Lituaniako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Lituaniako historia antzinako lituaniarrak (liths) taldearekin hasten da. Tribu hau baltos edo aestiis deritzon talde baten adarra ziren, antzinako prusiar eta letoniarrekin batera. Baltikoko tribu hauek ia ez zeukaten harreman zuzenik Erromatar Inperioarekin, baina tratu komertzialak mantendu zituzten (Anbar Bidea izenekoaren bidez). Lituaniarrek azken hamar mendeetan zehar iraun duen estatua izan dute eta letoniarrek XX. mendean aldarrikatu zuten beren estatua; tribu prusiarrak, aldiz, Teutoniar Ordenak sakailatu zituzten XIII. mendean, eta XVIII. mendean desagertu ziren.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lituaniar aberriari (Litua) buruzko lehenengo erreferentziak Quedlinburgo monasterioaren urtekarietan agertzen dira. Lehena 1009ko otsailaren 14koa da.

Gaur egungo lituaniar lurraldea jatorriz XII. mendeko Erdi Aroko estatuarena da. Aditu gehienen ustez lehen lituaniar estatuaren sorrera Mindaugas koroatzea gertatzean izan zen, 1253ko ekainaren 6an. 1237an zaldun germaniarrek menderatu zituzten lituaniarrak, estoniarrekin batean, eta talde lituaniar guztiak bildu ziren Mindaugas buruzagiaren inguruan germaniarrei aurre egiteko.

1241an, 1259an, 1275an eta 1277an Urrezko Hordaren mongolek erreinua inbaditu zuten.

Mindaugasen ondorengo batek, Gediminasek (1316-1341), osatu zuen Lituaniako Dukerri Handia eta, zaldun germaniarrak sartaldera uxatuaz gainera, guztiz zabaldu zuen bere lurraldea sortaldera (ia Moskuraino iritsi ziren, Bielorrusia osoa barne) eta hegoaldera (Itsaso Beltzeraino iritsi ziren, Kiev hiria eta Ukrainako sartaldea barne). Gediminasek Vilnius erresumako hiriburu egin zuen eta benetako estatu burujabea osatu zuen.

Lituaniako Dukerri Handia eta Polonia (1385/1569-1795)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lituaniako lurraldearen bilakaera, Dukerri Handitik gaur egunera.

1385an, Ladislao II.a Poloniakoaren koroatzearen ostean, Poloniarekin elkartu zen. 1401ean Ladislaoren lehengusu Vytautasek Lituaniako Duke Handi izendatu zuen bere burua eta herrialde bien arteko lotura askatu zen. Baina bien kooperazioari esker, lituaniar eta poloniar armadek Teutondar Ordena menderatu zuten 1410ko Grunwaldgo guduan. Lituaniako printze handiak eta poloniar aliatuek berealdiko sarraskia egin zuten teutoi zaldunen artean gudu horretan eta hartan amaitu zen germaniarren nagusigoa Baltiko aldean (Thorneko hitzarmena, 1411). Hurrengo urteetan lituaniarren eta poloniarren arteko batasuna indartu zen, Jagellon dinastia lituaniarra buru zela.

Lituaniak eta Poloniak beren erakundeak gorde zituzten baina XV. mendearen bukaeratik aurrera elkarren arteko arazoak areagotu ziren. 1480an Ivan III.a Moskuko printze handiak Errusia guztietako errege izendatu zuen bere burua; Bielorrusiako alde handiena, ordea, Lituaniako lurraldearen barnean zegoen. 1501ean, bestalde, hasi ziren lituaniarren eta poloniarren arteko tirabirak, erregeak nongoa behar zuen erabaki gabeko auzia baitzen, eta erne zirauten betiere teutoi zaldunek, garai batean nagusi izan ziren lurraldeetan berriro sartzeko prest.

1568an, berriro Poloniari lotuta, Bi Nazioen Errepublika edo Polonia-Lituania mankomunitatea sortu zuen. Lotura hau dinastikoa baino ez zen, Lituaniak bere autogobernua mantendu baitzuen. 1569an desagertu zen Lituaniako Dukerri Handia, Poloniako erregearen manupean geratu baitzen Lituania (Lublingo ituna, 1569). Joan Sobieski III.a Polonia eta Lituaniako erregeak (1674-1696) garaipen handiak lortu zituen suediarren aurka, baina Errusiako erregearen aurrean amore eman behar izan zuen (Moskuko hitzarmena, 1686). Moskuko tsarraren mendean geratu zen Lituaniaren barnean zegoen Bielorrusia).

Errusia, Lehen Errepublika eta SESB[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendean zehar iraun zuen desintegrazio-prozesu baten ostean (Poloniaren zatiketak), 1795an Lituania ia osoa Errusiaren kontrolpean erori zen, Errusiako Katalina II.a erregina zela. Suwalki izeneko lurraldea, berriz, Prusiako erresumak hartu zuen. 1815ean Errusiako lurraldeen barnean geratu zen Suwalki ere. XIX. mendean, errusiarren aurkako bi matxinada handi egin ziren Lituanian (1830-1831 eta 1863-1864 urteetan) eta Lituaniako sentimendu abertzaleak indar handia hartu zuen, Maironis poeta eta Tumas-Vaizgantas eleberrigilea buru zirela. 1864-1905 urteetan errusiartze prozesua areagotu zen: errusiera zen hizkuntza bakarra hezkuntzan, lituanieraz errusiar alfabetoz baizik ezin zen idatzi eta elizkizun katolikoak debekatu ziren.

1905ean Lituaniako lehen biltzarra osatu zen Vilniusen eta autonomia zabal bat eskatu zuten bertaratuek. Lehen Mundu Gerraren garaian, Lituaniaren alde handiena alemaniarrek hartu zuten eta 1915ean sartu ziren Vilniusen. 1917an Lituaniako bigarren biltzarra bildu zen eta Lituaniaren burujabetasuna eskatu zuen.

1918ko otsailaren 16an, 1917ko Errusiar Iraultzaren ondoren, Errusiako Nikolas II.aren Inperiotik independentzia aldarrikatu zuen. Lehen sistema politikoa monarkia izan zen, Mindaugas II.a erregea buru zela, baina azaroan errepublika aldarrikatu zuten. 1919an Gudaroste Gorria sartu zen Vilniusen eta gobernu komunista ezarri zuen.

1919ko apirilean Poloniako gudarostea sartu zen Lituanian, Pilsudski mariskalak Poloniaren barnean nahi baitzuen Lituania berria. Guda amaitu eta gero, Lituaniak bere lurraldearen %20a galdu zuen, Vilnius hiriburua tartean. Hiriburua aldi baterako Kaunasera mugitu zuten eta horrela jarraitu zuten 1940 arte. 1920an zehaztu zen Poloniaren eta Lituaniaren arteko muga. Aldi berean Moskuko gobernuaren eta Kaunasko gobernuaren arteko harremanak hasi ziren eta 1920ko azaroan izenpetu zuten Lituaniaren burujabetasuna. 1921. urtean onartu zen Lituania Nazioen Ligan, 1926an Lituaniak eta Sobiet Batasunak elkarri ez erasotzeko hitzarmena sinatu zuten eta 1934an elkarkidetzarako ituna hitzartu zuten Baltikoko herriek Alemania naziarekin, Baltikoko naziek bultzatuta. 1935ean Klaipeda talde naziko buruzagiak atxilo hartu zituzten Lituanian, baina 1938an naziak nagusitu ziren hauteskundeetan.

1939an sartu ziren alemaniarrak Lituanian, eta errusiarrak 1940an, nazien eta sobietarren arteko hitzarmenaren ondoren. Alemaniarrek 1941ean okupatu zuten Lituania berriro eta eta 210.000 judu hil zituzten. 1944an sobietarren armada nagusitu zen. Lituaniar askok egin zuten ihes mendebaldeko herrietarantz. Sobietarrek Lituaniako Errepublika Sozialista Sobietarra eratu zuten Lituanian.

Gerra bukatu eta gero, berriro SESBen kide izatera itzuli zen, nahiz eta misko broliai lituaniar gerrillaren erresistentzia armatua 1954 arte. Sobietartzearen aurkako erresistentzia gogor zanpatu zuten agintariek, 1948-1949 urteetan bereziki, eta 400.000 pertsona inguru deportatu zituzten.

Bigarren errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1985ean, Gorbatxovek abian jarritako perestroikarekin batera, lituaniarren aspaldiko independentismoa nabarmen berpiztu zen. SESBen zapalkuntza arintzearekin, sentimendu demokratikoak eta nazionalistak abaila bizian zabaldu ziren Lituaniako gizartean.

Vytautas Landsbergis.

1988an, perestroikaren aldeko Sajudis mugimendua sortu zen, Vytautas Landsbergis musikologoaren ekimenez, SESBen aurkako borroka luze bati ekin baitzion hark. 1990eko otsailaren 24ko lehen hauteskunde libreetan, Landsbergis hautatu zuten legebiltzarreko lehendakari. Artean sobietarrak han zirela aldarrikatu zuen Lituaniak independentzia, 1990eko martxoaren 11n. Urtebete geroago, 1991ko abuztuko Moskuko estatu-kolpearen ondoren, SESB desegin zenean, askatu ahal izan zen, azkenik, Lituania Errusiaren uztarpetik, urte hartako irailean aitortu baitzitzaion Moskutik, ofizialki, independentzia. Burujabetasun osoaren lehenengo urtean, nahiko lan izan zuen lituaniar gizarteak antolakuntza faltari eta gauzen eskasiari aurre egiten, betiere, Landsbergisen gidaritzapean.

SESBen ondorengo lehen urte nahasi eta zalantzazko haietan, aginteak berehalaxe erretzen zuen agintean zegoen alderdia, eta 1992ko urriko legebiltzarrerako hauteskundeak Alderdi Laboristak (komunista ohiak) irabazi zituen. Alderdi horretako aitzindari eta Lituaniako alderdi komunistako idazkari nagusi ohi Algirdas Brazauskas aukeratu zuten Errepublikako lehendakari, 1993ko otsailaren 15ean. Laboristak pragmatikoak izan ziren eta ez zuten hausturarik sortu aurreko gobernuak eraman zuen politikarekiko. Lituania izan zen, Baltikoko hiru estatuen artean, errusiar gudarostetik lehenik libratu zena; 1993ko abuztuaren 31n atera ziren Lituaniako lurraldetik azkeneko errusiar soldaduak. Geroztik, ahalegin handiak egin zituen Lituaniako lehendakariak Poloniarekin harreman adiskidetsuak izateko, eta Bielorrusia eta Errusiarekin muga-harreman normalak ezartzeko. Nolanahi ere, inguruko herriekin ongi konpontzen saiatze horrek ez zuen eragotzi Europa mendebaldeko herrialdeekiko hurbiltzea (Europako Kontseiluarekin bat egin zuen, 1993ko maiatzaren 14an), eta Baltikoko estatuen arteko elkarlana sendotzea. Kanpo politikan izandako arrakastaren distira, halere, dezente itzali zen, barneko ekonomian eta politikan sobera ugaldu zen ustelkeriaren eraginez. Ekonomiaren arloan heldutasuna falta zen arren, atzerriko inbertsioak ez ziren eten eta sistema fiskalaren errentagarritasunak hobera egin zuen. Politikari dagokionez, chauvinismoak eta populismoak gora egin zuten, eta alderdi kontserbadore klasikoen gorakada ekarri zuen horrek hauteskundeetan. Bizi mailaren bilakaera positiboak, ekonomiaren dinamismoa erakusten duten hainbat faktorek (urteko %5eko hazkundea, eta %6ko langabezia tasa), eta Europar Batasunean sartzeko perspektibak iritzi publikoa etorkizunaren aurrean baikor agertzea eragin zuten.

1996ko urriaren 20ko legebiltzarrerako hauteskundeak kontserbadoreek irabazi zituzten (Alderdi Kontserbadorea, Alderdi Kristau Demokrata, Zentroko Batasuna) eta agintea hartu zuten. Lehen ministro Gediminas Vagnoriusen politika zuhur eta arrazoizkoak eta ekonomiaren bilakaerak Europar Batasunetik eskatzen zaizkien epeetara hurbiltzera eraman zuten Lituania. Brazauskas lehendakariaren bost urteko agintaldia amaitu ondoren, 1998ko urtarrileko lehendakaritzarako hauteskundeak Valdas Adamkus (lituaniar jatorriko amerikarra) hautagai kontserbadoreak irabazi zituen, oso alde txikiagatik izan bazen ere.

1999ko maiatzean lehen ministro Vagnoriusek dimititu egin zuen eta Adamkusek Rolandas Paksas kontserbadorea izendatu zuen haren posturako. 2000an hauteskundeak egin ziren eta bertan behera gelditu zen ordura arte eskuindarren eta ezkertiarren artean izandako txandaketa, zentroko koalizio bat osatu baitzen, Adamkusek sustatua. 2001ean Brazauskas lehendakari ohia izendatu zuten lehen ministro, baina hark ere dimisioa eman zuen 2006an, eta 2008an Andrius Kubiliusek hartu zuen haren kargua.

2004ko martxoaren 29an Lituania Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen kide bihurtu zen eta 2004 maiatzaren 1ean, Europar Batasunaren kide.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lituaniako historia Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]