Lizarazu-Larburu ahizpa serorak
Lizarazu-Larburu ahizpa serorak | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Lezo, |
Herrialdea | ![]() |
Jarduerak | |
Jarduerak | Serora |


Lizarazu-larburu ahizpa serorak. Romana, Maria, Margarita eta Luixa. XIX. mende bukaeratik XX. mendeko 80 hamarkada bitarte, Lezoko San Joan Bataiatzailearen parrokia eta Gurutze Sainduaren baselizaren zaintzaz arduratu ziren, amaren lanbideari jarraituz.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zortzi anaia-arrebek osatzen zuten 1872an Urnietan ezkondu ziren Martin Jose Lizarazu eta Juana Josefa Larbururen familiak: Mª Agustina (1873-1965); Francisco Borja (1874-); Mª Pilar (1877-1963); Juana Luisa (1879-1967); Mª Romana (1881-1970); Mª Valentina (1884-1978); Emilio (1886-1894) eta Margarita (1890-1980).

Oso familia elizkoia zen, Juana Josefa ama ere serora zenez elizaren bueltan bizi ziren denak, eta oso ohikoa zuten eliza zaintzeko eginbidea. Denak eskolatuak ziren, esate baterako Agustinak haur-eskola jarri zuen bere etxepeko aretoan, oinarrizko ikasketak eta dotrina euskaraz irakatsiz, eta Frantzisko Borja berriz 1898ko apirilaren 14an Hondarribiko Josefa Ricarda Sagarzazu Azaldegirekin esposatu ondoren, bertan geratu zen maisu lanetan. Gainontzeko emakumeak ere eskolatuak ziren eta atzerrira (Argentinara, Erromara,...) bidaia ugari eginak. Euren lanbideengatik denak oso ezagunak izan ziren herrian.
Hiru emakume zaharrenak, ezkontza bidea hautatu zuten, Agustina, Manuel Intxaurrandietarekin esposatuz, Pilar Anastasio Salaberriarekin eta Luixa Atanasio Brosterekin. Eta Luixa eta Atanasiok bi elizetako sakristau eta seroraren ardura hartu zuten, beste hiru ahizpa gazteenekin batera. Beraz, hiru gazteenak seroraren bizi egoera hautatu zuten, hau da, Romana, Maria eta Margarita ezkongabeak izan ziren eta hirurak serorak lanbidez. Emakume hauek gaztetasunera iritsitakoan, elizaren zerbitzurako bizitzea erabaki zuten eta lanbide erlijioso horri atxikiz, mojen antzeko bizimodu “itxia” eraman zuten, Margaritak batik bat. Maria aldiz, “jendartekoagoa” zen, herritarrekin harreman estuagoa zuen, eta egunero goizeko lehen ordutan, Lezotik oinez abiatzen zen Donostiako Nicolasa ostatura lanera joateko, gero arratsaldean etxera itzulitakoan beste ahizpekin batera serora lanetan murgilduz.
Seroraren lanbidea antzina-antzinatik zetorren emakumeen lanbidea zenez, berehala bereganatu zuten Lizarazu Larburu familiako emakumeek. Seroren lanbide hau denboraren poderioz galbidean dagoen arren, bere garaian botere handi xamarreko ofizioa izan zen. Ez da ahaztu behar herriko erlijio bizitzan serorek zuten garrantziaz, askotan apaizek zituzten eskumenetako asko bere gain hartzen baitzituzten. Eta eurek lan egiten zuten elizan ere herritarren artean kokapen berezia izaten zuten askotan. (Frantxixku Lizarazuren oroimenez. Agustina Pontesta. 74-76 orr).[1]
Zer ziren serorak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian serorak eliza, parrokia edo baseliza zaintzen zuten emakumeak ziren. Serora hitza mojak edo lekaimeak izendatzeko ere erabili izan da, bereziki Ipar Euskal Herrian, eta hargatik serora (moja) eta andere serora (eliza zaintzen duen emakumea) bereizi izan dira.
XVIII. mendera arte aski zabaldutako lanbidea izan zen, emakume heldu ezkongabe edo alargunei zegokiena.
Hutsik, akatsik, gabeko emakumea izan behar zuen, eta alkateak edo herritarrek hautatzen zuten, modu formal batean, Erdi Aroaz geroztik gorde diren agirietan azaltzen denez. Kargua eskuratzeko dotea edo eskupekoa ere eman behar izaten zuten.
Eliza edo baselizaren ondoko etxetxo batean bizi ohi ziren, egungo etxe izenek frogatzen dutenez (Serorenia adib.). Eliza zaintzeaz gainera, elizan ospatzen ziren erritu guztien arduraduna zen, hala nola, bataioak, ezkontzak eta hileta-elizkizunak, eta haiengatik ordainsaria jasotzen zuten.[2]
Seroren funtzio bereziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lezokoen eginkizunen artean, bederen, hilerria eta bi elizak (San Joan Bataiatzailearen parrokia eta Gurutze Sainduaren baseliza) zaintzeko ardura hartu zuten. Eginkizun horien artean, elizen garbiketa, aldareen apainketa, apaizen jantzien ardura, (elizkizunetarako arropen zainketa eta prestaketa), apaizen aginduen betebeharrak,...

Goizean goiz hasten ziren euren eguneroko eginbideekin; eliza garbitu ondoren ateak ireki eta itxi; elizen lore-dekorazioa; aldareen apainketa; apaizen jantziak eta ospakizunetako jantzien zainketa eta garbiketa, lisatze eta beste tresnen prestaketa; kanpaiak jotzea; errogatibetan apaizei laguntzea; heriotza elizkizunetan eta beste hainbat eginkizunetan hildakoen etxeetan bertako emakumeei laguntzea, serora izaten zelako hila janzteaz eta otoitza egiteaz arduratzen zena eta jostun gisa ere lan egiten zuten, bizimodua ateratzeko eta sendatzaile gisa ere ezagunak ziren.

Elizkizun askotan apaizaren pareko izaten ziren, Adibidez, gorpua heriotza-elizkizunetatik hilerri bidean zihoala zenbait kasutan seroraren otoitzek laguntzen zuen. Herri batzuetan elizak berak jarritako seroraren pulpitoa zeukan arrosarioak errezatzeko, otoitzak eta deboziozko irakurketak egiteko. Ikus daitekeenez zeremonien maistra edo zuzendaria zen.
Serorek euskal kulturaren barruan loratu zen erdi-erlijiosoen erakunde bat osatzen zuten, eta teoria ezberdinek diotenez, Antzinaroko diakonesetatik edota ermitau eta monasterioko bizimodu arkaikoetatik eratorritakoa zen.
Izendapen honek era askotako bizimoduak biltzen zituen, egoera instituzional, erlijioso, sozial eta ekonomikoei lotuak batik bat; emakume erlijioso horiek Erdi Aroko eta Aro Modernoko euskal komunitateen eguneroko bizitzaren parte ziren, hau da, erdi-ermitau bizitzan eta parrokiaren zerbitzuan aritzen ziren, non jarduera ugari garatzen baitzituzten, hala nola, nekazaritza eta abeltzaintza, laguntza soziala, erlijiosoak eta ekonomikoa, zainketa medikoak, merkataritza, mailegua edo norberaren edo besteen ondasunen administrazioan, besteak beste.
Emakumeen erlijio-bizitzaren eredu gisa XVIII. mendean garatu zen jarduera aktibo gisa euskal kulturan. Aurreko mendeetan hainbat saiakera egin ondoren azkenik, seroragoak debekatu eta baztertu egin zituzten erakunde guztiek, bai erlijiosoek eta baita zibilek ere.
Debeku eta legeen bidezko jazarpenek seroren funtzioen pixkanakako murrizketa ekarri zuen eta mojek ez bezala, erlijioso gisa zuten pertzepzioa gutxitzea lortu bazuen ere, serorek zuten autonomia sozial eta ekonomikoak erakundearen erresistentzia eta iraupen luzea ziurtatu zituen. Euskal gizartean iraun zuten egitura erlijioso arkaikoek izan zuten zerikusirik horretan; izan ere, kristautasun ofizialaren pean eutsi baitzioten sinkretismo erlijioso luzeari esker.[3][4]
Eta azkenean XX. mendeko laurogeiko hamarkadan, bizirik geratzen zen ahizpetatik gazteena zen Margaritaren heriotzarekin batera bukaera eman zitzaion Lezoko seroren lanbideari.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://lezo.eus/sites/default/files/Lezo%2020.pdf
- ↑ Frank, Roslyn. Euskal Herriko Eginkizun Erligiosoaren Inguruko Azterketa Diakronikoa: Serora eta bere laguntzaileak. (Noiz kontsultatua: 2025-02-21).
- ↑ https://web.archive.org/web/20140910081612/http://static.bergarakoartxiboa.net/pdf/Serorak_Debagoienean_XVI_XVIII.pdf
- ↑ https://www.eusko-ikaskuntza.eus/PDFAnlt/zainak/13/13041066.pdf