Limasolgo inauteriak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Limasolgo inauterietako mozorroak

Limasolgo inauteriak (grezieraz: Καρναβάλι Λεμεσού, Karnaváli Lemesoú) Limasol hirian urtero ospatzen den jaialdi entzutetsua da, Zipreko inauteri ezagunenak ezezik[1] mundu osoko aipagarrienetakoak ere badira[2].

Garizuma aldia baino 12 egun lehenago hasten da, Aste Santu ortodoxoa baino 50 egun lehenago, eta 10 egun irauten ditu[3]. Inauteriak desfile handi batekin amaitzen dira, Inauteri igandean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erritual paganoek sorturiko ohitura zaharra bada ere gaur egun aisialdi jaialdi erraldoia da. Limasoldarrek diotenez ondare helenistikoa da, Dioniso ardo eta gozamenaren jainkoaren omenezko antzinako greziar jaialdian omen du jatorria[4].

Edozein modutan ere, aurkituriko aipamen zaharrena Nеоphitos Egklistosek idatzitakoa da eta zipretarrak idolatriaz eta atzerriko ohiturak onartzeaz salatzen ditu[5]. Bigarren aipamena Christophor Furkher Nirenbergena da, Zipren 1566an egon zen bidaiariarena, eta hau harrituta gelditu zen Limasolgo inauteriekin. Hiriko nobleek antolatzen zituztela esan zuen eta jende andanak dantza eta abestu egiten zutela eta giro itzela egoten zela[5].

XV. eta XVI. mendeetan veneziarrak izan ziren Zipreko agintari eta Limasolgo inauteria haien inauteriaren antzirudiko bihurtu zen. Veneziako inauteriak serioak dira ordea eta Limasolgoetan zahar eta gazteak jaialdian sartu eta elkarri aparra botatzen diote hiriko Alde zaharreko kaleetan[6].

Gizartean duen garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zipreren bilakaera politikoa eta ekonomikoa gorabeheratsua izan da XIX. mendearen amaieratik gaur egunera, baina 1890tik aurrera inauteriak beti ospatu izan dira, izan ere zipretarrek beren fedea eta baikortasuna azaltzeko aukera gisa hartzen baitute udaberriro[5]. Hasiera batean aberatsen jaialdia zen baina XX. mendearen hasieran hiritar ororengana zabaldu zen eta inguruko kostaldeko herrietan ere ospatzen hasi ziren. 1930. hamarkadan Giordamli eta Rialto ekintza bereziak antolatzen hasi ziren euren zinemaren inguruan[5].

Udalak bost ekitaldi baino ez ditu antolatzen, tartean Tepak enparantzako aire libreko haurren inauteriak. Haurren desfile hau inauterien aurreneko igandean izaten da eta inauterietako ekintza aipagarrienetakoa da[5].

Inauterietako desfile handian karrozak eta abestiek tonu satirikoa izaten dute, Zipreko eta baita ere Europako uneko egoera soziala, politikoa edo ekonomikoa adierazten dutenak. 2014ko inauterietan esate baterako Euroa izan zen protagonista, krisi egoera salatu asmoz. Inauterietako Erregea edo Erregina ere pertsonai satirikoa izan ohi da. Desfile honetan 150 karroza baino gehiago izaten dira eta 50.000 hiritar inguruk hartzen du parte. Hiriko Brass bandak eta kantadoroi mandolin eta danborjoleek laguntzen diote Erregeari edo Erreginari desfilean zehar[7].

Egitaraua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Desfile nagusia Makarios III.aren etorbidean.

Lehenengo astea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ostegun batez hasten da jaialdia, Errege edo Erreginaren aurkezpenarekin. Herria erabat apaintzen da eta prozesio luze baten ondoren Tsirion Estadioan haurren mozorro lehiaketa izaten da. Aurreneko aste horren ezizena Kreatini ("Haragiaren astea") da, izan ere Garizumaren aurretik haragia jateko aprobetxatzen baita[8]. Aurreneko egun hori Tsiknopempti ("kirats osteguna") da, alde zaharreko kaleetan arkume eta txerrikiak erromeroz sukaldatuaren usainak nahasten baitira[6].

Bigarren astea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren asteko protagonista gazta izaten da, horregatik Tyrini ezizena du, "gaztaren astea"[4]. Astearen amaieran aipaturiko desfile handia ospatzen da Makarios III.aren etorbidean[1].

Besterik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inauteriek dirauten artean hotel, elkarte eta tabernek mozorro festak antolatzen dituzte. Pailazoak, cowboyak, piratak, dragoiak, antzinako greziarrak, gurutzatuak eta hauekin batera urte hortako pertsonai esanguratsuak eta pop eta zinema izarrak ikusten dira edonon.

Arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015ean hainbat taldek istiluak eragin zituzten kaleetan eta honen ondorioz polizia kopurua handitzeaz gain arau berriak ezarri zituen Limasolgo udalak:

  • Talde bakoitzaren kopurua 500 partehartzailetara mugatuta dago.
  • Alkohol kopuru handiak ekiditen da.
  • DJ-rik ezin da egon karrozatan.
  • Musika zabaltzea debekaturik dago.
  • Bozgorailuak irrati-sekuentziekin sinkronizatu behar dira.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Limassol events» www.cyprusevents.net (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  2. (Ingelesez) «Carnival around the world» NBC News (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  3. Merin, Jennifer; Burdick, Elizabeth B.; International Theatre Institute of the United States. (1979). International directory of theatre, dance, and folklore festivals : a project of the International Theatre Institute of the United States, inc.. Westport, Conn. : Greenwood Press ISBN 978-0-313-20993-2. (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  4. a b Limassol Carnival Parade – Limassol, Cyprus : World Festival Directory. (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  5. a b c d e «Limassol Carnival | Cyprus inform» www.kiprinform.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  6. a b (Ingelesez) CNN, By Robin Gauldie, for. «Limassol Carnival is the most colorful event on Cyprus» CNN (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  7. (Ingelesez) Inc, IBP. (2012-03-03). Cyprus Country Study Guide Volume 1 Strategic Information and Developments. Lulu.com ISBN 978-1-4387-7423-7. (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).
  8. «Cyprus Festivals & Annual Events» carnaval.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-06).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]