Edukira joan

Liber Chronicarum

Wikipedia, Entziklopedia askea
Liber Chronicarum
Jatorria
Egilea(k)Hartmann Schedel
Argitaratze-data1493
IlustratzaileaMichael Wohlgemuth eta Wilhelm Pleydenwurff (en) Itzuli
Ezaugarriak
Genero artistikoakronika
HizkuntzaErdi Aroko latina eta Goi Erdi Aroko alemana
Egile-eskubideakjabetza publiko eta jabetza publiko
Argumentu nagusiaHistoria unibertsala

Liber Chronicarum (latinez) edo Die Schedelsche Weltchronik (alemanez "Schedelen muduaren kronika"), Nurebergeko Kronika edo Kronikak izen bateratuarekin ezaguna, 1493an inprimatutako liburua da, inkunable bat, bi bertsiotan argitaratu zena: latinezko bat (1493ko ekainaren 12an inprimatua) eta alemanezko beste bat (1493ko abenduaren 23an inprimatua, biak ala biak Europan zehar zabaldu zirenak. Liburuak historia unibertsala kontatzen du, Bibliaren kontakizunean oinarrituta; eta irudi aberatsez ilustratua dago, tartean garai hartako hirien grabatu ugarirekin eta Alemaniako lehen mapa inprimatuarekin.

Inkunable preziatuenetako bat da. In-folio motako 600 orrialde inguru ditu (gutxi gorabehera 44x67 cm-ko formatuan), eta 1.804 xilografiarekin (zurezko xaglen bidez grabatuak) oso modu aberatsean ilustratuta dago. Edizioa oso zaindua izan zen eta bere xilografiak balio artistiko handikoak dira.

Ikertzaileek uste dute 1.400 eta 1.500 kopia artean egin zituztela latinez, eta 700 eta 1.000 artean alemanez. Gutxi gorabehera, 400 ale latinezko eta 300 alemanezko gorde dira XXI. menderaino mundu osoko museo eta bildumetan sakabanatuta daude. Euskal Herrian bada bat behintzat, latinezkoa, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan, Oñatin, zeina 2021. urtean zaharberritu zen.[1]

Gerora ezagututako liburuen ezaugarri batzuk falta zaizkio: ez zegoen lehen orrialderik izenburuarekin, ez egilearen indikaziorik, ez inprimatze-datari buruzko oharrik. Inkunableen ezaugarri ohiko bat da, ordura arteko eskuizkribuen oso antzekoak zirelako formalki.

Liburua best-seller bat izan zen garai hartan, garestia izan arren. 3,5 florin koadernatu eta koloreztatu gabeko bertsio baterako eta 8 florin bertsio koadernatu eta koloreztatu baterako, nahiz eta bere agerpenean arrakasta ez zen izan finantzatzaileek espero zutenaren adinakoa izan, besteak beste oso ongi egindako imitazio bat ere argitaratu zelako. Hala ere, hamar urtean hiru aldiz berrargitaratu zen eta Europa osoan zehar saldu zen.

Testua nagusiki Hartmann Schedel medikuak egindako konpilazio baten emaitza da. Grabatuak Michael Wolgemuth eta Wilhelm Pleydenwurffek egin zituzten. Argitalpenaren inprimatzaile eta editore arduraduna Anton Koberger izan zen, Sebald Schreyer eta Sebastian Kammersmaisterren ekimenez finantzatua. Alemanezko itzulpena Georg Altek egin zuen, zeinak Schedeli hasierako latinezko bertsioan lagundu zion.

Wolgemut eta Pleydenwurff ilustratzaileak izen handiko artistak ziren, eta haien ikasle eta jarraitzaileetako bat Albrecht Dürer izan zen, denbora gutxian Europako grabatzaile eta margolari garrantzitsuenetako bat bilakatuko zena. 645 xafla xilografikorekin lortu zituzten 1.804 ilustrazioak, zati ezberdinak ilustratzeko liburuan xaflak batzuk errepikatu zirelarik.

Kronikak gizateriaren historia ilustratua dira, sortu zenetik 1490. urtera arte. Sei adin edo arotan gizateriaren historia irudikatzen zuen Erdi Aroko tradizioa jarraitzen dute; baina zazpigarren bat gehitzen du liburuak -Azken Judizioa-, seigarrenaren amaieran orrialde batzuk zuri utzi ondoren.

Elizaren historia, historia laikoa, antzinate klasikoa eta Erdi Aroko gertaerak (kometen agerpenak nabarmentzen dira, adibidez) eta garaikoak kontatzen dituzte, mito, kondaira eta alegiekin nahastuta. Pertsonaia garrantzitsuak erretratatzen ditu, hala nola erregeak, elizgizonak (kristauak nagusiki, baina baita paganoak eta juduak), pentsalariak eta filosofoak.

Zazpi aro hauetan banatuta dago liburua:

  • Lehen aroa: Kreaziotik Uholde Unibertsaleraino.
  • Bigarren adina: Noegandik Abrahamen jaiotzara.
  • Hirugarren adina: Abrahamengandok Daviden erregealdira.
  • Laugarren adina: Davidengandik juduak Babilonia erbesteratu zituzten arte.
  • Bosgarren adina: Babiloniako gertaeretatik Kristoren jaiotzara.
  • Seigarren adina: Kristoren jaiotzatik aro garaikidera (1490. urtea).
  • Zazpigarren adina: munduaren amaiera eta Azken Judizioa.

Oñatiko alea:

Beste ale batzuetatik:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa, Gipuzkoako Foru Aldundia. (2021-09-10). «"Nurenberg Kronikak" liburua zaharberritu dugu - Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa - Gipuzkoako Foru Aldundia» Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa (kontsulta data: 2025-09-09).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]