Ludwig Wittgenstein

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ludwig Wittgenstein (1910)

Ludwig Josef Johann Wittgenstein (Viena, 1889ko apirilaren 26a - Cambridge, Ingalaterra, 1951ko apirilaren 29a) filosofo austriarra izan zen, hizkuntzaren analisian interesatu zena bereziki.

« Revolutionär wird der sein, der sich selbst revolutionieren kann (Iraultzailea bere burua aldatu dezakeena izango da).  »
Ludwig Wittgenstein

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ludwig Wittgenstein 1889an jaio zen Vienan, jatorri juduko familia aberats eta ikasi batean. Bere gurasoek (aita altzairu eta burdin saltzailea zuen) kultur zaletasun handia zuten, eta beren zortzi seme-alabengan sentsibilitate artistikoa eta jakinmina pizten saiatu ziren.

Garai hartan Viena Europako hiri garrantzitsuenetakoa eta zentro kulturala zen, eta giro hartan hazi zen Wittgensteini era askotako jendeak eragin zion bere garapen intelektual eta afektiboan. Besteak beste, zientzialariak (Godel matematikaria eta Mach fisikaria), pentsalariak (Freud -psikoanalisiaren sortzailea-, Weininger idazlea, Karl Kraus), eta artista ospetsuak (Loos arkitektoa, Brahms, Mahler eta Schönberg musikariak). Austria-Hungariako Inperioaren amaierako Vienan garapen kultural handia lortu zen, zientzia, arte eta pentsamenduaren esparru desberdinetan. Pentsalariek eta artistek gizarte haustura eragozteko erreforma politiko eta ekonomikoak eskatzen zituzten, puritanismoaren bukaerarekin batera.

Wittgensteinen hilarria, Cambriden, Erresuma Batuan

Wittgensteinek gurasoen etxean ikasi zuen 14 urte bete arte. Ondoren Berlinen ingeniaritza mekanikoa eta Manchester-en ingeniaritza aeronautikoa ikasi zituen. Baina Frege eta Russellen obrak irakurri zituenean logika eta matematikaren oinarri filosofikoez kezkatu zen eta Cambridgera joan zen Russellekin logika eta filosofia ikastera. Honekin eztabaida sakonak izan zituen matematikaren oinarriaren inguruan eta hizkuntza logikoari buruz. Cambridgen "Tractatus" doktrina tesia bezala aurkeztu zuen. Gero, doktore-postuan aritu zen Trinity Collegeko fellow moduan eta gero filosofia irakasten. 1950ean minbizia diagnostikatu zioten eta Vienara joan zen bere idazlanak ordenatu eta argitaratzeko aginduak emateko, 1951n hil zen.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Tractatus logico-philosophicus. 1921.
  • Ikerketa filosofikoak (Philosophische Untersuchungen). 1953

Tractatus[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mundua, pentsamendua eta lengoaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wittgenstein, bere pentsamenduaren lehen fasean, Russellen jarraitzaile izan zen, bere "Tractatus" liburuan antzeman daitekeen bezala. Liburu honetan, filosofiaren arazoak aztertu eta horiek gure hizkuntzaren logika ez ulertzean oinarritzen dela esaten du. Horrela, Wittgensteinek, filosofiaren arazoak konpondu nahi ditu, hizkuntza gaizki erabiltzeak sortzen dituen arazoak, hain zuzen. Izan ere, hizkuntzaren erabilera desegokiak proposizio faltsuak sortzen ditu. Beraz, hizkuntza arruntean askatasun handiegia onartzen denez, konfiantza osoa jartzen da sortutako hizkuntza artifizialean (zientziarena) eta logikaren bitartez lan egiten da.

Tractatus-en helburua egia logikoen izaera argitzea da, eta hizkuntzak mundua osatzen duten gertakariak marrazteko eta deskribatzeko proposizioak ditu. Horrela, hizkuntzaren, pentsamenduaren eta errealitatearen erlazioa aztertzen du, hauen elementu komuna egitura edo forma logikoa dela baieztatuz. Izan ere, mundua pentsamenduen bidez ezagutzen da. Bi hauen arteko harremanak isomorfikoak (forma berdinekoak) dira: objektu bati hura izendatzen duen izena dagokio, eta gertakari bati hura irudikatzen duen proposizioa dagokio.

Proposizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tractatus idazlanaren doktrina nagusia esanguraren teoria piktorikoa da. Honen arabera, mintzaira proposizioek eratzen dute eta proposizioen pentsamenduen adierazpide hautemangarriak dira.

Proposizio guztiek zentzua edo forma logikoa eduki behar dute, eta teknika logiko batzuk erabiliz hauek analiza daitezke. Baina horrelako analisirik egin ezin zaien proposizoak, pseudo-proposiziotzat hartzen dira (horien artean filosofia-proposizioak), hauek ez direlako gertakariak. Metafisikariak munduaren logikaren forma deskribatzen ahalegintzen dira, hori ezinezkoa bada ere. Beraz, proposizio egiazkoak edo enpirikoak munduari buruzko egoera gertagarriak deskribatzen dituzte. Wittgensteinen ustez, proposizio batzuk egiazkoak dira nahitaez, zentzudunak edo tautologikoak, eta haien ukapenak kontraesan bat adierazten dute. Horiek munduaren eta hizkuntzaren egitura logikoa erakusten dute, esanahia dute. Bestalde, zentzurik gabeko proposizioak edo pseudo-proposozioak esanezina adierazi nahi dute, hizkuntzaren eta munduaren mugetatik haratago dauden errealitateak. Horrenbestez, bi ezagutza mota daude, logikan erabiltzen diren proposizio tautologikoak eta zientzian erabili eta egiazta daitezkeen proposizio egiazkoak edo enpirikoak.

Laburbilduz:

  • Proposizio egiazkoak -> Munduaz hitz egiten dutenak beti dira egiazko proposizioak, enpiriko diren guztiak (biologia, fisika, kimika...). Hizkuntza zientifikoan dute esanahia.
  • Tautologikoak -> Gure pentsamenduaren egitura agertzen dutenak (matematika).
  • Pseudo-proposizioak -> Sasi-proposizioak. Mundutik haratago joan nahi dutenak: metafisika, erlijioa, etika... Hizkuntza zientifikoan ez dute lekurik, horretarako, hizkuntza arruntera pasatu behar dugu.

Ikerketa filosofikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Ikerketa filosofikoak" idazlanak hizkuntzak pentsamendu- eta buru-egoerekin duen erlazioa aztertzen du. "Tractatus"-en proposizioen eta "margolanen" arteko konparazioak dira nagusi. Hau idatzi ondoren, Wittgensteinek "Tractatus" deuseztatu egiten du honi kritika eginez. Kritika hori honetan datza:

Lehenengo, Wittgensteinek, hizkuntza arruntak proposizio zalantzagarriak dituela dio; bigarrenez, hizkuntza elkar komunikatzeko balio duela.

Wittgensteinek hainbat abantaila ikusten dizkio hizkuntza arruntari: bere gramatika hizkuntza logikoarena baino zabalagoa da, etorkizunari begiratzen dio eta zentzua pertsonen bizitzan funtzio bat bete eta berezko logika izatetik datorkio.

Wittgensteinentzat, hitzak ezin dira ulertu giza jardueran testuinguru ez-linguistikotik kanpo. Hitz baten esanahiaz galdetzea hitzaren erabilerei buruz galdetzea da. Bestalde erabilera horiek asko direnez, hitz baten (edo proposizio baten) erabilera ea zuzena ote den zehazterakoan erabileraren testuingurua ezagutuko beharko da, eta hori beti egongo da oso erlazionatuta hiztun horien bizimoduarekin. erabilerak erabakiko du hitzaren edo perpausaren esanahia.

Hizkuntzaren adierazpenek anitz erabilera eta helburu dute eta jarduera desberdinei lotuta daude: erregutzea, eskertzea, madarikatzea, agintzea, gertaera bat kontatzea, eta abar. Perpaus mota bakoitza hizkuntza-joko (Sprachspiel) jakin baten adierazpena da. Hainbat arlotan erabiltzen dugu hizkuntza, eta erabilera horietako bakoitza hizkuntza-joko bati dagokio. Beraz, perpaus baten esanahia ezagutzeko, dagozkion hizkuntza-jokoa eta jarduera ezagutu beharko ditugu. [1]


Wittgensteinen "Ikerketak" hizkuntza arrunta aldarrikatzen du, honen zeregina joko linguistiko filosofikoek ulertzea delarik. Hizkuntzaren irakaskuntzan, hitzen erabilera landu behar da. Horrenbestez, hitz baten esangura ulertzeko, esanahi horri dagozkion hizkuntza-jokoak ikertu behar ditugu. Hizkuntza jokoak bizipenak direla esan daiteke eta horien aplikazioak aldatu egiten dira ingurune psikologiko, sozial eta kulturalen arabera. Beraz, hizkuntza bihurkorra, aldagaia eta bilakatzailea da.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Ludwig Wittgenstein

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Eibar.org. Wittgensteinen pentsamendua. Marcos Zapiain.
  • Ayestaran, I. 2000: "Zergatik irakurri Wittgenstein euskaraz: zientzia, etika, antropologia" sarrera in Wittgenstein, Etika, zientzia eta antropologia, Donostia, Jakin ISBN 84-95234-09-2