Lezkari karratxin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Life

Lezkari karratxin
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Aves
Ordena: Passeriformes
Familia: Acrocephalidae
Generoa: Acrocephalus
Espeziea: Acrocephalus arundinaceus
Linnaeus, 1758

Lezkari karratxina (Acrocephalus arundinaceus) Sylviidae familiako hegazti paseriformea da, Europa eta mendebaldeko Asiako eskualde epeletan bizi dena.

Lezkari karratxina, izenak dioen moduan, lezkadietan aurkitzen den txori txiki eta zalapartatsua da. Euskal Herrian udan baino ez dugu hegazti hau ikusteko aukera, isurialde mediterraneoko aintzira eta urmael inguruetan ugaltzen baita orduan. Txoritxo honen populazio ugaltzaile handienetako bat Nafarroan aurkitzen da, 200 bikote ingururekin.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lezkari karratxina, karratxin espezieetatik handienetako bat da. 16-21 cm-ko luzera du, 25-30 cm-ko hego-zabalera eta 22-38 g-ko pisua.[2] Helduek bizkarraldea marroia-gorrixka dute, azpialde hori-gorrixka eta papar eta bekainaldea zuri-horixkak. Kopeta laua du eta mokoa sendo eta zorrotza. Hankak gris-urdin kolorekoak dira.

Ar eta emeak bereiztea oso zaila gertatzen da eta lumajean oinarriturik behintzat, ezinezkoa suertatzen da biak bereiztea. Aldiz ale gazteek luma txikiagoak dituzte gorputzean eta luma ertainak hegoetan, eta hauen kolorea argiagoa da.

Antzeko espeziea lezkari arrunta (acrocephalus scirpaceus) du. Lezkari arruntaren oso antzekoa bada ere, lezkari karratxinak tamaina handiagoa du eta bekainalde garatuagoa.[3]

Kantua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lezkari karratxinaren soinua oso altua eta zalapartatsua da. Fase nagusian berriketa karrankari moduko bat sortzen du: karr-kri-kri-kri-jet-jet.

Arrek bi soinu mota nagusi erabiltzen dituzte komunikatzeko. Alde batetik segundo bateko luzera duten soinu motzak, silaba gutxikoak; eta bestalde, lau segundo inguruko soinu luzeagoak, silaba gehiagokoak eta altuagoak.

Mota honetako soinu luzeak 450 metroko distantziatik entzun daitezke eta bikoterik gabeko arrek baino ez dituzte igortzen, eta hauek emea topatutakoan igortzeari uzten diote. Arren arteko lurraldekotasun lehietan, aldiz, lehenengo motako soinuak igortzen dira.[4]

Behin bikotekidea topatu dutela, beraz, arrek abesteari utziko diote eta beste ar baten aurrean lurraldea defendatzeko baino ez dituzte berriro soinu motzak igorriko. Beraz, soinua arrak bikotea duen ala ez aurresateko indikatzaile oso ona da.[5]

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lezkari karratxinak banaketa paleartikoa du eta Europa kontinental osoan ugaltzen da, Eskandinavia hegoaldean hasi, Errusia, Afrika iparralde eta Asia erdialderaino. Hala ere, hegazti migratzailea da eta Afrika tropikalean hibernatzen du.

Iberiar penintsulan udan baino ez da azaltzen eta arruntagoa da isurialde mediterraneoan. Euskal Herrian kostaldeko hezeguneetan ere ikusi izan den arren, batik bat Araba eta Nafarroako eskualde mediterraneoan da arrunta, eta azken honetan, hain zuzen, penintsulako populazio ugaltzaile handienetako bat topatzen da, 200 bikote ingururekin.[6]

Acrocephalus arundinaceus
in De Nederlandsche Vogelen
(Dutch Birds), Vol. 2 (1789)

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie honen izenak dioen moduan, lezkadiak dira txori honen habitat gogokoenak, behintzat kumatze garaian zehar. Phragmites eta Typha espezieko lezkadietan arrunta da, inguruan basoak dituzten hezeguneen ondoan, batik bat. Ur-ertzetako altuera handiko kanaberak eta ihiak aukeratzen ditu habiak eraikitzeko. Neguan aldiz, lezkari karratxina sastrakadietan, kanaberadietan, arroz landaketetan eta basoetako argiguneetan aurki daiteke. Eskualde menditsuak ez ditu gogoko eta ez da inoiz 1000 metrotik gorako altitudeetan azaltzen.

Euskal Herrian Urdaibaiko eta Txingudiko hezeguneetan zenbait populazio ugaltzaile topatu ziren 1996. urtean baina 2006an egindako laginketetan ez zen populazio ugaltzailerik topatu.[7] Gainontzeko populazioak aintzira eta ibai ertzetan topatu ziren.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lezkari karratxina intsektiboroa da batik bat, hala nola, intsektuen larbak, sitsak, sorgin-orratzak, txitxi-burruntziak eta kakalardo txikiak jaten ditu. Hala ere armiarma, arrain txiki eta igelak ere lezkari karratxinaren dietaren parte dira,[8] eta neguan, fruta jaten ere behatu izan da. Txitoak diptero eta araknidoetaz elikatzen dira batik bat.[9]

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugal sasoian, arrek kantuaren bidez erakartzen dituzte emeak. Zenbait ikerketen arabera, hala ere, arrik arrakastatsuenak neguko migrazioetatik lehenengoak iritsitakoak dira, antza habia eraikitzeko lekurik erakargarrienak beraiek aukeratzen baitituzte.[10] Gehienak monogamoak badira ere, bikoterik gabeko arrak maiz emeekin ugaltzen dira eta bikotedunek ere, lezkadietako landarediaren mugimenduetaz baliatzen dira disimuluan beste eme batzuekin ugaltzeko.[11]

Emeek habiak kanaberetan eratzen dituzte, zurtoinean material hezea josiz, material hau lehortzean habia egonkorrak sortuko direlarik.[12] Bakoitzak 3-6 arrautza jartzen ditu, maiatza erdialdean hasi eta uztaila erdialderaino[13] eta inkubazioaz emeak baino ez dira arduratzen. Txitoak 14-15 egunen buruan jaiotzen dira eta 12-14 egun dituztela egiten dute alde habiatik.[14]

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lezkari karratxina espezie migratzailea da, udan Europan ugaldu eta neguan Afrika tropikalean hibernatzen duena. Arrak nahiko lurraldekoiak izaten dira eta gehienetan bikote monogamoak eratzen dituzte, nahiz eta aldi berean bi edo hiru emerekin ugaltzen diren arrak ere topatu diren.[14]

Kukuak maiz lezkari honen habiak parasitatzen ditu.[15]

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriari buruzko datu orokorrik ez dagoen arren, Arabako populazioa berrogeita hamar bikote ugaltzailetik beherakoa dela uste da. Urdaibaiko Erreserbako populazio habiagilea 6-8 bikotetan estimatu da.[16] Nafarroan, aldiz, egoera hobea da eta 200 bikote ugaltzaile inguru daudela estimatu da.

Ez dago Iberiar penintsulari buruzko estimaziorik, hainbat eskualdetan espezie hau ugaria dela uste bada ere. Hala, Salamancako Agueda ibaian dentsitatea 10 ha-ko 33,3 bikotekoa dela azpimarratu behar da. Europako lurralde gehienetan nahiko ezezaguna da oro har, eta populazio txikiak aipatzen dira. 1.000-10.000 bikote inguruko populazioak aipatu dira Frantzian, 100.000koak Grezian eta 10.000-11.000koak, berriz, Estonian.[17]

Litekeena da Euskal Herrian batetik murrizteak eta desagertze lokalak gertatu izana, eta bestetik, berriz, artifizialki sortutako kokaleku berrietan kokatu izana. Europa iparralde eta ekialdeko banaketa-eskualdea hedatu du, baina populazioek murrizte handiak izan dituzte azken hamarkadetan Europako lurralde askotan.[17]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. The IUCN red list of endangered species
  2.   Martí R, del Moral JC. (2003), Atlas de las aves reproductoras de España, Madril: Dirección General de Conservación de la Naturaleza-Sociedad Española de Ornitología .
  3.   Blasco-Zumeta J., Carricero tordal, Laboratorio Virtual Ibercaja .
  4.   Catchpole C, Clive K. (1986), «Song repertoires and reproductive success in the great reed warbler Acrocephalus arundinaceus», Behavioral Ecology and Sociobiology 19 (6): 439–445 .
  5.   Catchpole C. (1986), «Deceit among the songbirds», New Scientist (1504): 45-47 .
  6.   Cantos F. (1992), Migración e invernada de la familia Sylviidae en la Península Ibérica. Doktoretza Tesia, Universidad Complutense de Madrid .
  7.   Galarza A, Hidalgo J. (2006), Diagnosis de la fauna vertebrada asociada a los carrizales de la Reserva de la Biosfera de Urdaibai: censo y cartografía de la avifauna (2005/2006) .
  8.   Ezaki Y. (1992), «Importance of communal foraging grounds outside the reed marsh for breeding great reed warblers», Ecological Research 7 (1): 63-70 .
  9.   Dyrcz A, Flinks H. (2000), «Potential food resources and nestling food in the Great Reed Warbler (Acrocephalus arundinaceus arundinaceus) and Eastern Great Reed Warbler (Acrocephalus arundinaceus orientalis)», Journal für Ornithology 141 (3): 351–360 .
  10.   Hasselquist D. (1998), «Polygyny in Great Reed Warblers: a long-term study of factors contributing to male fitness», Ecology 79 (7): 2376–2390 .
  11.   Hasselquist D, Bensch S, von Schantz T. (1995), «Low frequency of extrapair paternity in the polygynous great reed warbler, Acrocephalus arundinaceus», Behavioral Ecology 6 (1): 27–38 .
  12.   Simms E. (1985), British Warblers, Londres: Collins .
  13.   Leisler B, Wink M. (2000), «Frequencies of multiple paternity in three Acrocephalus species (Aves Sylviidae) with different mating systems (A. palustris, A. arundinaceus, A. paludicola)», Ethology, Ecology and Evolution 12 (3): 237–249 .
  14. a b   del Hoyo J, Elliott A, Christie DA. (2006), Handbook of the Birds of the World, Bartzelona: Lynx Edicions .
  15.   Moskát C, Honza M. (2000), «Effect of nest and nest site characteristics on the risk of cuckoo Cuculus canorus parasitism in the great reed warbler Acrocephalus arundinaceus», Ecography 23 (3): 335-341 .
  16.   Franco J., Kudeaketa proposamena. Estudio de la fauna silvestre asociada a los ecosistemas de la Reserva de la Biosfera de Urdaibai. Informea, Eusko Jaurlaritza .
  17. a b   Cramp S. (1992), Handbook of the Birds of Europe, the Middle East and North Africa, Oxford University Press .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lezkari karratxin Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Acrocephalus_arundinaceus