Edukira joan

Latindar epigrafia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Dougga, Tunisian, aurkitutako epigrafea.

Latindar epigrafia zientzia filologikoa, historiko eta arkeologikoa da eta bere helburua materialetan grabatutako latinezko inskripzio zaharrak aztertzea, katalogatzea eta itzultzea da.

Latinez idatzitako epigrafeak Erromatar Inperioarekin agertzen dira, eta ondoren, Erdi Aroan eta, erromako elizaren esku batez ere, Aro Modernoan egiten jarraitzen da.

Bestalde, Erromatar inperioan, grezierako idazkunak idazten jarraitu ziren inperioaren ekialdeko probintzietan, eta noizean behin, mendebaldekoetan. Aldi berean, beste hizkuntza batzuk idazten jarraitu ziren

Sakontzeko: Erromatar Inperioko hizkuntzak

Artikulu hau Antzinako Erromatar inperioan barrena agertutako eta aztertutako latinezko epigrafiari buruzkoa da.

Titoren arkuaren inskripzioa.

Idazkun motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Vertillumeko termetanagertutako inskripzioa, tabula ansata forma duen erliebezko "marko" baten barruan.

Antzinako Erroman, inskripzioen praktika, Errepublikan ia existitzen ez zena, Inperioaren garaian orokortu zen. Harrizko inskripzioak zizelkatu ziren eraikin askotan, obra egiteko diru jarri zuena jakinarazteko. Inskripzio mota horiei titulus esaten zaie. Estatua idulkietan ere jartzen ziren, sarkofagoetan (epitafioak), hileta-esteletan, miliarioetan, teseratan edo testu legalak dituzten brontzezko tauletan, iritsi zaizkigunen artean, famatuena Klaudioren taula delarik. Epigrafiaren parte batek enperadoreek txanponetan idatzi zifren inskripzio eta izenburu korapilatsuak ikertzen ditu.

Inskripzio ugari aurkitu dira mendetan zehar eta Corpus Inscriptionum Latinarum (CIL) bezalako bildumetan biltzen dira. CIL bildumarik garrantzitsuena eta oinarrizkoena da, bina ez da maiz argitaratzen; adibidez, azken liburukia (CIL XVII) 1986. urtean argitaratu zen, eta geroztik hurrengoa prestatzen ari dira. Horregatik beste bilduma sortu behar izan dira. Urtero, inskripzio berriak aurkitzen dira, kasualitatez edo indusketa arkeologikoetan. L'Année épigraphique-n zerrendatzen dira.

Inskripzio bakoitzari kode bat ematen zaio corpus edo bilduma batean, eta horrela, idazkun bakoitza identifika daiteke.

Latinezko epigrafiaren berezitasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Latinezko inskripzio zaharrak aztertzeak zailtasun ugari ematen ditu. Askotan, euskarria hondatuta, higatuta edo zatikatuta egoten da. Epigrafistak, batzuetan teknika jakin batzuetara jo behar du testua berreraikitzeko, hala nola, estanpazioa, argi okertuaz argiztatutako argazkiak, aldez aurretik beste batzuek finkatutako dedukzioak, eta abar.

Bestalde, latinezko testuak idazteko moduak zaildu egiten du irakurketa. Izan ere, laburdura eta elipsea oso erabiliak izan ziren, eta, horren ondorioz, testua hermetiko izan ohi da neofitoarentzat.

Gainetik, latinezko alfabetoa ez da zehatza fonema guztietarako. Adibidez, I letrak, Y sasi-bokala eta I bokala transkribatzeko berdin balio zuten. V letra W edo U hozka zitekeen.

Letra batzuen artean loturak egin zitezkeen. Adibidez:, A eta A artean, N eta T, T eta I, eta abar. kasu horretan, idazkunen deskribapenetan, nexoei (lokarriei) buruz hitz egiten da. Vertilliumeko termetan agertu zen inskripzioan, adibidez, hiru nexo ikus daitezke: lehen lerroaren erdian, ET adierazteko, hirugarren lerroko lehen hitzan, berriz ET adierazteko baina bestelako forma batekin, laugarren lerroaren erdialdean EN idazteko.

  • Laburdurak: Praenomena, eta baita ohiko termino eta formula asko ere, laburki adierazten dira. Hasierakoak edo osatu gabeko hitzak izan daitezke.[1] Adibidez:
  • DM: DIS MANIBUS-en laburdura da (Manes jainkoei)
  • F: fili, filius edo filia (sema-alaba9)
  • QUI VIXIT ANN XXX MX D III' irakurri beahrko litzateke 'QUI VIXIT ANNOS XXX MENSES X DIES III' ("zeina 30 urte, hamar hilabete eta hiru egun bizi izan zena").
  • TR PO: TRIBUNICIA POTESTAS esan nahi du (plebearen tribunoaren kargua izan zuela)

Ez da izaten egungo Europa Mendebaldeko hizkuntza modernoetan egoten den bezalako puntuazio zeinurik. Hitzak banandu gabe idazten dira gehienetan eta bakarrik kasu batzuetan, letren erdian puntu bat edo beste zeinu txiki bat jarri daiteke, hitzen arteko tartea markatzeko. Puntu horiek zirkularrak, karratuak edo triangeluarrak izan daitezke. Inskripzio batean beste elementu batek esku har dezake, hederak edo «huntz-hostoak»: inolako esanahi zehatzik gabe, hederak hitzen banaketa, lerro huts baten betegarria edo dekorazio soila izan dezake.

Septimio Severoren garaipen-arkuko eskaintza Erroman (K.o. 203)

irakur daitekeena:

IMP CAES LUCIO SEPTIMIO M FIL SEUERO PIO PERTINACI AUG PATRI PATRIAE ARABIDO ET
PARTHICO ADIABENICO APONTIFIC MAXIMO TRIBUNIC POTEST XI IMP XI COS III PROCOS ET
IMP CAES M AURELIO L FIL ANTONINO AUG PIO FELICI TRIBUC POTEST VI COS PROCOS P P
OPTIMIS FORTISSIMISQUE PRINCIBUS
OB REM PUBLICAM RESTITUTAM IMPERIUMQUE POPULI ROMANI PROPAGATUM
INSIGNIBUS UIRTUTIBUS EORUM DOMI FORISQUE S P Q R

Eta laburdurak interpretatzen badira:

Imp(eratori) Caes(ari) Lucio Septimio M(arci) fil(io) Seuero Pio Pertinaci Aug(usto) patri patriae Parthico Arabico et | Parthico Adiabenico pontific(i) maximo tribunic(ia) potest(ate) XI imp(eratori) XI, co(n)s(uli) III proco(n)s(uli) et | imp(eratori) Caes(ari) M(arco) Aurelio L(ucii) fil(io) Antonino Aug(usto) Pio Felici tribunic(ia) potest(ate) VI co(n)s(uli) proco(n)s(uli) [p(atri) p(atriae) | optimis fortissimisque principibus] | ob rem publicam restitutam imperiumque populi Romani propagatum | insignibus uirtutibus eorum domi forisque S(enatus) P(opulus) Q(ue) R(omanus).

Oharra: ' | ' lerro aldaketa adierazten du trenskripzio honetan. '[ ]' parte bat mailukatuta eta ondoren birgrabatuta izna dela adierazten du. Erreferentziak: CIL VI 1033 = ILS 425

Senatuak eta Erromako Herriak, Zesar Luzio Septimio Severo Pio Pertinax Augusto enperadoreari (arku hau eraiki diote edota eskaini diote), Marcoren semea, aberriaren aita, partiar arabiarren eta partiar adiabenikoen garaile, pontifize handia, tribuno-ahala gorena hamaikagarren aldiz eskuratu duena, hirugarren aldiz kontsul izendatua (eta) prokontsula eta Zésar Marko Aurelio Antonino Augusto Pío Félixi enperadoreari, Luzioren semea, seigarren aldiz tribuno-ahalaren jabe, kontsula eta prokontsula, aberriaren aita, printze ezin hobea eta indartsuena, Estatua berreraiki eta erromatar herriaren inperioa handitu dutenak beren aparteko bertuteengatik, bakean eta gerran

Titulu inperiala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Har dezagun adibide bat, Neron enperadorearen tituluarena:

IMP NERO CAESAR AVGVSTVS DIVI CLAVDI F GERMANICI CAESARIS N FLUXOS AVG PRON DIVI AVG ABN
PONTIF MAX CITY POTEST XII IMP X COS IIII PP

Deklarazioak banan-banan hartuz gero, hau ateratzen da:

  • IMP: Enperadorea; enperadore erromatar guztien titulu hori hartu zuten Augustotik aurrera. Aurretik, bere tropek txalotutako jeneral garailea zen Imperator. Neronengandik hasita, hori egiten lehena, imperator hitzak enperadorearen lehen izena ordezkatzen du Inperiora sartu ondoren.
  • NERO: Claudia gensaren cognomena , Neronen gensa hain zuzen.
  • CAESAR: Julia gensaren cognomena zen, Tiberioren erregealditik aurrera, gens inperialaren izena bihurtu zen.
  • AUGUSTO: Oktabiori K.a. 27an emandako titulua; bere eramaileari izaera sakratua ematen dio eta enperadore guztiek erabiliko dute.
  • DIVI CLAUDI F: Divi Claudi Filius, edo Klaudio jainkozkoaren semea; erromatarren artean filiazioa garantzitsua zen. Hemen Neron, Klaudiok adoptatua izan zenez eta hura jianko izendatu zutenez, "Klaudio jainkozkoaren semea" dela jartzen du.
  • GERMANICI CAESARIS N: Germanici Caesaris Nepote; Neron Germaniko Zesarren iloba zen, hau da, Kaligularena.
  • TIB CAESARIS AUG PRON: Tiberii Caesaris Augusti Pronepos; Klaudioren seme (adopziozkoa) eta Kaligularen iloba izanik, Neron Tiberioren birbiloba ere bazen.
  • DIVI AUG ABN: Divi Augusti Abnepos: Augustoren tatara-biloba.
  • PONTIF MAX: Pontifex Maximo; Erromako apaiz nagusiak Pontifize Handia zuen izena. Julio Zesarretik hasita, Pontifex Maximus izan zena, eta Augusto barne, hura ere kargu hori hartu zuena, enperadore guztiak pontifize handiak izan dira.
  • TRIB POTEST XII: hau da, "hamabigarren aldiz tribuno-ahalaz hornitua". Enperadore erromatarrak plebearen tribuno zaharren boterearen jabe ziren, zeinek sakratu eta bortxaezin bihurtzen baitzituen (ezin zen eskua haien gainean altxatu), eta baita herrira hurbildu ere, sinbolikoki behintzat. Tribuno-boterea urterokoa zen, eta enperadore guztien erregealdiak kontatzeko balio zuen.
  • PR X: Imperator 10 aldiz txalotua bere tropengatik
  • COS IV: Kontsula laugarren aldiz; kontsulatua inperio osoan zehar egon zen indarrean, baita inperioa Erroman eta Bizantzion erori ondoren ere, nahiz eta, jakina, aurretik zuen garrantzia inoiz berreskuratu ez. Hala ere, kontsulatuak hautapenezko kargu izaten jarraitu zuen, bere ospeagatik eta probintzia bateko prokontsul, gobernadore bihurtzeko eskaintzen zuen aukerarengatik eskari handia jaso zuen.
  • PP: Pater Patriae (Aberriaren Aita); Augustotik aurrera enperadore guztiei emandako titulua, salbuespen batzuekin.

Inskripzio militarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar armadak asko lagundu zuen praktika epigrafikoa inperio osoan barna hedatzen, monumentu ugari grabatuz: jainko, enperadore, legatu eta gobernadoreei eskainitakoak, eraikinetan eskainitakoak eta, batez ere, inperioko mugako probintzietako goarnizio-base nagusietatik hurbil kokatutako militarren epitafio ugariak. Horrela, inskripzio horiek lekuko tropen eta haien mugimenduen, erreklutamenduaren (errekluten jatorri geografiko eta sozialak), gizakien eguneroko bizitzaren eta armada erromatarraren administrazio-praktiken berri ematen dute.

Armadak bere laburdura batzuk erabiltzen zituen, adibidez:

  • STIP(endiorum): zerbitzuan emandako urte kopuruaren arabera.
  • LEG(io): legioa.
  • Zenturio gradua adierazteko zeinuam, gure 7aren antzekoa.
  • Mailak izendatzen dituzten laburdura asko: BF Beneficiarius, CA Custos Armorum...
  • COH, cohors da eta kohortea esan nahi du, eta AL, ala (hegala), ∞ siboloak hamar mila gizoneko unitateak izendatzeko efrabiltzen zen.
Tito Flavio Bassoren hileta-estela. Römisch-Germanisches Museoan. Kolonian, Alemania. CIL XIII 8308.

Latinezko testua: «T(itvs) FLAVIVS BASSVS MVCALAE / F(ilivs) DANSALA, EQ(ues) ALAE NORI/CORV(m), TVR(mae) FABI(i) PVDENTIS, / AN(norum) XXXXVI,

Honela itzul daitekeena: «T(ito) Flavio Basso, Mukalaren semea, Dansala, Norikoen hegaleko zalduna, Fabio Pudenteren turmatik, 46 urte bizi izan zen, 26 urte militar zerbitzatu zuen. Bere oinordekoak enkargatu zuen (monumentu hau).»

Lehenik eta behin, grabatuaren eta erliebearen kalitate fina ikusten da, epigrafian inskripzioaren euskarriari ematen zaion begiruneak duen garrantzia gogoraraziz, eta ez testuari bakarrik. Testuak lotura batzuk ditu: horrela, bigarren lerroan, Noricum-en R eta I letra bakar batean fusionatu ziren, non I txikiak tamaina normaleko R bat gainditzen duen, silabarentzako lotura komun bat, 3. lerroko NT lotura ohikoa den bezala.

Hildakoaren jentilizioak dioskunez, Flavius nomena erabiltzen duenez, ondoriozta dezakegu Flavia dinastiako enperadoreetako baten agintaldian herritartasuna jaso zuela, eta, horri esker, gure aroko 70eko hamarkadaren amaieran datatu daiteke monumentua. Datazio hori ondo egokitzen zaio formatuari: ordutik aurrera epitafioak ez dira gehiago /*akusatiboan*/ egongo eta edozein testua hasi aurretik Manes jainkoei (D(iis) M(anibus) deituko zaie. Bassus zerbtzatu zuen hegala, Noriko probintzian egindako erreklutamendu batetik sortua zen eta Germaniako Mogontiacumen zegoen K.o. I. mendearen lehen erdian. Germania Behereko probintziara joan zen 70a baino lehen. Bassus, laguntzaile guztiak bezala, hiritartasunik gabe errekrutatua izan zen. Ziurrenik, 25 urte lanean eman ondoren eman zioten, hil baino lehentxeago. Gero, tria nomina eta hiritartasuna eman zion enperadorearen izena hartu zituen. Aitaren izena jatorria (jaioterria edo jaio zen komunitatea) baino lehen adierazi dira: bi elementu hauek Traziako jatorria adierazten digute.

  • CIL XIII, 8318; G. Alföldy, Die Hilfstruppen der römischen Provinz Germania behekoa, Colonia, 1968, pp. 70-71; B. eta H. Galsterer, Die römischen Steininschriften aus Köln, Kolonia, 1975, n 270 (Koloniako inskripzioa, Germania Beherea, Römisch-Germanisches Museoan gordeta)
CIL XIII, 8318

Latinezko testua: «C(aius) IVLIVS C(aii) (filius) GALE/RIA BACCVS LVGV/DVNI MIL(es) COH(ortis) I TH/RACVM ANN(orum) XXXIIX / STIP(endiorum) XV, ANTISTIVS / ATTICVS ET BASSIVS / COMMVNIS H(eredes) F(acendum) C(uraverunt)»

Honela itzul daiteke: “Cayo Julio Bacco, Cayoren semea, Galeria tribukoa, jatorriz Lyongoa, traziarren lehen kohorteko soldadua, 38 urtez bizi izan zena, armadan 15 urtez zerbitzatu zuena, Antistio Attico eta (Antistio) Bassio, bere oinordekoek eraikiarazi zuten (monumentu hau).»

Inskripzioa aurrekoaren garaikidea da funtsean. Hildakoa oturuntzako eszena batean antzezten da, ohi bezala. Aurrekoan ez bezala, hemen erliebeak bizitza zibila eta inskripzioa egitea agindu zuen pertsonaiaren izaera zibilizatua eta erromanizatua nabarmentzen ditu. Grabatua ederra da eta lotura batzuk erakusten ditu (TI, LI, NI, NN, VM). Kohorteko infanteriako soldadu laguntzailea (auxilia) da. Esan beharra dago, tropa laguntzaile batean zerbitzatzen bazuen ere, Baco erromatar hiritarra zela eta bere aita bera baino lehenagotik ere hala zela. Herritarraren izena osorik dago hemen, bere hauteskunde-tribua[oh 1] adierazten baitu. Lyongoa (Lugdunum) da jatorriz, eta Iulius bere gentilizioa (nomena) Julio Zesar edo Augustorenganaino eramaten du bere familiaren herritartasuna.

Doliumetako eta zeramikazko beste objektuen epigrafia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zenbakiak adierazteko grafitoak dituen dolium zati bat. Villa Petrària (carrer de Miguel Amat), goi eta behe imperioa, Museu Dámaso Navarro, Petrer.

Zigiluak edo ebakiduraz egindako ikurrak edo letrak zituzten produktuen artean, sukaldeko ontziak (Terra Sigillata, adibidez), anforak eta doliumak, besteak beste, fabrikatzeko industria bat sortu zen. Langileak, gehienak esklaboak eta libertoak, industria horretan enplegatuak, doliarii izena zuten. Antzinako erromatarrek, opus doliare de figlinis, opus doliare figlinum terminoen pean, eguzkitan lehortutako edo sutan egositako lurrarekin egiten zen guztia izendatzen zuten. Zeramikazko lan horiek zeinuak, karaktereak, hitz bakanak edo formula oso eta askotarikoak ziren inskripzioak jaso zituzten.[2] Hedaduraz, doliumetako epigrafia edalontzi, anfora, azuleju, adreilu eta testu txikiz estalitako zeramikazko obra txiki guztiei ere badagokie.[3] Doliiumetako epigrafiak geografia topografiko, kronologiko eta komertzialaren ikerketan lagun dezake eta inperioaren garaiko behe-klaseen lanaren ikuspegi interesgarria ematen du.

Gens Domitiaren historiak duintasun inperiala eskuratzera iritsi zen, eta horrek erakusten du dirutza ikaragarria egin zitekeela doliumen fabrikazioan, haien aberastasuna industriari horri zor baitzitzaion parte handi batean. Inskripzioak aztertzeak aukera ematen du Domitia familiaren ondarearen zati garrantzitsu bat osatzen zuten doliumen ekoizpenerako establezimenduen jabetza eta transmisio heredatuak jarraitzeko.[2]

Corpus garantzitsu batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohikoa da, epigrafiako idazlanetan edo bildumetan, erabili diren corpusak laburdura bidez aipatzea. Idazlanaren hasieran edo bukaeran, laburdura horiek azalatzen dira. Bilduma online bada, web-guneko atal batean azalduko dira, adibidez, EDCS-en agertzen diren bezala. (ikus: «Epigraphische Datenbank Clauss-Slaby - Home» db.edcs.eu (Noiz kontsultatua: 2024-09-23).)

  • L'Année épigraphique (AE). René Cagnatek 1888an Jean-Guillaume Feignonen laguntzarekin sortutako paperezko argitalpen frantsesa da. Latinezko inskripzio gehienak identifikatzen ditu.
  • Corpus Inscriptionum Latinarum (CIL) Theodor Mommsenek XIX. mendean sortu zuen eta ordutik etengabe eguneratzen ari da, mundu osoan aurkitu diren latindar inskripzio guztiak bilduz.
  • EE (Ephemeris epigraphica, Corporis inscriptionum latinarum gehigarria): CIL osagarriak. 9 liburuki, 1872tik 1913ra bitartekoak.
  • Carmina Latina Epigráfica ( CLE)
  • Inscripciones Latinae selectae (ILS)
  • Registrado Regni Nepolitani Latinae (IRNL)
  • Inscripciones italianas (II)
  • Die Deutschen Inschriften, 1942-... (89 zenbaki 2013 arte).
  • Inscripciones Christianae Urbis Romae septimo saeculo antiquiores (ICUR)
  • Inscripciones Christianae Italiae seprimo saeculo antiquiores (AQUÍ)
  • Inscripciones Latinae Christianae Veteres (ILCV)
  • Corpus de inscripciones de la Francia medieval
  • Inscripciones Medii Aevi Italiae (saecula VI-XII) (IMAI)
  • Roman Inscriptions from Britain (RIB)
  • Hispania Epigraphica (HE)
  1. Hauteskunde tirbua, gizon hiritar bati zegokion bozka-taldea zen. Erromako Errepublikan sentsu geihago zeukan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Abbreviations in Latin Inscriptions» ASGLE: The American Society of Greek and Latin Epigraphy | Société americaine d'épigraphie grecque et latine 2016-01-10.
  2. a b (Frantsesez) Auguste, Geffroy.. (1886). «L'épigraphie doliaire chez les Romains» Journal des savants:: 163-175, 239-251, 361-370, 425-435...
  3. (Frantsesez) «L'Épigraphie doliaire» Annales de la Société historique et archéologique de Château-Thierry.

Bibliografia orokorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Cagnat, René (1914). Cours d'épigraphie latine
  • Cébeillac-Gervasoni, Mireille; Caldelli, Maria Letizia; Zevi, Fausto (2006). Épigraphie latine. Histoire. Les outils de l'histoire (frantsesez). Paris: Armand Colin. 333 orri. ISBN 2-200-21774-9.
  • Paul Corbier, L'Épigraphie latine, Paris: Sedes, 1998, 192 orri.
  • (Alemanez) Knud Paasch Almar, Inscriptiones Latinae. Eine illustrierte Einführung in die lateinische Epigraphik, Odense University Press, 1990, 570 orri. ISBN 87-7492-701-9
  • Alfredo Buonopane, Manuale di Epigrafia Latina. Erroma : Carocci editore, 2009. ISBN 978-88-430-4815-1 espan88-430-4815-1
  • Ida Calabi Limentani, Latin Epigrafia, Bologna, Cisalpino, 1991. ISBN 88-205-0627-0 .
  • Jean-Marie Lassère (2011). Manuel d’épigraphie romaine. Paris : Picard, Antiquité/Synthèses no 8, 2 liburuki., 576 eta 608 orr., 142 irudi. (3. edizioa berrikusia eta handitua, 1.go argitaldia 2005ean).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]