Libanoko gailu elektronikoen leherketak (2024)
| Libanoko gailu elektronikoen leherketak | |
|---|---|
| Mota | talde segurtasun haustura atentatu erasoaldi bonba erasoa Kontraterrorismo |
| Honen parte da | Israel eta Libanoren arteko mugako gerra istiluak (2023-2024) eta Arabiar–israeldar gatazka |
| Denbora-tarte | 2024ko irailaren 17a - 2024ko irailaren 19a |
| Data | 2024ko irailaren 18a 2024ko irailaren 17a |
| Kokaleku | Libano |
| Herrialdea | Libano eta Ba'athist Syria (en) |
| Helburu | Hezbollah |
| Pertsona hilak | 42 |
| Pertsona zaurituak | 3.500 |
| Erantzule | Israel Mossad |
| Arma | pertsona-bilagailu walkie-talkie simplex communication (en) HDX |
| Multimedia | |
| Beste batzuk | |
| Leherketa | |
Libanoko gailu elektronikoen leherketak Hezbollahko kideak kaltetzearren Israelek egindako indarkeria ekintzen multzo sinkronizatu bat izan ziren, Israelen eta Libanoren arteko mugako gatazkan jazoa. Libanon eta Sirian izan ziren leherketak, 2024ko irailaren 17eta 18an. Israelek hainbat pertsona-bilagailu eta komunikazio-irrati eztandarazi zituen. Gailu horiek Hezbollah Libanoko talde xiitako kideek erabiltzen zituzten elkarrekin komunikatzeko, baina baita Libanoko mediku eta larrialdi zerbitzuetako hainbat kidek, besteak beste.
Atentatua prestatzeko, Israelgo espioitza agentziak (Mossad) hainbat gailu fabrikatu zituen, isilpean, barruan PETN lehergailua ezarrita, eta Hezbollahko kideei saldu zizkien konpainia mozorrotu baten bidez.[1][2] Tresnen eztandek 2.800 lagun baino gehiago zauritu eta gutxienez 37 lagun hil zituzten;[3] badirudi biktima asko Hezbollahko kideak zirela, baina zibil ugari ere bai; lau haur ere tartean.[1] Larrialdi-zerbitzuetako kideak eta bestelako boluntario batzuk ere zauritu zituzten.[4] Erasoa 2023-2024ko Israel-Palestina gatazkaren barruko beste gertaera bat izan zela dirudi.[5]
Gertaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eztandak bi egunetan izan ziren, 2024ko irailaren 17 eta 18an. Egun horietan, ehunka zibil eta Hezbollahko ehunka kide larri zauritu ziren Libanon zehar kokagune ugaritan, pertsona-bilatzaile gailuek ustekabean eztanda egin zutenean. Dirudienez, aparatuek eztanda baino zenbait segundo lehenago jo zuten, hartzaileak gailua eskuetan har zezan eta aurpegira inguratu zezan, eta, horrela, eskuetan eta begietan lesio larriak izateko aukera indartzeko. Eztandak Hezbollahk presentzia duen tokietan izan ziren, Libanoko hiriburu Beiruten (Dahieh auzoa barne), Libano hegoaldean eta Bekaa haranean. Siriako hiriburu Damaskon ere izan ziren eztandak.
Leherketek hasierako eztandetatik 30 minutura arte iraun zuten; horrek ondoriozko kaosa areagotu egin zuen. Lekukoek jakinarazi zuten hainbat pertsona odoletan ikusi zituztela leherketen ondorioetan izandako zauriengatik. Lehen eraso honetan 14 pertsona hil ziren (tartean neskatxa bat), 2800 zauritu ziren eta horietatik 1800 ospitaletan daude.[6]
Hasierako leherketak gertatu eta 24 ordura, lehergailuen bigarren bolada bat gertatu zen Libanon. Hezbollahk irrati eramangarriak zirela esan zuen, ICOM-IC-V82 Walkie-talkieak alegia. Leherketek ere suteak eragin zituzten etxebizitzetan.[7] Bigarren egun horretan 20 eta 25 hildako artean eta 450 zauritu gertatu ziren, agentzien arabera. Eztandak indartsuagoak izan ziren.[8][9]
Lehergailuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hezbollah Israelek bere militanteak «kontrolatu ez zitzan» hasi zen bilagailuak erabiltzen, modu horretan «seguruagoa» izango zelakoan. Haien nahia zen Israelgo informazio zerbitzuak ez sartzea euren komunikazioan, eta non zeuden ez jakitea. Segurtasun neurri gisa zeukaten hori, beste teknologiarik ez zegoelako. Hezbollahk uste zuen seguruago zeudela horrela. Haatik, Israelgo espioitza agentzia (Mossad) konturatu zen Sirian eta Libanon pertsona-bilagailuak erabiltzen zituztela, eta aurkitu zuten modua pertsona-bilagailuen baterian esku hartzeko.[10]
Libanoko goi segurtasun-iturri batek Reuters albiste-agentziari jakinarazi zionez, Mossadek lehergailu kopuru txiki bat jarri zuen Taiwanen fabrikatutako 5.000 pertsona-bilatzaileren barruan.[11] Libanora iritsi baino lehen manipulatu zituzten pertsonen bilatzaileak, funtzionario batzuen arabera. Gehienak AR924 modelokoak ziren, baina bidalketan Gold Apolloren beste hiru modelo ere sartu ziren. Mezu kodetu batek aldi berean aktibatuko zituen lehergailuak.[12][13]
Elijah Magnier Bruselan finkatutako analista politiko eta militarrak azaldu zuen ikerketa bat abiatua zela Libanon eta, haren arabera, Taiwandik Hungariara eta, gero, Libanoko portu batera heldu zirela pertsona-bilagailuak. Konpainia askok ez dute zuzenean Hezbollahrekin traturik eduki nahi eta, beraz, kargamentua hirugarren tratulari baten eskuetan izan bide zen portu hartan, hiru hilabetez. Antza, epe horretan sartu zen leherkaria gailuotan. Israelek 1-3 gramo PETN (pentaeritritol tetranitratoa) leherkari indartsua jarri zuen gailu bakoitzean.[14]
Hezbollahren eta Israelen erantzuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]«Gerra ekintza bat izan da, Libanoko herriari eginiko gerra deklarazio bat». Horrela definitu zituen erasoak Hezbolla talde xiitako lider Hassan Nasrallahk. Bere adierazpena adieratzen ari zen une berean, Israelgo armadako hegazkinak ibili ziren Beirut inguruan. Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek, bestetik, ohartarazpen hau egin zuen: «Beste fase batean sartu da gerra. Hainbat hilabetez Gazan Hamasen aurka borrokatu ostean, grabitate zentroa iparraldera mugitu da, baliabideak eta indarrak desbideratuta». Israelek ez du orain arte hitzik egin Hezbollahren aurkako erasoez, baina Gallantek zoriondu egin ditu herrialdeko informazio zerbitzuak erdietsitako «lorpen handiengatik», xehetasun gehiagorik eman gabe.[15]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Ingelesez) Frenkel, Sheera; Bergman, Ronen; Saad, Hwaida. «How Israel Built a Modern-Day Trojan Horse: Exploding Pagers» The New York Times
Aipua: «Even before Mr. Nasrallah decided to expand pager usage, Israel had put into motion a plan to establish a shell company that would pose as an international pager producer. By all appearances, B.A.C. Consulting was a Hungary-based company that was under contract to produce the devices on behalf of a Taiwanese company, Gold Apollo. In fact, it was part of an Israeli front, according to three intelligence officers briefed on the operation. They said at least two other shell companies were created as well to mask the real identities of the people creating the pagers: Israeli intelligence officers.». - ↑ (Ingelesez) Yerushalmy, Jonathan; Milmo, Dan. (2024-09-19). «Hezbollah device blasts: how did pagers and walkie-talkies explode and what do we know about the attacks?» The Guardian ISSN 0261-3077. (kontsulta data: 2024-10-29).
- ↑ https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20240919/nasralah-admite-el-dano-de-un-golpe-que-cruza-todas-las-linea-rojas-y-se-prepara-para-lo-peor
- ↑ Lopez, Axier. «Inoiz ikusi gabeko atentatuak Libanon. Nola eta zergatik?» Argia 2024-09-19 (kontsulta data: 2024-09-19).
- ↑ Martikorena, Mikel Garcia. (2024-09-17). «Hezbollahko milaka kideren pertsona-bilagailuek eztanda egin dute» Berria (kontsulta data: 2025-08-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Al menos 14 muertos en la explosión de 'walkie-talkies' en Líbano» euronews 2024-09-18 (kontsulta data: 2025-08-29).
- ↑ (Ingelesez) «بالصّورة: الأجهزة التي انفجرت هي من نوع icom v82» MTV Lebanon (kontsulta data: 2025-08-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2024-09-18). «Al menos 20 muertos y 450 heridos en nuevas explosiones en Líbano, ahora en walkie-talkies» naiz: (kontsulta data: 2025-08-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Beepers: una nueva ola de explosiones de walkie-talkies en Líbano deja al menos 25 muertos y cientos de heridos mientras Israel moviliza tropas desde Gaza hacia el norte del país» BBC News Mundo 2024-09-18 (kontsulta data: 2025-08-29).
- ↑ Karrion, Iratxe Muxika. (2024-09-18). ««Susmoa da Israelek gailu horietako bakoitzean lehergailu gramo batzuk sartzea lortu zuela»» Berria (kontsulta data: 2025-08-29).
- ↑ (Ingelesez) Reuters. (2024-09-18). «Senior Lebanese security source: Mossad ‘injected’ explosive material into the pagers» The Times of Israel ISSN 0040-7909. (kontsulta data: 2025-08-29).
- ↑ (Ingelesez) Bassam, Laila; Gebeily, Maya; Gebeily, Maya. (2024-09-20). «Israel planted explosives in Hezbollah's Taiwan-made pagers, say sources» Reuters (kontsulta data: 2025-08-29).
- ↑ (Ingelesez) Israel Planted Explosives in Pagers Sold to Hezbollah, Officials Say. 2024-09-17 (kontsulta data: 2025-08-29).
- ↑ (Ingelesez) Shamim, Sarah. «How did Hezbollah get the pagers that exploded in Lebanon?» Al Jazeera (kontsulta data: 2025-08-29).
- ↑ «Azken egunetako erasoak «gerra deklaraziotzat» hartu ditu Hezbollahko buruak» Berria 2024-09-19 (kontsulta data: 2025-08-29).