Lucy Grealy
| Lucy Grealy | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotzako izen-deiturak | Lucinda Margaret Grealy |
| Jaiotza | Dublin, 1963ko ekainaren 3a |
| Herrialdea | |
| Bizilekua | Spring Valley |
| Heriotza | Manhattan, 2002ko abenduaren 18a (39 urte) |
| Heriotza modua | : droga-gaindosia |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Sarah Lawrence College Spring Valley High School (en) |
| Hizkuntzak | ingelesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | idazlea eta autobiografialaria |
Lucy Grealy (Dublin, 1963ko ekainaren 3a – Manhattan, 2002ko abenduaren 18a) estatubatuar poeta eta idazlea izan zen, batez ere Autobiography of a Face (1994) memoria-liburuagatik ezaguna. Lan hau, literatura autobiografikoaren ekarpen garrantzitsutzat hartzen da, bere esperientzia pertsonala kontatu izanagatik; bertan, masailezurreko hezur-minbizi batek eragindako aurpegi-desitxuratze larriarekin bizitzeaz eta hura konpontzeko egin zioten ebakuntza kirurgikoen eraginaz ari da. Liburuak alderdi fisikoaren edertasunaz, zatarkeriaz eta pertzepzio sozialaz hausnartzen du batipat, eta adierazten du itsusitzat sentitzeak eta horrela hautemana izateak eragindako min emozionala sakonagoa izan zela berarentzat,sufrimendu fisikoa baino, paziente onkologiko gisa.[1][2][3][4]
Bederatzi urterekin, Ewing sarkoma diagnostikatu zioten, eta ondorioz bost urtetan zehar erradioterapia eta kimioterapia tratamenduak jasotzera bideratua izan zen. Horrez gain, beheko masailezurra berriro osatzeko ebakuntza ugari egin behar izan zizkioten, gehienak arrakastarik gabe. Guztira, berrogei ebakuntza inguru egin zizkioten, eta jateko, hitz egiteko eta musu emateko zailtasunak izan zituen, eta baita min kronikoa ere.[1][2][4]
Sarah Lawrence College ikasi zuen eta ondoren Iowa Writers' Workshop-ean, non Ann Patchett idazlearekin adiskidetasun harreman estua izan zuen. Autobiography of a Face-ren arrakastak bide eman zion idazketan profesionalki aritzeko eta oihartzun kritiko zabala lortzeko. Hala ere, bere lehen liburuaren arrakasta berdintzeko zailtasunak markatu zuen bere ibilbidea, baita bere itxura fisikoarekin lotzen zituen bakardade sentimenduek ere.[2][3]
Bizitzan zehar iseka eta irain ugari jasan zituen bere itxura fisikoa zela eta, horrek bere izaeran eragin zuena izanik. Droga menpekotasun eta suizidio saiakerak bizi izan zituen. Masailezurra berreraikitzeko saiakeran porrot egin izanak haren egoera larriagotu zuen, eta analgesiko bidezko tratamenduak heroina zaletasunera bideratu zuen. Azken kirurgia berreraikitzailearen ondoren, Grealyk OxyContin analgesikoaren mendekotasuna garatu zuen.
Lana, etxebizitza eta kontratu editorial bat galdu ondoren, 2002ko abenduaren 18an hil zen, 39 urte zituela, lagun baten etxean, Manhattanen. Heriotzaren arrazoia ez zuten ofizialki jakinarazi, baina hainbat iturrik gaindosi akzidental bati edo balizko suizidio bati egotzi diote.[4][2][1][3]
Ann Patchettekin zuen adiskidetasun harremana Truth & Beauty (2004) liburuan jaso zuen honek, bere harremana deskribatzen du eta Grealyren alderdi pertsonalak eta sormenezkoak azaltzen ditu.[4][3]
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lucy Grealyk hainbat sari jaso zituen bere ibilbidean zehar, besteak beste, Whiting Award saria 1995ean, Sonora Review saria, London TLS poesia saria eta Academy of American Poets-ek emandako bi sari. [5]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere lanari dagokionez, Everyday Alibis poema liburua argitaratu zuen, baita Autobiography of a Face (1994) autobiografia ezaguna ere, HarperCollinsek 2003an argitaratua. Lan hau Britainia Handian ere argitaratu zuen Arrow argitaletxeak In the Mind's Eye (1995) izenburupean. Gainera, As Seen non TV: Causations argitaratu zuen 2001ean Tandem Libraryren bitartez. Bere testuetako batzuk antologia ezagunen parte dira, hala nola The Best American Essays, Robert Atwan-ek argitaratua (2001) eta The Essay Connection: Readingabs for Writers, Lynn Z. Bloom-ek argitaratua (2000), biak Houghton Mifflin Co-k argitaratuak. Bere saiakeren artean nabarmentzekoa da «Autobiography of a Bodve», 1997ko urriaren 1ean argitaratua. [6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c «Lucy Grealy, 39, Who Wrote a Memoir on Her Disfigurement (Published 2002)» New York Times 2002-12-21.
- ↑ a b c d Linder, Elspeth. (2004-07-24). «A friend in need» The Guardian ISSN 0261-3077..
- ↑ a b c d Grealy, Suellen. (2004-08-06). «Hijacked by grief» The Guardian ISSN 0261-3077..
- ↑ a b c d «Do You Love Me? (Published 2004)» New York Times 2004-05-16.
- ↑ «Lucy Grealy | Pepitas de calabaza» www.pepitas.net (kontsulta data: 2026-02-04).
- ↑ Mintz, Susannah B.. (2001). «Writing as Refiguration: Lucy Grealy's "Autobiography of a Face"» Biography 24 (1): 172–184. ISSN 0162-4962. (kontsulta data: 2026-02-04).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Lucy Grealy eta Charlie Rose, aurrez aurre
- Profile at The Whiting Foundation
- Lucy Grealy Papeles are housed at University of Iowa Libraries Special Collections & Archives