Edukira joan

Lourdes Iriondo

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea

Lourdes Iriondo

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakLourdes Iriondo Mujika
JaiotzaDonostia1937ko martxoaren 27a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaUrnieta2005eko abenduaren 27a (68 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Xabier Lete Bergaretxe
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta abeslaria
KidetzaEz Dok Amairu
Musika instrumentuaahotsa
gitarra

Facebook: 118669181552869 Literaturaren Zubitegia: 61 Spotify: 0vYKlx5B78X1E4mxgKRwqD Last fm: Lourdes Musicbrainz: e6578e3c-89b9-41cc-8111-86af4db130c2 Discogs: 1960750 Edit the value on Wikidata

Lourdes Iriondo Mujika (Donostia, Gipuzkoa, 1937ko martxoaren 27a - Urnieta, Gipuzkoa, 2005eko abenduaren 27a) euskal kantaria eta idazlea izan zen. Euskal kantagintzaren erreferente izan zen 1965etik 1978ra bitartean.[1] Ez Dok Amairu taldeko kide sortzaileetakoa izan zen eta hasieran kudeatzailea,[2] eta talde berean aritu zen ere senar izan zuen Xabier Lete.[3]

2005ean, hura hil zela hogei urte betetzean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina eman zion, sari horren bidez euskal kantagintzan eta haur literaturan egindako ekarpena aitortu zaio.[4]

Hamaika haurride ziren Iriondo-Mujikatarrak; horietatik Lourdes bigarrena zen. Zazpi urte zituela, familia osoak Urnietara egin zuen, eta han eman zituen haurtzaroa eta gaztaroa. Euskara lehen hizkuntza zuen, baina anai-arrebengan gero eta handiagoa zen erdararako joera. Mojetan ikasi zuen Iriondok, hasieran Urnietan, gerora Donostian. Mojak frantsesak ziren, eta frantsesez egin behar izaten zuten ikastetxean.

Iriondo gazteak behartsuak lagundu nahi zituen; hori zela eta, hemeretzi urterekin Gasteizko Misioneras Seculares elkartearen formakuntza etxean sartu zen, misiolari lanetarako prestatzeko asmoz. Ez zuen ametsa betetzeko aukerarik izan, handik urtebetera bihotzeko eritasun larria diagnostikatu baitzioten. Hortik aurrera, zorrotz zaindu behar izan zuen osasuna. Gaixotasunaren ondorioz, etxean egotera behartuta egon zen denboraldi luzez. Garai hori aprobetxatu zuen haurtzarotik gogoko zuen musikagintzan trebatzeko.

Musika arloko lehen urratsak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izan ere, txikitatik izan zuen musikarako zaletasuna; ahots gozoa eta garbia zuen, eta

Lourdes Iriondo gitarrarekin kantari.[3]

familia giroan abesti zaharrak kantatzen zituzten askotan. Urnietako txistulari taldean ibili zen, eta Donostiako akademia batean zazpi urtez aritu zen opera eta kantua ikasten. 1964an, aitak oparitutako gitarrarekin hasi zen Cecilio Espada irakaslearekin eskolak hartzen. Aurretik hasia zen bere kantuak egiten; kutsu erlijiosokoak ziren horietako asko, bai eta euskara eta euskal kulturaren ingurukoak ere. Abesti gehienak lagunek (tartean, Joseba Zugasti Urnietako apaiza) moldatzen edo euskaratzen zizkioten, artean ez baitzen gai sentitzen euskaraz konposatzeko.

Joxemari Iriondo, Lourdes Iriondori egindako elkarrizketaz (Ahotsak proiekturako).[5]

Jendaurreko lehen emanaldia 1964an egin zuen, Andoainen, ikastolaren alde egin zen kantaldi batean. Arrakasta handia lortuta, Tolosan eta Villabonan abestu zuen gero. 1965ean, Aizarnan, Gazteriaren Egunean kantatu zuen, eta hor ere arrakasta handia lortu. Berehala, Joxemari Iriondo kazetari eta lehengusuaren eskutik, Loiolako Herri Irratirako hainbat kantu grabatu zituen, eta horiek emititzen hasi ziren. Entzuleen hainbat kritika jaso zituen arren, besteak beste «espainiar gitarrarekin euskaraz abesterik ez zegoelako», oso ezagun egin ziren Lourdes Iriondoren ahots eta doinuak. Handik aurrera, Euskal Herriko txoko guztietan ibili zen kantari. 1965ean, berrogei kantaldi inguru eskaini zituen. 1967an, berriz, 170 inguru izan ziren. Garai hartan izan zituen lehen arazoak zentsurarekin. «Ez gaude konforme», «Askatasuna zertarako», «Nire erria» eta gisakoak kantaldietan abesteko baimena jaso behar zuen, eta hainbatetan moldaketak egin.

Ez Dok Amairu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ez Dok Amairu taldeko zenbait kide, Atahualpa Yupanqui (zutik, ezkerretik hirugarrena) eta Paco Ibáñez (zortzigarrena) kantariekin: Joxan Artze (ezkerretik bigarrena), Benito Lertxundi (laugarrena), Mikel Laboa (seigarrena), Jose Angel Irigarai (zazpigarrena), Xabier Lete (makurtuta, ezkerretik lehenengoa) eta Lourdes Iriondo.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Ez Dok Amairuko kidea zen Lourdes Iriondo.

Garai hartako Euskal Herrian ez zen batere ohikoa emakume bat oholtza gainean agertzea, gitarra eskuetan zuela. Luze gabe hasi ziren kantari berriarentzat goitizenak agertzen: Euskal Herriaren nobia, Euskal Herriko Joan Baez[6] eta Ez Dok Amairuko musa deitu izan zioten. Jose Angel Irigarairen esanetan, «jendea ez da konturatzen zer zen Lourdes Iriondo 60ko hamarkadan. Agertokian transformatu egiten zen, ikaragarria zen, eta jendea liluratuta gelditzen zen».[7]

Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen, 1965ean; bileretan hasieratik hartu zuen parte. Dena den, gainerako partaide gehienak ez bezala, ordurako kantari ezaguna zen. Ez Dok Amairun idazkari lanak egin zituen, eta taldearekin batera kantaldi askotan hartu zuen parte.[8]

1967an lehen bi disko txikiak argitaratu zituen, Belter diskoetxearekin. Aspaldiko kantak ziren: «Abesten dizut, jauna», «Loa», «Kitarratxoa ta euskera», «Ain urruti ta ain urbil»...

Nolanahi ere, urtetik urtera Lourdes Iriondoren kantagintza gero eta konprometituagoa ari zen bihurtzen. Honela azaldu zuen bilakaera: «Beharbada, lehenago abestia gauza polit bat bezela kontsideratzen zen. Esakizun haundirik gabeko gauza arin bat bezala. Gaur berriz, esakizun haundiak ditu herriari kantatzen zaion abestiak. Beste kontzientzi batekin kantatzen da gaur. Herriaren problemak kantatzen dira...».[9] 1968an, diskoetxe beraren eskutik, beste disko txiki bat eman zuen argitara. Hor zeuden lau kantek argi erakusten zuten urnietarraren bilakaera: «Lin-Pan mendia», «Askatasuna zertarako», «Nire erria» eta, batez ere, garaiko ereserki bihurtu zena, «Ez gaude konforme».

Ez zen 1968ko uzta bakarra izan. Disko luze bat argitaratu zuen, Kanta zaharrak (Belter, 1968), Resurreccion Maria Azkuek bildutako kantutegitik aukeratutako ale zaharrekin. Urte beran, gainera, Xabier Leterekin ezkondu zen. Hurrengo urtean, disko txiki bat argitaratu zuen bikoteak. 1969an, beste bi disko txiki eman zituen argitara Iriondok; horietako bat, haurrentzako abestiekin: Aur kantak.

Ez Dok Amairu bereizi ondoren

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1972an bereizi zen Ez Dok Amairu. Gero, Iriondo Xabier Leterekin eta Benito Lertxundirekin ibilbide laburreko beste proiektu batean hasi zen: Zazpiribai ikuskizunean. Horretan Ipar Euskal Herriko beste hainbat musikari ere aritu ziren: Pantxoa eta Peio, Ugutz Robles-Arangiz, Manex Pagola, Patxika Erramuspe...

1974an argitaratutako Lurdes Iriondo disko luzea (Artezi) eta 1976an Xabier Leterekin ateratako bilduma izan ziren grabatutako azken lanak. Haren heriotzaren ostean, Antologia bilduma argitaratu zuen Elkar diskoetxeak 2006an.

Lourdes Iriondoren "Ez gaude konforme" kasetea. Garaiko irrati baten aurrean.
Lourdes Iriondoren "Ez gaude konforme" kasetea. Garaiko irrati baten aurrean.

1978an Hernaniko Galarreta pilotalekuan Xabier Leterekin, Antton Valverderekin eta Pantxoa eta Peiorekin batera egindako kontzertua izan zen haren azken emanaldia. Garai hartan aldaketa handiak gertatzen ari ziren gizartean eta kulturgintzan, eta ez zen oso eroso sentitzen. Horrez gain, osasun makalegia zuen kontzertuz kontzertu ibiltzeko. Handik aurrera, literatura, ikastola eta parrokia izan zituen zeregin nagusiak.

Haurrekiko lanak, eta literatura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lourdes Iriondo (1971)

Haurrekin zaletasun berezia zuen, eta haientzako hainbat liburu argitaratu zituen: Martin arotza eta Jaun deabrua (Toribio Altzaga Saria jaso zuen), Sendagile maltzurra (Gero, 1973), Asto baten malura (Gero, 1975) eta Buruntza azpian (Gero, 1975). Bi narrazio liburu ere kaleratu zituen: Hego-haizearen ipuinak (Gero, 1973) eta Lotara joateko ipuinak (Erein, 1983).

Haurrekin Buruntza antzerki taldea antolatu zuen Urnietan, eta hainbat antzezlan idatzi eta zuzendu. Horietako bat, Fabrika berria, 1977an estreinatu zen. Herriko parrokian ere lan handia egin zuen urte horietan guztietan.

Haurrentzako egindako lan sortaren barruan, haurren euskalduntzea laguntzeko helburuarekin, 1982. urtean Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Sailak bideo sorta didaktiko bat ekoiztu zuen, Kontu kontari izenarekin, Lourdes Iriondo eta Imanol Urbietaren zuzendaritzapean. Bideoetan euskara lantzeko hainbat elementu agertzen ziren: ipuinak, marrazkiak, txotxongiloak, abestiak, motrizitatea... [10]

Heriotza eta omenaldiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005eko abenduaren 27an hil zen, 68 urte zituela. Hil ostean hainbat omenaldi egin zitzaizkion.[11]

  • Urnietako parke batek Lourdes Iriondoren izena hartu zuen, eta bertan paratu zuten Jose Ramon Anda artistak haren omenez egindako eskultura.[12]
  • 2020an argitaratutako Baginen. Euskal Herriko historia emakumeen bitartez libururako aukeratutako izenetako bat izan zen.[13]
  • 2025ean, Urrezko domina, Gipuzkoako Foru Aldundiak emana[4]
  1. Agurra (Luis Iriondo)
  2. Abesten dizut, Jauna (Luis Iriondo)
  3. Loa (Luis Iriondo)
  4. Etzaitut ikusi nai
  1. Gaztedi berri-zalea
  2. Pake-aingeru
  3. itarratxoa ta euskera (Hitzak: Zugasti - Doinua: Lurdes Iriondo)
  4. Ain urruti, ta ain urbil (Hitzak: Nemesio Etxaniz - Doinua: Lurdes Iriondo)
  1. Lin-Pan mendian (Hitzak: Txinako olerkia - Musika: Herrikoia)
  2. Askatasuna zertarako (Hitzak eta musika: Lurdes Iriondo)
  3. Nere herria (Hitzak: Poema judutarra - Musika: Lurdes Iriondo)
  4. Ez gaude konforme (Hitzak eta musika: Lurdes Iriondo)
  1. Bazko eta Salbatore (Zuberoako herrikoia)
  2. Abenduaren zazpian (Durangoko herrikoia)
  3. Amaika amaren seme! (Arrasateko herrikoia)
  4. Elkitzeko tenorea (Donazaharreko herrikoia)
  5. Ala baita (Ainhoako herrikoia)
  6. Chorittua, nurat hua? (Zuberoako herrikoia)
  7. Bolon bat (Zuberoako sehaska kanta)
  8. Lua lua (Nafarroako sehaska kanta)
  9. Bozkario (Nafarroa Behereko gabon kanta)
  10. Txori erresiñula (Zuberoako herrikoia)
  11. Mendiak bete elurrez (Baztango herrikoia)
  12. Gel adi, mundu (Herrikoia)
  1. Mox mox
  2. Eragiozu
  3. Bat txardina
  4. Dulun dulun-Zozoak eperrak
  5. Atxia motxia
  6. Nora zoazte
  7. Sarian zun zun
  8. Kukubiku-Don don kandel
  1. Aita nuen saltzaile (Herrikoia)
  2. Peru gurea (Herrikoia / Moldaketak: Lurdes Iriondo)
  3. Agota (Herrikoia)
  4. Bost ogei urtetako (Herrikoia)
  1. Ez nazazu utzi (Hitzak: Xabier Lete - Musika: Xabier Lete)
  2. Nereari (Hitzak: Gabriel Aresti - Musika: Lurdes Iriondo)
  3. Festa bukatzean (Hitzak: Xabier Lete - Musika: Lurdes Iriondo)
  4. Gaua (Hitzak: Xabier Lete - Musika: Lurdes Iriondo)
  1. Hala ere (Hitzak: Xabier Lete - Doinua: Lurdes Iriondo)
  2. Errota zaharra (zatiak) (Hitzak: Juan Mari Lekuona - Doinua: Xabier Lete)
  3. Beotibarko gudua (Hitzak: Herrikoiak - Doinua: Lurdes Iriondo)
  4. Nahi zuia jin (Herrikoia)
  5. Isiltasuna (Hitzak eta doinua: Xabier Lete)
  6. Hitzak dira (Hitzak: Xabier Lete - Doinua: Lurdes Iriondo)
  7. Oraindik orain (Hitzak: Juan Mari Lekuona - Doinua: Lurdes Iriondo)
  8. Egunsentia (Hitzak: Antton Valverde - Doinua: Lurdes Iriondo)
  9. Tiriki tauki tauki (Hitzak: Bitoriano Gandiaga - Doinua: Lurdes Iriondo)
  10. Maitasun honek zugan dirudi (Hitzak eta doinua: Sara Soto)
  11. Loa, loa, ttuntturrun berde (Herrikoia)
  • Ipuiak. 1975, Herri Gogoa / Edigsa
  1. Maripetraliñ lamiña
  2. Mateo txistu
  1. Poeta hoiek (Hitzak eta musika: Xabier Lete)
  2. Ez nazazu utzi (Hitzak: Xabier Lete-Musika: Lourdes Iriondo)
  3. Bost ogei urtetako (Hitzak eta musika: Herrikoiak)
  4. Euskalerri nerea (Hitzak eta musika: Xabier Lete)
  5. Peru gurea (Hitzak eta musika: Herrikoiak / Moldaketak: Lurdes Iriondo)
  6. Maiteaz galdezka (Hitzak eta musika: Xabier Lete)
  7. Gaua (Hitzak: Xabier Lete-Musika: Lourdes Iriondo)
  8. Lore gorrien balada (Hitzak eta musika: Xabier Lete)
  9. Festa bukatzean (Hitzak: Xabier Lete-Musika: Lourdes Iriondo)
  10. Urrillaren 28 egun (Hitzak: Gabriel Aresti-Musika: Xabier Lete)
  11. Aita nuen saltzaile (Hitzak eta musika: Herrikoiak)
  12. Giza aberea (Hitzak eta musika: Xabier Lete)
  13. Nereari (Hitzak: Gabriel Aresti-Musika: Lourdes Iriondo)
  14. Bihotza (Hitzak eta musika: Xabier Lete)
  15. Agota (Hitzak eta musika: Herrikoiak)
  16. Seaska kanta (Hitzak eta musika: Xabier Lete)
  1. Sarrera
  2. Korrika apustua
  3. Xagu ttikia
  4. Gure oillarra, txakurra, katua eta behia
  5. Ortzadarra
  6. Euria
  7. Sarrera
  8. Nun zaude eguzki, Mari Birjiña, Hego haizea
  9. Lamiñak
  10. Txalupa
  11. Asto zaharra
  12. Goazen baratzera
  1. Gora euskera! (Hitzak eta musika: Jose Maria Iparragirre)
  1. Hala ere (Hitzak: Xabier Lete-Musika: Lourdes Iriondo)
  2. Agurra (Musika eta hitzak: Lourdes Iriondo)
  3. Maitasun honek zugan dirudi (Hitzak: Sara Soto, Xabier Lete-Musika: Sara Soto)
  4. Errota zaharra (Hitzak: Juan Mari Lekuona-Musika: Xabier Lete)
  5. Gaua (Hitzak: Xabier Lete-Musika: Lourdes Iriondo)
  6. Festa bukatzean (Hitzak: Xabier Lete-Musika: Lourdes Iriondo)
  7. Ez nazazu utzi (Musika: Lourdes Iriondo-Hitzak: Xabier Lete)
  8. Gel hadi, mundu (Musika eta hitzak: Herrikoiak)
  9. Hain urruti ta hain hurbil (Hitzak: Nemesio Etxaniz-Musika: Lourdes Iriondo)
  10. Bolon bat (Musika eta hitzak: Herrikoiak)
  11. Oraindik orain (Hitzak: Juan Mari Lekuona-Musika: Lourdes Iriondo)
  12. Liu-Pan mendian (Hitzak: Txinako poema herrikoia / Itzulpena eta egoizpena: Xabier Lete-Musika: Herrikoia (Altsasuko "Erkudengo Ama" abestiaren doinua)
  13. Aita nuen saltzaile (Musika eta hitzak: Herrikoiak)
  14. Tiriki tauki tauki (Hitzak: Bitoriano Gandiaga -Musika: Lourdes Iriondo)
  15. Elkitzeko tenorea (Musika eta hitzak: Herrikoiak)
  16. Nahi zuia jin (Musika eta hitzak: Herrikoiak)
  17. Lua lua (Musika eta hitzak: Herrikoiak)
  18. Peru gurea (Musika eta hitzak: Herrikoiak / Moldaketak: Lourdes Iriondo)
  19. Loa (Musika eta hitzak: Lourdes Iriondo)
  20. Nere herria (Hitzak: Judutar eresia / Itzulpena eta egokitzapena: Xabier Lete-Musika: Lourdes Iriondo)
  21. Bazko eta Salbatore (Musika eta hitzak: Herrikoiak)
  22. Hala baita (Musika eta hitzak: Herrikoiak)
  23. Txori erresiñula (Musika eta hitzak: Herrikoiak)
  24. Hitzak dira (Hitzak: Xabier Lete-Musika: Lourdes Iriondo)
  25. Hilko naiz * (Hitzak: Bitoriano Gandiaga-Musika: Lourdes Iriondo) / (*) Joxemari Iriondok 1976an Donostiako Trinitate plazan zuzenean grabatua
  26. Isiltasuna (Hitzak: Xabier Lete-Musika eta errezitazioa: Lourdes Iriondo / Txistu hotsa: Xabier Lete)

Haur eta gazte literatura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Martin arotza eta Jaun deabrua. Sendagile maltzurra (Gero, 1973).
  • Asto baten malura (Gero, 1975).
  • Buruntza azpian (Gero, 1975).
  • Hego-haizearen ipuinak (Gero, 1973).
  • Lotara joateko ipuinak (Erein, 1983).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Gurrutxaga Uranga, Amagoia: «Lourdes Iriondo gogoan: Izar eta ezin», Berria, 2020-12-26.
  2. «Lurdes Iriondo, argia galdu zuen izarra» Berria 2025-03-02 (kontsulta data: 2025-03-02).
  3. a b Elustondo, Miel Anjel. «Ez Dok Amairu-ren gidaria» Argia (kontsulta data: 2021-03-30).
  4. a b Telleria, Miren Mujika. (2025-09-17). «Gipuzkoako Foru Aldundiaren urrezko domina, Lurdes Iriondorentzat» Berria (kontsulta data: 2025-09-17).
  5. «Iriondo Unanue, Jose Mari: "Lurdes Iriondo irratira eraman zuen"» Ahotsak.eus (kontsulta data: 2021-09-07).
  6. Gurrutxaga, Alex. Xabier Lete: Aberriaren Poeta Kantaria. Irun: Alberdania, 2020. ISBN 978-84-9868-622-7, 18. orr.
  7. Urkizu, Urtzi. (2009-12-04). «Iraganera bidaia, Ez Dok Amairurekin» Berria.
  8. «"Ez Dok Amairu"... Colectivo de cantautores vascos en busca de la propia identidad. | Canción con todos» cancioncontodos.info (kontsulta data: 2021-09-07).
  9. Argia 1966 (kontsulta data: 2010-03-02).
  10. Iriondo, Lurdes (1937-2005). (1982). «Haurrak euskalduntzen bideoaren bidez : kontu kontari / [zuzendaritza, Imanol Urbieta ; parte hartzaileak, L. Iriondo»] eimakatalogoa.eus (kontsulta data: 2023-11-17).
  11. (Gaztelaniaz) «Amplia reacción de la prensa vasca ante la muerte de Lourdes Iriondo, renovadora de la canción vasca» Euskalkultura.eus (Basque Heritage Elkartea) 2005-12-29 (kontsulta data: 2021-03-29).
  12. «El aniversario del nacimiento de Lourdes Iriondo se cumple este jueves» El Diario Vasco 2008-03-25 (kontsulta data: 2021-09-07).
  13. Crespo, Cira. (2020). Baginen, Euskal Herriko historia emakumeen bitartez. Txalaparta, 154-155 or. ISBN 978-84-18252-03-7..
  14. «Lourdes Iriondo» www.badok.eus (kontsulta data: 2025-10-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]