Wikipedia, Entziklopedia askea
Erla.

Erla Euskal Herriko kostaldean aurkitzen den arrain mota bat da.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz erla esaten zaio baina beste izen asko ere badauzka: amerikano, ernaibera, errio-arraina, merikano, mojarra eta zapatero. Izen zientifikoa Lithognathus mormyrus da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokorrean 30 cm inguruko arraina da baina 55 cm izatera eta kilogramo bat pisatzera iritsi daiteke. 13 urteko bizitza har dezake.

Burua luzeran eta altueran antzerakoa da eta profila zertxobait ahurra du. Gorputz obalatua du eta aldeetatik zapaldua du, zilar kolorekoa da eta 14 lerro beltz bertikal ditu. Hortzak nahiko handiak ditu.

Bizitokia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano Atlantikoaren ekialdean eta Mediterraneo itsasoan aurkitzen da.

Kostaldeko arraina da. Itsas plataforman aurkitzen da hareazko edo lokatzezko hondoetan, bai eta Posidonia zelaietan ere.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldeak osatzen ditu, batzuetan kopuru handiko taldeak izaten dira. Hondarretan aurkitzen dituen zizare, molusku eta krustazeo txikiak jaten ditu.

   Ba al dakizu   
Bizkaiko Barbadun ibaian ere sartzen da. Horregatik deitzen zaio Bilboko ezkerraldean errio-arraina.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udan askatzen dituzte arrautzak. Ar jaiotzen da eta bi urte betetzen dituenean sexu heldutasuna lortzen du. 18-21 cm arteko luzera hartzen duenean sexuz aldatzen da, 3'5 urteko adina duenean gutxi gorabehera.

Sukaldaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haragi preziatuko arraina da, baina ez da arrantzatzen erraza, eta Euskal Herrian ez da ohikoa jasotzea.

Labean erreta egin ohi da erla.