Lisboako Ituna

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Itunaren sinadura-zeremonia.

Lisboako Ituna (Erreforma Ituna izenez ere ezaguna) 2007ko abenduaren 13an onartutako nazioarteko akordioa da. Akordio honen helburua Europar Batasunaren funtzionamendua egokitzea da, 27 herrialderen arteko batasun politiko eta ekonomikoa dinamizatzeko. Horretarako 1992an sinatutako Maastricht-eko Ituna eta 1957ko Erromako Ituna erreformatzen ditu (azken honen izena aldatu da, "Europar Batasunaren Funtzionamendurako Ituna" bihurtuz).

Lisboako Ituna 2009ko abenduaren 1ean sartu zen indarrean. Izan ere, indarrean sartu ahal izateko estatu kide guztiek berretsi behar izan zuten. Irlandako Errepublikaren kasuan bi erreferendum behar izan ziren, 2008koan ezezkoa nagusitu baitzen. 2009ko urriaren 2koan, aldiz, baiezkoak tarte zabalez irabazi zuen. Polonian eta Txekiar Errepublikan bertako parlamentuek onartu arren, presidenteek sinadura atzeratu zuten Irlandaren baiezkoa onartu arte.

Itun honek aldaketa garrantzitsuak eragin ditu Batasunaren baitan. Besteak beste, Europar Batasuneko Kontseiluan erabaki gehiago hartuko dira Gehiengo Kualifikatuzko Bozketaren bidez, erabateko adostasunez hartu beharrean. Sistema honekin, erabaki bat hartzeko bi irizpide bete beharko dira: estatu kideen %55ak gutxienez alde bozkatzea eta aldekoek EBko biztanleria osoaren %65a jasotzea.

Europar Legebiltzarrak botere gehiago lortu du ituna indarrean sartzean; besteak beste, nekazaritza eta aurrekontuen inguruan Kontseiluarekin batera erabakiak hartzeko aukera izango du hemendik aurrera. Kontseiluan bi urte t'erdirako presidentzia ezarri da (orain arteko 6 hilabetetako txandakako presidentziaren ordez) eta Atzerri Gaietako Ordezkari Gorena izeneko figura sortu da, orain arteko Atzerri eta Segurtasun Politika Bateratuko Ordezkari Gorenaren eta Europar Batzordeko Kanpo Arazoetako komisarioaren eskuduntzak elkartuta.

Giza Eskubideen alorrean, Oinarrizko Eskubideen Gutunak balio legala lortu du lehen aldiz.

Itunaren aldekoen arabera, testu honek Amsterdameko Itunarekin eta Nizako Itunarekin hasitako bideari jarraitu nahi dio, EBren eraginkortasuna eta zilegitasun demokratikoa handituz. Hala ere, aurkakoek azken puntu horretan ikusten dute hutsunerik handiena: beraien ustez, Lisboako Itunak EBren zentralizazioa indartu eta erabaki guneak estatuetako hautesleengandik urrunaraziko ditu.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lisboako Ituna Aldatu lotura Wikidatan