Leonardo da Vinci

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Leonardo da Vinci
Leonardo da Vinci
autorretratua (1513 inguru, Turin)
Datu pertsonalak
Izen osoa Leonardo di ser Piero da Vinci
Jaio 1452ko apirilaren 15a
Vinci (Toskana)
Hil 1519ko maiatzaren 2a
Amboise (Frantzia)


Leonardo da Vinci (1452ko apirilaren 15a - 1519ko maiatzaren 2a) Toskanako Pizkundeko, arkitekto, musikari, asmatzaile, ingeniari, eskultore eta margolari izan zen.

Berpizkundeko gizonaren arketipo bezala deskribatua izan da, eta jeinu unibertsaltzat hartzen da. Leonardo bere maisu-margoengatik, hala nola Azken Afaria eta Mona Lisa, famatua da. Teknologia modernora aurreratzen ziren hainbat asmakizun diseinatzeagatik ere da ezaguna. Gainera anatomia, astronomia eta ingeniaritza zibilaren aurrerapenean lagundu zuen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leonardo di ser Piero da Vinci 1452ko apirilaren 15ean jaio zen Anciano herrian, Vinci hiritik gertu, Florentziatik mendebaldera. Ser Piero, inguru hartako familia entzutetsu eta dirudun bateko kidea, eta Caterinaren, bertako nekazari umila, sasiko semea.

Leonardo da Vincik jaio zen herrixkan bertan pasa zituen aurreneko urteak, inguruko larreetan bizi ziren sugandila, kilker, ipurtargi eta bestelako animaliekin jolastuz, haurtzarotik aberatsa zuen irudimena are gehiago landuz. Ez da garai hartako Leonardoren deskribapenik gure garaietaraino iritsi, baina haren lana aztertu zuten aurreneko autoreen ustez, horien artean Giorgio Vasari XVI. mendeko artista eta biografoak, gazte galai gisara aurkezten dute, ingurukoen begirunea bereganatzen zuen hizlari atsegin bezala. Legenda asko sortu dira haren figuraren inguruan, eta horietako bat izan liteke Clark Kenneth-ek bere “Leonardo Da Vinci” lanean kontatzen duen bezala, Leonardo gazteak merkatuan txoriak erosten zituela gero, aurrez kendu zitzaien askatasunera itzultzeko.

Amarekin pasa zituen aurreneko urteak, baina Antonio di Piero Buti del Vacca da Vinci-rekin ezkondutakoan, aitaren familiaren etxean hartu zuten. Aita, Albiera degli Amadori, Florentziako familia aberats bateko alabarekin ezkonduta zegoen, eta Leonardo legezko oinordekotzat sekula onartu ez bazen ere, harreman ona izan zuen bere aitaren emazte horrekin, nahiz eta oso gazte hil. Gerora, har enaita lau aldiz ezkondu zen eta beste hamar seme eta bi alaba izan zituen, legezko oinordekotzat denak. Leonardo aitaren azken emaztearekin ere harreman ona izan zuen: halaxe erakusten du behintzat hari bidalitako eskutitz batean tratatzen duen erak.

Verrocchioren lantegian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arno ibarraren ikuspegia (1473), Leonardoren lehen lan ezaguna.

Leonardo gaztetxoa zen familia aberats bateko kidea izateak, nahiz eta sasiko semea izan, eragin zuzena izan zuen bere formazioari ateak irekitzeko. Vasarik kontatutako beste anekdota batean aipatzen denez, Ser Pierok, behin, Leonardoren marrazki batzuk hartu eta bere lagun Andrea Verrocchio italiar Pizkundeko artista entzutetsuari erakutsi zizkiola, bere semeak artista bezala etorkizunik izango ote zuen galdetzeko eta, antza denez, Verrocchio bera harrituta geratu zen gaztearen lanen maila altuarekin; beraz, bere lantegian onartu zuen. Horrela sartu zen Leonardo gaztea Verrocchioren lantegian, lanbide hartan aritzeko gehiegizko interesik gabe, 1469an. Lantegiko zeregin txikiak egiten hilabeteak pasa ondoren, maisuak gaztea artegintzan hezteari ekin zion eta horrela erakutsi zizkion Leonardori garaiko artegile batek jakin beharreko teknika guztiak. Gaztearen talentua aztertu zuenean, gainera, Verrocchiok bere lan batzuk bukatzen ere utzi zion. Datu historiko fidagarririk gabe eta berriz ere Vasarik kontatutakoari jarraituz, Leonardok Kristoren bataioa lanean egindako aingerua ikustean, Verrocchiok pintatzeari utzi ziola kontatzen da, lantegian pintore on bakarrarekin nahikoa zela argudiatuz eta horrela, bere lan gustukoenetan indar guztiak jarri zituen, eskulturan, adibidez.

Hogei urteko adinarekin, artegile gaztearen izena San Lukas-eko gremioaren erroldan idatzia azaltzen da, eta horrela ematen dio hasiera bere pintore karrerari, Iragarpena (1472-1475) bezalako lanekin. Lan horretan, gainera, Leonardo sfumato teknikan sakondu zuen ordu arteko bere lanetan ere nabari ezin zitekeen xehetasun mailara iritsiz. 1478. urtean, bere maisua artegintzako arlo guztietan gaindituz, Leonardok Verrocchiorekin zituen kolaborazioak utzi eta artegile independente bilakatu zen.

Florentzian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1481an San Donato monasterioan Errege Magoen adorazioa lana burutzeko enkargua jaso zuen artistak, baina sekula ez zuen bukatutzat eman, XV. mendeko lan antiklasiko eta iraultzaileentzat jotzen bada ere.

Florentzian eman zituen urte horietakotzat hartzen da halaber Leonardoren Haitzetako Ama Birjina lanaren aurreneko bertsioa: haren inguruko bertsio bi egoteak iritzi kontrajarri asko sortu ditu. Azkenean, ordea, gaur egun Parisko Louvre museoan dagoen bertsioa Florentzian egina dela pentsatzen da eta gero Milanera eraman zuela, bere abilezia erakusteko. Han zela, bigarren bertsioa egin zezan eskatu zion Sortzez Garbiaren anaidiak. Bigarren lan horrekin, hainbat ika-mika sortu ziren egilearen eta enkargua egin ziotenen artean, eta ez ziren bukatu, zenbait lagunen interbentzio eta erabaki judizialak iritsi arte.

Sforzatarrekin lanean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken Afaria (1494 edo 1495)

Milanen zela, Leonardok gutun bat idatzi zion Ludovico Sforza-ri, bere zerbitzu guztiak eskainiz, baina bereziki ingeniari militar gisan, gerraterako, eta arkitekto, asmatzaile, eta eskultore gisan, bake garaietarako. Gutunean artistak pintatzen ere bazekiela jartzen zuen, baina ia garrantzirik gabeko gehigarri moduan.

Leonardok 1499an utzi zituen dukearen zerbitzuko lanak, tropa frantsesek Milan hiria hartu zutenean. Garai hartan, artistak Veneziara alde egin zuen, eta han Giorgione artegilea ezagutu eta harrituta uztea ere lortu zuen, bere argi-itzalen erabileragatik eta edertasunaz gain itsusia zena ere adierazteko zuen trebeziagatik.

Florentziarako itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1500an itzuli zen berri artegilea Florentziara. Denboraldi honetan Ama birjina, haurra eta Santa Ana lana burutu zuen eta 1503an Michelangeloren lan batekin lehiatu behar zuen lan bat egiteko enkargua jaso zuen Palazzo Vecchio-ko gelak dekoratzeko. Lehia handia izan zen bi artegile handien artean, eta ezin ikusi hori ezaguna egin zen garaiko gizartean. Lan hau Anghiariko gudua bukatu gabe utzi behar izan zuen artegileak, seguru asko bere Azken afaria lana hondatu duten arazoak teknikoak izan ziren.

Azken urteak Frantzian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leonardoren hilobia, Amboiseko gazteluan.

1510ean Milanera itzuli zen: datua nahiko berezia da, kontuan hartuz gero artistak hiria utzi zuela tropa frantsesak sartzearekin bat, baina kasu horretan, Charles d’Amboise gobernadore frantsesak gonbidatuta joan zen. Garai hartan, Luis XII.a eta lekuan lekuko gobernadoreentzako lanean aritu zen Leonardo, eta haren dohain ugariek erregearen begirunea lortu zuten. 1510ean berriz utzi behar izan zuen hiria artistak, indar espainolek hartu zutelako, eta beraz Erromara abiatu zen. Bidean, bere oinordekoa izango zen Francesco Melziren etxean egun batzuk pasa zituen. Erroman egon arren, Florentzia eta gorte frantsesarekin harreman estuak mantendu zituen, eta 1516an Giuliano hil ondoren, Florentziara lotzen zuten harreman guztiak etenda, errege frantsesaren eskaintza onartu eta Clox-eko gaztelura joan zen.

Pizkundeko maisu handi horren azken urteak osasun arazo gero eta sarriagoek markatu zituzten: zahartzaroan sufritu zuen paralisi mota bat larriena izan zen, azken urteetan pintatzetik aldendu baitzuen.

1519ko maiatzaren 2an hil zen, Frantziako erregearen eskuetan, 67 urte zituela eta, Vasariren idatziek diotenez, bere fede gabeziaz damututa.

Margolan nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Margolana Izena Data Neurriak Erakustokia
Ginevra de' Benci.jpg Ginevra de' Benci vers 1476 38 x 37,6 cm National Gallery of Art (Washington)
Leonardo da Vinci Madonna of the Carnation.jpg Ama Birjina eta krabelina 1478-1480 62 x 47,5 cm Alte Pinakothek (Munich)
Leonardo da Vinci 026.jpg Madonna Benois 1478-1482 49,5 x 33 cm Hermitage museoa (San Petersburgo)
Leonardo da Vinci - Adorazione dei Magi - Google Art Project.jpg Magoen gurtza 1481 246 x 243 cm Galleria degli Uffizi (Florentzia)
Leonardo Da Vinci - Vergine delle Rocce (Louvre).jpg Arroketako Ama Birjina 1483-1486 199 x 122 cm Louvre museoa (Paris)
Leonardo da Vinci 046.jpg Dama katazuriarekin 1485 54 x 39 cm Czartoryski museoa (Krakovia)
Leonardo da Vinci (attrib)- la Belle Ferroniere.jpg Ferragile ederra 1490-1496 62 x 44 cm Louvre museoa (Paris)
Leonardo da Vinci (1452-1519) - The Last Supper (1495-1498).jpg Azken Afaria 1495 eta 1498 artean 460 x 856 cm Santa Maria delle Grazie (Milan)
Leonardo da Vinci Virgin of the Rocks (National Gallery London).jpg Arroketako Ama Birjina (bigarren bertsioa) 1495-1508 189,5 x 120 cm National Gallery (Londres)
Mona Lisa, by Leonardo da Vinci, from C2RMF retouched.jpg Gioconda edo Mona Lisa 1503-1506 77 x 53 cm Louvre museoa (Paris)
Leonardo da Vinci - Virgin and Child with St Anne C2RMF retouched.jpg Ama Birjina, Jesus Haurra eta Santa Ana 1508 / 1510 168 x 130 cm Louvre museoa (Paris)
Bacchus (painting).jpg Bako 1510 - 1515 177 x 115 cm Louvre museoa (Paris)
Leonardo da Vinci - Saint John the Baptist C2RMF retouched.jpg San Joan Bataiatzailea 1513 eta 1516 artean 42,9 x 43,7 cm Louvre museoa (Paris)

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leonardo da Vinci Aldatu lotura Wikidatan