Liga Musulmana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Liga Musulmana
Flag of Muslim League.svg
Datuak
Mota alderdi politikoa
Herrialdea Britainiar Raj
Ideologia Panislamismoa eta two-nation theory (en) Itzuli
Agintea
Lehendakaria Muhammad Ali Jinnah
Egoitza Lucknow
Historia
Sorrera 1906ko abenduaren 30a
Sortzailea
Ondorengoak (en) Itzuli
Desagerpena 1947ko abuztuaren 14a

Liga Musulmana (ingelesez: All India Muslim League; bengaleraz: নিখিল ভারত মুসলিম লিগ; urduz: آل انڈیا مسلم لیگ‎) 1906. urtean sortutako alderdi politiko bat izan zen; India britaniarreko musulmanen interesak babesteko, hauei ahots politiko independentea emateko eta beraiengan "leialtasun sentimendua" [1] pizteko. Mugimendu erabakigarria izan zen Pakistanek 1947an independentzia lortzeko.

Sorrera eta egitasmo politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liga Musulmana delako erakunde politiko sezesionista Dhakan (gaur egungo Bangladeshko hiriburua) sortu zen 1906ko abenduaren 30ean ospatutako bilera batean. Indiako musulmanen interesak defendatzeko jaio zen mugimendua eta Indiako Kongresu Nazionaleko gehiengo hinduari aurre egitea izan zen haien egitasmo nagusia. Britania Handiaren kolonialismoaren testuinguruan sorturik, Pakistanen independentziaren alde borrokatu ziren; bere botereak eragin zuen independentziaren unean India britaniarra bi herrialdetan banatzea: Pakistan, alde batetik, eta bestetik, India. Alderdiak bi herrialdeen banaketa zuen helburu bakartzat, eta bestelako irtenbide guztiak gaitzetsi zituen. Independentzien ondoren, alderdia eraldatu zen baina garrantzitsu izaten jarraitu zuen: Pakistango lehenengo indar politikoa izatera heldu zen eta Indiako zenbait eskualdetan ere indarra izaten jarraitu zuen.

Lehenengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liga Musulmaneko buruzagi Muhammad Ali Jinnah

Sir Sultan Mahommed Shah Aga Khan III Liga Musulmanaren ohorezko lehen presidente izendatu zuten. Sei lehendakariorde, idazkari bat eta bi idazkariorde izendatu ziren eta bulego nagusia Lucknowen (gaur egungo India) jarri zen. Garai honetan, Liga Musulmanaren helburuak ez ziren estatu musulman independente bat ezartzea, baizik eta musulmanen askatasun eta eskubideak babestea eta komunitate musulmanaren eta indiarren arteko elkar ulertzea sustatzea.

Kongresuko musulmanen artean, hasieran ez zuten AIMLrekin bat egin, non Muhammad Ali Jinnah, Mumbaiko abokatu eta estatistikari batek parte hartu zuen. Guzti hau Ligako plataformako lehen artikuluaren ondorioz gertatu zen; hau esaten zuen: “Indiako musulmanen artean Gobernu britainiarrekiko leialtasun sentimenduak sustatzea”. Jinnah 1913 arte ez zen Ligara batu, honek bere plataforma Indiaren independentzia bilatzera aldatu zuenean, 1905eko Bengalako Partizioa iraultzeko erabaki britainiarraren aurkako erreakzio bezala, Ligak Bengaliar musulmanei traizio egitea bezala hartu zuenean. Garai honetan, Jinnahk, India independente eta batu bat lortzeko, musulmanen eta hinduen arteko lankidetza posible zela uste zuen.

Jinnah Liga Musulmanaren presidentea izan zen 1916an, eta Lucknowko Ituna negoziatu zuen Kongresuarekin, non Kongresuak hautesle-talde bananduen printzipioa eta komunitate musulmanaren ordezkaritza haztatua onartu zituen. Baina Jinnahk Kongresua hautsi zuen 1920an, honen buruzagiak, Mohandas Karamchand Gandhik, Britainiarren aurkako lankidetzarik ezaren mugimendua urratzen zuen lege bat jaurti zuenean. Bestalde Jinnah ziur zegoen Kongresuak uko egingo ziola musulmanentzat banandutako hautesleei babesa emateari eta 1928an hori bera gertatu zen.

Pakistanen aldeko kanpaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liga Musulmanaren komitea Lahoren bilduta (1940)

1940an Ligak Lahoren egindako hitzaldi batean, Jinnahk honakoa esan zuen: “Indiarrak eta musulmanak erlijio, filosofia, ohitura sozial eta literatura ezberdinetakoak dira. Argi dago indiarrek eta musulmanek iturri historiko desberdinetatik hartzen dutela inspirazioa. Nazio horiek estatu bakar batean elkartzeak, bata zenbakizun gutxiengo gisa eta bestea gehiengo gisa, gero eta nahigabe handiagoa eta estatu horretako gobernuak eraiki dezakeen edozein produktu suntsitzea ekarriko du”.

Lahoren Ligak Pakistan izeneko estatu musulman independente bat sortzeko konpromisoa hartu zuen berriro, Sindh, Punjab, ipar-mendebaldeko mugako probintzia eta Bengala barne hartuko zituena, eta “erabat autonomoa eta subiranoa” izango zena. Ebazpenak musulmanak ez ziren erlijioen babesa bermatzen zuen. 1944an, Jinnah eta Gandhiren arteko elkarrizketan, ez zuten akordiorik lortu, eta hau izan zen estatu bakar bat sortzeko azken saiakera.

1940ko hamarkadan, Jinnah musulmanen buruzagi bezala sortu zen, eta Quaid-e-Azam (Buruzagi handia) bezala ezagutua izan zen.

Pakistango independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1946ko Asanblea Konstituziogilerako hauteskundeetan, Ligak musulmanentzat gordetako 496 eserlekuetatik 425 irabazi zituen (eta musulmanen botoen %89,2 lortu zuen, gutxi gorabehera), Pakistango estatu independentea sortzeko politikari buruzko eztabaidan eta sezesio mehatxu inplizituekin. Gandhi eta Nehru, 1945ean beste gobernu laborista bat aukeratuta independentzia irismenaren barruan ikusten zutenak, Indiako zatiketaren aurka agertu ziren irmoki.

Hala ere, 1947ko abuztuaren 14an jaio zen Pakistango Estatu independentea, India britaniarra bitan banatuz, Liga Musulmanak hamarkadetan aldarrikatu izan zuen bezalaxe. Jinnah buruzagi sezesionista eta Liga Musulmanaren burua Pakistango Estatu berriaren lehenengo lehendakari bilakatu zen[2]. Dena dela, banaketak istiluak baino ez zituen eragin: India eta Pakistanen arteko tentsio politiko, militar, erlijioso eta soziala puri-purian izan zen[3].

Pakistango independentziaren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indiak eta Pakistanek zazpi hamarkada daramatzate Kaxmireko gatazkan murgilduta. Britaniar deskolonizazio prozesutik sortutako goi tentsioko harreman bat da. Gaur egun, bi herrialdeak suntsipen handiko armaz hornituta daude, eta horregatik edozein haserrealdik, txikia izan arren, alarma guztiak pizten ditu.

Deskolonizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen jatorria independentziatik dator, 1947an, India eta Pakistan estatu propio bihurtu zirenean lurraldearen banaketaren ondoren. Zatiketak ehunka mila pertsonari eragin zien, eta 12 milioi herritarrek mugaren alde batetik bestera mugitu behar izan zuten. Bestelako arazoak ere sortu ziren; esaterako, India britaniarreko armadaren banaketa, buruhauste handiak sortu zituena.[4] Egoera larri mantendu zen bi nazioetako gobernuak eratu ondoren ere, Lord Mountbattenek Jinnahri buruz egindako iruzkinetan islatzen den bezala: “Ez zegoen argudiorik Pakistanen ezinezko ametsa burutzeagatik bere erabakitasun eutsiezina mugiaraz zezakeenik”. Orduan, Kaxmir izango zen eztabaida gune nagusia.

Lehia ideologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indiako independentziak nortasun gatazka bat ekarri zuen Indiako Kongresuko Alderdiko nazionalista hinduen eta Jinnahren Liga Musulmaneko gutxiengoaren artean. Gatazka honetan, Pakistanek musulmanen defendatzaile izendatu zuen bere burua (Indiako estatua zapaltzailea zela leporatuz), eta nagusiki musulmanak bizi ziren Kaxmirren eta kontrolera jo zuen.

Lehenengo gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indiako independentzia legearen (1947) banaketa-planaren arabera, Kaxmir askatu zen Pakistanera eta Indiara atxikitzeko. Une horretan, Hari Singhek, Kaxmirreko maharaja (tokiko gobernaria), Indiaren alde egin zuen, lehen indo-pakistandar gerra eraginez. Ordutik, lehian dagoen lurraldea hiru zatitan banatuta dago: Indiak kontrolatzen duena, Islamabadeko Gobernuaren pean dagoena eta ipar-ekialdeko eskualde txiki bat, Txinarena dena.

Bigarren eta hirugarren gerrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen gerraren ondoren, Indiak Konstituzio berri bat onartu zuen, Kaxmir eskualderako nolabaiteko autonomia adierazten zuena. Hala ere, 1965. urtearen hasieran eskumen horiek murriztu egin ziren eta bigarren gerra hasi zen, garai hartako Sobietar Batasunak eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak (NBE) esku hartu zutenean.

1971an, mugimendu sezesionistek, Indiaren laguntzarekin, Ekialdeko Pakistanen independentzia eta Bangladeshko Estatuaren sorrera lortu zuten. Pakistanek zuzeneko eraso gisa ikusi zuen operazioa, eta krisia hirugarren gatazka armatuan hondatu zen. 1972an Simlako Akordioa sinatu zen, non bi potentziek gatazka bide baketsuen bidez konpontzea adostu zuten eta Kontrol Lerroa ezarri zuten.

Gatazkaren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bake akordioa gorabehera, Kaxmirren tentsioak ez dira inoiz desagertu; 1999an, beste gatazka bat piztu zen 400 pakistandar Kargilen infiltratu zirenean, Indiako Kaxmirrena den eremu batean. New Delhik 170 pakistandar hil zituen aireko erasoekin, pakistandarren erasoari erantzunez. Islamabadeko Gobernuak, azkenean, Indiako lurraldetik erretiratzea erabaki zuen. 2000tik 2001era 7.000 hildako izan ziren zibilen eta segurtasun indarren artean [5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Bracero, Crispín. (2018-02-03). «Liga Musulmana» Plataforma Digital de Lingüística, Economía, Derecho y otras Ciencias Sociales y Humanas Noiz kontsultatua: 2021-05-14.
  2. (Gaztelaniaz) López, Juan Manuel. «La India, de nuevo ante su destino» Política Exterior Noiz kontsultatua: 2021-05-14.
  3. (Gaztelaniaz) La Gran Enciclopedia Salvat. Tomo 13. Bartzelona: Salvat Editores ISBN 9788434597075..
  4. Fontana, Josep. (D.L. 2011). Por el bien del imperio : una historia del mundo desde 1945. Pasado y Presente ISBN 978-84-939143-4-9. PMC 768472081. Noiz kontsultatua: 2021-05-14.
  5. (Gaztelaniaz) Sardiña, Marina. (2019-02-27). «Cinco claves para entender el conflicto por Cachemira entre la India y Pakistán» elperiodico Noiz kontsultatua: 2021-05-14.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]