Lope Artaxoakoa
| Lope Artaxoakoa | |||
|---|---|---|---|
1142 - 1159 Elizbarrutia: Iruñeko elizbarrutia | |||
| Bizitza | |||
| Jaiotza | Artaxoa, ? | ||
| Herrialdea | |||
| Heriotza | Iruñea, 1159ko urriaren 11 | ||
| Jarduerak | |||
| Jarduerak | apaiz katolikoa eta apezpiku katolikoa | ||
| Ideologia eta sinesmenak | |||
| Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa | ||
Lope Artaxoakoa (Artaxoa, ? - Iruñea, 1159ko urriaren 11) nafar elizgizona izan zen. 1142-1159 urteetan Iruñeko apezpikua izan zen.[1][2]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izenak adierazten duen bezala, Artaxoan jaio zen. 1135etik Iruñeko katedraleko sakristaua eta diruzaina zen. 1142an aukeratu zuten Iruñeko apezpiku, Antso Larrosaren ondorengo.
1134an, Alfontso Borrokalaria hil ondoren, Iruñeko eta Aragoiko erresumak behin betiko bereizi ondoren,[3] eliz-arazoak sortu ziren. Lope auzitan aritu zen Huescako apezpikuarekin Valdonsellako eliza batzuk zirela kausa, eta aldeko epaia lortu zuen. Ejea, Tauste eta Lunako tenpluak, aldiz, Zaragozakoaren esku utzi behar izan zituen. 1147an, akordio bat iritsi zuen San Juan de la Peña monasterioarekin Lizarrako elizak zirela-eta.[1] Era berean, 1149an amaiera eman zion Iruñeko apezpikuek eta Montearagongo abadeek izandako liskar luzeari.[2]

Leireko monasterioa salbuespen kanonikoa lortzen saiatu zen, alegia, apezpikuaren agintetik at gelditzea, baina arrakastarik gabe. Haren apezpikualdian hasi ziren eraikitzen Olibako eta Tulebrasko monasterioak Nafarroan, eta Fiterokoa Gaztelako mugan.[1]
1150ean, urrezko 1250 txanponekin lagundu zion Antso VI.a Jakituna errege berriari, Nafarroako Erresuma oso une ekonomiko txarrean baitzegoen. Baina Nafarroaren eta Aragoiren arteko gerrak erabat mikaztu zuen bien arteko harremana. 1156an, bitartekari ibili zen Bartzelonako konde Erramun Berenger IV.aren aurrean, su-etena lortzeko, eta honek bahitu gisa atxiki zuen. Antso VI.ak meniaren baldintzak bete ez zituenez, Lopek bi urte igaro behar izan zituen Aragoin. Deserrialdi hartan, Antso VI.ak harenganako uste ona galdu zuen.[1][2]
1159an, Nafarroak eta Aragoik bakea adostu zutelarik, Lope eta Antso VI.a adiskidetu ziren. Apezpikua hilabete batzuk geroago hil zen, urriaren 11n.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e Lope de Artajona. Gran Enciclopedia Navarra, enciclopedianavarra.com (kontsulta data: 2025-3-5).
- ↑ a b c Madoz, José. Dos hijos ilustres de Artajona en la silla de San Fermín. Príncipe de Viana, ISSN 0032-8472, 13. urtea, 48-49. zenbakia, 1952, dialnet.unirioja.es (kontsulta data: 2025-3-5).
- ↑ Alfontso I.a Borrokalaria. Elhuyar, puntubi.com (kontsulta data: 2025-3-6).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
| Aurrekoa Antso Larrosa |
Iruñeko apezpikua 1142 – 1159 |
Ondorengoa Antso |