntzen kalitatea ez zuten presoek igarri. Hasieran ontziak Euskalduna ontziolen parean atrakatu zuen, Olabeaga auzoan. Presoen arduradunak kartzela-funtzionario bi ziren: Aurelio Valdeón eta Gregorio San José; zaintzaileak, berriz, Valladolideko falangistak. Presoendako janaria Larrinagako gartzelatik ekartzen zen. 1937ko urriaren 17an Sestaora atoian eraman zen, han Galdameseko darsenan atrakatuz. Handik Zorrotzako moilara eraman zen, 1938ko maiatzaren 13ra arte; orduan berriro Galdameseko darsenara. Urte horretako irailaren 15ean hustu zuten, presoak lehorreko gartzeletara bidaliz; Bilboko itsasadarrean eginiko denboran 1.681 preso gorde zituen, eta azkena Jesus Zugasti barakaldoarra izan zen.[7]

1938ko urrian, 12 urtetik gorako kondenak zituzten 350 preso Upo Mendin sartu zituzten, eta matxinatuek ezarritako kapitain italiar batekin, ontzia Bilbotik Pontevedrara atera zen. San Simon irla parean atrakatu zuten, non aintzinako ospitale eta komentu baten eraikinean, gerra hasieran matxinatuek gartzela bat ezarria zuten.[8] 1937an Ipar Frontea erori zenean, San Simon kontzentrazio-eremu bezala erabilia izan zen; lan horretan laguntzeko joan zen Upo Mendi. Ontzian Espainia iparraldeko presoak zeuden batez ere (asturiarrak, euskaldunak) baina irlakoentzat zigor-ziega bezala ere erabiltzen zen.[9] Halere, irlara hurbildu ezin zenez -zingo handiegia batzuen- Vigoko itsasadarreko ur sakonagoetan kokatu zen. [10]

1939an Monte Jarindo bezala berrizendatua izan zen. 1952an Duro Felguera enpresak erosi zuen, eta Felguera berrizendatu zuten. Xixonen desegin zuten 1962ko urriaren 26ean.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) UPO-MENDI | Vida Marítima . Noiz kontsultatua: 2019-10-14.
  2. «Upo-Mendi», http://www.buques.org/, . Noiz kontsultatua: 2019ko urriaren 14a.
  3. a b «Naviera Aznar» www.buques.org . Noiz kontsultatua: 2019-10-14.
  4. (Gaztelaniaz)Sanahuja, Vicente EL VAPOR TURRET Y EL TURRET MAYO | Vida Marítima . Noiz kontsultatua: 2019-10-14.
  5. (Gaztelaniaz)«UN BUQUE NUEVO. EL VAPOR "UPO-MENDI". DE 5000 TONELADAS, QUE ACABA DE SER BOTADO AL AGUA EN BILBAO, Y ES EL ÚNICO DE SU SISTEMA EXISTENTE EN ESPAÑA.: Descarga y compra fotografías históricas en | abcfoto.abc.es» abc.es 1911-10-01 . Noiz kontsultatua: 2019-10-14.
  6. Igueldo, Observatorio de (1933) Observaciones meteorológicas del vapor Upo Mendi durante el viaje de Savona a Bilbao (21-27 de mayo de 1933) . Noiz kontsultatua: 2019-10-14.
  7. «TRAS LA DERROTA DEL 37. LOS AÑOS NEGROS (7)» Iñaki Anasagasti . Noiz kontsultatua: 2019-10-14.
  8. Jerez, Paco De (2008-07-12) «Exterminio en la Isla de San Simón» TODOS LOS ROSTROS . Noiz kontsultatua: 2019-10-14.
  9. (Gaztelaniaz)««En San Simón hubo 6.000 presos y casi 500 murieron en la isla»» La Voz de Galicia 2008-03-26 . Noiz kontsultatua: 2019-10-14.
  10. «Asturias Republicana - SEGUNDA REPUBLICA» www.asturiasrepublicana.com . Noiz kontsultatua: 2019-10-14.