Lucas Cranach Zaharra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Lucas Cranach Zaharra
Lucas Cranach d. Ä. 063.jpg
ganberako margolari

1505 -
Jacopo de' Barbari
alkate

Bizitza
Jaiotza Kronach1472ko urriaren 4a
Herrialdea  Germaniako Erromatar Inperio Santua
Bizilekua Cranachhaus
Heriotza Weimar1553ko urriaren 16a (81 urte)
Hobiratze lekua Weimar
Familia
Seme-alabak
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzak alemana
Ikaslea(k) Antonius Heusler
Hans Cranach
Lucas Cranach Gaztea
Jarduerak
Jarduerak margolaria
Lantokia(k) Wittenberg eta Viena
Lan nabarmenak Portraits of Henry IV of Saxony and Catherine of Mecklenburg
Maria Hilf
The Three Graces
Mugimendua German Renaissancea
Genero artistikoa Erretratua
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Luteranismoa
Cranach autograph.png

Lucas Cranach Zaharra (alemanez: Lucas Cranach der Ältere; Kronach, 1472ko urriaren 4a - Weimar, 1553ko urriaren 16a) alemaniar margolari eta grabatzailea izan zen, Pizkundeko nagusietakoa. Erretaulak, erretratuak, grabatuak, irudi apaingarriak eta emakumezkoen irudiak egin zituen. Joera errealistaren maisua izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lucas Cranach aitaren lantegian hasi zen lanean, grabatzaile eta margolari gisa. XV. mendearen amaieran, Maximiliano I.aren babesa lorturik, Vienara joan zen. Han izan zituen lehen harremanak humanistekin. 1505ean Wittenbergen hartu zuen bizitokia, Frederiko Jakintsua Saxoniako hautesleak deituta, eta han bizi izan zen 1550 arte. Saxoniako dukeen zerbitzuan jardun zuen harrezkero.

Wittenbergen Lutero ezagutu eta haren adiskide egin zen. Haren liburuak apaintzeko irudiak eta erreformazaleen erretratuak egin zituen (Lutero, Katharina von Bora...), eta baita eliza luterotaretarako erretaulak eta irudiak ere. Luterorekin zuen adiskidetasuna zela eta, Erreformako pintorea deitu izan zaio. Margolaritzaz gainera, politikan eta negozioetan ere jardun zuen, eta azkenean bere semeen esku utzi behar izan zuen lantegia, eskaera guztiei ezin erantzunik.

Margogintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cranachek Danubioko edo Vienako Eskolako maisuekin ikasi zuen, eta horrek errealitatearen ikuspegi itxuraz lasaia eman zion. Bere pintura ez da Durerorena eta Grünewaldena bezain sakona, baina zalantzarik gabe, haiena baino gozoagoa da.

Hasierako lanetan paisaiak du nagusitasuna. Irudiak paisaian galtzen direla dirudi, Atsedena Egiptoko ihesaldian (1504) koadroan ikus daitekeen bezala. Vienan eginak dira, orobat, Johann Stephan Reussen erretratua (1503) eta Johannes Cuspinianena (1503), eta hor ere garrantzi handia dute paisaiak eta kolore beroek. Baina obra askotan paisaiaren lasaitasuna itxurazkoa da soilik. Izan ere, Nekaldiari edo santuen bizitzari buruzko koadroetan batez ere, nabarmenak dira tentsioa eta indarra, eta gai da dramatismo betera iritsi gabe formen erritmoa, konposizioa eta kromatismoa distortsionatzeko.

Baina Wittenbergen egindako obretan espiritu poetikoa nagusitzen zaio patetismoari eta espresionismoari, batez ere 1509an Herbehereetara egin zuen bidaiaren ondorengo koadroetan. Kolore hotzagoak eta espazio geometrikoagoak erabili zituen, eta gai mitologikoak eta antzinako historiakoak irudikatu zituen. Gai horietan emakumearen gorputzari eman zion protagonismoa. Humanismoak maitasun sentsuala goraipatzen zuen, eta maitale eta adiskide eder gisa hartzen zituen emakumeak, eta hori bera egin zuen Cranachek bere pinturan. Azkenaldiko obretan aipagarriak ditu Ehiza (1529) eta batez ere erretratuak: Lutero, Luteroren gurasoak eta abar.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ambox notice.png Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]