Lau Katu Beasain
![]() | |
| Mota | Animalien babeserako elkartea |
|---|---|
| Jarduera | Kale-katuen koloniak zaintzea (HEI metodoa: Harrapatu, Esterilizatu eta Itzuli) |
| Xedea | Kale-katuen ongizatea |
| Sortze-data | 2017ko urtarrilaren 23a |
| Sorrera lekua | Beasain, Gipuzkoa |
| Egoitza | Beasain, Euskal Autonomia Erkidegoa |
| Jarduera eremua | Beasain, Gipuzkoa |
| Hizkuntza | Euskara eta gaztelania |
| Lehendakaria | Ane Zudaire Fernández |
| Afiliazioak | Beasaingo Udala (elkarlana) |
| Webgunea | laukatubeasain.weebly.com |
Lau Katu Beasain Beasaingo (Gipuzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoa) animalien babeserako irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, 2017 urtean sortua udalerriko kale-katuen ongizatea eta kudeaketa etikoa sustatzeko helburuarekin.
Lau Katu Beasainek Beasaingo Udalarekin sinatutako hitzarmen baten bidez[1] eta boluntario talde baten lanari esker kudeatzen ditu Beasainen dauden katu komunitarioen koloniak. Horretarako, HEI metodoa (Harrapatu-esterilizatu-itzuli) erabiltzen du, kalean bizi diren katuen populazioa modu kontrolatuan eta jasangarrian mantentzeko. Halaber, esterilizazio-kanpainak, albaitaritza-arreta, adopzio-programak, elikadura antolatua eta harrera-etxeen sarea bultzatzen ditu, katu horien osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko, hala nola euskadiko animalien babeserako legearekin bat eginez.[2][3]
Era berean, elkarteak sentsibilizazio lana egiten du herritarren artean, jabetza arduratsua, kale-katuenganako errespetua eta elkarbizitza baketsua sustatzeko. Horretarako, gizarte komunikabide digitalen bidez, komunikabideekin elkarlanean eta udal-kanpainetan parte hartuz jarduten du, katu komunitarioen eta beasaindarren arteko bizikidetza hobea lortzeko xedearekin.[4][5]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lau Katu Beasain elkartea 2017an sortu zen, Beasaingo kaleetan bizi ziren katu komunitarioen egoeraz kezkatuta zeuden bizilagun talde baten ekimenari esker. Garai hartan Udalak ez zuen katu komunitarioak zaintzeko edo haien populazioa modu antolatuan kudeatzeko programarik, eta horrek hainbat pertsona elkartzera bultzatu zituen, felino-kolonien tratamendu etiko eta jasangarria martxan jartzeko: ugalketa-kontrola, albaitaritza-arreta eta kale-katuen jarraipena eta babesa barne.
Ekintza hauek Beasaingo kale-katu kolonien zaintza antolatua abiarazi zuen.
Elkartea formalki 2017ko urtarrilaren 23an eratu zen, eta Euskadiko Elkarteen Erregistroan AS/G/20875/2017 zenbakiarekin inskribatu zuten. [6] Hasieratik, Lau Katu Beasainen jarduera Beasaingo Udalarekin elkarlanean garatu zen, batez ere HEI (harrapatu-esterilizatu-itzuli) metodoaren bidez, felino-kolonien erroldaketa eta kudeaketa etikoa gauzatzeko.

Lehen urtean, elkarteak 28 katu esterilizatu zituen Beasaingo hainbat gunetan, eta horrela hasi zen udalerriko kale-katu kolonien populazioaren kontrol progresiboa eta haien osasun-egoeraren segimendua egiten.[7] Ondorengo urteetan jarduera hori sendotu egin zen: esterilizazio-kanpainak, katu gaixoen edo galdutako katuen erreskatea eta adopzio programak indartu ziren, eta herritarren sentsibilizazio-lana areagotu zen, prentsaren eta sare sozialen bidez.
2018an elkartearen hasierako zuzendaritza-batzordea berritu zen, kide fundatzaileak ordezkatuz; zuzendaritza berriak proiektuari jarraipena eman zion, funtzionamendu praktikoan aldaketa txiki batzuk eginez. Denborarekin, Lau Katu Beasain eta Beasaingo Udala arteko harremana indartu egin zen, eta 2021ean bi aldeek katu-kolonien kudeaketa eta kontrol etikorako elkarlana publiko egin zuten hitzarmen baten sinadudaren bidez, garbitasun- eta osasun-arazoak gutxitzeko eta elikadura antolatua bultzatuz.[8] 2024an Lau Katu Beasain eta Beasaingo Udalak kolonien kudeaketan hobekuntzak iragarri zituzten, elikatzaileentzako baimenak banatuz eta elikadura arautua indartuz.[9][10]
Urte hauetako lankidetza etengabearen emaitza gisa, 2025ean Beasaingo Udalak Kolonia Felinoen Kudeaketa Etikorako Programa onartu zuen, udal langileen, pertsona akreditatuen eta elkartearen jarduna arautzeko marko parte-hartzailea ezarriz.[11] Programa horri esker, elkartea Beasaingo katu komunitarioen kudeaketarako erreferentziazko eragile bihurtu da.[12] Gainera, urte berean Udalak eta elkarteak lankidetza-hitzarmena berritu edo berretsi zuten, kolonia felinoen kudeaketa etikorako oinarri instituzionala egonkortzeko asmoarekin.[13]
Kale-katuen kolonien kudeaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kale-katuen kolonien kudeaketa da Lau Katu Beasain elkartearen jardunaren ardatz nagusietako bat. HEI metodoa oinarri hartuta, elkarteak kolonia bakoitzaren jarraipena eta kontrola egiten du, katuen ongizatea bermatu eta populazioa modu etikoan egonkortzeko. Horretarako, elikatzaile eta zaintzaileen sarea koordinatzen du, Udalarekin elkarlanean elikadura arautua eta baimendua sustatuz, eta kolonia bakoitzean sor daitezkeen beharrak edo gorabeherak garaiz artatuz.
Harrapatu-esterilizatu-itzuli
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lau Katu Beasain elkartearen jarduera nagusia Beasaingo katu-kolonien kudeaketa etikoa da, HEI metodoaren bidez (harrapatu-esterilizatu-itzuli). Sistema horren bitartez, kalean bizi diren katuak harrapatu, antzutu eta beren ohiko bizilekura itzultzen dira, populazioa egonkortzeko, katuen osasuna hobetzeko eta auzo-gatazkak murrizteko.[14][15]

Modu seguruan harrapatutako kale-katuak, albaitaritza kliniketara trasladatzen dira eta bertan, esterilizatzeaz gain, desparasitazioa, txertaketa, belarri markaketa, mikrotxipa ezartzea eta osasun-balorazio orokorra egiten zaizkie, hala nola behar dutenei tratamendua jartzen zaie. Berreskuratu ondoren, jatorrizko koloniara itzultzen dira. [14][15]
HEI metodoaren aplikazioa kontrolik gabeko ugalketa saihesten du, nahi ez diren kumaldien kopurua murriztuz eta katu-kolonien osasun orokorra hobetuz. Esterilizatutako katuek ez dute beroaldirik izaten eta gatazka gutxiago sortzen dituzte, zaratak eta usain-markak gutxituz. Bestalde, katuak bere lurraldean mantentzeak “hutsune-efektua” ere ekiditzen du, hau da, beste katu batzuek gunea birkolonizatzea.[14][15][16]
Sistema hau zientifikoki frogatuta dago komunitateko katuen kudeaketarako modu etiko eta eraginkorrena bezala[17][18][19][20][21][22][23][24][25], eta 2022tik aurrera EAEko udal guztientzat derrigorrezkoa da.[26]

2024an, HEI programaren barnean Lau Katu Beasainek guztira 38 katu esterilizatu zituen udalerrian (23 eme eta 15 ar), gero beren kolonietara itzuli zirenak. Esterilizazio-kanpainak batez ere herriko auzoetan eta hiriguneko kaleetan egin ziren, eta, era berean, baserri eta baratzeetako eremu pribatuetara ere zabaldu ziren. Horrez gain, aurretik lanean hasitako kolonietan jarraipena eman zitzaion. 2025ean, berriz, 34 katu esterilizatu ziren (21 eme eta 13 ar), udalerriko hainbat gunetan egindako esku-hartzeen bidez.[27] Helburu estrategikoa da kolonia bakoitzean katuen gutxienez %50 esterilizatzea populazioaren hazkundea gelditzeko, eta aurrerago %80ra iristea, populazioa pixkanaka murrizten hasi dadin.[28][29]
Katu gaixoak, larrialdiak eta erreskateak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
HEI programaren osagarri, Lau Katu Beasainek kalean agertzen diren katu gaixoak, zaurituak edo larrialdiko kasuak artatzen ditu. Horretarako, boluntario sareak abisuei erantzuten die eta, posible denean, katuak harrapatu eta albaitaritza-arreta jasotzera eramaten dira. Beharrezko tratamenduaren ondoren, koloniara itzultzen dira edo, soziableak badira, adopzio-programara bideratzen dira.

Elkarteak bestelako erreskate lanak ere egiten ditu: etxeko katu galduak berreskuratzea, istripuak izan dituztenak jasotzea (adibidez, leiho edo balkoitik erorita zauritu direnak) edota abandonatuta agertzen direnak babesean hartu. Behin erreskatatuta, mikrotxiparen irakurgailua pasatzen zaie; identifikatuta badaude, lehenbailehen euren jabeengana itzul daitezen.[30][31][32][33]
Harrera-etxeak eta adopzio-programa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kolonian moldatzea zaila egiten zaien, gizakiekin sozialagoak diren, arreta berezia behar duten edo abandonatuta agertu diren katuentzat, elkarteak harrera-etxeen sare bat eta adopzio-programa bat garatu ditu.
Adopziorako hautatzen diren katuak gutxienez bi astez egoten dira harrera-etxe batean, non desparasitazioa, txertaketa, mikrotxipatzea, gaixotasunen tratamendua, birus-probak eta esterilizazioa (dagokienean) jasotzen dituzten.
Adopzio-protokoloari dagokionez, prozesua interesdunek formulario bat betetzen dutenean hasten da, edo elkartearen helbide elektronikora idatziz harremanetan jartzen direnean. Ondoren, adoptatzaileekin elkarrizketa pertsonala egiten da, epe luzerako ardura eta zaintzari buruzko informazioa emateko eta haien egokitasuna baloratzeko. Azkenik, interesdunak egokiak badira, adopzio-kontratua sinatzen da, animalia ongizate-baldintza egokietan edukitzeko konpromisoarekin eta, kumeen kasuan, esterilizazioa egiteko betebeharrarekin.
Koloniako zaintzaile sareak eta elikadura antolatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kolonien kudeaketa egokia bermatzeko, funtsezkoa da elikatzaile eta zaintzaileen lana. Udalarekin elkarlanean, Beasainen 2024an zaintzaile-txartela ezarri da felino-koloniak elikatzen dituzten pertsona baimenduentzat. Kolonietako arduradunek, gainera, jardunbide egokien jarraibideetara atxiki behar dute: katuak adierazitako lekuetan (elikadura-puntu egokietan) eta elikagai egokiarekin elikatuz, ingurunea garbi eta txukun mantenduz, HEI lanetan lagunduz, eta kolonian gertatzen den edozein aldaketa edo izidentzia elkarteari berehala jakinaraziz.
Koordinatu gabeko elikadura ezkutua eta desantolatua kaltegarria da bai katuentzat, bai auzokideen arteko bizikidetzarentzat, eta HEI proiektuaren aurka doa.[9][10]
Kolonien babesa eta gertakari kaltegarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lau Katu Beasain elkarteak kale-katu kolonien jarraipen etengabea egiten du, ez bakarrik populazio-kontrolaren eta osasun-arretaren ikuspegitik, baita hauen segurtasuna bermatzeko ere. Jarduera horren baitan, elkarteak kolonien aurkako ekintza kaltegarriak atzeman eta salatu izan ditu.[34]
Beasaingo Udalak ere ohartarazi izan du felino-kolonietan pozoia agertu izanaren inguruan, eta herritarrei eskatu die halako gertakarien aurrean berehala abisatzeko, jarduera horiek legearen aurkakoak direla azpimarratuz.[35]
Heziketa eta sentsibilizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lau Katu Beasain elkartearen jardunaren osagai garrantzitsu bat herritarren arteko heziketa eta sentsibilizazioa da. Elkarteak helburu iraunkortzat dauka katuenganako, bereziki kalean bizi diren katu komunitarioenganako, enpatia eta errespetua sustatzea, bai sare sozialen, bai egunerokoan bizilagunekin duen harreman zuzenaren bidez.

Hedapen-lan horren barruan, elkarteak tokiko ekitaldietan parte hartzen du eta informazio-postuak jartzen ditu bere lana ezagutarazteko, horien artean Beasaingo Udalak antolatzen dituen Herriko Elkarteen Egunak.[36][37] Ekitaldi horietan, baita komunikabideen bitartez ere,[38] elkarteak kolonia-katuak etxeko animalia direla eta, kalean bizi arren, elikadura, osasuna eta ongizatea izateko eskubidea dutela gogorarazten du. Baita ere HEI metodoaren bidez esterilizazioa egitea populazioa kontrolatzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko garrantzia azpimarratzen du. Era berean, elkarteak elikadura eta kudeaketa garbi, txukun eta zibikoa sustatzen du, eta “kale-katu zoriontsu eta autosufizientea”ren ideia gezurtatu egiten du, katu horiek praktikan arrisku eta gaixotasunen aurrean kalteberri direlako.

Sentsibilizazio-lanaren beste ardatz bat jabetza arduratsuaren hedapena da. Elkarteak abandonua murriztea eta adopzioa sustatzea du xede, eta horretarako herritarrei informazioa ematen die katuak etxean arduraz edukitzeari buruz. Besteak beste: epe luzerako konpromisoa, zaintzaren inguruko informazioa,[39][40][41] albaitaritza-arretaren garrantzia,[42] esterilizazioaren betebeharra, etxetik erortzea edo galtzea prebenitzeko segurtasun-neurriak (leiho eta balkoietako babesak, adibidez)[43] eta mikrotxiparen bidezko identifikazioaren derrigortasuna.[44]
Komunikazio-kanalei dagokienez, 2024an elkarteak hedabideetan eta sarean presentzia aktiboa izan zuen. Urtarrilean Goierri Telebistako Urrutiajunbe saioan parte hartu zuen, Beasaingo felino-kolonien kudeaketa etikoa azaltzeko eta HEI metodoaren onurak herritarrei modu ulergarrian helarazteko.[45] Horrez gain, elkarteak Facebook eta Instagram-eko kontuak etengabe erabiltzen ditu informazioa zabaltzeko.
2025eko azaroaren 11n,[46] elkarteak beste urrats bat eman zuen gazteen artean kontzientziazioa indartzeko: Goierri Eskola ikastetxearekin lankidetza iragarri zuen, ikasturtean zehar zenbait proiektu garatzeko asmoz. Lankidetza horren helburua da ikasleen artean sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta dibulgazioa lantzea, animalien ongizatearen, katu komunitarioen errespetuaren eta HEI metodoaren garrantziaren inguruan.

Azkenik, Lau Katu Beasainek antolatzen dituen elikagai-bilketa eta diru-bilketa ekitaldiak ere dibulgazio- eta kontzientziazio-tresna gisa erabiltzen ditu. Janari-jasoketak eta gabonetako postuak aukera eman zuten herritarrei HEI metodoa, kolonien kudeaketa etikoa eta adopzio arduratsua azaltzeko, eta proiektuan parte hartzeko moduak ezagutarazteko.[47][48][49][50]
Udalaren 2025eko Beasaingo katu-kolonien kudeaketa etikorako programak ere herritarren kontzientziazioaren beharra azpimarratzen du abandonuak saihesteko eta elkarbizitza hobetzeko funtsezkotzat jo eta elkartearen lan-ildoa indartuz.[51]
Finantzaketa eta baliabideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lau Katu Beasain elkarteak finantzaketa mistoa erabiltzen du bere lana aurrera eramateko. Iturri publiko nagusia Beasaingo Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenetatik dator. Adibidez, 2024an Udalak 7.500 euroko dirulaguntza eman zion elkarteari, eta 2025ean ekarpen hori handitu egin zen, 12.000 eurora igoz.[52] Diru-partida horien helburua HEI programarekin lotutako jarduerak finantzatzea da, bereziki kale-katu kolonien kudeaketa, albaitaritza-arreta, elikadura antolatua, erreskateak eta adopzio-programa.[52]
Laguntza ekonomikoaz gain, Udalak baliabide materialak ere jartzen ditu elkartearen esku, hala nola harrapaketa- eta kudeaketa-materiala (kaiolak, sareak, garraio-kutxak, harrera-etxeetarako baliabideak eta abar) biltegiratzeko tokia udal garajean. [52]

Tamalez, udal-ekarpenak ez dira beti nahikoa urte osoko beharrei erantzuteko;[53][54] horregatik, elkarteak finantzaketa osagarria bilatzen du herritarren ekarpenen bidez. Iturri pribatu nagusien artean daude bazkideen kuotak,[55] dohaintza puntualak zein jarraituak, Teaming plataformaren bidez jasotako ekarpenak,[56] komertzio laguntzaileetan jarritako itsulapikoen bidezko diru-sarrerak eta noizbehinkako diru-bilketa ekimenak.[57]
Azkenik, elkarteak funtsezkotzat jotzen ditu kontabilitatean zuzenean islatzen ez diren baina eguneroko jarduna sostengatzen duten baliabideak ere: albaitaritza-kliniken deskontuak, doan egindako kontsultak, kolonia batzuen elikadura eta desparasitazioa boluntarioek bere gain hartzea, harrera-etxeetako mantenu-gastuen zati bat, eta boluntarioek egindako garraio- zein denbora-ekarpena, besteak beste. Baliabide “ez-ikusgarri” horiei esker, Lau Katu Beasainek udalerriko katu komunitarioei arreta jarraitua eta egonkorra eman diezaioke.
Barne antolaketa eta boluntariotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elkartearen ordezkaritza instituzionala lehendakaritzak eta zuzendaritza-organoek eramaten dute. 2018an zuzendaritza-batzordea berritu zen, kargu fundatzaileak ordezkatuz eta Ane Zudaire Fernández lehendakari izendatuz.
Lau Katu Beasain irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta boluntarioen lanari esker funtzionatzen du. Elkarteak HEI programa, kale-katu kolonien jarraipena eta elikatzaile-sarearen koordinazioa boluntarioen eskuragarritasunaren arabera antolatzen ditu.
Boluntario-sareak funtzio anitz betetzen ditu: kolonietako katuen behaketa eta jarraipena, harrapaketak eta kliniketara garraioa, esterilizazioen osteko zaintza, larrialdien eta erreskateen kudeaketa, harrera-etxeen koordinazioa, adopzio-prozesuen jarraipena eta komunikazio- eta sentsibilizazio-lanak, besteak beste. Elikatzaile eta zaintzaile taldeekin elkarlanean aritzen da elkartea, eta pertsona horiei udal-akreditazio baimena lortzeko eta elikadura antolatuan jarduteko orientazioa ematen ematen die.[52]
Tokiko lanaz gain, elkarteak beste udalerri eta elkarteekin sarean jarduten du, esperientziak eta baliabideak partekatuz. Lazkao, Legazpia eta Ordiziako katu-kolonien kudeaketan diharduten elkarteekin lankidetza estua du, eta Gipuzkoako animalien babeserako beste 24 elkarteekin ere harreman iraunkorra mantentzen du.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «Ayuntamiento y Lau Katu Beasain colaboran en el control y gestión de la población felina» Beasaingo Udala 2021-04-16 (kontsulta data: 2025-11-19).
- ↑ Euskal Autonomia Erkidegoko Animalien Babeserako Legea, 9/2022 Legea. (kontsulta data: 2025-11-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Elkartea. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain elkartearen Instagram-eko perfila. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain elkartearen Facebook-eko perfila. .
- ↑ (Gaztelaniaz) «LAU KATU BEASAIN (KATUEN LAGUNEN ELKARTEA / ASOCIACIÓN DE AMIG@S DE LOS GATOS)» www.euskadi.eus 2017-01-04 (kontsulta data: 2025-11-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain elkarteak 28 katu antzutu ditu lehen urtean. (kontsulta data: 2025-11-07).
- ↑ «Beasaingo Udala eta Lau Katu Beasain elkartea katu-kolonien kudeaketa eta kontrolerako elkarlana» Beasaingo Udala 2021-04-16 (kontsulta data: 2025-11-20).
- 1 2 «Katu-kolonien kudeaketan eta kontrolean hobekuntzak» Beasaingo Udala 2024-11-20 (kontsulta data: 2025-11-20).
- 1 2 (Gaztelaniaz) Ayestaran, Eider Cáceres. (2024-11-20). «Beasain emitirá acreditaciones para las personas interesadas en cuidar y alimentar a los gatos callejeros» Noticias de Gipuzkoa (kontsulta data: 2025-11-20).
- ↑ «Beasaingo katu-kolonien kudeaketa etikorako programa» Beasaingo Udala 2025-10-31 (kontsulta data: 2025-11-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) AEGECOF Instagrameko perfilean Lau Katu buruzko publikazioa. .
- ↑ Convenio de colaboración entre el Ayuntamiento de Beasain y la Asociación Lau Katu de Beasain para la gestión ética de colonias felinas. Beasaingo Udala 2025-07-14.
- 1 2 3 (Gaztelaniaz) Directriz Técnica de la Dirección General de los Derechos de los Animales Sobre Gestión de Poblaciones Felinas. .
- 1 2 3 (Gaztelaniaz) Morales Pérez; Pérez Luzardo; Zaldívar Laguía. (2023). Guía integral del CER para la correcta aplicación de un proyecto de control de colonias felinas (captura, esterilización y retorno) con perspectiva veterinaria, jurídica y ecosistémica. .
- ↑ (Ingelesez) “The Vacuum Effect: Why Catch and Kill Doesn’t Work”. .
- ↑ (Ingelesez) Levy; Gale; Gale. (2003). «Evaluation of the effect of a long-term trap-neuter-return and adoption program on a free-roaming cat population» Journal of the American Veterinary Medical Association - AVMA: 42–46..
- ↑ (Ingelesez) Spehar; Wolf. (2019). «Back to School: An Updated Evaluation of the Effectiveness of a Long-Term Trap-Neuter-Return Program on a University's Free-Roaming Cat Population» Animals 9 (10).
- ↑ (Ingelesez) Kreisler; Cornell; Levy. (2019). «Decrease in Population and Increase in Welfare of Community Cats in a Twenty-Three Year Trap-Neuter-Return Program in Key Largo, FL: The ORCAT Program» Frontiers in Veterinary Science 6 (7).
- ↑ (Ingelesez) Nunes Junqueira; Diniz Galera. (2024). «Evaluation of Population Management Based on Trap–Neuter–Return and Trap–Neuter–Adoption Practices in a Free-Roaming Cat Colony in the Federal District, Brazil» Animals 14 (17).
- ↑ (Ingelesez) Zito; Aguilar; Vigeant; Dale. (2018). «Assessment of a Targeted Trap-Neuter-Return Pilot Study in Auckland, New Zealand» Animal 8 (5).
- ↑ (Ingelesez) Natoli; Maragliano. (2006). «Management of feral domestic cats in the urban environment of Rome (Italy)» Preventive Veterinary Medicine 77 (3-4).
- ↑ (Ingelesez) Spehar; Wolf. (2017). «An Examination of an Iconic Trap-Neuter-Return Program: The Newburyport, Massachusetts Case Study» Animals 7 (11).
- ↑ (Ingelesez) Luzardo Pérez; Vara-Rascón; Dufau; Infante; Travieso-Aja. (2025). «Four Years of Promising Trap–Neuter–Return (TNR) in Córdoba, Spain: A Scalable Model for Urban Feline Management» Animals 15 (4).
- ↑ (Ingelesez) Trap-Neuter-Return Effectively Stabilizes and Reduces Feral Cat Populations – Case Studies. .
- ↑ Euskal Autonomia Erkidegoko Animalien Babeserako Legea, 2022
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2026, otsailak 23). 2025eko lanaren laburpena. Instagram argitalpena. .
- ↑ (Ingelesez) Mc Carthy; Levine; Reed. (2013). «Estimation of effectiveness of three methods of feral cat population control by use of a simulation model» Journal of the American Veterinary Medical Association - JAVMA 243(4).
- ↑ (Ingelesez) Hostetler; Wisely; Johnson; Pienaar; Main. How Effective and Humane Is Trap-Neuter-Release (TNR) for Feral Cats?. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2024, azaroak 16). Grumpy katutxoaren erreskatea. Instagram argitalpena. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2025, uztailak 11). Azken egunotako erreskate eta esku-hartze ugari Beasainen. Instagram argitalpena.. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2025, urriak 31). Minka katutxoaren erreskatea. Instagram argitalpena.. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2025, azaroak 17). Mai eta Chavoren erreskateak. Instagram argitalpena.. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2025, ekainak 18). Komunikatua: Beasaingo kolonia batean pozoitze-saiakera. Instagram argitalpena. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Beasaingo Udalaren albistea, kolonia batean pozoia agertu dela ohartaraziz. .
- ↑ Elkarteen inguruko informazio-ekitaldia, Beasaingo Udalaren sare sozialetan Lau Katu Beasainen argazkiarekin ilustratua. (kontsulta data: 2025-11-07).
- ↑ Beasain, bere elkarteen lanaz harro. (kontsulta data: 2025-11-07).
- ↑ Lau Katu Beasain elkartearen lanak bizikidetza eta katuen ongizatea sustatzen ditu. (kontsulta data: 2025-11-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2024, uztailak 18). Katuen desparasitazio egokia eta antiparasitarioen eta repelenteen arteko aldea. Instagram argitalpena.. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2025, uztailak 26). Katutxoen sozializazio egokiaren garrantzia eta bakarrik ez haztearen beharra. Instagram argitalpena.. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2025, otsailak 10). Katuarentzako transportin egokia aukeratzearen garrantzia. Instagram argitalpena.. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2025, urtarrilak 19). Katuen urteko albaitaritza-azterketen garrantzia eta prebentzioa. Instagram argitalpena.. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2024, uztailak 2). Balkoi eta leihoak babestearen garrantzia, erorketak saihesteko. Instagram argitalpena. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2025, uztailak 15). Esterilizazioa eta mikrotxipa derrigorrezkoak dira, eta katuen babes legalari buruzko oharrak. Instagram argitalpena.. .
- ↑ Urrutiajunbe saioan Lau Katu Beasain elkartearen lana. (kontsulta data: 2025-11-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2025, azaroak 11). Lau Katu Beasain eta Goierri Eskola ikastetxearearen arteko elkarlanaren berria. Instagram argitalpena.. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2023, urriak 6). Ordiziako Eroskin elikagai-bilketa kolonietako eta adopzioan dauden katuentzat. Instagram argitalpena.. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2024, apirilak 4). Eroski Center Beasainen dohaintza- eta elikagai bilketa. Instagram argitalpena. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2024, apirilak 5). Eroski Center Beasainen informazio-mahaia eta dohaintza-bilketa. Instagram argitalpena.. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2024, urriak 15). Ordiziako Eroskin animalientzako elikagai-bilketa kanpainaren deialdia. Instagram argitalpena.. .
- ↑ Beasaingo katu-kolonien kudeaketa etikorako programa. (kontsulta data: 2025-11-07).
- 1 2 3 4 Beasaingo Udalaren eta Lau Katu Beasain elkartearen arteko lankidetza hitzarmena, kolonia felinoen kudeaketa etikorako. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2023, otsailak 8). Udalaren partidak ez dira nahikoak eta bazkide/donatzaileen laguntzagatik eskerrak. Instagram argitalpena.. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2025, irailak 29). Udalaren hitzarmeneko diru-laguntza agortu da eta elkarteak bere baliabideekin jarraituko du. Instagram argitalpena. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2025, uztailak 10). Argitalpena: HEI proiektua sostengatzeko bazkide egiteko deialdia. Instagram argitalpena. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2025, abuztuak 2). Teaming bidez hilean 1 € emateko deialdia elkartea erraz babesteko. Instagram argitalpena. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Lau Katu Beasain. (2022, abenduak 6). Abenduaren 18ko postu solidarioaren deialdia eta elkartearen lana ezagutarazteko gonbita. Instagram argitalpena.. .
