Letonia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Letoniako Errepublika
Latvijas Republika
Bandera Armarria
Goiburua: Tēvzemei un Brīvībai
(Aberriarentzat eta askatasunarentzat)
Ereserkia: Dievs, sveti Latviju!
Hiriburua
eta hiri handiena
Riga
Hizkuntza ofiziala(k) letoniera1
Herritarra letoniar[1]
Gobernua Errepublika parlamentarioa
 -  Presidentea Raimonds Vējonis
 -  Lehen ministroa Māris Kučinskis
Independentzia
 -  Errusiar Inperiotik 1918ko azaroaren 18a 
 -  Sobietar Batasunetik 1991ko abuztuaren 21a 
Geografia
 -  Guztira 64,589[2] km2 (122.)
 -  Ura (%) 1,57
Biztanleria
 -  2016[3] zenbatespena 1.968.957 (148.)
 -  2011[4] errolda 2.070.371
 -  Dentsitatea 34,3 bizt./km2 (166.)
Dirua Euro (€) (EUR)
Ordu-eremua UTC (UTC+2)
 -  Udan (DST)  (UTC+3)
Aurrezenbakia 371
Internet domeinua lv
1Letoniera da hizkuntza ofizial bakarra. Livonierak estatus berezia dauka.

Letonia[1] (letonieraz: Latvija), ofizialki Letoniako Errepublika (letonieraz: Latvijas Republika), Iparraldeko Europako estatua da, Herrialde Baltikoetako bat. Iparraldean Estonia du; ekialdean Errusia eta Bielorrusia; mendebaldean eta ipar-mendebaldean Itsaso Baltikoa, eta hegoaldean Lituania. 64.589 kilometro koadroko eremua du[2], eta 2017an 1.950.116 biztanle zituen[3]. Hiriburua Riga da.

Europako beste herrialde txiki batzuekin gertatu izan den bezala, Letoniako historia beste zenbait nazioren ondoz ondoko erasoek ezaugarritua izan da. Bere historian zehar Suediaren, Poloniaren, Alemaniaren eta Errusiaren mende egon da Letoniako lurraldea, besteak beste. Bi mundu gerren artean denbora tarte labur batez burujabe izan ondoren, Sobietar Batasunak anexionatu zuen 1940an. 1991n lortu zuen berriro ere burujabetasuna. Harrezkero mendebaldeko herrialdeekiko hurbiltasuna bilatu du, eta Europar Batasuneko kidea da 2004az gero. Gaur egun, Errepublika parlamentarioa da, Europako Kontseilu, Eurogune, NATO, ELGA eta Schengen eremuko kidea.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Letoniako mapa
Sakontzeko, irakurri: «Letoniako geografia»

Letonia iparraldeko Europan dago, Itsaso Baltikoaren ekialdeko bazterrean. 64.589 kilometro koadroko eremua hartzen du[2]. Iparraldean Estoniarekin du muga (333 kilometro), ekialdean Errusia (332 km) eta Bielorrusiarekin (161 km), mendebaldean eta ipar-mendebaldean Baltikoarekin, eta hegoaldean Lituaniarekin (544 km)[5].

Batez besteko garaiera oso apala da, lurraldearen hiru laurden 210 metrotik behera baitago; mendirik gorena Gaiziņkalns da, 311 metro baino ez duena. 498 kilometroko kostaldea du eta aintzira ugari barnealdean, milatik gora. Lubans da aintzirarik handiena (80,7 kilometro koadroko eremua), eta Dridzis sakonena (65,1 metro sakon). Gauja eta iturburua Errusian duen Daugava dira ibai nagusiak. Basoek eremuaren %37 eta padurek %10 hartzen dute.

Goi latitudean egon arren, klima leuna eta hezea du Baltikoaren eraginez; udak freskoak izaten dira eta neguak hotzak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Letoniako historia»

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Letoniarren arbasoak Baltikoaren ekialdean kokatu ziren K. a. 3. milurtekoan[6]. Erromatarren garaian baltiar izena eman zitzaien herrietatik garrantzitsuenetakoa zen letoniarra. Herri hauek guztiek erromatarrekin harremanak izan zituzten, germaniarren bitartez, baina K. o. II. mendean, germaniarrak mendebalderago jotzen hasi zirenean, bakar samar geratu ziren. Bestalde, herri eslaviarrak izan zituzten beti ekialdean eta hegoaldean, eta eskandinaviarrak iparraldean.

Letonia pasabide garrantzitsua izan zen. Handik igarotzen zen baregoen eta greziarren arteko merkataritza-bide ospetsua, Daugavan zehar Eskandinaviatik Kieveko Rusara eta Bizantziora zihoana. Letoniako kostaldea anbarrarengatik zen ezaguna, eta batzuetan Dzintarzeme (“Ambarrerria”) izena ematen zitzaion. Izan ere, anbarrak urreak baino balio handiagoa zeukan toki askotan.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

X. mendean, lau baltiar tribu nagusi zeuden gaur egungo Letonian eta iparraldeko Lituanian: kuroniarrak (letonieraz: kurši), latgaliarrak (latgaļi), seloniarrak (sēļi) eta semigaliarrak (zemgaļi). Handiena latgaliarra zen. Garai hartan hasi zen Baltikoko herrien kristautzea, Kieveko Eliza Ortodoxoaren eraginari esker, eta XII. mendearen bukaeran eraman zuten germaniarrek erlijio katolikoa, Livoniako apezpikutegia sortu zenean (1199; oro har, egungo Letonia eta Estonia hartzen zituen Livoniak). Baltiarrek ez zituzten erraz onartu sinesmen eta praktika erlijioso berriak. Hori zela-eta, Zelestino III.a aita santuak Iparraldeko Gurutzadak antolatu zituen.

XII. mendetik aurrera hasi zen lurralde haien germaniartzea. Alemaniarrek Riga fundatu zuten 1201ean, pixkanaka hegoaldeko Baltikoko hiri handiena bilakatu zena, eta 1207an Terra Mariana izeneko estatua eratu zuten, geroago Livoniako Konfederazioa deitua. Terra Marianak egungo Letonia eta hegoaldeko Estonia hartzen zituen. 1242an Alexandro Nevskik Teutoi Zaldunen gudarostea birrindu bazuen ere, XII. mendearen bukaeran germaniarrak nagusitu ziren Livonian eta, beraz, Letonian.

Livoniako Konfederazioko antolamendu feudala hiru zutabe nagusitan oinarritu zuten alemaniarrek: Teutoi Zaldunen ordena, Rigako apezpikutegia eta Rigako hiri librea; hiru erakunde horien arteko harremanak zailak izan ziren luzaroan. 1282an, Hansako hirien artean onartu zuten Riga eta neurri horrek oparotasuna ekarri zuen. Hala ere, jatorrizko aitonen semeei zegozkion eskubide guztiak galdu zituzten letoniar nekazariek eta germaniar konkistatzaileen mendeko bihurtu ziren. XIV. mendearen bukaeran osatu zen Lituaniako erreinu handia, lituaniarrak eta poloniarrak koroa bakar batera bildu zituena, eta XV. mendean hasi zen Ordena Teutonikoaren gainbehera.

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suediar Inperioa (1560–1815). Riga Suediar Livoniaren hiriburua izan zen.

XVI. mendean aldaketa ugari gertatu ziren, Erreforma protestantearen iritsiera eta Livoniaren gainbeherarekin batera. Livoniako Gerraren ostean (1558-1583), Ordena Teutonikoaren Livoniako adarra desagertu eta Poloniar-Lituaniar Batasunaren menpean geratu zen Letonia. Luterotar fedea Kurlandia, Semigalia eta Vidzeme eskualdeetan onartu zen, baina Latgalian iraun zuen katolizismoaren nagusitasunak, gaur egun bezala.

XVII. eta XVIII. mendeetan, Poloniak, Suediak eta Errusiak elkarren kontra borrokatu ziren Baltikoren ekialdea menperatu nahian. Rigako hiria poloniarren esku geratu zen 1581ean, baina 1621ean Gustavo II.a Adolfo Suediako erregeak hartu zuen. 1629ko Altmarkeko Hitzarmenaren bitartez, Vidzeme Suediaren mende geratu zen. "Suediar Aroa" (letonieraz: zviedru laiki) agintaldi onenaren sinonimoa da gaur egun ere. 1721ean, ordea, Nystadeko Hitzarmenaren ondorioz, Errusia jabetu zen Vidzemez. Latgale Poloniaren esku egon zen, 1772an Errusiak eskuratu zuen arte. Kurlandia eta Semigaliako Dukerrian, alemaniar jatorriko 121 familia aristokraten mende zegoen letoniar populazioa. Nobleziaren paradisua deitutako eskualde hori Errusiako probintzia bihurtu zen 1795ean[7]. Horrela, egungo Letonia osoa Errusiako Inperioaren barnean geratu zen.

XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean, letoniar herria Errusiako tsarren mende geratu zen erabat. Alexandro I.ak jopu sistema feudala bertan behera utzi zuen, baina letoniar nekazariak lurrak erosteko biderik gabe geratu ziren, Errusiako tsarren mende zeuden nekazari guztiak bezala.

XIX. mendearen hasieran, biztanleriaren %7 hiritarra zen; mende amaieran, berriz, %40. Biztanleria 720.000 lagunetik ia bi milioira pasatu zen. Jatorrizkoak %90tik %68 igaro ziren. Hainbat laborarik lurra berreskuratu ahal izan zuten arren, 1897an 591.000 nekazarik lurrik gabe jarraitzen zuten. Hiriko proletariatua ugaldu zen, burgesiaren boterea handitu ahala. Labur esanda, gizarte-egitura guztiz aldatu zen.

XIX. mende erdialdean letoniarren abertzaletasuna piztu zen Mikelis Krogzemis poetaren eraginez, eta Letoniar Gazteak (letonieraz: jaunlatvieši) mugimendu abertzalea jarri zen abian. Germaniarren mende zegoen gizarte-ordenaren kontra, eslavofilian bilatzen zuten laguntza. 1863ko Urtarrileko Matxinadaren ondoren Alexandro III.ak herrialdea errusiartzen ahalegindu bazen ere, huts egin zuen. 1905eko iraultza saioaren ondoren, berriro piztu zen Letonia burujabearen aldeko ideia.

Letoniako Errepublika (1918-1940)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerran, alemaniarrak Kurlandia, Semigalia eta Seloniaz jabetu ziren 1915ean, baina Rigak 1917ko iraila arte eutsi zien[8]. 1917ko Iraultzaren ondoren, sobietar aginpidea nagusitu zen Letoniako alde okupatu gabean, eta 1918ko azaroaren 18an independentzia aldarrikatu zuten letoniarrek[9]. Moskuko gobernu iraultzaileak ez zuen onartu neurri hori, eta Letoniako Independentzia Gerra piztu zen, kaos handiko garaia. Izan ere, 1919ko udaberrirako herrialdea hirutan zatiturik zegoen: Karlis Ulmanis buru zuen Letoniako Errepublika, Armada Gorriaren sostegua zuen Letoniako Sobietar Errepublika Sozialista, eta Dukerri Baltiko Batua, Baltische Landeswehr izeneko alemaniar armadaren laguntza zuena. Alemaniarrak 1919an izan ziren garaituak, eta 1920ko abuztuaren 11n Errusiak aitortu zuen Letoniaren independendentzia, Rigako Hitzarmenaren bitartez[8]. 1921ean, Letonia Nazioetako Ligako kide bihurtu zen

Karlis Ulmanis nekazarien buruzagia izan zen agintaria urte horietan, baina sozialista, komunista eta nazio gutxiengoen oposizio latza izan zuen. 1930eko hamarkadako krisialdi ekonomikoa zela-eta, egonezina zabaldu zen letoniarren artean. Alemaniar gutxiengoak nazien aldeko joera garbia erakutsi zuen eta legez kanpo ezarri zituen Ulmanisek, Letonia Hirugarren Reicharen barnean sarrarazi nahi zutelakoan. Bestalde, Perkonkrust (“Oinaztura gurutzea”) izeneko talde letoniar faxistak indar handia hartu zuen. 1934an, aginpide guztiak hartu zituen Ulmanis lehendakariak, legebiltzarreko eta alderdi politikoen jarduera oro bertan behera utzirik. Ulmanisen erregimen autoritarioak ez zuen oposizio sendorik izan, politika egonkortzea era ekonomia suspertzea lortu baitzuen[10].

Bigarren Mundu Gerra eta sobietar agintea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Letoniako Sobietar Errepublika Sozialista»
Armada Gorria Rigan sartzen, 1940ko ekaina.

1939ko abuztuaren 24an, Sobietar Batasunak eta Alemania Naziak Molotov-Ribbentrop Ituna sinatu zuten. Hitzarmenaren isileko protokoloari jarraiki, 1940ko ekainaren 17an sobietarrek Letonia inbaditu zuten. Berehala, inbasioa onartu ez zuten letoniarren deportazio masiboak egin ziren[11]. 1941eko ekainean, alemaniarrek beretu zuten Letonia, eta haien esku egon zen 1944ko urrian sobietarrek berreskuratu zuten arte. 200.000 letoniar baino gehiago hil ziren Bigarren Mundu Gerran, naziek sarraskitu zituzten 75.000 judu barne[11].

1945ean Letoniako Sobietar Errepublika Sozialista sortu zen, eta sozializazio prozesuarekin batean, biziro lastertu zen herrialdearen errusiartzea. Ipar-ekialdea Errusiako Errepublikako Pskov oblastaren barnean geratu zen, bertako biztanle gehienak errusiarrak zirelako aitzakian.

1989ko Bide Baltikoa, hiru hiriburu baltikoak lotu zituen giza-katea.

1980ko hamarkadan, Mikhail Gorbatxov sobietar buruzagiak abiarazi zituen erreformak baliaturik, independentziaren aldeko hainbat erakunde sozio-politiko agertu ziren, hala nola Letoniako Herri Frontea (letonieraz: Latvijas Tautas fronte), Independentzia Nazionalaren aldeko Mugimendua (letonieraz: Latvijas Nacionālās Neatkarības Kustība) eta Letoniako Herritarren Biltzarra (letonieraz: Pilsoņu Kongress ). 1989ko abuztuaren 23an, Molotov-Ribbentrop Itunaren 50. urteurrenean, letoniarrek, lituaniarrek eta estoniarrek giza-kate erraldoia osatu zuten Tallinndik Vilniusera; guztira 600 kilometro. Herrialde Baltikoen burujabetasun gogoaren ikurra izan zen[12]. 1990eko maiatzaren 4an, Letoniako Parlamentuak independentzia adierazi zuen. Trantsizio aldia 1991ko abuztuaren 21ean jo zen amaitutzat. Urte bereko irailaren 6an, Sobietar Batasunak Letoniaren independentzia aitortu zuen.

Letonia independentea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1991ko irailean ezagutu zen Letoniaren burujabetasuna, eta urte hartan bertan onartu zuten NBEn. 1992an Sobietar Batasun ohiko gudarostea Letoniatik ateratzeko elkarrizketak hasi ziren; 1994an atera ziren Letoniatik azken soldadu errusiarrak. 1993an egin ziren legebiltzarrerako lehenengo hauteskunde libreak, eta Guntis Ulmanis izendatu zuten presidente. Harrezkero, ekonomia liberalizatzeko eta mendebaldeko herrialdeekiko harremanak estutzeko neurriak hartzen hasi zen gobernua (Europako Kontseiluko kide izateko eskaria egin, NATOren programa batean parte hartu du, etab.), eta oro har eskuin eta zentroko alderdiak izan ziren nagusi urte haietan.

1994an, gobernu berriaren joerari jarraituz, atzerriko inbertsioak handitu egin ziren, enpresak pribatizatu ziren etab., baina egoera ekonomikoak ez zuen hobera egin eta hurrengo urtean hainbat finantza erakundek hondoa jo zuten. 1996ko hauteskundeetan, hala ere, Ulmanis atera zen berriro lehendakari. 1999koetan Vaira Vike-Freiberga nagusitu zen eta, horrela, bera izan zen Ekialdeko Europako lehen emakume lehendakaria; gobernuburua Andris Skele zen. Aldaketa handiak gertatu ziren, pribatizazioaren ildotik batez ere, eta Europar Batasunean sartzera bideratu ziren politika gehienak (harekin zituen merkataritza harremanen %50); 2004an sartu zen erakunde horretan, baita NATOn ere.

Bestalde, eta Errusiarekiko harremanak tarteka nahiko onak izan arren, Letoniak bi herrialde horien arteko mugak zehazteko hitzarmen bat sinatzea eskatu zuen etengabe eta, horrezaz gainera, istiluak izan ziren Letonian bizi ziren errusiarren hiritartasuna zela-eta. Horrela, 1998an, Letonian bizi ziren errusiar kopurua kontuan harturik eta Errusiarekiko tirabirak baretzearren (izan ere, Letoniaren kontrako neurri ekonomikoak hartuko zituztela iragarri zuten Errusiako agintariek), Letoniako Gobernuak bertan bizi ziren errusiarrei hiritartasun bikoitza ezagutzea erabaki zuen. 1999an, dena dela, Letoniako Parlamentuak letonieraren erabilera sustatzeko neurriak hartu zituen, eta horrekin berriro hasi ziren errusieraz mintzo ziren herritarren diskriminazioaren auziari buruzko eztabaidak. 2007an, Valdis Zatlers hautatu zuten presidente, eta Ivars Godmanis lehen ministro.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Letoniako politika»

Letonia errepublika parlamentarioa da. Errepublikako presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Organo legegile nagusia Parlamentua (lituanieraz: Saeima) da, ganbera bakarrekoa, 100 eserleku dituena. Parlamentarioak boto zuzenaren bitartez hautatzen dira lau urtetik behin. Parlamentarioek aukeratzen dute presidentea, lau urteko agintadirako, eta hark izendatzen du lehen ministroa[5].

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Letoniaren banaketa administratiboa.
Sakontzeko, irakurri: «Letoniaren banaketa administratiboa»

2009ko uztailaren 1etik, herrialdea 110 udalerri (letonieraz: novadi) eta 9 errepublika-hiritan (letonieraz: republikas pilsētas) banaturik dago. Errepublika-hiriak Daugavpils, Jēkabpils, Jelgava, Jūrmala, Liepāja, Rēzekne, Riga, Valmiera eta Ventspils dira. Horrezaz gainera, lau eskualde kultural eta historiko daude, Kurlandia, Latgalia, Vidzeme, Semigalia, Letoniako Konstituzioak onarturik.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Letoniako demografia»

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Letoniako biztanleriaren bilakaera (1920-2014)

2017an Letoniak 1,95 milioi biztanle zituen[5], 30 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Biztanleen %67,4 bizi da hirietan, gehienak Rigan (621.000 biztanle 2015ean). Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %15,1 dira, 15-24 urte bitartekoak %9,4, 25-54 urte bitartekoak %41,7, 55-64 urte bitartekoak %14,1 eta 65 urtetik gorakoak %19,5[5]. Bizi itxaropena 74,5 urtekoa da, 69,9 urtekoa gizonezkoena eta 79,3 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak)[5].

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Letonia da Baltikoko herrietako lurralderik heterogeneoena, talde txiki ugari baitaude bertan. 2016an, letoniarrak %61,8 ziren, errusiarrak %25,6, bielorrusiarrak %3,4, ukrainarrak %2,3, poloniarrak %2,1, eta lituaniarrak %1,2[5]. Hiri handi batzuetan, letoniarrak baino gehiago dira errusiarrak eta beste gutxiengo batzuk. Ugaritasun horrek zailtasunak sortu ditu elkarbizitzarako.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Letoniera da hizkuntza ofiziala, eta biztanleen %56,3ren ama hizkuntza. Errusiera du ama hizkuntza biztanleriaren %33,8k (2011ko zenbatespena)[5].

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko datuen arabera, letoniar gehienak kristauak dira: luteranoak %34,2, katolikoak %24,1, kristau ortodoxoak %17,8, eta sinestun zaharrak %1,6[13].

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rigako merkatu zentrala.

Industria oso garatuta dago Letonian eta Sobietar Batasun ohiko errepublikarik industrializatuena izan zen; industriako jarduera nagusiak kimika eta siderurgiarekin loturikoak dira, burdinbideekin loturiko ekoizpenena batez ere. Industriak hartzen du ekoizpenaren laurdena (%24,4 2016an[5]). Dena dela, bertako industria jarduera biziaren eraginez arazoak sortu dira ingurumenean, gas igorpenak eta uraren kutsadura batez ere.

Nekazaritza eta abeltzaintza garrantzi handiko jarduerak dira; lurren %40 erabiltzen da jarduera horietarako, horietatik bi heren laboreak ereiteko eta hirugarren herena larre gisa. Uztak bertako beharrak asetzeko eta soberakinak esportatzeko lain ematen du (garia, garagarra, lihoa, patata, bazka landareak). Arrantzak ez du pisu handirik ekonomian, baina oso ugaria da. Bestalde, baliabide aberatsak ditu basoetan, baina oraingoz ez dira behar bezala ustiatzen.

2000. urtetik ekonomia hazkunderik handieneko Europako herrialdea izan zen Letonia; 2007an, %7koa. Urte berean %11tik gorako inflazioa izan zuen, ordea, eta horrek eragotzi zion aurreikusitako epean euroa ezartzea; 2014 arte ez zuen helburu hori lortu. Bestalde, langabezia ere altua da (%9,6 2016an), baina azken urteetan behera egin du, letoniar askok emigratu egin dutelako, Irlandara eta Erresuma Batura nagusiki. Erabateko pribatizazioa ezartzeko ahalegin handiak egin ditu herrialdeak, eta horrek gorabeherak eragin ditu, baita gizarte politiketan murrizketak egin beharra ere. 2008 amaieran erabateko krisian murgildu zen (ekonomiak %4,3 egin zuen behera) eta atzerriko larrialdiko laguntza eskatu behar izan zuen aurrera egiteko. 2009 hasieran, protesta eta istilu ugari gertatu ziren krisi ekonomikoak eragindako gizarte asalduraren ondorioz.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aireportuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

See source Wikidata query.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Letoniako eraikuntzarik zaharrenak zurezkoak dira eta XII. mendea arte ez zen harria erabili (Ikchkilgo eliza). Eskandinaviarrek eta alemaniarrek eraginda garatu zuten XIII. mendetik aurrera harrian oinarritutako arkitektura, eta horren erakusgai dira Rigako eliza, Domskaia komentua, San Pedro katedrala, San Joan eliza eta Tsesis, Sigulda, Ludza eta Bauskako gazteluak. Barrokoari dagozkio, bestalde, Rigako Dannenstern etxea (XVII. mendearen bukaeran egina), eta Pasien, Dagd nahiz Kraslavako hirietako hainbat eliza. Baltikoko Herrialdeak Errusiaren mende geratu zirenean, berriz, herri horren eragina jasan zuen, eraikuntza estiloetan bezala, artean. Rundalsk eta Elgavsi jauregiak XVIII. mendekoak dira eta Eleiskikoa XIX. mendekoa. 1919. urtean sortu zen Letoniako Arte Ederretako akademia, Rigan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Euskaltzaindia, 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0038.pdf .
  2. a b c Berria Estilo Liburua: Letonia, berria.eus
  3. a b Eurostat: Population au 1er janvier, ec.europa.eu
  4. Population Census 2011 - Key Indicators, csb.gov.lv
  5. a b c d e f g h   The World Factbook: Latvia, cia.gov, https://www.cia.gov/library/publications/the-world-factbook/geos/lg.html. Noiz kontsultatua: 2017-9-9 .
  6.   Data: 3000 BC to 1500 BC, The European Ethnohistory Database. The Ethnohistory Project, life.bio.sunysb.edu, https://web.archive.org/web/20060622113922/http://life.bio.sunysb.edu/ee/msr/Ethno/dategen1.html. Noiz kontsultatua: 2017-9-9 .
  7.   The Duchy of Courland and Semigallia, latvianhistory.com, https://latvianhistory.com/2010/07/27/the-duchy-of-courland-and-semigallia/. Noiz kontsultatua: 2017-9-11 .
  8. a b   Latvian War for Independence 1918-1920, latvianhistory.com, https://latvianhistory.com/2011/08/11/latvian-war-for-freedom-1918-1920/. Noiz kontsultatua: 2017-9-12 .
  9.   18 November-The Latvian Independence day, latvianhistory.com, https://latvianhistory.com/2010/11/17/18-november-the-latvian-independence-day/. Noiz kontsultatua: 2017-9-12 .
  10.   Kārlis Ulmanis Authoritarian Regime 1934-1940, latvianhistory.com, https://latvianhistory.com/2013/06/20/karlis-ulmanis-authoritarian-regime-1934-1940/. Noiz kontsultatua: 2017-9-12 .
  11. a b   Latvia profile - Timeline, bbc.com, http://www.bbc.com/news/world-europe-17529542. Noiz kontsultatua: 2017-9-13 .
  12.   Esnaola, Enekoitz, Independentziari kateatuta, berria.eus, http://www.berria.eus/paperekoa/1944/004/001/2014-06-01/independentziari_kateatuta.htm. Noiz kontsultatua: 2017-9-12 .
  13. Tieslietu ministrijā iesniegtie reliģisko organizāciju pārskati par darbību 2011. gadā, tm.gov.lv
  14. Latvijas iedzīvotāju skaits pašvaldībās pagastu dalījumā, Iedzīvotāju reģistra statistika uz 01.01.2014, pmlp.gov.lv

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Letonia Aldatu lotura Wikidatan