Edukira joan

Lilli Suburg

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lilli Suburg
Bizitza
JaiotzaRõusa (en) Itzuli1841eko abuztuaren 1a
Herrialdea Estonia
HeriotzaValga (Estonia)1923ko otsailaren 8a (81 urte)
Hezkuntza
HeziketaQ31275457 Itzuli
HizkuntzakEstoniera
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, idazlea, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea eta argitaratzailea
Izengoitia(k)Lilli Caroline Suburg

Lilli Suburg ( Rañusa Manor 1841eko abuztuaren 1agreg./uztailaren 20ajul.Valga 1923ko otsailaren 8a), estoniar kazetari, idazle eta feminista izan zen. 1882an, Lehen Hezkuntzako eskola pribatu bat ezarri zuen Pärnun; 1885ean, Viljandira eraman, eta han ikasle gehiago izan zituen. 1887-1894an, Linda emakumezkoen lehen aldizkaria sortu eta argitaratzen hasi zen.[1] Bere aldizkaria saldu behar izan zuenean, Suburg Letoniara joan eta eskola bateko zuzendaritzan aritu zen 1907 arte.

Bizitza goiztiarra eta hezkuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Caroline Suburg, Lilli izenez ezaguna, 1841eko abuztuaren 1ean jaio zen Estoniako, Ute-Vändra herrian. Bere gurasoak Eva eta Toomas Suburg izan ziren. Jaio eta gutxira, familia Vana Vändra herrira joan zen. Han, Toomas ikuskatzaile lanetan aritu zen, eta Eva gaztagile. Hasiera batean Rõusa Manor herriko eskolan hezi zuten alaba baina, azkenean, bikotea gai izan zen jabetza osoa alokatu eta alaba eskola pribatu batera bidaltzeko.1852tik 1859ra, Suburg-ek Marie von Ditmar-ek Pärnun zuzendutako eskola pribatuan ikasi zuen, eta, ondoren, hiriko nesken istitutuan hasi zen ikasten. [2] Ikasketak ia hamarkada batez eten zituzten, osasun-arazoengatik; izan ere, erisipela gaixotasuna diagnostikatu zioten. [2][3] Garai horretan, Suburg ohean egon behar izaten zen hilabete luzez, eta alemaniako literatura, pedagogia eta emakumeari buruzko hainbat liburu irakurri zituen. Ahal izan zuen guztietan, anai-arreba gazteenei erakutsi zien. Haren gurasoek baso handi bat erosi zuten Sikanatik hurbil, eta bertan Toomas ganadua zaintzen hasi zen. Landetxea Waldburg finkako enpresa batera zabaldu ondoren, familia etxe berrira aldatu zen. [3]

Lilly Suburgen Liina eleberria, 1877

Gaixotasunak orbainak utzi zituen Suburgen aurpegian, eta une horretatik aurrera ez zuen inoiz onartu argazkia ateratzea orbainak estaliko zizkion bufandarik gabe. 1869an, irakaskuntza-ziurtagiria lortzeko behar ziren azterketak berreskuratu eta osatu zituen. 1872rako, Carl Robert Jakobson ezagutu zuen, esnatze nazionalistan murgilduta zegoen idazle eta pedagogista. Jakobsonen laguntzarekin, Suburg bere bizitzan oinarritutako, Liina izeneko ipuin batean hasi zen lanean, eta 1877an argitaratu zuen. Hurrengo urtean, berriz ere Jakobson-en bultzadarekin, Suburg Pärnu Postimees egunkarian editore lanetan hasi zen. Egunkaria, kontserbadorea izanagatik ezaguna, Suburgen eragina dela eta, politikoki posizio erradikalago batera mugitu zen. [2]

1880an, Suburgek Anna Wiegandt gazte umezurtza hartu zuen, nahiz eta garai hartan emakume ezkongabe batentzat mugimendu ez oso ortodoxoa izan. [2] Horrekin batera, familiaren ekonomia aldatu egin zen. Bere baliabideen gainetik bizi izan ondoren, Toomasek ganadua saldu eta lurraren zati txiki bat bakarrik atxikitzea erabaki zuen. Eva eta alabak elkarren aurka jarri ziren,eta, handik gutxira, Suburg eta haren alaba Pärnura joan ziren bizitzera. [3] Han nesken eskola pribatu bat ezartzeko asmoa zuen, ikasle estoniarrei beren hizkuntzan irakasteko. Une hartan indarrean zegoen araudiak debekatu egiten zuen estonieraz erlijioa ez zen edozer irakastea, eta Suburg erakundea ikastetxe aleman gisa irekitzera behartua sentitu zen.[2] 1882an, Eskolari laguntzeko, batzar, hitzaldi eta emanaldiak antolatu zituen, baina tokiko eliteek bere lana gaitzetsi zuten. [3][5][4]

1885ean, Viljandiko bere jarraitzaileek Suburg-i eskatu zioten eskola lekuz aldatzeko; ikastetxe handiago bat alokatu eta ikasle gehiago erakarri ahal izan zituen. Berrogeita hamar neska barnetegian bizi ziren, eta, oro har, ikasleen kopurua %80 handitu zen. Alemanez irakastea eskatu zitzaion arren, Jakobson, Lydia Koidula eta Friedrich Reinhold Kreutzwald estoniarren lanak sartu zituen ikastaroetan; ikasleei beren kulturaren zentzua eta iritzi independentea garatzen lagundu zien. Bi urteren buruan, Suburg ikasketa-plana zabaldu nahian zebilen, eta agintariengana hurbildu zen, neska helduei bost urtez alemana eta bi urtez errusiera irakazteko baimen eske. Eskaera baztertu egin zuten, eta Suburgek eskolako zuzendaritza bere alabari ematea erabaki zuen. Wiegandt berriro jarri zen harremanetan agintariekin, eta beste sei urtez irakasten jarraitzeko baimena lortu zuen. Garai horretan, 1892an, Errusierak formatu alemana ordezkatu zuen. [3]

Bestalde, Suburgek argitaratzen jarraitu zuen, eskolan lanean zegoen bitartean, eta emakumezkoen aldizkari bat argitaratzeko beharrezko baimenak lortzen saiatu zen. Azkenik, 1888an, Linda, Estoniako lehen emakume-aldizkaria, argitaratzeko onespena lortu zuen. [2] Aldizkariak emakumearen hainbat gai jorratu zituen: legezko eskubideak, gurasotasuna, emakumearen hezkuntza eta garapen espirituala, besteak beste. [3] Argitalpen horretan, halaber, estoniar garrantzitsuen artikuluak, hainbat feministek emakumeen sufragioari buruz itzulitako lanak eta hezkuntza zein zientzia-garapen berriei buruzko albiste eta eztabaidak ere sartu ziren. Eztabaidatutako gaiak oso erradikalak izan ziren garai hartarako; kritikak jaso zituen beste komunikabide batzuen aldetik. Suburgek aldizkaria argitaratzen jarraitu zuen, zailtasun finantzarioek 1894an saltzera behartu zuten arte.[5]

1899an, Wiegandtek Viljandiko eskola itxi zuenean, Jaan Lammasekin ezkondu zen eta bikoteak Suburg Letoniako Omuli herrixkara eraman zuen haiekin bizitzeko. Amak eta alabak eskola bat ireki zuten berriro, 1907an, Lammasen alaba jaio zen arte.[4] Suburgek 1900ean bere azken ipuina argitaratu zuen, Linda, herriaren alaba (estonieraz: Linda, rahva tütar).[6] Estoniako lehen feministetako bat zela aitortu eta 1916an Tartuko Emakumeen Elkarteko ohorezko kide egin zen arren, ez zuen 1917an Artun egindako lehen emakume-biltzarrera joateko aukerarik izan.[4]

Plaka oroigarria Viljandin

Heriotza eta legatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteetan, Suburg Valgako ahizpa Laura bisitatzera joaten zen aldizka. 1923ko otsailaren 8an, bertan hil, eta Vändrako (et) hilerri zaharrean, Estonian, lurperatu zuten. Vändrako Emakumeen Elkartea bere hilobiaz arduratu zen, eta 1926an Estoniako Emakumeen Elkarteen Batasunak (estonieraz: Eesti Naisorganisatioonide Liit) oroitarri bat jarri zuten bere omenez.[4] Gainera,1982an, oroitzapenezko plaka bat jarri zioten bere eskola eta Viljandiko Linda argitaletxearen bulegoa egon zen eraikinean.[7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Fionnuala Dillane. (2021). «What is a Periodical Editor? Types, Models, Characters, and Women» Journal of European Periodical Studies 6 (1): 8.  doi:10.21825/jeps.v6i1.20638..
  2. a b c d e Tamul, Lätt & Kostabi 2006.
  3. a b c d Vahtre 1997.
  4. a b c d Biographical dictionary of women's movements and feminisms in Central, Eastern, and South Eastern Europe : 19th and 20th centuries. Budapest ; New York : CEU Press/Central European University Press 2006 ISBN 978-963-7326-39-4. (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  5. «The very first Estonian feminists – Lilli Suburg and Marie Reisik - Estonian World» web.archive.org 2017-03-08 (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  6. (Ingelesez) Einasto, Jaan. (2013-11-05). Dark Matter And Cosmic Web Story. World Scientific ISBN 978-981-4551-06-9. (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  7. «eestigiid.ee» www.eestigiid.ee (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]