Lituya badiako tsunamia
Lituyako badiako tsunamia 1958ko uztailaren 9an Lituyako badian, Alaskako golkoa ipar-ekialdean, jazotako hondamendi naturala izan zen. 8,3 magnitudeko lurrikara batek mendi ia oso bat eraistea eragin zuen, 524 metroko altuerako olatu bat sortuz. Erregistratutako olaturik handiena izan zen, megatsunami ere deitua.
Gertaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1958ko uztailaren 9an, bertako 22:15ean, 7,8ko magnitudera iritsi zen lurrikara hasi zen 14,5 kilometroko luzera eta 200 metroko sakonera duen Lituyako badian[1]. Bi minutu geroago, 30 milioi metro kubiko inguru lur eta arroka jausi ziren Lituyako glaziarretik badiaren hondora. Talkak, badiaren sarreran 200 kilometro orduko abiaduran aurrera egingo zuen 516 metroko altuerako ur zutabe bat altxarazi zuen.
Badia, Glaziarren Badiako Parke Nazionala eta Erreserbako parte da, beraz inguruak soil zeuden. Hala ere, lurrikara gertatu zenean, hiru arrantzale barku zeuden bertan. Vivian eta Bill Swasonen barkua, Badger, irristaka badiaren sarreraraino eramana izan zen hondoratu arte. Zuhaitzen gainetik 30 metroko altuera izatera iritsi zen. Zorionez, beste ontzi batek salbatu zuen bikotea. Howard Uhlrich eta bere zazpi urteko semeak Edrie ontziarekin olatua saihestea lortu zuten, honen aurka barneratuz. Aitzitik, Orville Wagner eta honen bikotea olatuak zapalduta hil ziren Sunmore ontzian[2].
Lurrikararen geologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lituyan jazotakoa megatsunamien taldean sartzen da. Talde honetan 100 metro baino gehiagoko olatuak sartzen dira. Lurrikara gertatu zen Alaskako eskualdea faila tektonika baten gainean aurkitzen da, eta honen mugimenduak eragin zuen gertaera. Epizentroa Lituyatik 20 kilometrotara aurkitzen zen.
Nahiz eta olatua horren handia izatearen zergatia garbia ez izan, argi dago lurrikarak eragin zuela 30 milioi metro kubiko glaziar osagaien luizia. Gainera, badiaren sarrera txikia izateak ur kantitate handi bat mendi artean itxita egotea eragiten du. Ezaugarri horietako urrazal batek horrelako olatuak sorrarazteko joera du, bai luiziak eta baita lurrikarak direla-eta. Izan ere, azken 150 urteetan neurri handiko bost olatu sortu dira Alaskako golkoan, eta beste hainbeste ezaugarri antzekoko lurraldeetan, Norvegian eta Japonian esaterako.