Lorelei (musika taldea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lorelei
Datuak
JatorriaEibar (Gipuzkoa)
Musika motapop
Urteak1997 - 1999
Produkzioa
Diskoetxea(k)Gaztelupeko Hotsak
Taldekideak
Asier Serrano
Mikel Gorosabel
Josu Margusino
Jon Maza
Mikel Irisarri
Informazio gehigarria
Musicbrainz: 78b55a56-3b53-4c74-85a1-c3b0b080b0b0 Songkick: 162970 Edit the value on Wikidata

Lorelei Asier Serrano idazle eta kantariak eta Mikel Gorosabel musikariak (EH Sukarra) 1990eko hamarkadan sortutako taldea izan zen.

EH Sukarra taldearen diskoetan hasitako lankidetzari segida eman zioten pop lirikoko proiektu honetan. Serranoren Bada hiri gorri bat poema liburuan oinarrituriko disko batekin plazaratu zen taldea 1997an, eta geroago Tatuatu zenidan zerua kaleratu zuen. Azken urteetan, bakarkako zenbait disko kaleratu ditu Serranok, eta literatur ibilbidea ere egin du.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asier Serranoren poesia hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

90eko hamarkadaren hastapenetan, arreta piztu zuen Asier Serranok (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Lubaki Banda literatur taldeko kide izan zen, artean oso gazteak ziren beste zenbait idazlerekin batera: Harkaitz Cano, Garikoitz Berasaluze, Xabier Aldai eta Xabier Gantzarain, besteren artean. Poesia da Serranok betidanik jorratu duen esparrua, eta hau jendearengana eramateko kezkak bultzatu zuen musikan ere aritzera. Poesiaren herritartzeko gaitasunari buruz jarrera ezkorra agertu zuen elkarrizketa batean: «Batere kasurik ez dio egiten jendeak poesiari. Gainera, nire ustez, hala izan behar du. Poesia subnormalentzat da. Ni ere poesia errezitaldietan asko aspertzen naiz. Poesiak minorizatua eta minoritarioa izan behar du» (1). Poesia eta musika nahasteko hainbat ahaleginetan aritu zen, Hilakotz taldearekin Ane gutun galdua errezitaldia sortu eta maketa grabatu zuen, baina saio arrakastatsuena Mikel Markez kantariarekin eta Joxemari Karrere ipuin kontalariarekin ondutako Igurtzi nazazu berriro, laztana ikuskizunarekin gertatu zen.

Lorelei[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994. urtean, EH Sukarra taldearekin kolaboratzen hasi zen. Garaien laberintoan diskoan (Esan Ozenki, 1994) hitz gehienak Serranok idatzi zituen, eta hala gertatu zen Eibarko taldearen hurrengo diskoetan ere. Hortaz, EH Sukarrako buru Mikel Gorosabel Norton-ek eta Serranok elkarlana zabaltzea erabaki zuten; Serranoren poesia errezitaldietan teklatua jotzen eta musika sortzen hasi zen Norton, eta, azkenean, Lorelei prestatu zuten. Serranok argitaraturiko Bada hiri gorri bat poema liburutik abiatu zen Lorelei lehen kantuak egiteko. «Emakumearen ezpain gorrien irudia hartu dugu Loreleirentzat, ez maitasun perfektoaren gisa, morboaren eta gogoaren inguruan kokatuta baizik» (2). EH Sukarraren rock gogorrarekin zerikusirik ez zuen poema horietarako Nortonek sortutako musikak, eta 80ko hamarkadako pop taldeen soinutik gertu zegoen. Pop musika lasai eta erromantikoa morbo eta gau giroarekin nahastu nahi zuen Loreleik. Berehala grabatu zuten lehen diskoa, Bada hiri gorri bat (Gaztelupeko Hotsak, 1997), bi taldekide gehiagorekin -Jon Maza (bateria, Estigia) eta Mikel Irisarri (baxua, Katarro) -, eta hari eta haize moldaketekin. Harrera polita izan zuen lanak, beharbada pop doinuen gose zegoelako euskarazko musikaren kontsumitzailea. Horren ondorioz, egitasmoari jarritako urtebeteko epea luzatzea erabaki zuen taldeak.

Lehen diskoa aurkezteko Euskal Herri osoa zeharkatu ostean, luze gabe bigarren lanerako kantuak prestatzeari ekin zioten, eta Tatuatu zenidan zerua heldu zen (Gaztelupeko Hotsak, 1999). Bakardadeari eta zoriontasunari buruzko lan horretan, soinua gogortu egin zuen taldeak, baina hala ere, hitzek jarraitzen zuten izaten garrantzi handiena: «Diskoa hitz ederrez josten saiatu gara, jendea ohi dadin Lorelei ez dela bakarrik musika talde bat, horren atzetik badagoela poesia eta musika lotzen dituen lan bat» (3).

Bigarren diskoa plazaratu eta gero, banandu egin zen taldea. Geroztik, Serranok hiru disko kaleratu ditu bere izenean: Ez esan inori (Gaztelupeko Hotsak, 2002), Gerrari bai (Oihuka, 2003) eta Hoteleko kantuak (Oihuka, 2005). Bere hitzak hainbat talde eta abeslarik erabili dituzte kanturako: Gari, Exkixu, Eraso!, Jexuxmai Lopetegi, Tapia eta Leturia Band, Patxi Saiz...

Ondorengo lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Halaber, idazle curriculuma ere nabarmen luzatu du Serranok azken urteotan, nobelak (Eskuetan mapak, 2007; Zuloan, 2007; Erlojugilea, 2009), narrazioak (Hoteleko kontuak, 2001) eta poesia liburuak (Picassoren zaldia, 2007) argitaratu baititu. Euskal PEN Klubeko kidea da[1].

Loreleiren itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020. urtearen hasieran berriz elkartu ziren taldekideak eta hainbat kontzertu egin zituzten[2] COVID-19 pandemiak itxialdia ekarri zuen arte. 2022. urtean Lorelei taleak ateratako Bada hiri gorri bat lehenengo diskoaren 25. urteurrena betetzen zela eta Mikel Gorosabel eta Asier Serrano berriz elkartu ziren eta urriaren 14an disko berria kaleratu zuten, Ekografiak izena zuena[3]. Aurreko egunetan "Non zabiltza" bideoklipa zabaldu zuten diskaren aurrerapen gisa[4].

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Zer da PEN?» euskalpen (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  2. Hitza, Urola Kostako. (2020-02-14). «Asier Serrano: "Gure belaunaldiko zati bati eginiko omenaldia da Loreleiren itzulera"» Urola Kostako Hitza (Noiz kontsultatua: 2022-10-27).
  3. «ekografiak. Lorelei. Elkar.eus» www.elkar.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  4. Badok.eus. «'Non zabiltza' Loreleiren itzulerako bideoklipa sareratu dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-10-14).
  5. «Bada hiri gorri bat» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  6. «Tatuatu zenidan zerua» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
  7. «Lorelei» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-14).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]