Larrañaga baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Larrañaga
Kokalekua
Lurraldea Gipuzkoa
Udalerria Azpeitia
Larrañaga baserria hemen kokatua: Gipuzkoa
Larrañaga baserria
Larrañaga baserria
Larrañaga baserria (Gipuzkoa)
Ezaugarriak
Garaia 1712ko martxoaren 6a
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 1996ko uztailaren 26a

Larrañaga Azpeitiko baserria da, Urrestillarako errepidean dagoen ordokitxo batean kokatuta dagoena, gaur egun garatzear dagoen industrialde batean; izan ere, baserritik bi metro eskasetara bi zerrategi industrial eta beste zenbait ekoizpen-zentro daude, inguru hori Azpeitiko industrialde periferikoen zabalketa bihurtu delarik. Egun, Larrañaga jatetxea eta hotela da.

1996ko uztailaren 26an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larrañaga baserriaren eraikitze-data eta egilea ezagunak dira, zeren zenbait agiriren bitartez, badakigu 1300erako Larrañaga izeneko orube bat bazegoela eta 1483an baserri bat zegoela bertan, 1711ko otsailean erre zena. Gauza jakina da, halaber, garai hartan baserriaren jabea zen Martin Abaria jaunak, zein Goierriko harginen tradizioari lotutako onibar-jabe entzutetsua eta orduko Gipuzkoan sona handia zuen gizona baitzen, baserria eraikitzeko eskritura sinatu zuela, 1712ko martxoaren 6an, inguruko zenbait harginekin. Horren ondorio da baserri guztiz berezi hau, bakarra ez bakarrik Gipuzkoan, baita Euskal Herri osoan ere; izan ere, dena harriz eta bikain egina dago eta bere tankerak gehiago ematen du jauregi batena baserri xume batena baino.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larrañaga baserriak oinplanoa laukizuzena du, 20,80 m sakoneraduna. Aurrealdea, 16,80 metrokoa, hego-hego-ekialdera begira dago. Bi solairu ditu eta eraikin askea izateko bokazio garbia badu ere, orain dela gutxira arte bi eranskin itsusgarri izan ditu, bata fatxada nagusian eta bestea eskuineko aldean. Baserria eraberritzeko eta jatetxe bihurtzeko egindako egokitze lanetan, azken eranskin hori sendotu egin da, nahiz eta horren itxura eta garaiera baserriarenak ez bezalakoak izan.

Barrualdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikinaren barne-antolaketa euskarri-sare baten arabera dago eginda, 3 m zabal eta 4 m sakon den sarexka bat osatuz. Horrela, sarexkaren barruti bakoitza erpinetan jarritako 4 zutaberen gainean oinarritutako ganga laukizuzen batek estaltzen du.

Beheko solairuan lau gune eratzen dira: aurreko barrutietako erdikoan eta ezkerrekoan ataripe bat dago, gainontzeko guneetarako sarbidea dena; ezkerreko aldeko gainontzeko hiru barrutietan sukaldea dago; aurreko eskuinaldeko barrutia nekazaritza-tresnen gordelekua zen eta erdiko eta eskuin aldeko gorputzetako bigarren, hirugarren eta laugarren barrutiek ukuilua osatzen zuten. Lehenengo solairuko antolaketa axiala da, aurretik atzerakoa, eta erdian korridore zabal bat dago, atzeko barrutian estutuz doan kanoi-ganga batek estalia. Korridore horrek geletara sartzeko balio du, alboetako lau barrutietako bakoitzean gela bat dagoelarik.

Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikitako bolumenaren estalkia hiru isurialdekoa da. Fatxada nagusian hormapiko bat egiten du eta atzekoan, zabalera osoa hartuz, hirugarren isurialdea eratzen da, besteak baino txikiagoa. Irtenbide hori oso arrunta zen garai hartako eraikinetan eta horregatik, hain zuzen ere, lehenengo solairuko kanoi-gangaren garaiera gutxituz doa atzeko aldean. Eraikinak itxura trinkoa eta arrazionala du; izan ere, gelak ondo antolatuta daude, ardatzetan, eta neurri egokiak dituzte. Hormen eta baoen arteko erlazioa lehenengoen aldekoa da, erabat. Salbuespen da sarrerako baoa, konposizioaren ardatzean kokatutako arku karpanel goratu handi batek osatua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]