Leloren kantua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Leloren kantua Ibarguen-Cachopin kronikan

Leloren kantua edo Kantabriarren kantua Ibarguen-Cachopin kronikaren (1558-1610) 71. koadernoan bildutako kantu apokrifoa da. Faltsifikazio bat da, Erromatarren garaiko kantabriar (hots, euskaldun) eta erromatarren arteko guduen berri ematen duen kantu epikoa, ustezko euskara arkaiko baten gordea. Baina zantzu guztien arabera, XVI. mendeko sorkuntza da, ez 1.500 urte lehenagokoa.

Ustezko kantuaren zatiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehienetan bat balira bezala aipatzen badira ere, egiazki bi zatiz osatuta dago. Alde batetik, Leloren kantua, zentzurik edo esanahirik gabeko lelo edo errepika zahar bat, benetan ahozko tradiziotik jasoa, kronikagileak interpretazio historiko fantastiko bat eman ziona, nonbait Agamemnonen mito greziarrean oinarritua, Lelo edo Lelori izeneko ustezko antzinako euskal kapitain eta ahaide nagusiaren heriotza dohakabearen oroigarria zelakoan.[1] Bestetik, Kantabriarren kantua, Lekobide delako buruzagi kantabriarraren (hots, euskaldunaren) eta Augusto Erromako enperadorearen arteko lehiaren lekukotasun gisa faltsututakoa.

Kantuaren harrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Antonio Mogelek erakutsita, Humboldtek argitaratu zuen lehendabizikoz, 1812an Königsberger aldizkarian, eta gero ezagunago den Berichtigungen und Zusätze liburuan (1817:83-93) iruzkindu zuen. Humboldtek berak hasieran zalantzak adierazi zituen, Bizkaiaren izena agertzen baita kantuan anakronikoki, baina gero iritziz aldatu zen. Hala bada, harrezkero hainbat euskalarik faltsutzea salatu arren (haien artean Julio de Urquijok),[2] luzaro ezagutu dira egiazkotzat jo dutenak edo gutxienez zalantza adierazi dutenak. Mitxelenaren hizkuntz azterketak behin betiko ezarri du kantuaren apokrifotasuna.[3]

Historiaren aldetik faltsutze bat izan arren, XVI. mendeko hizkuntzaren (eta, jakina, sinesteen) lekukotasun baliotsua da, antzinako erak eta hizkuntza asmatu beharrez tarteka ulergaitza bada ere. Kronikaren originalaren egoera eskasagatik pasarte batzuk irakurtezinak ere badira.

Faltsutzearen egilea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizionalki, Juan Carlos Guerraz geroztik Anton Bedia arratiar kronikagileari egotzi zaio, baina Julen Arriolabengoaren iritziz, García Fernández de Cachopín (kronikaren egile nagusiaren aita) izan liteke egilea.

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leloren kantuaren lehen bertsioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lelori lelo

Lelori lelo

leloa sara

yl leloa

Leloren kantuaren bigarren bertsioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lelori

Lelori

Sara

yl Lelori

Kantabriarren kantua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lelo yl lelo

lelo yl lelo

leloa çarac

yl leloa.


Romaco aronac

aleguyn eta

Vizcayac daroa

cansoa.

Otabiano

[m]unduko jaun

leco bydi

Vizcaicoa.


Ychasotati

eta leorres

ymyny deusco

molsoa.

Leor çelayac

bereac dira

mendi tantayac

leusoac.


Lecu yronyam

gagoçanean

noc bera sendo

dau gogoa.

Bildurric guychi

arma bardinas

oramayasu

guexoa.


Sojac gogorrac

badyri tuys

narru biloxa

surboa.

Bost urteco

egun-gabean

gueldi bagaric

pochoa.


Gureco bata

il badaguyan

bost amarren

galdoa.

Aec anys ta

guc guichytaya

asquynyn dugu

lalboa.


Gueure lurrean

ta aen errian

biroch aynbaten

çamoa.

Esin gueyago

[.... .... ..]teta

[.... .... ....]

[....]


Tiber lecua

gueldico çabal

Uchim tamayo

grandoya.

[.... ....]

[.... .... ....]

[.... .... ....]

[....]


Andi aristac

gueysto sindoas

betico nayas

narr doa.

(Julen Arriolabengoaren transkripzioa)

"Lelori lelo" benetako abestietan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantu faltsutuaren hasiera, "lelori lelo" delakoa, bada, ordea, bere garaiko euskal lirikako formula bat, zenbait kanturen lelo gisa agertzen dena.

Hain zuzen ere, Ibarguen-Cachopin kronikan bertan agertzen den Salinasko kondearen kantuan aurki daiteke, eta baita ere Bernat Etxepareren Sautrelan, Linguae Vasconum Primitiae liburuko kanta ezagunean. Bilbotik Garazira, mendebaldetik ekialdera hedatzen dira beraz lekukotasun horiek.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]