Lapatza baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lapatza
Kokalekua
Lurraldea Gipuzkoa
Udalerria Antzuola
Lapatza baserria is located in Gipuzkoa
Lapatza baserria
Lapatza baserria
Lapatza baserria (Gipuzkoa)
Ezaugarriak
Garaia XVI-XVIII. mendeak
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2008ko urriaren 2a

Lapatza Antzuolan dagoen baserria da, malda baten erdian 250 eta 230 koten artean kokatua, XVI. mendeko eraikina. Baserriaren zurezko egitura, esaterako, garai hartakoa da. XVIII. mendean baserria berritu egin zuten. Horretarako, hiru arkudun ataripea barne hartzen duen aurreko horma-artea gehitu zitzaion jatorrizko bolumenari. Gorde eta transmititu beharreko balio morfologikoak, tipologikoak eta eraikitzaileak ditu eraikinak.

2008ko urriaren 2an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi isurkiko teilatuko eraikina da. Goihabeak ipar-hego noranzkoa du, eta ekialderantz okertuta dago 30º. Hasiera batean familia bakarrekoa bazen ere, egun bi familia bizi dira bertan. Oinplano laukizuzena du, 25 m zabal eta 17 m sakon dituena. Beheko solairua, lehenengo solairua eta ganbara dauzka. Itxitura-hormek harlanduzko izkinak dituzte, estalitako harlanduzkoak dira eta zuriz margoturik daude.

Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar-ekialdeko, edo atzeko aldeko fatxadaren beheko solairuan zazpi leiho eta ate bat daude; lehenengo solairuan, aldiz, leihoentzako lau bao daude; eta ganbaran, erdialdetik apur bat ezkerretara, beste bao bat dago goihabearen azpian. Fatxadaren eskuinaldean, eraikin nagusiari atxikitako eraikin txikia dago.

Hego-mendebaldera begira dagoen fatxadari, hots, eraikinaren ezkerraldeko etxaurreari dagokionean, leiho bakar bat du beheko solairuan; lehenengo solairuan, aldiz, bi isurkiko mantsarda txiki batek babestutako balkoia. Etxaurre horretatik mendebalderen dagoen aldean garaje bat dago, baserriari atxikia, beheko solairua eta bi isurkiko estalkia duena.

Hego-ekialdeko fatxadan, hots, eraikineko etxaurre nagusian, ataripea dago. Bertara sartzeko, puntu erdiko hiru arku beheratu eta berdinen azpitik igaro beharko dugu. Arkuek dobela forma dute, eta landutako hareharrizkoak dira. Arkuak sekzio karratuko habeen gainean bermaturik daude. Habeek inpostak dituzte goiko aldean eta landutako hareharriz eginda daude. Habe bat etxaurre nagusiaren erdian dago, eta bestea fatxadaren eskuinaldera. Arkuen alde bietara, etxaurreak zurezko leihoburudun leiho bana du. Bestetik, lursailaren beheranzko kokapen naturala dela-eta, fatxadaren ekialdeko eremua kota txikiago batean dago. Bertan, hain zuzen, upeltegirako sarrera aurkitzen da.

Hego-ekialdeko etxaurre horrek sei bao ditu lehenengo solairuan, guztiak zurezko buruekin. Aipatu baoetako hiru ertzetako leihoak dira eta beste hiru balkoi-ateak. Azken ate horiek arkuen gainean daude: alboetako arkuen gainean daudenek burdina forjatuzko karelak dituzte; erdiko arkuaren gainean dagoenak, aldiz, burdinazko balkoia du landutako harrizko hegada txiki baten gainean. Fatxadan, ganbaran eta goihabearekiko simetrikoki jarrita, beste bi bao daude erdiko bi arkuen ardatzaren gainean.

Ipar-ekialdera begira dagoen etxaurrean, eraikineko elementuak simetrikoki antolaturik daude. Beheko solairuan, upeltegia aireztatzeko hiru gezileiho daude; lehenengo solairuan, aldiz, hiru bao ditugu, modu erregularrean sakabanatuta eta harlanduzkoak. Hiru bao horietako bat balkoia da eta burdina forjatuzko karela du. Fatxadak aireztatzeko bost leihatila ditu teilatupean. Erdiko hiru leihoak lehenengo solairuko baoen ardatzekiko zentratuta daude.

Barrualdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikinaren barneko egiturak zeharkako hiru horma-arte eta luzetarako beste bost ditu. Horiek guztiak atal bakarreko habe zein karga-horma lodien gainean bermaturik daude. Ipar-ekialdeko lehenengo horma-artea baztertzen duen horma, gainera, suhesia da. Ipar-ekialderako sarbidea, beraz, eraikinaren beheko solairuan dago, eta harlanduzko markoa du. Habeek, solibek eta beso indargarriek zureriaren barne-egitura osatzen dute. Egitura horrek, bere aldetik, teilatuko zurajeari eusten dio. Teilatua, horrenbestez, kontragoihabez, gapirioz eta oholez osaturik dago. Egituran, oraindik orain, dolare gotikoaren zenbait zantzu ikus daitezke.

Sarrerako ate nagusitik baserria osatzen duten bi etxebizitzetara sar gaitezke.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]