Larnakako aintzira gazia

Koordenatuak: 34°54′N 33°37′E / 34.9°N 33.62°E / 34.9; 33.62
Wikipedia, Entziklopedia askea
Larnakako aintzira gazia
Datu orokorrak
Garaiera1 m
Motaaintzira multzo
Azalera1.585 ha
Geografia
Map
Koordenatuak34°54′N 33°37′E / 34.9°N 33.62°E / 34.9; 33.62
Estatu burujabe Zipre
Zipreren banaketa administratiboaLarnakako barrutia
Municipalities of Cyprus RepublicLarnaca Municipality
Zipreko hiriaLarnaka

Larnakako aintzira gazia (grezieraz: Αλυκή Λάρνακας, Alyki Larnakas; turkieraz: Larnaka Tuz Gölü), Zipre hego-ekialdeko Larnaka hirian dagoen natur eremua da, elkar konektaturik dauden lau aintzira gaziz osaturik dagoena. Hala Sultan Tekke meskita ezaguna dago aintziraren mendebaldeko ertzean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. II. milurtekotik populatua izan da Larnakako aintzira gaziaren ingurua. Brontze Aroko Dromolaxia Vizatzia herria izan zen bertan eta 2010-12 artean egindako indusketen erakutsi dute Zipreko Brontze Aro berantiarreko hiri handienetakoa izan zela[1].

Neguan aintzira urez betetzen da eta hegaztien pausaleku bihurtzen da, baina udan lehortu egiten da eta gatzezko eremu zabala eratzen da. Antzina gatz ugari ateratzen zen bertatik, Larnakari Scala di Saline izena ere eman izan zitzaion[2]. Uharteko esportazio gai garrantzitsuena bihurtu zen gatza. Gatza atera, astoetan laku ertzera eraman eta piramide erraldoiak eratzen ziren. Gatzaren ekoizpena 1986an amaitu zen eta gaur egun giza kontsumorako desegokia dela kontsideratzen da[3].

XVIII. mendean Sheikh Hasan dervixeak Umm Haram Mahomaren dizipuloaren hilobia aurkitu zuen aintzira ertzean eta Hala Sultan Tekke meskita eraiki zuen hilobiaren inguruan, 1760. urtean[4]. Gaur egun musulmanentzako munduko leku garrantzitsuenetako bat da[5].

Geologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udan aintzira lehortu egiten da eta gatzezko eremu zabal bat agertzen da.

Kondaira batek dioenez San Lazarok emakume bati jatekoa eta edatekoa eskatu zizkion eta honek ezezkoa ean zion mahastiak lehor zeudela esanez. Lazarok orduan honela erantzun zion: "zure mahastiak lehor egon daitezela eta aintzira hau gatzez bete dadila betirako"[6].

Zientziari dagokionez, harkaitz porotsuak banatzen ditu aintzira eta itsasoa eta arrokaren zuloetatik sartzen da gatza.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aintzira handiena Aliki da eta gainerakoak Orphani, Soros eta Spiro[7]. Ramsar lekua, Natura 2000 eta Bartzelonako Konbentzioan "Babesturiko Eremu Berezia" izendatua izan zen[8]. 2'2 kilometro karratuko eremua hartzen du eta Zipreko bigarren aintzira gazi handiena da Limasolgo aintzira gaziaren atzetik[3].

Flora eta fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur gaziko aintzirak izanik landaretza halofiloa du inguruan.

Zipren dagoen hegazti migratzaileen pausaleku handienetakoa da. 85 hegazti akuatikok hartzen dute atseden bertan urtearen arabera 20.000-38.000 aletako populazioak gutxi gora behera. Hegazti esanguratsuena flamenkoa da (Phoenicopterus roseus)[9], 2.000-12.000 arteko populazioarekin. Aintzira gazian bizi den Artemia salina krustazeo txikiaz elikatzen da[7]. Hegazti ohikoak dira honako hauek ere; kurriloa, txirritxo hankabeltza, antxeta mokogorria, zankaluzea, atalarra, hegabera ezproiduna, Oenanthe cypriaca eta Sylvia melanothorax.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Season 2010 | Swedish Archaeology in Jordan, Palestine and Cyprus, Peter Fischer. (Noiz kontsultatua: 2020-09-26).
  2. (Ingelesez) «Larnaca – lively port city in Cyprus | FinnsAway travel blog» www.finnsaway.com 2018-04-23 (Noiz kontsultatua: 2020-09-26).
  3. a b «Larnaka Salt Lake - Larnaka Tourism Board (Official Site)» larnakaregion.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-26).
  4. (Ingelesez) Giovanni Mariti. (1792). Travels Through Cyprus, Syria, and Palestine; with a General History of the Levant. Translated .... Printed for P. Byrne (Noiz kontsultatua: 2020-09-26).
  5. «Hala Sultan Tekke Mosque - Larnaka Tourism Board (Official Site)» larnakaregion.com (Noiz kontsultatua: 2020-09-26).
  6. «St Lazarus in Larnaca» web.archive.org 2007-09-30 (Noiz kontsultatua: 2020-09-26).
  7. a b «Home - Medcities - Mediterranean Cities Network» www.medcities.org (Noiz kontsultatua: 2020-09-26).[Betiko hautsitako esteka]
  8. «Wayback Machine» web.archive.org 2007-09-29 (Noiz kontsultatua: 2020-09-26).
  9. «BirdLife Data Zone» datazone.birdlife.org (Noiz kontsultatua: 2020-09-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]