Lenín Moreno
Lenín Voltaire Moreno Garcés[1][2] (Nuevo Rocafuerte, 1953ko martxoaren 19a) politikari eta administratzaile ekuadortarra da, eta Ekuadorreko presidente izan zen 2017tik 2021era.[3] Aurretik, presidenteorde izan zen 2007tik 2013ra, Rafael Correaren gobernuan.
Correaren PAIS Aliantzako hautagai izendatu zuten 2017ko hauteskunde presidentzialetan, eta garaipen estua lortu zuen Ekuadorreko hauteskundeen bigarren itzulian, 2017ko apirilaren 2an. Hala ere, bere hautaketaren ondoren, Morenok bere jarrera politikoa erabat aldatu zuen, Correaren legatu ezkertiarretik aldenduz, zentrorantz eta neoliberaltzat jotzen diren politika ekonomikoetarantz jiratuz, bai barne zein kanpo politikan.[4][5] Morenoren presidentziaren amaieran, %9ko onarpen-indize baxuarekin utzi zuen kargua, Ekuadorreko historia modernoko baxuena.[6]
Morenok tiro bat jaso zuen lapurreta saiakera batean 1998an eta geroztik gurpil-aulki bat erabili du. Desgaitasuna duten pertsonen alde egiteagatik, 2012ko Bakearen Nobel sarirako izendatu zuten.[7] Karguan egon zen bitartean, gurpil-aulki bat erabili zuen munduko estatuburu bakarra izan zen Moreno.[8]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1953ko martxoaren 19an jaio zen Amazoniako Nuevo Rocafuerte hirian. Herrialdean zehar ibili zen familiarekin, bere gurasoak eskola publikoetako zuzendariak baitziren.[3] Bere aita, Servio Tulio Moreno, senataria eta diputatua izan zen Napo probintzian, 1994an. Joera populistako Indar Herrikoien Kontzentrazioa alderdi zentristakoa zen. Amaren aldeko amona perutarra zen.[9]
1998ko urtarrilaren 3an lapurreta egin nahi zion pertsona batek tiro egin zion eta hanken mugikortasuna galdu zuen.
Lenin Morenok 1971ko inauterietako festa batean ezagutu zuen Rocio Gonzalez eta 1972ko urriaren 4an ezkondu ziren.[erreferentzia behar]
Rocio eta Lenin Moreno senar-emazteek hiru alaba eduki dituzte: Irina Moreno Gonzalez, Cristina Moreno Gonzalez eta Carina Moreno Gonzalez.
Ibilbide profesionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Administrazio Publikoan lizentziatu zen Ekuadorreko Unibertsitate Zentralean, bigarren hezkuntzako irakasle izan zen, eta ondoren Ekuadorreko turismoa sustatzen aritu zen bere enpresa propioarekin. Ekuadorreko Turismo Ganberaren sorreran aktiboki parte hartu zuen eta Pichincha-ko Turismo Ganberako presidentea izan zen. Ondoren, Ekuadorreko Turismo Ganberen Federazio Nazionaleko zuzendari exekutiboa izan zen.[10] 1996an, Abdala Bucaram presidente zela, lehen kargu publikoa bete zuen Gobernuko Ministerioko administrazio-zuzendari gisa. 1997ko otsailaren 6an kargua utzi zuen.[11] 2001 eta 2004 urteen artean, Desgaitasunen Zuzendari Nazionala izan zen Moreno, Osasun Publikoko Ministerioari atxikitako erakundea, Gustavo Noboaren eta Lucio Gutierrezen gobernuetan. Morenok Eventa Fundazioa ere sortu zuen, eta bertako zuzendaria izan zen. Adimen emozionalaren heziketara eta umorearen sustapenera bideratua zegoen fundazioa.[10]
Ibilbide politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekuadorreko Unibertsitate Zentralean ikasle zela hasi zuen bere bizitza politikoa Morenok, Ezker Iraultzailearen Mugimenduko (MIR) kide zela. Hiriko autobusetako prezioen %40ko igoeraren aurkako protestetan parte hartu zuen.[12] Ondoren, Morenok Rodrigo Borjaren lehen hautagaitzak babestu zituen, APRE ezkerreko alderdi populistako kide izan zen, eta horri esker Abdala Bucaramen gobernuan sartu zen funtzionario gisa.[13] 2002an, Morenok Jacinto Velasquezen hautagaitza babestu zuen, eta haren kanpainan lagundu zuen.[12] 2006an, MIR mugimenduko kide ohiek bere izena proposatu zuten Errepublikako Presidenteordetzarako, eta Rafael Correa presidentegaiak onartu egin zuen.[13]
2006ko hauteskundeetan Rafael Correa hautatu zuten Errepublikako presidente, eta Moreno presidenteorde; 2007an, kargu hori hartu zuen, eta 2009ko hauteskundeetan berriro hautatu zuten 2009-2013 aldirako. Bere izena Bakearen Nobel Sarirako proposatu zuten, eta Amerikako Estatuen Erakundeko (AEE) Desgaitasunen Diskriminazioa Ezabatzeko Batzordeko (CEDDIS) presidente aukeratu zuten.
Lenin Morenok Rafael Correaren presidenteorde berriro ez izatea erabaki zuenean, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Desgaitasunari eta Irisgarritasunari buruzko mandatari berezi izendatu zuen 2013ko abenduan.
2017ko hauteskunde presidentzialetan Alianza PAIS alderdiak hautagai gisa aurkeztu zuen eta hauteskundeak irabazi zituen, Ekuadorreko 46. presidente konstituzionala bilakatuz.
2021eko martxoaren 2an Lenin Morenok Alianza PAIS alderdiari uko egin zion, mugimendu horretako Etika Batzordeak bere aurkako espedientea ireki zuenean, hauteskundeetara aurkezteko erabili zuen gobernu plana ez betetzeagatik. Bi egun geroago, mugimendutik kanporatzea erabaki zuen.[14][15]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Lenín Moreno, el hombre que decidió volver a vivir. 1 de marzo de 2017.
- ↑ Declaración juramentada de bienes. 2009-09-03.
- ↑ a b «Elecciones en Ecuador: quién es Lenín Moreno, el rostro conciliador que sucederá a Rafael Correa» www.clarin.com.
- ↑ Gallegos, Franklin Ramírez. (2018-12-01). «Ecuador veers to neoliberalism» Le Monde diplomatique.
- ↑ «Lenin Morenoren urte berria» Berria 2020-05-27 (kontsulta data: 2025-04-15).
- ↑ «El poder de la información - Cedatos» web.archive.org 2021-05-24.
- ↑ «Secretary-General Appoints Lenín Voltaire Moreno Garces of Ecuador Special Envoy on Disability and Accessibility | Meetings Coverage and Press Releases» press.un.org.
- ↑ Londoño, Ernesto. (2017-04-07). Opinion | Ecuador Elects World’s Only Head of State in a Wheelchair. ISSN 0362-4331..
- ↑ «Lenín Moreno: Todo lo que dijo sobre el Perú en su visita a Lima» http://www.andina.com.pe.
- ↑ a b «Rafael Correa elige a Lenin Moreno como candidato a vicepresidente» ecuadorinmediato.com.
- ↑ ¿Moreno, candidato sorpresa?. La Hora.
- ↑ a b Lenín Moreno, el hombre que decidió volver a vivir. 1 de marzo de 2017.
- ↑ a b «PERFIL: Lenín Moreno ha navegado entre lo público y lo privado» El Comercio.
- ↑ «Alianza País expulsa a Lenín Moreno, quien se había desafiliado de esa organización política» El Universo 2021-03-04.
- ↑ «Ekuadorko presidente Lenin Moreno bere alderditik bota dute» Berria 2021-03-05 (kontsulta data: 2025-04-15).