Edukira joan

Lili Chookasian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lili Chookasian

Bizitza
JaiotzaChicago1921eko abuztuaren 1a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaBranford2012ko apirilaren 10a (90 urte)
Hobiratze lekuaBranford Center Cemetery (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
armeniera
Jarduerak
Jarduerakopera abeslaria
Enplegatzailea(k)Yale Unibertsitatea
Metropolitan Opera
Ahots motakontraltoa
Musika instrumentuaahotsa

Musicbrainz: 1d2209ef-8f7a-434b-93d8-6906c8ec872b Discogs: 1417030 Allmusic: mn0002174134 Find a Grave: 88397896 Edit the value on Wikidata

Lili Chookasian (New York, 1921eko abuztuaren 1a - Ibidem, 2012ko apirilaren 9a) mundu mailako opera-antzoki onenetan orkestra sinfoniko nagusiekin aritu zen jatorri armeniarreko kontralto estatubatuarra izan zen. Bere ibilbide profesionala 1940ko hamarkadan hasi zuen, kontzertu-abeslari gisa, baina ospe handia lortu zuen hurrengo hamarkadan opera abesten hasita. 1962 eta 1986 urteen artean New Yorkeko Metropoli Operan egindako karrera luze eta oparoarekin munduko kontraltorik onenetakoa izan zen. Bere tonu ozen eta zentratuagatik nabarmentzen zen, baita bere musikaltasun bikainagatik ere. Tradizioaren kontra, oratorioak buruz kantatzeko hautua egiten zuen maiz.[1]

Lehen urteak kontzertuak ematen: 1921- 1958

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chookasian Chicagon jaio zen, immigrante armeniarren hiru seme-alaben artean gazteena. Bere familiak 1915eko armeniar genozidioaren ondorioz emigratu zuen Ameriketako Estatu Batuetara. Genozidio horretan bi aitonek eta familia zabaleko hainbat kidek galdu zuten bizia. Bere ama hizkuntza armeniera zen, baina ingelesa erabat menperatu zuen txikitan eskolara joan zelako.[1]

Chookasianek herriko elizetan eta bere eskolan egindako musika saioetan abesten hasi zuen bere musika ibilbidea, azpimarratzekoa da HMS Pinafore eskolako ekoizpenean Buttercup gisa egindako lana. Batxilergoa amaitu ondoren, Philip Manuelekin eta Gavin Williamsonekin hasi zen kantua serio ikasten, eta bi horiekin ia hogei urtez hartu zituen eskolak. Nerabezaroan hasi zen dirua irabazten elizetarako eta irratian abestuz. 1941ean, hogei urte zituela, George Gavejianekin ezkondu zen, anaia nagusiaren laguna zena. Oso ezkontza zoriontsua izan zuten, berrogeita sei urtez iraun zuena, Gavejian 1987an hil zen arte. Hainbat seme-alaba eta hamaika biloba izan zituzten elkarrekin.[1]

Chookasian oratorio eta kontzertu-abeslari gisa hasi zen profesionalki abesten 1940ko hamarkadan, batez ere Chicagon baina hiritik kanpo ere aritzen zen. Kontzertista moduan izandako lehendabiziko arrakasta 1955eko urtarrilean izan zen, Bruno Walter zuzendariak Chicagoko Orkestra Sinfonikoarekin Mahlerren "Resurrection" 2. Sinfoniarako kontralto bakarlari gisa aukeratu zuenean. Aldi horretan, Northwestern Unibertsitateko kantu arloko irakaslea ere izan zen. [1]

1956an, Chookasiani bularreko minbizia diagnostikatu zioten eta medikuek sei hilabeteko bizia eman zioten. Maite zituenen babesarekin, minbiziaren aurka borrokatzea erabaki zuen. Mastektomia egin zioten, baina infekzio orokor baten ondorioz egoera zaildu egin zen, eta beste hiru kirurgia behar izan zituen. Etengabeko arreta medikoarekin eta familiaren laguntzarekin, errekuperatu egin zen eta apurka-apurka bizimodu normalera itzultzea lortu zuen.[1]

Opera karreraren hastapenak: 1959-1961

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chookasianek 38 urterekin egin zuen debuta operan, Belliniren Norma operan Adalgisa interpretatuz, Arkansasko Estatu Operarekin (ASO). Honen sortzaile eta eszena zuzendari zen Edward McGuirek eskaini zion lana, opera berean Norma interpretatzen zuen Barbara Stevenson sopranoaren gomendioz.[1]

Chookasianen debuta erabateko arrakasta izan zen. Hurrengo udan egin zen jaialdi batean, McGuirek grabazio bat eman zion Thomas Schippers zuzendariari. Hura txundituta geratu zen Liliren ahotsarekin, baina une hartan ez zeukan ezer buruan. Hala ere, bi urte geroago, Schippers-ek "Arkansaseko Adalgisa berezi hura" nahi zuen, New Yorkeko Orkestra Filarmonikoarekin batera emango zuen Prokofieven obra bat interpretatzeko. Ez zuen bere izena gogoratzen eta ez zekien non zebilen baina kasualitatez jakin zuen Baltimoreko Opera Konpainiarekin ari zela lanean, Rosa Ponselleren zuzendaritzapean. Schippers-ek Chookasian kontaktatu zuen entzunaldi bat egiteko eta ondoren Alexandre Nevski[2] filmaren soinu bandan Amelfa Timoferevna pertsonaiari dagokion zatia abesteko kontratatu zuten New Yorkeko Orkestra Filarmonikoarekin debuta eginez 1961. urtearen hasieran.[3]

New Yorkeko Orkestra Filarmonikorekin debuta egin berri zuela Metropolitan Operako zuzendariak kontratu bat sinatzea eskaini zion, baina Chookasianek uko egin zion, ez zuelako familiarengandik urrun denbora gehiegi igaro nahi. 1961eko udan Europako operan debutatu zuen Schippersen zuzendaritzapean Salome operako Herodías interpretatuz. Triesteko Giuseppe Verdi Antzoki Lirikoan errepikatu zuen bere interpretazioa eta Mahlerren Kindertotenlieder lanaren emanaldi laudatua ere eman zuen, Caio Melisso Antzokian.[4] Hurrengo azaroan, Baltimorera itzuli zen Verdiren Aida operako Amneris lehen aldiz interpretatzera.[5]

1961ean Chookasianek beste bulto bat aurkitu zuen beste bularrean, baina ez zion inori kontatu eta bere konpromisoak bete zituen New Yorken, Baltimoren eta Europan. Azkenean, Aidaren antzezpena amaitu ondoren, 1961eko azaroan, medikuen laguntza eskatu zuen. Beste mastektomia bat egin zioten, eta horren ondoren bere pronostikoa positiboa izan zen; minbizia ez zen zabaldu eta azkar suspertu zen.

Metropolitan Operako urteak: 1962–1986

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Chookasian AEBra itzuli zenean, Metropolitan Operakoa zuzendaria zen Rudolf Bing berriro hitz egin zuen berarekin kontratua sina zezan. Oraingoan amore eman zuen eta 1962ko martxoaren 9an konpainiarekin debutatuz, Ponchielliren La Gioconda operako La Cieca bezala. Orduan Metropolitan Operako zuzendariorde nagusi zen Francis Robinsonek, Chookasianen lagun pertsonala eta opera-aholkularia zen Rosa Ponsellek emanaldia etxetik telefonoz entzun zezan. Ponsellek adierazi zuenez, «Oroitzapen zoragarriak ekartzeaz gain, beste Patuaren Indar bat izan zen». Kritikak ere erantzun ona eman zion bere jardunari. Paul Henry Langek honako hau idatzi zuen bere erreseinan: «Bart entzun genuena kontuan hartuta, Chicagoko neskarentzat karrera arrakastatsua iragarri dezakegu». Bi hamarkadetan zehar Metropolitan Operan egindako ibilbide baten hasiera izan zen, Chookasianek aldi horretan Armen Boyajianen klase pribatuak jaso zituen.[4]

Konpainiarekin egin zituen 24 urteetan, Chookasianek kontralto paper nagusi ugari eta bigarren mailako hainbat paper kantatu zituen. Besteak beste, Aida operako Amneris, Eugene Oneginen Filippyevna, Götterdämmerung operako Frugola, Il tabarro lanean Frugola, Hansel und Gretelen Gertrud, Fausto operako Mary, Cavalleria Rusticanako Mamippyevna, edota Un ballo in maschera laneko Ulrica[4]

Bere karrerako aldi honetan abeslari handiekin abestu zuen, besteak beste, Franco Corelli, Plácido Domingo, Anna Moffo, Birgit Nilsson, Leontyne Price, Leonie Rysanek, Joan Sutherland edota Renata Tebaldi.

1984an, Rise and Fall of the City of Mahagonny operaren emanaldi batean, agertokian infartu arin bat jasan zuen eta ezin izan zuen aurrera egin. Horren ondoren, bere karrerak beheraldi txiki bat izan zuen eta 1986ko otsailaren 17an Metropolitan Operan egin zuen azken emanaldia Gounoden Roméo et Juliette lanean Gertrude rolean. Konpainiarekin egin zuen 290. emanaldia opera agertokiari agur esateko ekitaldia ere izan zen.[6]

Metropolitan Opera bere egoitza nagusia izan bazen ere, Chookasian kontzertista bezala ere aritu zen Estatu Batuetako eta Europako opera antzokietan abestuz. 1960 eta 1970eko hamarkadetan nazioarteko eszenatokian aritu ziren kontralto handienetako bat bilakatu zen. Besteak beste, Georg Solti, Leonard Bernstein, James Levine, Zubin Mehta, Seiji Ozawa, Fritz Reiner, Karl Böhm edota Herbert von Karajan bezalako zuzendari handien gidaritzapean abestu zuen. Beethovenen 9. Sinfonia, Mahlerren Das Lied von der Erde, Schoenbergen Gurre-Lieder eta, batez ere, Verdiren Requiema interpretatzeagatik bereziki miretsia izan zen mundu osoan. Azken honi buruz, hauxe esan zuen Chookasianek: "Requiemeko nota bakoitza nire eztarrirako idatzi dela ematen du".[4]

Leonard Bernsteinek zuzendutako Mahlerren 8. sinfoniaren grabazioan solistetako bat izan zen. Bere gainerako grabazioen artean aipatzekoak dira Beethovenen 9. Sinfonia, New Yorkeko Orkestra Filarmonikoarekin, Bernsteinen zuzendaritzapean; Götterdämmerung operako Lehen Norna, Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin, Herbert von Karajanen zuzendaritzapean; eta Verdiren Requiema, Bostoneko Orkestra Sinfonikoarekin.[4]

1963an New York City Operan egin zuen lehen agerraldia, Menottiren The Medium operaren paper nagusian. Bayreutheko jaialdian aritu zen 1965ean, bere hiru paper wagneriar abestuz: Maria, Lehenengo Norna eta Erda. 1966an Montrealgo Operarekin eta American Opera Societyrekin abestu zuen. 1973an Amneris abestu zuen Mexiko Hiriko Arte Ederren Jauregian. 1976an, Filadelfiako Lyric Opera Company-arekin Ulrica abestu zuen. Halaber, Zuricheko Opera Antzokian, New Orleansen, Houstonen eta beste hainbat antzokietan aritu zen.

Chookasianen senarra berarekin joaten zen askotan, higiezinen sektorean egiten zuen lanak nahiko malgutasunez bidaiatzeko aukera ematen baitzion. Chookasianek maitasunez kontatu zuen Erevanera (Armenia) egin zuen bidaiarik gogoangarrienetako bat, Opera News aldizkariarentzat 1997an egindako elkarrizketa batean. Chookasian hirira gonbidatu zuten bere omenez muntatutako bi ekoizpenetan aritzeko: Amneris Aidan eta Tigran Chukhajian konpositore armeniarraren Arshak II opera. [4]

1986an eszenatokietatik erretiratu ondoren, Chookasian Yale Unibertsitateko Musika Eskolan sartu zen. Yalen ikasi zuen eta Branforden bizi izan zen. 2002an Yaleko Sanford Domina eman zioten.[4]


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f (Ingelesez) Fox, Margalit. (2012-04-12). «Lili Chookasian, Contralto Praised for Her Velvety Voice, Dies at 90» The New York Times ISSN 0362-4331. (kontsulta data: 2025-04-20).
  2. (Gaztelaniaz) Alexander Nevsky (1938). (kontsulta data: 2025-04-20).
  3. (Ingelesez) «LILI CHOOKASIAN» Milwaukee Armenians 2018-04-05 (kontsulta data: 2025-04-20).
  4. a b c d e f g (Ingelesez) April 11; 2012. «Obituary: Lili Chookasian, contralto, faculty member» music.yale.edu (kontsulta data: 2025-04-21).
  5. (Ingelesez) Briggs, John. (1961-11-12). «Ponselle helps Egipt como to Baltimore» The New York Times ISSN 0362-4331. (kontsulta data: 2025-04-21).
  6. (Ingelesez) «Metropolitan Opera Archives» archives.metopera.org (kontsulta data: 2025-04-21).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]