Edukira joan

Lekaroz erretzea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lekaroz erretzea
Lehen Gerra Karlista
Data1835eko martxoaren 14a
LekuaLekaroz (Baztan) Nafarroako Foru Erkidegoa

Lekaroz erretzea errepresalia ekintza bat izan zen, Lehen Gerra Karlistan egindakoa, 1835eko martxoaren 14an, Francisco Espoz Mina jeneral liberalaren aginduz. Gertaera hartan, Baztango Lekaroz herria suntsitzeaz gain, hiru bizilagun fusilatu zituzten.[1]

1835eko maiatzaren hasieran, Elizondo liberalen mende zegoen. Baina karlistek, Jose Migel Sagastibeltza buru, herria inguraturik zeukaten, eta kanoiekin bonbardatzen zuten. Setioa hausteko asmoz, Francisco Espoz Mina jeneral liberala Iruñetik Elizondo aldera abiatu zen gudaroste batekin. Tomas Zumalakarregi bidera atera zitzaion, eta martxoaren 12an gogorki borrokatu ziren Larremiarren. Karlistak nagusitu baziren ere, Espoz Minak Elizondora pasatzea lortu zuen, amarru baten bidez bidea libratuta: mezu bat idatzi omen zuen, Zumalakarregiren izenez sinaturik, eta horrela Joaquín Elio jeneral karlista engañatu.[1]

Orduan Espozekin zebilen eta denboraren buruan jenerala eta idazle ospetsua izatera iritsi zen Antonio Ros Olanok idatzirik utzi zuen Lekarozen maiatzaren 14an gertatutakoa. Egunsentia baino lehen irten ziren Elizondotik[oh 1] gorputz franko batzuk,[oh 2] Lekarozko alkatearentzako gutun itxi bat zeramatenak, eta herriaren jabe egin ziren. Jeneral nagusiaren aginduz, bertako bizilagunak herriko plazan bildurik egon ziren armadaren zain. Hogeitaka lagun ziren, denak adinekoak, igandeetako arroparekin jantzirik; gazterik ez zen.[1]

Jenerala agertu zelarik, agureek inguratu eta euskaraz agurtu zuten. Espoz Mina ere euskaraz mintzatu zitzaien, mehatxu eginez: kanoiak non zeuden erran ezean, herria erre eta biztanleak hilaraziko zituen. Lekaroztarrek kanoiez deus ere ez zekitela erantzun zioten. Bigarren aldiz galdera bera egin zien, eta erantzun berdina jaso. Orduan herritarrak lerroan paratzeko eta bosnaka zenbatzeko agindu zuen; bosgarrenari eskuak lotzen zizkioten, ondoren fusilatzeko. Era horretan, zazpi lekaroztar bereizi zituzten hiltzeko,[oh 3] baina azkenean hiru fusilatu zituzten: Juan Bautista Barrenetxe alkatea, Martin Meoki eta Juan Martin Goñi.[1][2] Beste lauak gatibu eduki zituzten karlisten artilleria piezak (bi mortero eta obus bat) atzeman zituzten arte; gero libre geratu ziren.[1]

Bien bitartean, León Iriarte Zarandaja-ren txapelgorriek zuziak piztu eta su eman zioten herriari. Lekaroz osoa kiskali zen, eliza eta hiru etxe izan ezik.[1] Egun hartan bertan, Espoz Minak aldarrikapen bat idatzi zuen Narbarten, Lekarozen gertatutakoa bere gain hartuz, eta karlisten alde jokatzen zuten guztiek patu berdina izanen zutela ohartaraziz.[3] Hala ere, ekintza horrek zeresan handia sortu baitzuen, Espoz jenerala ahalegindu zen bere burua zuritzen "Memorias del general" liburuan.[1]

Lekaroz erretzeari buruzko 11 bertso hauek Jose Ariztimuñoren bilduman aurkitu ziren, Jabier Lazkozek bidaliak. Egile eta data ezezagunekoak dira, baina Lehen Karlistaldia amaitu ondoren idatzi izanen ziren, "zazpi urteko gerra" izan zela erraten baitute:[1]

1) Zazpi urteko gerran,
karlisten denboran,
agindaria Mina
gobernu aldean;
Belate aldetik dator
zerbaiten billean:
jarri tropa aundiarekin
Baztango ballean.

2) Zazpi urteko gerran
karlisten agindari:
euskalduna Don Tomas
Zumalakarregi;
ordun Baztan osua
zen zapela gorri,
bañan egizkoena
Lekarotzko erri.

3) Bordazuri gañetik
tiroz zirikatzen,
karlisten soldaduek
kalte aundi egiten;
eta Mina Elizondon
bakerik ez artzen,
karlisten gibeletik
bidia omen du artzen.

4) Lekarotzko erria,
mirabe ta nausi,
Umarrizko aldera
laxterka igesi;
Mina mason gaiztua
erriko xaarrekin,
kañonak ia badiren
nai baitzuen jakin.

 5) Txapela gorri dunak
bein naiago du ill
mundu guzien antziñet,
ta ez erran gezurrik;
ortaz lekaroztarrak
man zioten erriari
orduan sekulako
oore ta izen aundi.

6) Lekaroztarrak zuzten
armetan denetaz,
bolbora ta kañonak,
egi edo gezurraz,
aterazi zabezten
onez edo bortxaz:
sutan jarri biar zuela
erria bertzenaz.

7) Ortiberroko ondoan
Minak egin zuena,
argi ta garbi erteko,
zen zarkeri aundiena:
zaar gaixo tiroka
ilezi in zituena,
oi zer agindaria
ori agindu zuena!
 
8) Sabaitako urrin goxo,
sagar ta soroena,
Lekarotzko etxetan
somatzen eztena;
ekearen usaiak
artu du erri dena,
non-nai bakardadea,
nigarra ta pena.

 9) Orduan gertatu zena
nork adieziko du?
Ainbateko naigabe
ezta beñere aditu;
etxe xuri guzietan
sugarrak nausitu,
eliza ederra sutan,
erriaren dolu!


10) Etxe ta erri ederrak
benturaz erreko,
gorputzak armarekin
naiz illek kusiko;
bañan biotzak erne
euskal erriendako,
ta odola il arteraño
Jangoikoarendako.

11) Plazatik daramazte
iru gorputz illen,
elizain kontra daude
enterratuak antxen,
lekaroztarrak artian
gogora dezazten,
beren antziñekuak
leialak baitziren.
 















  1. Lekaroz Elizondotik 3 kilometrora dago.
  2. Nafarroako gorputz frankoak, izengoitiz txapelgorriak eta pezeteroak deituak, nafar tropak ziren, karlisten kontra borrokatzeko kontratatuak. Nafarroako Diputazioak ordaintzen zien.
  3. Jose Maria Iribarrenen arabera, 7 lagun bereizi zituzten fusilatzeko; Antonio Ros Olanok, berriz, 5 zirela idatzi zuen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h Zavala, Antonio. Karlisten leenengo gerrateko bertsoak. Auspoa, 328–354 orrialdeak, euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2024-10-25).
  2. Iribarren, Jose Maria. Mina y Zumalacárregui en la batalla de Larremiar. Príncipe de Viana, ISSN 0032-8472, 4. urtea, 13. zenbakia, 1943,457-491 orrialdeak, culturanavarra.es (kontsulta data: 2024-10-29).
  3. Espoz y Mina, Francisco. Proclama. Anales administrativos, 24/3/1835, n.º 220, hemerotecadigital.bne.es (kontsulta data: 2024-10-25).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]