Edukira joan

Linguae vasconum primitiae

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea

Linguae vasconum primitiae
Jatorria
Egilea(k)Bernart Etxepare
Argitaratze-data1545
IzenburuaLinguae Vasconum Primitiae
Ezaugarriak
Genero artistikoahitz neurtua
Hizkuntzaeuskara
Egile-eskubideakjabari publiko eta jabari publiko

Linguae vasconum primitiae[1] (latinezko izenburua; «Euskaldunen hizkuntzaren hastapenak»[2], «Euskaldunon hizkuntzaren hasikinak»[3] esan nahi du) ezaguna dugun lehen euskal liburu inprimatua da, 1545ean argitaratua, Bernart Etxeparek idatzia. Etxeparek lehen euskal idazlea izatearen kontzientzia nabaria zuen, eta horretaz harro ageri da liburuan, izenburutik bertatik hasita.[4][5]

Prosaz idatzitako aitzinsolas labur baten ondotik, debozio olerkiak atzeman daitezke, eta ondoren maitasun profanoei buruzko olerkiak, hauen artean delarik emakumeen laudorioz eginiko bat (Emazten fabore). Gero, bertsotan idatzirik, Nafarroako Erregearen aginduz espetxeratua izan zeneko kontakizuna dator, espetxeratze horren arrazoiak zehaztu gabe. Bukatzeko, bildumako bi idazki ezagunenak, dantza erritmoei jarraikiz bozkarioz goratasuna ospatzen duten bi olerkiak: Kontrapas eta Sautrela[6].

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Linguae Vasconum Primitiae liburua eta Bernart Etxepare lantzen dituen bideoa.

Edizioak eta aleak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bordelen argitaratu zuen Etxeparek 1545ean, Fraçois Morpain inprimatzailearen etxean. Ez dakigu zenbat aletan atera zen 1545ko argitalpena[6]. Oihenarten esanetan, bigarren argitarapen bat ere izan zuen liburuak, Adrien Morronten etxean (XVII. mendearen hasieran, hortaz), baina ez zaigu haren beste berririk iritsi.[7] René Lafonen ustez, beharbada lehenago izan zen edizio laburrago bat, erabat galdua: hori pentsarazten dute, besteak beste, kantuen arteko grafia ezberdintasunek.[4] Pierre Larousse-k 1870eko bere Grand Dictionnaire obran "euskal hizkuntzan idazkiak utzi dituen egile zaharrenari" eskaini artikuluan ohartarazten da "1847an, frantseserako itzulpenarekin berriz inprimatua" izan zela[8].

Liburuak ez bide zuen zabalkunde handirik izan, eta ez zaigu ale bakarra baizik heldu, Parisko Liburutegi Nazionalean gordeta dagoena.

n-4° formatuko 28 orrik osatzen duten Linguae Vasconum Primitiae[6][9].

Aitzinsolasean egileak bere mezenas eta adiskide Bernart Lehete agurtzen du, erregeren abokatu euskalduna, dirudienez Saran jaioa, bera baitzen edizioaren kostuak ordaintzera lagundu ziona[10]. Hitzaurre horretan liburua idaztera bultzatu zuten arrazoi nagusiak esaten ditu. Hasieran, orduko herritar askoren euskal axolagabekeria deitoratzen du, eta pentsatzen du horrexegatik uste zuela jendeak gurea ezin idatzizko hizkuntza zela. Halere, berak, bere eginekin, kontrakoa frogatu eta uste oker horren gezurra erakutsi nahi zuen. Bestalde, Lehete abokatuari eskerrak ematen dizkio, euskarari dion maitasunagatik eta liburua inprimatzeko eskainiriko laguntzagatik. Amaitzeko, euskaldun guztiak bide horretan segitzera bultzatu nahi ditu, euskaraz gehiago idatz dezaten, gero eta euskal liburu hobeak ager daitezen.

Testuak 31 lerroko  hitzaurrea eta kantuak ere badiren 15 silabatako bertsoak ditu (4 + 4 silaba eta jarraian beste 4 + 3 dituztenak, tarteko zesura batek bereiziak), behenafarreraz idatziak, euskalki hori herri xeheak erabiltzen zuen bezalaxe baliatuta.[4]

Haren metrikak latinezko Erdi Aroko poesian ditu erroak. Hamabost kantuetatik lau izan ezik, guztiak dira zesurak erdibitutako zortzi eta zazpi silabako bi hemistikioz osatuak:

Orhit adi ieyncoaren (4 + 4 silaba = 8) iusticia handiaz (4 + 3 silaba = 7)

Nola oroc vehar dugun (4 + 4 silaba = 8) eman qhondu hersia (4 + 3 silaba = 7)

Eguin oroz recebitu (4 + 4 silaba = 8) gure merexituya (2 + 5 silaba = 7)

Eryoa dauguinian (4 + 4 silaba = 8) vayta haren meçuya (4 + 3 silaba = 7).

Hamabost kantu horiek lau multzotan bildu ohi dira, gaiaren arabera: erlijiozko, bi; amodiozko, hamar: autobiografiarako eta askatasuna goratzeko, bat; eta euskara goresteko, bi. Erlijiozkoan salbazioaren inguruan duen kezkak eta ondoren amodioari buruz egiten dituen olerkiek beti piztu dute Etxepareren jarreraren inguruko zalantza. 2024an ikerlariek aurkitu zuten seme bat izan zuela, apaiztu eta gero, eta horrek susmoak berriro piztu zituen amodiozko testuen inguruan[11].

Amodiozko bertsoetako batek honela dio:

Munduyan ezta gauzaric
hayn eder ez plazentic
Nola emaztia guiçonaren petic
buluzcorriric;
Besso biac çabalduric
dago errendaturic,
Guiçonorrec daguiela
harçaz nahiduyenic.
 
Munduan ez da gauzarik
hain eder ez atseginik
nola emaztea gizonaren petik
biluzgorririk [izatea],
beso biak zabaldurik
dago errenditurik,
gizon horrek dagiela [egin dezala]
hartaz nahi duenik.

Askatasuna goraipatzen duen poema autobiografikoan, Bernart Etxeparek kontatzen du Bearnon espetxeratua izan zela, Nafarroako erregeari traizio egin izanaren salaketa faltsua jarri ziotelako.

Euskararen historia egiten

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Etxepareren Kontrapas olerkia, edizio originalean

Azken bi kantuak, Kontrapas eta Sautrela, euskarari egin zizkion odak dira. Autorea oso jakitun zen bere lanaren garrantzi historikoaz, eta ez bakarrik hitzaurrean, liburua ixteko bi kantu horietan azpimarratzen du bereziki. Heuscara ialgui adi mundura, kontrapasaren leloa, aski argia da zentzu horretan:

Heuscara ialgui adi campora
Garacico herria
Benedica dadila
Heuscarari eman dio
Behar duyen thornuya.
Heuscara
Ialgui adi plaçara
Berce gendec vste çuten
Ecin scriba çayteyen
Oray dute phorogatu
Enganatu cirela.
Heuscara
Ialgui adi mundura
facsimile
Linguae Vasconum primitiae (1545. Egin klik irudian facsimilea ikusteko.)

Hizkera eta euskara

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskaraz inprimaturiko lehen hitzak prosan.

Etxepareren hizkerak hizkuntzalari eta aditu askoren interesa piztu du. Etxeparek, Leizarragak ez bezala, ez zuen euskara batu batekiko kezkarik. Beraz, bere obra idazteko dakien euskara bakarra aukeratzen du: ekialdeko behe-nafarrera[12]. Etxeparek berezko ezaugarri batzuk ditu bere idazkeran, esaterako[13]:

  • Bokalarteko r eta h mutu egiten ditu batzuetan.
  • Hasierako h mutu egiten du batzuetan.
  • Ez du -a mugatzailea ipintzen.

Oro har, Etxepareren ortografia nahiko irregularra da, eta hori ahozko hizkuntzan oinarritu den seinale da; izan ere, bere liburua euskaraz argitaratutako lehena izan zenez, ez zuen euskara idatziaren eredurik.

Donibane Garazi inguruko herri-euskara dialektal hori, lexiko, aditz eta sintaxi arloan, gaurko literatura-ereduarekin alderatuz gero behintzat, bitxi eta arkaiko samarra izan daiteke (acheter ‘mediku’, acusari ‘akusatzaile’, ayutari ‘laguntzaile’, cinhexi, ‘sinetsi’, drugazula ‘lagun dakizula’, ebili ‘ibili’, heben ‘hemen’, iagoytic ‘aurrerantzean’, lecot ‘salbu, ez pada’, onerizte ‘maitasun’...). Halere, gehienetan morfologian ez dabil urrunegi gaurko euskara estandarretik, idazkeran garai hartako inguruko erdaren grafia-ohituretara erabat makurturik agertu arren: arçaynic ‘artzainik’, arraxian ‘arratsean’, baque ‘bake’, beçala ‘bezala’, beqhatu ‘bekatu’, cerbiçatu ‘zerbitzatu’, echian ‘etxean’, eguin ‘egin’, erregue ‘errege’, exay ‘etsai’, gayciq ‘gaitzik’, heryoa ‘herioa’, heuscara ‘euskara’, iossi ‘josi’, iqhussiric ‘ikusirik’, ixutarçun ‘itsutasun’, ossagarri ‘osagarri’, prouechu ‘probetxu’, vici ‘bizi’, adibidez[10].

Liburuaren azalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurelia Arkotxak egindako azterketen arabera, liburuaren estalkia XVI. mende erdialdeko estalkia kontserbatu du. Aratxe larruzkoa da, eta bi azaletan ezarritako armarria Joana III.a Albretekoa Nafarroako erreginaren koinatu Luis I.a Borboi-Condéko gerrari kalbinistarena zen.[14][8]

Sho Hagio irakasle japoniarra, 2014an japonierara itzuli zuen 'Linguae Vasconum Primitiae' liburuarekin.

Linguae Vasconum Primitiae euskal kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maite Idirinek 1972an "Detchepare 1545" diskoa argitaratu zuen, Linguae Vasconum Primitiae-ko lau poema oinarri hartuta[18].

Xabier Letek 1974an argitaratu zuen Kontrapas poeman oinarritutako kantua, Ni naiz diskoan.

Oskorri taldeak 1977an argitaratu zuen Mosen Bernat Etxepare 1545 diskoan liburu honetako hamaika olerkiren hitzak musikatu zituen, baina Gabriel Arestik apur bat gaurkotuak, errazago ulertuak izan zitezen.[19]

Imanol Epeldek, Etxepare RAP proiektuaren baitan[20][21], Emazten fabore eta liburuko hitzaurrea kantura eraman zituen.

Berri Txarrak taldeak Emazten fabore II kantua egin zuen Libre diskorako, Etxepareren poemari keinu eginez.

2021an "Linguae vasconum primitiae"ren irakurketa herrikoia egin zen Bilbon, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta, Klasikoen Irakurketa Jarraituaren XIV. edizioaren baitan[22].

Geroago, 2022an, Xabier Amurizak liburuko bertsoak euskara batura ekarri zituen, Etxepare, jalgi hadi batura izenburuko liburuan, eta XXI. mendeko errima eta neurrietara moldatu zituen.[23]

2024an Ibon RGk "Iaquin vahu" diskoa osatu zuen, alderik alde kantatuz Etxepareren liburu osoa, Itxaro Bordaren hitzaurre eta ahapaldien aukeraketarekin[24].

Ale originala erakusgai

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Legebiltzarrean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Parlamentuaren ekimenez, Euskara jalgi hadi plazara lemapean, erakusketa bat antolatu zen 2011ko otsailaren 2tik martxoaren azkenera arte, Legebiltzarraren Gasteizko egoitzan, Euskaltzaindiaren erabateko lankidetzarekin. Linguae Vasconum Primitiae liburuaren ale originala erakutsi zen lehenengo aldiz, Legebiltzarraren eskariz Parisko gobernuak frantses hiriburutik lehenengo aldiz ateratzen utzi zuena[25].

Baionako Euskal Museoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baionako Euskal Museoaren mendeurrenaren harira, Linguae Vasconum Primitiae liburuaren ale bakarra Baionako Euskal Museoan ikusi ahal izango da 2025eko urriaren 11tik 2026ko urtarrilaren 11ra[8][26][9], Frantziako Liburutegi Nazionalak maileguan utzita[6]. Mendeetan zehar gaurdaino iraun duen euskarazko lehen literatur argitalpenaren erakusketa Baionako euskal museora ekarri izana Etxepare Euskal Institutuak Frantziako Liburutegi Nazionalarekin eta, oro har, frankofoniako kultur eta akademia eremuko eragileekin, garatu duen lankidetza-esparruaren baitan eman da[6], "Ça colle au basque" proiektuaren baitan.

Erakusketa honen harira, Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideek eserialdia egin zuten Baionako Euskal Museoan, "Etxepareren liburua Euskal Herrian atxiki dezatela eskatzeko"[27]. Ekintza honen harira, gutuna igorri dio Jean-René Etxegaraik Frantziako Kultura ministroari, “Linguae Vasconum Primitiae” liburua Euskal Herrian gordetzeko baldintzak badaudela baieztatuz[28].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Mendiguren Elizegi, Xabier; Izagirre Urreaga, Koldo. (1998). «Bernat Etxepare» Euskal literaturaren antologia (Elkar) (kontsulta data: 2020-11-17).
  3. Salaberri Muñoa, Patxi. «Linguae vasconum primitiae / Euskaldunon hizkuntzaren hasikinak» Booktegi (kontsulta data: 2022-07-04).
  4. a b c Patxi Altuna, «Hitzaurrea», in Xabier Kintana (koordinatzailea), Linguae vasconum primitiae, 1545-1995, Euskaltzaindia, 1995.
  5. Edurne Begiristain: «Ganberako altxor berriak», Berria, 2011-02-02.
  6. a b c d e «Euskaraz argitaratutako lehen liburua Baionan ikusgai» www.etxepare.eus (kontsulta data: 2025-12-30).
  7. Auñamendi Eusko Entziklopedia. Linguae Vasconum Primitiae. .
  8. a b c (Ingelesez) «L’oeuvre invitée : Linguæ Vasconum primitiæ de Bernard Dechepare - Bernat Etxepare-ren Obra gomitatua» calameo.com (kontsulta data: 2025-12-30).
  9. a b «Linguæ Vasconum primitiæ 1545» www.musee-basque.com (kontsulta data: 2025-12-30).
  10. a b Kintana, Xabier. (2011). Euskaltzaindia.
  11. Gorraiz, Uxue Rey. (2024-11-19). «Bernart Etxeparek izandako amodio eta politika bizipenak azaleratu ditu Danserie Ensemble taldeak, haren obra musikatzeko egindako ikerketa lanean» Berria (kontsulta data: 2025-11-22).
  12. «Euskalkiak edo hizkelkiak hizkuntza baten aldaera edo barietateak dira - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus» www.euskadi.eus (kontsulta data: 2019-06-04).
  13. «Etxepare - hiru» www.hiru.eus (kontsulta data: 2019-06-04).
  14. Arkotxa, Aurelia. «"Linguae Vasconum Primitiae"-ren peritestualitateaz eta euskararen gramatizazioaren primiziaz» (PDF) ASJU (kontsulta data: 2011).
  15. (Japonieraz) Hagio, Shō. (2014). Basuku sho-bunshū : Basukugo saiko no shomotsu. Heibonsha ISBN 978-4-582-83678-3. (kontsulta data: 2025-02-14).
  16. irudia, Komunikazioa eta. (2011-12-02). «"Linguae Vasconum Primitiae" liburuaren argitalpen faksimilea aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak - Euskaltzaindia» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2025-12-30).
  17. zerbitzua, Argitalpen. (2014-09-19). «"Linguae Vasconum Primitiae" (2014) denon eskura - Euskaltzaindia» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2025-12-30).
  18. «Detchepare 1545» www.badok.eus (kontsulta data: 2025-12-30).
  19. «Mosen Bernat Etxepare 1545» www.badok.eus (kontsulta data: 2022-09-22).
  20. SA, Baigorri Argitaletxea. (2014-05-13). ««Gure literatura idatzia pobrea dela esan genezake, baina ez horregatik ezkutatu beharrekoa»» GARA (kontsulta data: 2025-12-30).
  21. «Etxepare Rap» www.badok.eus (kontsulta data: 2025-12-30).
  22. kopiatu, Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email Esteka; Whatsapp; Facebook; Twitter; Telegram; Email; kopiatu, Esteka. (2021-06-02). «'Linguae vasconum primitiae'ren irakurketa herrikoia gaur, zuzenean, eitb.eus-en» EITB (kontsulta data: 2025-12-30).
  23. «Xabier Amurizak 'Etxepare, jalgi hadi batura' liburua aurkeztuko du ostegunean, Gasteizen» KULTUR SHAREA 2022-02-14 (kontsulta data: 2022-10-12).
  24. Astiz, Iñigo. (2024-04-17). «Etxeparek 1545ean idatziak, Ibon RGk 2024an cantatzeco» Berria (kontsulta data: 2025-12-30).
  25. Kintana, Xabier. (2011-02-01). «Euskara: Gasteizko Legebiltzarretik plazara» www.euskaltzaindia.eus (kontsulta data: 2025-12-30).
  26. ‘Linguae Vasconum Primitiae’, urriaren 11tik aurrera ikusgai Baionako Euskal Museoan. .
  27. Beloki, Ekhi Erremundegi. (2025-12-03). «Baionako auzapezak bilkura hitzeman die EHEko kideei, Etxepareren liburua Euskal Herrian atxikitzeko aukerez mintzatzeko» Berria (kontsulta data: 2025-12-30).
  28. Euskaraz, Euskal Herrian. (2025-12-26). «"Linguae Vasconum Primitiae" liburua Euskal Herrian gordetzeko baldintzak badaudela baieztatuz, gutuna igorri dio Jean-René Etxegaraik Frantziako Kultura ministroari» Euskal Herrian Euskaraz (kontsulta data: 2025-12-30).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]