Leuconostoc

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Leuconostoc
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaBacteria
FilumaFirmicutes
KlaseaBacilli Bacilli
OrdenaLactobacillales Lactobacillales
FamiliaLeuconostocaceae Leuconostocaceae
Generoa Leuconostoc
Datu orokorrak
Gram tindaketa Grampositibo

Leuconostoc generoa bakterio Gram positiboz osatua dago, koko itxura dutenak. Anaerobio fakultatiboak dira eta ez dira mugitzen. Sarritan kate luzeak eratzen dituzte. Ez dute esporarik sortzen.

Leuconostoc -Streptococcus eta Lactobacillus bezala- bakterio laktikoen multzoan sailkatzen da. Bakterio laktikoek metabolismo berezia dute, glukosa hartzitzen baitute azido laktikoa sortuz. Hartzidura laktiko horrek garrantzia handia du zenbait prozesu industrialetan, jogurtgintzan eta gaztagintzan, besteak beste.

Bakterio hauen ezaugarri biokimiko nagusiak hauek dira:

  • anaerobio fakultatiboak, baina hartzitzaile hertsiak (O/H: -/+)
  • katalasa (-)
  • glukosaren hartzidura (+) (azido laktikoa sortuz)
  • bankomizinarekiko erresistenteak

Leuconostocek glukosaren hartzidura heterohartzitzailea burutzen du: azido laktikoaz gain, CO 2 gasa eta beste metabolito batzuk (etanol, batez ere) sortzen dira.

Genero honetako andui batzuek dextrano izeneko polisakarido bat ekoizten dute sakarosarekin hazten direnean. Dextrano horiek onura industriala dute, medikuntzan -esate baterako- oso erabiliak izaten baitira odol-plasmaren ezaugarriak hobetzeko (transfusioetan).

Leuconostoc oenos-ek hartzidura berezia burutzen du: hartzidura malolaktikoa. Bide metaboliko horretan fruta askotan dagoen azido malikoa azido laktiko bihurtzen da. Hartzidura mota honek garrantzi handikoa da sagardoaren ekoizpenean.

Gehienetan patogenoa ez bada ere, Leuconostoc mikrobio oportunista izan daiteke hainbat kasutan, ahulduta dauden gaixoei eta gaixo immunogutxituei eraso egiten baitie. Meningitis, osteomielitis, septizemia eta gernu-infekzioak gara ditzake patogeno bihurtzen denean.

Genero honetako espezie ospetsuenak Leuconostoc mesenteroides, Leuconostoc oenos, Leuconostoc citreum eta Leuconostoc lactis dira.