Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Literaturaren historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Literaturaren historia prosan edo poesian dauden idazlanen bilakaera historikoa da, eta baita hauetan erabilitako literatura-teknikarena ere.

Literaturaren historiaz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maxfield Parrishen "Ali Baba".

Literaturaren historia da literaturaren jakintzaren lau esparru nagusietako bat; literaturaren teoria, literaturaren kritika eta literatura konparatua dira beste hirurak. Literaturaren historia eta kritika alderatzea argigarria izaten da historia zer den hobeto ulertzeko: kritikak testuen osagai formalen eta gaien analisi sinkronikoa egiten du, eta historiaren helburua berriz testu horien azterketa diakronikoa egitea da, hau da, une jakin batek iraganarekin (iturrien azterketa) eta haren bilakaera eta etorkizunarekin dituen harremanak zertzea: une horren eraginak eta ondorengoak. Alegia, literatura obrak tradizio literarioan eta genero jakinetan, higikunde edo eskoletan, beren garaiko testuinguru historiko eta sozialean txertaturik, aztertzea da literaturaren historiaren eginkizuna.

Literaturaren historialaria, literaturaren teoriak eta kritikak osatu duten metahizkuntza eta ikerketa metodologia erabiliz, testuen nolakotasuna aztertzen saiatzen da, egile, jatorri eta bilakaeraren kontzeptuetatik abiatuta (datazio arazoak, testuaren konposizio data, testuak jasotako eraginak, iturrien erabilera, etab.), testuaren sailkapena egin (zein generotan, eskolatan, estilotan sartzen den), eta, azkenik, hartzailearen edo harreraren arazoa lantzen du.

Literaturaren historia garrantzi handiko azterketa izan zen XIX. mendean, jakintzako diziplina baten ezagutza eskuratu baitzuen, ikerlari tradizio bikain bati esker : M. Menéndez Pelayo Espainian, A. Villemain eta J.J. Ampère Frantzian, Schlegel anaiak Alemanian, A. Veselovski Errusian, G. Ticknor Estatu Batuetan, eta abar. Baina XX. mendearen lehen erdialdean interesa eta ospea galtzen hasi zen literaturaren kritika eskola berrien hegietan (New Criticism, Estilistika, Nouvelle Critique). Rene Wellekek, "Literaturaren historiaren gainbehera" titulu esanguratsua duen artikulu batean (1983), beheraldi hori agertzeko, puntu hauek seinalatzen ditu : XIX. mendeko historiaren literatura gertaeren zientifizismo akritikoa eta ikuspegi egokiaren falta, eta horren ondoriozko "biografia, bibliografia, antologia, gai eta forma metrikoei buruzko informazioaren, iturri, neurketa eta balioztatze saioen nahasketa, «historia literario» deitu zen historia politiko eta sozialean txertaturik...", literaturari berari dagokiona ahaztuta. Alabaina, 1970etik aurrera piztu egin da berriz literaturaren historiari buruzko interesa, bereziki H.R. Jauss eta Konstantzako eskolaren azterlanen ondoren.

H. R. Jaussek, literatura historiografiaren ikerketa metodologia berriztatzeko ahaleginean, objektibotasun historikoaren aurreiritzia baztertzea eskatzen die literaturaren azterlariei eta testuen harreran oinarrituriko literatura historia bat osatzea. Haren iritziz, harreraren teoriaren bitartez uler daitezke literatura lanen esangura eta forma, historian zehar hartaz egin diren interpretazio desberdinetatik abiatuta. Jaussen iritziz, harreraren estetikaren teoriaren bidez, literatura lanaren esangura eta forma ulertzeaz gainera, bere "jarraitasun literarioan" txertatu behar da literaturaren esperientziaren kokagunearen eta esanahi historikoaren berri izateko. Bestalde, literaturaren historiaren helburua, alde batetik, literaturazko emaitza "bere sistemen jarraitasunean sinkronikoki eta diakronikoki" aurkeztea da, eta, bestetik, historia berezia den neurrian, "historia orokorra"rekin harremanetan jarri behar du. Historia orokor horri dagokionez, eginkizun sozial agerikoa du literaturaren historiak, ez bakarrik funtzio erakusgarria duelako (garai guztietako literaturetan aurki daiteke "existentzia sozialaren irudi ereduzkoa, idealizatua, satirikoa edo utopikoa"); horrez gainera, "munduaren ulermen" modu bat ere adierazten du eta orobat "gizartearen eginkizun hezitzailea, zeren literaturak, gainerako arteekiko eta gizarte aginpideekiko konkurrentzian, gizakia bere lotura natural, erlijioso eta sozialetatik askatzen baitu".

Literaturaren historiarekin harreman zuzena du literaturaren historiaren zatiketa kronologikoak (aldi edo garaien araberako banaketa, belaunaldi edo higikunde estetikoen araberakoa, etab.), genero, eskola, estiloen araberako ordenamenduak eta sailkapenak; era berean, literaturaren historiaren baitakoak dira hizkuntzaren historiaren eta literaturaren historiaren arteko harremana, literaturaren historiaren eta haren irakaskuntzaren artekoa kulturarekin eta hezkuntzarekin loturik, eta abar. Lehenengo biak dira garrantzitsuenak, eta horiexek aztertuko dira ondoren.

Antzinako literatura (V. mendera arte)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta literatura eta idazmena erlazionaturik egon, ez dira sinonimoak. Lehenengo ieroglifiko egipziarrak esaterako, ez dira literatura kontsideratzen. Iritsi zaizkigun eta eskuragarri ditugun testu literario zaharrenak idazmena sortu ondorengoak dira. Bestalde, literaturaren historia orokorra landu nahi denean, testu asko desagertu egin direla jabetuko gara; batzuk nahita desagertarazi zituztn, beste batzuk, ordea, istripuz.

Testu asko ahozko tradizioaren bidez izan ziren helaraziak eta, beraz, ez da erraza data jakin batean finkatzea. Homeroren Iliada eta Odisea k.a.ko VIII. mendekoak dira eta obra hauek dira aitzinaro klasikoari hasiera ematen diotenak. Gainera, badirudi lan hauek aurrez ahokozko tradizioaren bitartez izan zirela transmitituak, hain zuzen ere, Brontzezko Aroan.

Ekialde hurbila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literatura sumeriera hiri nagusienetan garatu zen. Testu literario horiek gai ezberdinen ingurukoak izaten zirenTestuak lokatzezko tablatxoetan idazten zituzten eta gai ezberdinen ingurukoak izaten ziren; gai mitologikoetatik hasi eta maitasun gaietaraino; betiere kalitate handiko lanak izaten ziren.

Hasiera batean, ahozko tradizioa baino ez zuen hizkuntza horrek, baina, k.a. 2600. urte inguruan, idatzizkoa sortu zuten.  

Asia (Ekialde urruna)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitzinako literatura txinatarra (Erreferentzia: txinerazko literatura)

Literatur txinatarra duela 3000 urte baino gehiago sortu zen. Lehen literatur lanak Zhou dinastiak sortuak dira. Lan txintar horiek moraleja didaktiko bat izaten dute, eta maitasun gaiak eta naturarekiko, gurasoekiko, helduekiko, orden politikoarekiko sozialarekiko eta erligiosoarekiko gaiak lantzen dituzte.

Aitzinako literatura japoniarra

Japoniarrek III. eta VI. mendeetan sortu zituzten euren lehendabiziko lan literarioak: kojiki eta Nihonshoki kronikak edota Manyoshu poemak (760. urtean bildu zituzten). Hala ere, japoniar literaturaren aro klasikoa VIII. mendearen amaieran hasi zen.

Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroko grekoek garrantzi handia eman zioten literaturari. Autore askoren aburuz, tradizio literarioa Homeroren Odisea eta Iliada poema epikoekin hasi zen, zeinetara gerra, bakea, maitasuna edota gorrotoaren inguruan hitz egiten den.

Homeroz gain, Safo idazleak ere garrantzi handia izan zuuen literatura grekoan, izan ere, poesia lirikoaren aitzindaria baita. Esquilo autoreak, bestalde, literatura okzidentaka aldatu zuen dialogoa eta interakzioa txertatu zituelako antzerkian. Sofocles eta Aristoteles (Paltonen ikaslea) da Antzinaro klasiko grekoko autore erreferente nagusienetakoa. Alor zientifiko nagusienetakoa. Alor zientifiko askotan lan ezberdinak idatzi zituen, baina, batez ere, bere obra Arte Poética izan zen famatu egin zuena.

Erromatarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar Inperioko autore askok berritzaileak izateari uko egin zioten eta, hala, autore klasiko grekoak imitatu zituzten. Virgilioren La Eneida, esaterako, hein handi batean Homeroren obretan oinarritutako obra  izan zen, garaiko enperadoreak hala aginduta. Plauto komiko erromatarrak, bere aldetik, Aristófanes autore grekoa imitatzen zuen.

Autore erromatarren kalitate literarioa ukaezina bada ere, aipatzekoa da kreatibitate eta sormena urria zutela. Erromatarren kreazio literarioetako bat satira izan zen.

Erdi Aroko Literatura (V-XV. mendea)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromaren erorketaren ondoren 476. urtean, grekoek eta erromatarrek asmatutako  estilo literarioak erabiltzeaz utzi zituzten europarrek Errenazimendura arte. Erdi Aroko kultura eta eta artea erlijioan zentratu ziren eta berrikuntza gutxi izan ziren.

Asian eta Afrikan Islam-a hedatu zen, lan grekoetan oinarrituz euren literatura garatu ahal izateko. Nahiz eta lan asko galdu egin ziren, musulman eskribauek literatura grekoko hainbat lan kontu handiz kopiatu zituzten.

Ekialdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabiar literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literatura arabiarra VI. mendean sortu zen Mu'allaqat eta Mufaddaliyat lanekin (nahiz eta aurretik ahozkoan tradizioa zuten). Arabiar kulturako lanik garrantzitsu eta konplexuena, Koran-a, VII. mendekoa da.

Persiar literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Persiar literaturako libururik ezagunena poemen bilduma den Rubaiyat da. Poema horiek 4 lerrotako estrofatan antolatuta daude eta Omar Jayyam idazleak, matematikariak eta astronomoak idatzia da.

Turkiar literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IX eta XI. mendeetan zehar, Turkiako eta Asiako jende nomadak ahozko literatura epikoaren tradizioa sustatu zuten, Dede Korkut-en liburua edota Manas epikoa dira horren adibide.

Asia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinatar literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinan askoz ere indartsuagoa izan zen literaturaren indarra Han eta Tang eta Song dinastiei esker. Izan ere, horiei esker forma poetiko ezberdinak garatu ziren. Ziurrenik Li Bai eta Du Fu izan ziren txinatar poetarik garrantzitsuenak. Gainera, inprenta ere Tang dinastiarekin martxan jarri zen.

Japoniar literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

VIII. mendetik XII.mendera iraun zuen Heian etapak. Garai horretan karaktere japoniarrekin idazten hasi ziren eta emakume kultuak kortean protagonismoa hartu zuten.

Amerika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amerikako konkistaren aurretik idatzitako literaturari literatura prehispanikoa deitzen zaio. Oso zaila da garai hartako lanei data ezartzea, baita nongoak diren zehaztea ere (asko ahoz transmititzen baitziren).

Aro Modernoko europar literatura (XV-XIX. mendeak) eta Literatura Garaikidea (XIX-XX)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literaturaren historia kronologikoki ordenatzen denean, aroa da erabiltzen den irizpide edo ideia nagusietako bat: denbora tarte jakin bat da aroa, literatura lan batzuk eta haien egileak biltzen dituena, nahiz eta horiek berak bestelako ordenamenduetan (edo sailkapenetan) txerta daitezkeen, hala adibidez belaunaldi, eskola, higikunde, joera eta abarretan. Literaturaren garapen kronologikoa hazkunde konplexu batez gertatzen da, zeinaren arabera, C. Guillenen hitzetan, "literatura sistemak modu berezian bilakatzen dira ; osagai batzuen jarraipena, beste batzuen desagertzea, aukera ahantzien ernatzea, berrikuntzen bat bateko agerpena, aukera batzuen beranduko eragina dira modu horren ezaugarriak" . Bilakaera hori kritikoki antolatzeko, eskema kontzeptuala eta metodo egokiak izan behar ditu eskura literaturaren historialariak, haien bitartez literatura sistema desberdinek beren kodeekin duten harremana zehaztasunez eta koherentziaz finkatzeko, eta aipatu diren gertaerak esplikatzeko, alegia, jarraitasuna, desagertzea, berrikuntza, etab.

Eskema teoriko eta metodologia horien bila, historia politiko eta kulturaletik harturiko unitate kronologikoetan zatikatu izan zen hasieran literaturaren historia. Halaxe gertatzen zen Berpizkundeko humanistek zabalduriko historia sailkapenarekin ; adinen araberakoa zen, eta Petrarcarengandik zetorren. Petrarcarentzat hiru adin handietan banatzen zen mundua : Antzinaroa -kulturaren eta letraren Urrezko Aroa (Greziako eta Erromako historiarena)-, Ilunbeen edo mende ilunen Aroa (gero Erdi Aroa deituko zena), eta Aro Berria, argien birsortzea eta modernotasunaren kulturaren zabalkundea ezaugarri zuena, Berpizkundea deituko zena.

Sailkapen hori bakunegia zelarik, eta funtzionaltasun eskasekoa, banaketa xeheago bat etorri zen gero. Horrela agertu ziren mende eta garai kontzeptuak, ardatz gisa pertsona politiko garrantzitsuak hartzen zituztenak : "Periklesen Mendea" (K.a. V. mendea), "Errege-erregina Katolikoen garaia" (XV. mendearen bukaera eta XVI.aren hasiera), eta abar. Literaturaren historiako eskuliburuetan erabiltzen da gaur mende kontzeptua, eta, mendeen baitan, garaia aipatu ohi da.

Filosofiaren eta kulturaren historiaren alorrean, bada beste kontzeptu funtsezko bat, belaunaldia, literaturaren historian maiz erabiltzen dena, batez ere Alemanian eta Espainian. Kontzeptu honek, aldiak bereizteko irizpidetzat erabili delarik, oso harrera ona izan du azterlarien artean, batez ere XIX. mendetik XX. mendera doazen higikundeak kronologikoki mugatu nahi izan direnean. Horren arabera, guztiz finkatuak daude espainiar literaturan "98ko belaunaldia" eta "1927ko belaunaldia", nahiz eta aurrenekoari dagokionez, eztabaida handiak izan diren, zeren, kritikari batzuen iritziz, sailkapen horrek analisi egokia eragozten baitu. Baina horixe da, izan ere, sailkapen ororen arriskua : gauzak errazteko asmoz -bestela ezin baitira ulertu, eta banakako kasuetan geratuko ginateke beti- ; "gehiegi" erraztea, eta, zenbaitetan, egia ezkutatzea.

Gaurko historiografiak literatura aroa kontzeptua baliatu du, kezka estetikoak, gaienak edota arau jakinei buruzkoek lotzen dituzten egileak edo lanak kronologikoki ordenatzeko. Honela definitzen du aroa R. Wellek-ek: "(Literatura) arau sistema batek menderatzen duen denboraldi bat, sistema horren sorrera, zabalkundea, ugaltzea, txertatzea eta desagertzea bereiz daitezkeena" . Kontzeptu hau, muga kronologikoak ipintzeko irizpide den neurrian, belaunaldiarekin batera erabil daiteke ; hau da, aro batean zenbait belaunaldi izan daitezke. Literatura aro baten ezaugarri nagusia da nola, mugaturiko denboraldian, gainerakoak "menderatzen" dituen literatura arau eta sistema bat gertatzen den, nahiz eta horrek ez dakarren berdintasun estetikorik garai horretako literatura obra guztietan . Hala, XIX. mendean, bi literatura aro guztiz bereziak izan ziren arren (erromantizismoa eta errealismoa), aurrenekoaren estetika ez zen desagertu bigarrenak erabateko nagusitasuna izan zuenean.

Badira historiografian sarritan erabili ohi diren beste kontzeptu edo irizpide batzuk ere: eskola, higikundea, joera, sistema, eta abar.

Eskola arte edo literatura elkarte edo taldea da ; kulturaren igorle diren maisuak izaten ditu, ideal estetiko jakinak, eta dizipuluak.

Eskolak eratu zituzten adibidez Proventzako trobadoreek, petrarkistak, La Pleyade-ko kideek, XVIII. mendeko neoklasizismoak ; Euskal Herrian ere izan da eskola inportante bat, Sarakoa (XVII. mendea), Axular buru zuela prosa bikaina sortu zuena. Erromantizismotik aurrera, eskolaren kontzeptuak atzera egin zuen, eta, haren ordez, higikunde eta joerarenak zabaldu ziren.

Higikundea ideal estetiko komunak dituzten idazle edo artista talde batek osatua da, eta, taldekideek, nolabait ere, ideal horiek zabaldu eta bultzatzeko asmoa izaten dute. Wellekek dionez, "borrokan diharduen kolektiboa da, bere buruaren kontzientzia argia izanik, ekintza eta agerraldi jakinak egiten dituena". Higikundeak -eman dezagun, XX. mende hasierako higikunde dadaistak edota surrealistak-, eginkizun kritikoa izan ohi du, aurretik ezarria dagoena hausteko asmoa. Joera kontzeptua, aditu zenbaiten iritziz, aroa-ri dago lotua, lehenagotik datorren pentsamendu hari baten modukoa baita, eta, aroari buruz bigarren mailakoa izanik, hurrengora ere luzatu ohi da. Horren adibide dira, beste askoren artean, Berpizkundean bizirik zirauten Erdi Aroko joerak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]