Lillehammerreko afera
| Lillehammerreko afera | |
|---|---|
| Mota | fusillade (en) attempted murder (en) covert operation (en) Estatu terrorismo erailketa |
| Honen parte da | Arabiar–israeldar gatazka eta Operation Wrath of God (en) |
| Data | 1973ko uztailaren 21a |
| Kokaleku | Lillehammer (en) |
| Herrialdea | Norvegia |
| Helburu | Ali Hassan Salameh (en) |
| Biktima | Ahmed Bouchikhi (en) |
| Pertsona hilak | 1 |
| Erantzule | Sylvia Rafael (en) Michael Harari (en) Mossad |
Lillehammerreko afera 1973ko uztailaren 21ean Lillehammerren (Norvegia) Ahmed Buxikhi marokoar-aljeriar-norvegiar zerbitzariaren hilketari dagokio. Mossadeko agenteek Jainkoaren Haserrea operazioaren barruan hil zuten, Irail Beltza erakundeko buruzagi eta Municheko Joko Olinpikoetako bahiketaren arduradun Ali Hassan Salameh jomugarekin nahastuta. Operazioan zuzenean parte hartu zuten Mossadeko hamabost agenteetatatik, Norvegiako agintariek sei atxilotu zituzten, eta hilketan parte hartzeagatik zigortu. Kasu horrek kolpe handia eman zion Mossaden ospeari. Benetako Salameh 1979an hil zuen Mossadek.
Biktima, Ahmed Buxikhi, Chico Buxikhiren anaia nagusia zen, geroago Gipsy Kings[1] musika taldearen lider gisa ezaguna.
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1972ko Municheko Joko Olinpikoetako bahituak hartu ondoren, hamaika atleta hil zituzten, Golda Meir Israelgo lehen ministroak Jainkoaren Haserrea operaziorako argi berdea eman zuen, sarraskiaren erantzuleak hil zitzaten. Ali Hassan Salameh, Irail Beltza erakundeko buruzagi eta Indar 17ko arduraduna, Mossadek hil behar zituen helburuen artean zegoen.
Bilaketa eta hilketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1973ko uztailean, Mossadek uste zuen Salamehren arrastoa berreskuratu zuela, Kamal Benamane aljeriarrari jarraitu eta Irail Beltzeko mezulari gisa identifikatu ondoren. Azken hori Lillehammerrera joan zen Genevatik, eta norvegiar hiri txiki hartan Salamehrekin modu diskretuan elkartzekoa zela ondorioztatu zuen Israelgo agentziak. Hamabost agente bidali zituzten hara, tartean Zvi Zamir Mossadeko zuzendari nagusia eta Michael Harari operazioko burua. 1973ko uztailaren 20an, Salameh identifikatu zutela uste zuten, egiaz Buxikhi zen arren, jarraitzen ari ziren aljeriarra harekin elkarrizketan jardun baitzen. 1943ko apirilaren 13an jaiotako zerbitzari aljeriar-marokoar-norvegiar hori Chico Buxikhiren anaia zaharrena zen, Gipsy Kings taldearen sortzaileetako bat. Artean, bederatzi urte zeramatzan Lillehammerren, Torill Larsen norvegiarrarekin ezkonduta zegoen eta laster haur bat izan behar zuten. Ez zuen loturarik mugimendu palestinarrekin.[2]
Biharamunean, gauean, Buxikhi eta emaztea —haur-esperantzan zen, arestian zehaztu bezala— zinema saio batetik itzuli ziren. Israeldar agenteek gidatutako auto bat haien parean gelditu zen, etxetik gertu. Bi agentek hamahiru tiro egin zizkioten Buxikhiri, .22 kalibreko pistolaz, haren bikotearen aurrean. Berehala ihes egin zuten krimenaren lekutik, beren ibilgailuan. Polizia norvegiarra iritsi zenean, Buxikhi hilda zegoen.[3][4][5][6]
Kondenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hilketak lillehammertarrak hunkitu zituen, hirian 36 urtean egindako lehen odol krimena izanik. Biharamunean izan zuten israeldarrek beren hanka-sartzearen berri, hedabideek afera publiko egin zutenean.
Poliziak sei israeldar atxilotuko zituen ondoren, hilketa egotzita. Mossadeko kideetako batek, Sylvia Rafaelek, Kanadako pasaporte bat zerabilen, Patricia Roxborough izenarekin: izen-deitura horietako egiazko pertsona bati Montrealen pasaportea ebatsi zioten.
Buxikhiren hilketan parte hartu zuten Mossadeko agenteetako bik, Dan Ert-ek eta Marianne Gladnikoff-ek, auto bat alokatu zuten beren benetako izen-deiturekin. Osloko aireportura autoa itzultzen ari zirela atxilotu zituzten. Galdeketa baten ondoren, etxearen helbidea eman zuten: bertan beste lau agente ziren, tartean Sylvia Rafael, Mossadeko agenterik garrantzitsuenetako bat, kasu horretan hilketagatik kondenatua izan zena. Beste bederatzik bilaketetatik ihes egitea lortu zuten.[7][8][7]
Benetako Salameh, azkenik, 1979an hil zuen Mossadek Beiruten.
1996an, Israelgo Gobernuak kalte-ordaina eman zion Buxikhiren familiari, baina ez zuen horregatik delitua onartu. Bost agente kartzelatik agudo irten ziren. Bi urte baino gutxiagoko espetxealdiaren ondoren, Sylvia Rafael-ek aldez aurreko askatasuna lortu zuen Annæus Schjødt, Jr. (1920-2014) abokatuari esker: haren senarra izan zen.[8]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Jahloul « Chico » Bouchikhi» MTV Artists..
- ↑ Bungled Israeli killing revealed. BBC News 2005-01-01..
- ↑ NOU 2000: 6. Lillehammer-saken. Omstendigheter rundt drapet på Ahmed Bouchikhi den 21. juli 1973 og sakens senere håndtering av norske myndigheter, 28. or.
- ↑ Green, David B.. (21 juillet 2016). When the Mossad's Revenge for the Munich Olympics Went Tragically Wrong. ..
- ↑ (Ingelesez) Simon Reeve, One Day in September: The Full Story of the 1972 Munich Olympics Massacre and the Israeli Revenge Operation «Wrath of God»
- ↑ «Witness; The Lillehammer Hit» BBC World Service 2013ko uztailak 22..
- 1 2 BBC World Service, «Witness, The Lillehammer Hit», 2013ko uztailak 22.
- 1 2 Sylvia, une vie au sein du Mossad. 2013ko azaroak 12.. Aipuaren errorea: Invalid
<ref>tag; name "Tribune" defined multiple times with different content
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- François Rabaté, Israel / Palestina : les combattants de l'ombre, Calmann-Lévy, 2003 ( ).ISBN 2702147119