Letren errepublika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Voltaire (1694-1778), gutuneria oparo baten egilea —20.000 gutun inguru bizitzan zehar—, zeina oraindik gordetzen baita.

Letren Errepublika edo Errepublika Literarioa (Latinez respublica literaria)[1] Europa eta Amerikako intelektualen komunitate zabala izendatzeko erabiltzen den izena da. XVII. mendearen amaieran eta XVIII. mendean sortu zen, eta honakoa da komunitatearen ezaugarri nagusietako bat: eskuz idatzitako gutunen erabilera sistematikoa. Gutun horiei esker, kideen arteko distantzia geografiko luzeak gainditu ahal izan zituzten, eta, gerora, kideen arteko harremanak dokumentatzeko baliagarriak izan dira (batzuetan xehetasun handiz)[2]. Hasieran gutunetan nagusi zen hizkuntza latina zen, baina denborak aurrera egin ahala, frantsesak garrantzia hartu zuen.

Ilustrazio garaiko intelektualek euren arteko komunikazioa sustatzeko zuten interesaren ondorioz sortu zen taldea. Aurrez aipatu moduan, XVII. mendean sortu zen nazioen arteko mugak gainditzen zituen jakintsu eta literatur pertsonaien komunitate autoproklamatu gisa, zeinak hizkuntza eta kultura desberdintasunak errespetatzen baitzituen.[3] Ideia horietatik abiatuta, "errepublika metafisiko" baten oinarria osatu zuten. Garaiko gizarteak emakumeei ezarritako mugak zirela eta, letren errepublika oro har gizonek osatzen zuten. [erreferentzia behar]

Eskuz idatzitako gutunen zirkulazioa beharrezkoa zen helburu hori bete ahal izateko, intelektualei bide ematen baitzien elkarrengandik distantzia handietara komunikatzeko. Letren Errepublikako herritar guztiek gutun bidezko korrespondentzia izan zuten XVII. mendean, elkarrekin artikulu eta liburuxka inprimatuak trukatuz, eta beste kide batzuk errepublikan sartu behar zituztela uste zutenez gero, posta hedatzen zuten.[4]

Letren Errepublika kontzeptuaren lehen agerpena Francesco Barbaro humanista italiarrak Poggio Braccioliniri 1417ko uztailaren 6an bidalitako gutunekoa da.[5] Esamoldea gero eta gehiago erabiltzen hasi ziren XVI. eta XVII. mendeetan, eta, beraz, azken mende honen amaieran, zenbait aldizkako argitalpen garrantzitsuren izenburuetan ere agertzen da.[6] Gaur egun, ia aho batez onartzen da lehenengo aldiz Pierre Baylek itzuli zuela kontzeptua latinetik frantsesera Nouvelles de la République des Lettres izeneko bere egunerokoan, 1684. urtean. Hala ere, historialari batzuk ez datoz bat, eta, kontzeptuaren jatorria Platonen Errepublika lanean dagoela esan izan dute.[7] Jatorria zehazteko zailtasunak daude, izan ere, beste kasu batzuetan gertatzen ez den bezala, letren errepublika bere kideen buruan bakarrik zegoen.

Historialariek letren errepublikaren garrantzia eztabaidatu zuten, Ilustrazioan zer nolako eragina izan zuen argudiatze aldera. Historialari anglo-amerikar gehienek, eztabaidan edozein abiapuntu dutela ere, honako hau onartzen dute aho batez: letren errepublika eta Ilustrazioa gertaera oso ezberdinak izan ziren.[8]

Akademiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Academia»
Frantziako Institutuaren eraikina

XVII. mendearen lehen erdian ikerlarien komunitateak instituzionalizaziorako lehen urratsak ematen zituen, Parisen eta Londresen literatura-akademia eta zientzia-akademia iraunkorrak ezarriz. 1662an sortutako Royal Society zeinak ate irekien politikak zituen, bereziki garrantzitsua izan zen Ingalaterran letren errepublika legitimatu zedin. Royal Societyk bere estatutuak sortu eta gobernu sistema ezarri zuen. Bere buruzagi ospetsuena Isaac Newton izan zen, 1703tik 1727an hil zen arte presidentea. Beste kide aipagarri batzuk dira John Evelyn diarista, Thomas Sprat idazlea eta Robert Hooke zientzialaria izan ziren. Elkarteak nazioarteko zeregin nabarmena izan zuen, batik bat, aurkikuntza zientifikoen esleipenean.[9]

XVIII. mendeko lehen hamarkadetatik aurrera, Europan akademiak sortzen hasi ziren. Bigarren erdian, ikuspegi instituzional berri bat izan zen letren errepublikarako, zeinak ia Europako hiri garrantzitsu guztietako kideak zituen —baita Filadelfian ere, Amerikako kontinentearen kasuan—. Pixkanaka, gero eta zentro akademiko espezializatuagoak sortzen joan ziren: kasurik nabarmenena Parisekoa da.[8]

XVIII. mendeko bigarren erdian, egoera oso bestelakoa zen. Europa osoko unibertsitateek Aristotelesen filosofia naturala eta medikuntza galenista ideia mekanizista eta bitalista berrien alde utzi ahala, ikasteko moduak aldatu egin ziren: gertaeren egiaztapenaren bidez ikasteak hartu zuen indarra. Hau da, zientzien eta medikuntzaren ikaskuntza batez ere teorikoa izatetik, praktikoagoa izatera igaro zen. Honek ekarri zuen, Unibertsitatea askoz giro atseginagoa izatea letren errepublikarentzat. Irakasle gehienek afiliatzeko interesik ez bazuten ere, mende osoko aldaketa ideologiko eta pedagogikoek baldintza batzuk sortu zituzten, zeinetan unibertsitateko munduan jakin-mina askoz egingarriagoa eta are erakargarriagoa bihurtu baitzen.[8]

Aipatu erakundeak —akademiak, aldizkariak, literatura-elkarteak— arduratu ziren berez errepublikaren barruko ikerlarienak ziren rol, funtzio eta jarduera batzuez. Komunikazioak, adibidez, ez zuen zertan pertsonatik pertsonarakoa izan; akademien artean gerta zitekeen, eta handik jakintsuengana iritsi.[6]

Saloiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saloiek, hala literarioek nola zientifikoek, garrantzia nabarmena izan zuten Ilustrazioaren garaian letren errepublikaren barruan. XVII.mendetik aurrera, nobleak eta intelektualak adiskidetze-giroan biltzeko balio izan zuten, batzuk hezteko, besteen jakintzak fintzeko eta oro har kultura-trukerako ingurune komun bat sortzeko balio izan zuten. Non «zintzotasuna» (honnêteté) zen oinarrizko nozio partekatuari segika, ikasteko grina, ohitura onak eta elkarrizketa konbinatzen ziren.[10] Hala ere, aretoek gobernu-maila jakin bat eskatzen zuten; eta hori kontraesankorra suerta daiteke letren errepublikaren oinarriekin: elkarrekikotasunaren eta trukearen berdintasun-printzipioen teorian egituratu zelako. Hala eta guztiz ere, onuragarriak izan ziren letren errepublikarentzako, izan ere, Paris letren errepublikaren hiriburu gisa ezarri zenean, letra frantseseko gizonek harreman epistolar tradizionalak aberastu zituzten ahozko harreman zuzenekin. Hau da, hiriburuan zeudenak elkartzen hasi ziren, eta Ilustrazioaren proiektuarekiko lankidetza zuzena izan zen.[11]

Madame Geoffrinen ustezko erretratua, Marianne Loir-ek egina (National Museum of Women in the Arts, Washington, D. C.).

Saloiak literatura-erakundeak ziren, eta elkarrekintzarako etika berri batean oinarritzen ziren, eliteen arabera eraikitako etikan, beraz, leku hauek intelektualentzat egoten ziren irekita. Hala ere, 1770etik aurrera, saloien aurkako kritika erradikal bat sortu zen Jean-Jacques Rousseauk inspiratuta. Erradikal hauek funtzionatzeko era hori salatu zuten, eta idazle independenteak aldarrikatu zituzten; arlo publikoaz eta nazioen egoeraz arduratuko ziren pertsonak, hain zuzen ere.[12]

Inprenta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Inprenta»

Inprenta hedatzen hasi eta gutxira, letren errepublika prentsari estuki lotu zitzaion.[7] Inprentak ere zeregin nabarmena izan zuen zientzialari-komunitate baten sorreran, aldizkarien bitartez, aurkikuntza berrien berri emateko prozesua azkartu egin baitzen. Horrez gaindi, aurkikuntza berri hauen egiletza agerikoagoa bilakatu zen, eta baita errentagarriagoa ere, izan ere, egilearen eta inpreta makina jabeen artean komunikazio pertsonala erraztu zuen. Horri esker, autoreak bere lanaren gaineko kontrol handiagoa zuen, batez ere ekoizpen eta banaketa alorrei dagokienean.[7]

Aldizkariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Journal des Sçavans-en lehen alea (azala).

Aldizkako argitalpenetako asko XVII. mendearen bigarren erdian sortu ziren beste argitalpen batzuen imitazio edo aurkari gisa hasi ziren. Oro har, onartzen da Journal des Sçavans, 1665ean hasitako aldizkari frantsesa, egunkari guztien aita dela.[13]

Nouvelles de la République des Lettres izan zen Herbehereetan egin zen lehena, zeina oso aldizkari kritikoa izan zen. Nouvelles de la République des Lettres Pierre Baylek argitaratu zuen, 1684ko martxoan. Haren atzetik 1686an Bibliothèque Universelle et Historique, argitaratu zuen Jean Le Clerc teologoak. Hizkuntzei dagokienean, frantsesa eta latina nagusitu ziren, baina egon zen albiste-liburuen eta iruzkinen eskaera alemanez eta holandarrez ere.[14]

Pierre Bayle, filosofo eta idazle frantsesa, Dictionnaire historique et critique delakoagatik ezaguna (4 liburuki, 1695-97).

Aldizkariek letren errepublikan negozioak egiteko modu berri bat sortu zuten. Aurretik inprimatutako liburuekin gertatu zen bezala, aldizkariek informazioaren zirkulazioa areagotu eta ugaritu egin zuten; eta, batez ere liburuen aipamenak zirenez (extraits izenekoak), ikaragarri handitu zen ikertzaileek beren komunitatean gertatzen ari zenaz zuten ezagutza.[6]


Letren errepublikaren idealak garbi ageri dira aldizkarietan, hala hitzaurreetan eta sarreretan, nola eduki errealetan. Gutun bidezko komunikazioaren helburua bi pertsonari informazioa ematea zen era berean, aldizkariaren helburua askori informazioa ematea zen.[6] Eta funtzio publiko hori betetzean, aldizkariek erakunde bateratu gisa agertu zuten taldea. Hori ulertuta, beraz, esan daiteke, erredaktoreen eta irakurleen jarrerek iradokitzen dutena aintzat harturik, literatura-aldizkari bat, nolabait, letren errepublikako kide ideala izango litzatekeela.[6]

Hala ere, kontuan hartu behar da aldizkako argitalpen horien garrantziari buruzko desadostasun batzuk egon direla. Françoise Waquetek argudiatu izan du aldizkari literarioek, berez, ez zutela gutun bidezko komunikazioa ordezkatu. Are, aldizkariak, askotan, postaren mende egoten ziren beren informazioa lortzeko. Eta bazeuden arrazoi gehiago ere: aldizkako prentsak askotan ez zuen asetzen ikerlarien nahia; haren argitalpena eta salmenta geldoegiak ziren maiz irakurleak gogobetetzeko, edo liburu eta albisteen eztabaidak osatu gabe ager zitezkeen, espezializazioa, aurreiritzi erlijiosoak edo distortsio hutsa bezalako arrazoiengatik. Kartak desiragarriak eta erabilgarriak izaten jarraitu zuten. Baina, egia esan, aldizkariak letren errepublikaren elementu nagusi bihurtu zirenetik, irakurle askok iturri horretatik jasotzen zuten informazioa.[6]

Atlantikoaz gaindiko letren errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

The Spectator-ren egilea, Richard Steele.

Historialariek aspalditik ulertu dute egunkari ingeles eta frantsesek eragin handia izan zutela Amerika kolonialeko gutun bidezko komunikazioetan.[13] Garai hartan, Europan ideien transmisiorako erabilitako erakunde-aniztasuna ez zen existitzen Amerikan. Liburu-saltzaileen izakinak (neurri handi batean arbitrarioki egoten zirenak eskuragarri), atzerritik noizean behin etortzen ziren gutunak eta argitaletxearen inprimakien iragarkiak edo liburuen atzeko aldean zeudenak alde batera utzita, intelektual kolonialek beren interes filosofikoak bizirik mantentzeko zuten modu bakarra txostenak egunkarietako argitalpenetara aurkeztea izan zen.[13]

Atlantikoaz gaindiko letren errepublikako adibide onenetako bat 1690. urte inguruan hasi zen John Duntonek egunkari enpresa multzo bat martxan jarri zuelarik; ia guztiak Athenian Society elkarte aurrerakoiaren babespean, Harvardeko Unibertsitateko Telltale Club-eko aurrekari ingeles bat zen elkarte hau. Athenian Societyren helburu partikularretako bat ikaskuntza hitzez hitz zabaltzea izan zen, eta hori lortzeko, 1691ean sortutako planetako bat Acta Eruditorum, Journal des Sçavans, Bibliothèque Universelle eta Giornale de Letterati liburuen itzulpenak argitaratzea izan zen.[13]


Horren ondorioz, Young-Library -Students (Ikasle Gazteentzako Liburutegia) sortu zen, eta, azpitituluak dioenez, «Ingalaterran eta atzerriko aldizkarietan hirurogeita bost urtetik gaur arte inprimatutako liburu baliotsuenen laburpenak eta laburpenak» zituen. Ikasle Gazteentzako Liburutegia, 1687ko Bibliothèque Universelle et Historique bezala, ia osorik itzulitako piezez osatua zegoen, batez ere Journal des Sçavans, Bayleko Nouvelles de la République des Lettres eta Le Clerceko Bibliothèque Universelle et Historique.

1691ko Eruditorum Aktaren lehen alearen azala.


1692ko Young-Library-Students eredu izan zen, Ingalaterrako aldizkari didaktikoen ondorengo formetan aurkitzen diren materialen sorkuntzarako. Bereziki Ingalaterran horrelako aldizkako argitalpenak ez zeudelako, Estatu Batuetan aldizkako literaturaren beharra asetzeko diseinatu zen.[13]

Eztabaida historiografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historialari anglo-estatubatuarrek Ilustrazioaren zabalkunde eta sustapenean jarri dute arreta, Antzinako Erregimenaren kolapsoan eragina izan zuten mekanismoak aztertzerako orduan.[8] Mekanismoen gaineko ikerketa horrek eragin du Ilustrazioan letren errepublikak izandako garrantzia eztabaidagai bilakatzea.

Ilustrazioa argumentu erretoriko gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994an, Dena Goodmanek The Republic of Letters: a cultural history of the French Enlightenment lana argitaratu zuen. Lan feminista horretan, Goodmanek Ilustrazioa ez zuen ideia-multzo gisa deskribatu, «erretorika» gisa baizik. Harentzat, funtsean, adimen irekiko aurkikuntza-diskurtsoa zen, non elkarren kide ziren intelektualek tradizioz femeninoa den eztabaida-modu bat hartu baitzuten bizitzako arazo handiak aztertzeko. Hitzaldi ilustratuaren xedea txutxu-mutxua zen, Parisko aretoen giroarekin estuki lotua;[8] horrela, esfera publikoaren maskulinitate mailari buruzko hausnarketak egin zituen. Jürgen Habermas[15] soziologo alemanaren lanaren eraginpean, Goodman-ek beste banaketa bat proposatu zuen, emakumeak benetako eremu publikokoak zirela definitzeko, gobernuak literatura-aretoetan, logia masonikoetan, akademietan eta prentsan egindako kritikaren bidez.[3]

Goodman-en arabera, XVIII. mendean, letren errepublika batez ere gizon eta emakume frantsesez osatuta zegoen; filosofo eta salonnièresek elkarrekin lan egin zuten filosofiaren helburuak lortzeko, zeina oro har Ilustrazioaren proiektua dela esan daitekeen.[16] Haren iritziz, Ilustrazioan, literatura-errepublikaren diskurtso-praktiken erdigunea elkarrizketa hezia eta gutunen idazketa zen, eta hura definitzen zuen gizarte-erakundea Parisko saloiak izan ziren.[16]

Dioenez, 1750 inguruan, letra frantseseko gizonek soziabilitate-diskurtsoa Frantzia munduko naziorik zibilizatuena zela argudiatzeko erabiltzen zuten, hura baitzen gizartekoi eta heziena. Letra frantseseko gizonek beren burua proiektu ilustratu baten buruzagi gisa ikusten zuten, aldi berean kulturala eta morala zena, politikoa ez bada. Frantziar kultura zibilizazioaren abangoardia gisa irudikatzean, gizateriaren kausa bere kausa nazionalekin identifikatu zen, eta, aldi berean, bere burua ikusi zuten frantziar patriota gisa eta baita letra kosmopolitaren errepublika bateko herritar gisa ere. Voltairek, Frantziako kulturaren defendatzaile sutsuak eta Ilustrazioko errepublika literarioko herritar nagusiak, inork baino gehiago lagundu zion identitate nazionalaren autoerrepresentazio horri.[16]

XVII. eta XVIII. mendeetan, letren errepublikaren hazkundea Frantziako monarkiaren hazkundearekin batera gertatu zen. Haren historia monarkiaren historiarekin lotzen da: erlijio-gerren ondoren finkatu zenetik Frantziako Iraultzarekin erori zen arte. Goodman-ek egoera hori nabarmentzen du, letren errepublikaren beraren historiaren ikuspegia ematen baitu, XVII. mendean diskurtso apolitikokodun komunitate gisa sortu zenetik XVIII. mendean komunitate politizatu bihurtu zen arte; komunitate horren Ilustrazioaren proiektuak monarkiari desafio egiten zion, Frantziako gizartean txertatutako eremu publiko berri batekin.[16]

Generoa letren errepublikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003an, Engendering the Republic of Letters: reconnecting public and private spheres liburua argitaratu zuen Susan Daltonek. Daltonek Dena Goodmanen iritziaren alde egiten du, emakumeek Ilustrazioan zeregin nabarmena izan zutela uste baitu. Bestalde, Dalton ez dator bat Goodmanekin Habermasen eremu publiko eta pribatuaren (Öffentlichkeit) ideiaren erabilerarekin. Eremu publikoak emakumeak barneratzeko gaitasuna du, baina ez da eskaintzen zitzaizkien ekintza politiko eta intelektualen sorta osoa aztertzeko tresnarik onena, termino historiko edo politikoetan garrantzitsua denaren definizio murriztaileegia ematen baitu. Are gehiago, arazo hori da, hain zuzen ere, eremu publikoaren eta pribatuaren arteko edozein zatiketaren mende egotearen arazo handiena: emakumeen ekintza politiko eta intelektualaren ikuspegia mugatu egiten da, leku eta erakunde espezifikoei dagokienez definitzen baitira, botere-gune eta agente historiko gisa, eta ez modu orokorrean.[3]

Letren errepublika modu zabalagoan aztertzeko, Daltonek aretoetako emakumeen gutuneria aztertu zuen, erakunde intelektualen eta hainbat soziabilitate-motaren arteko lotura erakusteko. Bereziki, bi emakume frantziarren eta bi emakume veneziarren gutuneria aztertu zuen, XVIII. mendearen amaierako saloi bateko partaide zirenak, errepublikan zuten eginkizuna ulertzeko. Honakoak dira emakumeaK: Julie de Lespinasse (1732-1776), Marie-Jeanne Roland (1754-1793), Giustina Renier Michiel (1755-1832) eta Elisabetta Mosconi Contarini (1751-1807).[3]

Literatura-korrespondentzia gauzatzea, albisteak, liburuak edo literatura bidaltzea, gorespenak eta kritikak barne, batek komunitate osoarekin duen konpromiso erakusteko modua zen. Truke horien garrantzia dela eta, literatura-errepublika komunitate gisa betikotzea ziurtatzeko, Lespinasse, Roland, Mosconi eta Renier Michielek adiskidetasunaren eta leialtasunaren bidez kohesioa indartzeko lan egin zuten. Beraz, gutun bat bidaltzea edo liburu bat eskuratzea zor soziala sortzen zuen debozio pertsonalaren seinale zen. Era berean, «zor» horiek betetzeko gaitasunak lagun ona eta, beraz, letren errepublikako kide bertutetsua izatea adierazten zuen. Bi ezaugarri horiek bat etortzeak azaltzen du lagunak eta ezagunak gomendatzea literatura-sarietarako eta gobernu-postuetarako. Hori dela eta, esaten da emakumeak gai izan zirela gomendioak egiteko, postu politikoen izendapenaren eta literatura-sarien garrantzia kontuan hartuta, uste zelako gai zirela letren errepublikan harremanen balio integralak ebaluatzeko eta adierazteko; grazia eta edertasuna ez ezik, adiskidetasuna eta bertutea ere epaitu eta sor baitzezaketen.[3]

Eztabaida intelektual eta politikoetan parte hartzearen izaera eta irismena aztertzean, emakumeen ekintzak genero-eredu kontserbadoreetatik ez ezik, emakumeen gizarte-rol egokiari buruzko formulazioetatik ere zenbateraino aldendu ziren erakutsi ahal izan zen. Askotan beren sentsibilitatea eta gaitasun kritikorik eza azpimarratu bazuten ere, Susan Daltonek aztertutako saloietako emakumeek ere letren errepublikakoak zirela esaten zuten.[3]

1995ean, Anne Goldgarrek Impolite learning: and community in the Republic of Letters, 1680–1750 argitaratu zuen. Goldgarrek akademiko eta zientzialariek osatutako talde gisa ikusten du errepublika, zeintzuen gutun eta argitaratutako lanek —oro har, Amerikan— kontserbadore jakintsuen komunitate bat erakusten baitute, funtsean estiloaren gainetik. Bere ustez, XVII. mendetik Ilustraziora bitarteko trantsizio-aldian, errepublikazaleen interes komun garrantzitsuena beren jokabidea zen. Bere kideen ikuskeran, ideologia, erlijioa, filosofia politikoa, estrategia zientifikoa edo beste edozein esparru intelektual edo filosofiko ez zen komunitate gisa zuen nortasuna bezain garrantzitsua.[8]

Philosopheak, aldiz, letragizonen belaunaldi berria ziren, modu kontziente eta politikoki subertsiboan polemikoak. Bestalde, hiri handietako dibulgatzaileak ziren, eta haien bizimodua eta estiloa askoz gehiago zetozen bat irakurketa publikoen jarraibidea markatu zuen elite aristokratikoaren sentsibilitatearekin.[8]

Hala ere, ezaugarri orokor batzuek letren errepublikaren irudi bat osa dezakete. Lehenengoa nabarmentzen da, arau komunak izatea: mundu akademikoak, hortaz, gizarte osotik bereizten dela uste du. XVII. eta XVIII. mendeetako ikasleek uste izan zuten, gutxienez, esparru akademikoa ez zegoela lotuta gizartearen arau eta balioei; akademikoak ez diren esparruetan gertatzen ez den bezalaxe. Uste zuten berdintasunezko erkidego batean bizi zirela, non kide guztiek eskubide berberak baitzituzten besteen lana eta jokabidea kritikatzeko, bereizketarik gabe. Bestalde, literatura-errepublikak, teorian, ez zien jaramonik egiten kideen nazionalitateari eta erlijioari.[6]

Letren errepublikako ohiturak informazio-iturri oparoa izan dira Europa osoko adituentzat.[6] Gizarteko beste kide batzuekin izandako korrespondentzian, akademikoak libre sentitu ziren ikerketarako laguntza eskatzeko, beharrezkoa zen guztietan.[6]

Bitartekari-lana ere nabarmena zen literatura-errepublikan. Eruditu batzuek beste batzuen izenean idatzi zuten, beste pertsona bazuengandik abegitasuna, liburuak edo ikerketarako laguntza esaktzen zituzten... Sarritan, bitartekari baten parte-hartzea komenigarritasun hutsa zen. Hala ere, bitartekari bat erabiltzeak, maiz, esanahi soziologikoa zuen azpian. Porrotean amaitzen ze eskaera bat, aldi berean, lotsagarria eta iraingarria izan zitekeen; zerbitzu bat egiteari uko egiteak esan nahi du eskaera jasotzen zuen alderdiak nahiago zuela estatus apalagoko norbaitekin harreman zuzenik ez izatea.[6]

Baina bitartekariak ez ziren alderdi negatiboek gehien eragindakoak soilik; transakzio askoren arrakastan ere lagundu zuten. Aipatutako bitartekari bat erabiltzeko gaitasuna letren errepublikan gutxienez kontaktu bat zuten jakintsuek zuten. Horrek taldeko kide zela frogatzen zuen, eta bitartekariak, oro har, bere gaitasun akademiko positiboen fede eman zezakeen. Gainera, bitartekariak harreman zabalagoak izaten zituen, eta, ondorioz, estatus altuagoa komunitatean.[6]

Errepublikan zeuden estatus-desberdintasunak egonagatik, horrek ez zuen komunitatea ahultzea ekarri. Zerbitzu-espirituak, besteak behartzean estatusa lortzearen abantailarekin batera, esan nahi zuen maila handiagoko norbait bere menpekoei laguntzera behartuta zegoela. Hori egitean, beste ikasleekiko loturak indartzen zituen. Espezialista batentzako laguntzaren bidez, loturak sortzen ziren edo zerbitzua ematen zitzaion pertsonarekin indartzen ziren, eta, aldi berean, zerbitzuaren azken hornitzailearekin elkarrenganako loturak indartzen ziren.[6]

Gardentasun intelektuala eta laiko bihurtzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dena Goodmanen ikuspegiak mesede egin dio Thomas Broman medikuntzaren historialariari. Habermasen oinarrituta,[15] Bromanek dio Ilustrazioa gardentasun intelektualaren eta laikotasunaren aldeko mugimendua izan zela. Letren errepublikako kideak hermetikoki isolatuta bizi ziren kanpoko mundutik, eta beren artean bakarrik hitz egiten zuten. Bien bitartean, beren oinordeko ilustratuek nahita jarri zituzten beren ideiak iritzi publikoaren aurrean. Bromanek uste du, funtsean, literatura-errepublika kabineteetan zegoela, eta Ilustrazioa, berriz, merkatuetan mugitzen zela.[8]

Ameriketako Estatu Batuetako historialari gehienentzat, Ilustrazio klasikoa mugimendu aurrerakoia da, eta letren errepublika, berriz, eraikuntza zaharragoa, XVII. mendekoa. Baina, John Pocock-en iritziz, bi Ilustrazio izan ziren: bata, Edward Gibbon historialari ingelesarekin lotutakoa, eta literatura-errepublikan oinarritua; bestea, Philosopheen Parisko Ilustrazio izugarria. Lehena tradizio politiko eta teologiko liberal anglobritaniko eta protestantearen ondorio izan zen, etorkizunera begira; bigarrenak ez zuen eragin handirik izan analisi soziohistorikoan, eta nahi gabe kaos iraultzailea eragingo zuen.[17]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Abad Nebot, Francisco. (2001-01-01). [http://dx.doi.org/10.5944/epos.17.2001.10203 «RESEÑA de : Real Academia Española. Diccionario de la lengua española : vigésima segunda edición. Madrid : Real Academia Española de la Lengua, 2001»] Epos : Revista de filología (17): 488.  doi:10.5944/epos.17.2001.10203. ISSN 2255-3495. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  2. Revista científica de información y comunicación. Editorial Universidad de Sevilla (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  3. a b c d e f Chabut, Marie-Hélène. (2006). «Images des Lumières : histoire culturelle et histoire des idées. Susan Dalton, Engendering the Republic of Letters: Reconnecting Public and Private Spheres in Eighteenth-Century Europe. Montreal et Kingston, McGill-Queen's University Press, 2003, 206 p. Lars O. Erikson, Metafact. Essayistic Science in Eighteenth-Century France, University of North Carolina Press, 2004, 208 p. Harold Mah, Enlightenment Phantasies, Ithaca, Cornell University Press, 2004, 227 p.» Lumen: Selected Proceedings from the Canadian Society for Eighteenth-Century Studies 25: 245.  doi:10.7202/1012089ar. ISSN 1209-3696. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  4. «Dena Goodman. <italic>The Republic of Letters: A Cultural History of the French Enlightenment</italic>. Ithaca: Cornell University Press. 1994. Pp. xii, 338» The American Historical Review 1998-02  doi:10.1086/ahr/103.1.193. ISSN 1937-5239. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  5. Wright, Barbara. (1999-02). «La République des LettresHans Bots and François Waquet Belin-De Boeck, Brussels and Paris, 1997 (188 pages) FF 100 (paperback), ISBN 2-7011-2111-6» European Review 7 (1): 153–154.  doi:10.1017/s1062798700003835. ISSN 1062-7987. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  6. a b c d e f g h i j k l Anne., Goldgar,. (cop. 1995). Impolite learning conduct and community in the Republic of Letters, 1680-1750. Yale University Press ISBN 0-300-05359-2. PMC 434379512. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  7. a b c Lambe, Patrick J.. (1988-07). «Critics and Skeptics in the Seventeenth-Century Republic of Letters» Harvard Theological Review 81 (3): 271–296.  doi:10.1017/s0017816000010105. ISSN 0017-8160. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  8. a b c d e f g h B., Brockliss, Laurence W.. (2002). Calvet's web : enlightenment and the republic of letters in eighteenth-century France. Oxford University Press ISBN 0-19-924748-X. PMC 422268295. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  9. Nichols, J. Randall. (1978-01). «The Great D. Min. Experiment» Theology Today 34 (4): 431–435.  doi:10.1177/004057367803400413. ISSN 0040-5736. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  10. Schapira, Nicolas. (2006-08). «Steven Kale. French salons. High society and political sociability from the Old Regime to the Revolution of 1848. Baltimore-Londres, The Johns Hopkins University Press, 2004, 308 p.» Annales. Histoire, Sciences Sociales 61 (4): 947–948.  doi:10.1017/s0395264900030481. ISSN 0395-2649. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  11. (Ingelesez) Goodman, Dena. (1991-01). «Governing the republic of letters: The politics of culture in the French enlightenment» History of European Ideas 13 (3): 183–199.  doi:10.1016/0191-6599(91)90180-7. ISSN 0191-6599. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  12. (Ingelesez) Lilti, Antoine. (2005-08-01). «Sociabilité et mondanité: Les hommes de lettres dans les salons parisiens au XVIIIe siècle» French Historical Studies 28 (3): 415–445.  doi:10.1215/00161071-28-3-415. ISSN 0016-1071. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  13. a b c d e Fiering, Norman S.. (1976-10). «The Transatlantic Republic of Letters: A Note on the Circulation of Learned Periodicals to Early Eighteenth-Century America» The William and Mary Quarterly 33 (4): 642.  doi:10.2307/1921719. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  14. Laursen, John Christian. (2001-12). «Radical Enlightenment: Philosophy and the Making of Modernity 1650–1750. By Jonathan I Israel. Oxford: Oxford University Press, 2001. 810p. $45.50.» American Political Science Review 95 (4): 980–981.  doi:10.1017/s0003055400400201. ISSN 0003-0554. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  15. a b Horster, Detlef. (2020). «Habermas, Jürgen: Strukturwandel der Öffentlichkeit» Kindlers Literatur Lexikon (KLL) (J.B. Metzler): 1–3. ISBN 978-3-476-05728-0. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  16. a b c d 1952-, Goodman, Dena,. (1996). The republic of letters : a cultural history of the French Enlightenment. Cornell University Press ISBN 0-8014-2968-4. PMC 922585573. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  17. Fowler, Robert Booth. (2000-06). «Barbarism and Religion, Vol. 1: The Enlightenment of Edward Gibbon, 1737–1764. By J. G. A. Pocock. Cambridge: Cambridge University Press, 1999. 323p. $49.95. - Barbarism and Religion, Vol. 2: Narratives of Civil Government. By J. G. A. Pocock. Cambridge: Cambridge University Press, 1999. 413p. $49.95. Two-volume set $90.00.» American Political Science Review 94 (2): 451–451.  doi:10.2307/2586032. ISSN 0003-0554. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]