Locomotive Acts

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Locomotive Acts Erresuma Batuan mekanikoki propultsatutako ibilgailuen erabilera arautzeko legeak izan ziren[1]. Guztira hiru lege egon ziren: The Locomotives on Highways Act 1861, The Locomotive Act 1865 eta the Highways and Locomotives (Amendment) Act 1878.

1865koa 1861ekoa zaharkitua geratu zelakoan egin zuten. 1861eko zirkulazio legeak hamabi tonako eta orduko hamasei kilometroko muga ezarri zien ibilgailu mekanikoei. Hala ere, automobilgintza industria jaioberriaren mesedetan araudi laxoagoa prestatu beharrean, 1865eko legeak askoz neurri zorrotzagoak ezarri zituen[1].

Abiadura mugak izugarri murriztu zituzten: 3 km/h hiriguneetan eta 6 km/h herri arteko errepideetan. Dena den, abiadura muga horiek ez ezarrita ere, ibilgailuek ezin zuten askoz azkarrago ibili, legearen arau zorrotz eta ezagunena betez gero[1].

Autopropultsatutako ibilgailu bakoitzak, derrigorrez, hiru pertsonaz osatutako taldea behar zuen: bata, gidaria; bestea, sugina edo ikatz botatzailea, 1885ean gasolina bidezko lehen konbustio motorraz zebilen automobila asmatu baino lehen ibilgailuak lurrun motorraz baitzebiltzan; eta hirugarrena, bandera gorridun kidea. Hirugarren hori ezin zen berez eskifaikidetzat jo, denbora gehiago ematen baitzuen oinez ibilgailuan baino[1].

Ibilgailu mekanikoen aurretik, 55 metroko distantzian, ibili behar zuen, bandera gorria edo eskuargia astinduz, oinezkoek, zaldizkoek edota gurdi gidariek motordun makina arriskutsu horietako bat –batez ere gehienezko 6 km/h-ko ziztu bizian– hurbiltzen ari zela jakin zezaten. Horregatik, herritarrek “bandera gorriaren legea” esaten zioten[1].

Legearen ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrenbestez, zirkulazio lege zorrotzak asko moteldu zituen ibilgailu motordun berriak. Salgaien garraioari dagokionez, horrek mesede egin zion berez ere izugarri hazten ari zen ferrokarrilari. Oztopo handia izan zen, ordea, automobilgintzarentzat. Baldintza horietan ez zuen merezi motordun ibilgailu garestietan inbertsiorik egitea, eskaera izugarri murriztu zen eta, Industria Iraultzaren bihotzean, etorkizun oparoko jarduera moteldu egin zen, legea 1896an bertan behera utzi artean[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Nagore Irazustabarrena, «Locomotive Act 1865: ideia ona garai txarrean», Argia, 2012-10-07, CC-BY-SA lizentzia