Lupia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lupi» orritik birbideratua)
Lupia
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaPerciformes
FamiliaMoronidae
GeneroaDicentrarchus
Espeziea Dicentrarchus labrax
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Genomaren kokapenaensembl.org…

Lupia (Dicentrarchus labrax) Moronidae familiako arraina da, Mediterraneo itsasoan eta iparraldeko Ozeano Atlantikoan bizi dena.

Lupiaren haragia oso preziatua da, euskal sukaldaritzan ez ezik Europa osoan ere jaten dena[1]

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lineok deskribatu zuen aurrenekoz 1758. urtean, Systema Naturae liburuaren hamargarren edizioan. Hark Perca labrax izena eman zion. Espeziearen labrax izena latinezko "labros" hitzetik dator, eta hau aldi berean grekerazko λάβραξ izenetik, "jatuna" esan nahi du, arrainak duen apetitu handiari egiten dio erreferentzia[2].

Theodore Gill estatubatuar zoologoak sortu zuen Dicentrarchus generoa, izenak uzki-hegatseko bi arantzari egiten dio erreferentzia. Lupiak berez hiru arantza ditu, Gillek onartu zuen ez zuela zuzenean alerik ikertu izena jartzeko orduan.

Lupia izena latinezko lupus htzetik dator eta "otsoa" esan nahi du[3].

Euskal izendegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lupia izendatzeko hainbat izen daude Euskal Herrian[4]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
errobaloa
lupia, lupi arrunta
lupina Santurtzi, Armintza, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Lekeitio, Ondarroa, Getaria
lupina arrunta
lupinia

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lupiaren burua.

Hazkuntza moteleko arraina da. Helduek normalean 50 cm inguruko tamaina dute eta 2'5 kilogramoko pisua. Jaso den ale handienak 103 cm neurtzen zituen eta 12 kilogramo pisatu zituen. 30 urtez bizi daiteke lupia[5].

Gorputz luzanga du. Kolore grisa du, bizkarra eta buztana ilunagoak dira eta sabelaldea argiagoa, modu progresiboan degradatuz doana. Uretan distira zilarkarak eta berdexkak ikusten zaizkio. Lupia gazteek kolore urdinxka izaten dute batzuetan, eta orbain ilunak, adinarekin desagertzen joaten zaizkienak[6].

Bizkarraldean luzera bereko bi hegats ditu, lehenengoa 10 arantzatakoa eta bigarrena arantza bakarra eta hamar erradio bigun dituena[7]. Albo-lerro fin bat du buruaren gainaldetik buztanera ondo markaturik doana.

Buru handia du eta ezpain lodiak. Zakatz-operkuluaren gainean bi arantza txiki ditu[8] eta orban ilun bat ere bai[6].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean aurkitzen da, Norvegiatik hasi eta Bizkaiko golkoan barrena Senegal aldeko kostalderaino. Azoreetan, Madeiran eta Kanarietan ere aurkitzen da. Bestetik Mediterraneo guztian eta Itsaso Beltzean zabaldurik dago, aleren batzuk Itsaso Gorrian ere aurkitu dira[7].

Norvegiako ur hotzetan eta Afrika iparraldeko kostaldetako ur epeletan bizi daiteke, itsasoko ur gazietan eta estuarioetako ur gezagoetan ere aurkitzen da. 10 eta 100 metro arteko sakoneran bizi den espezie demertsala da[5].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lupiaren itsas faseko dieta.

Portaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kostaldeko arraina da, hondartzetan, ibaien bokaletan eta portuetan bizi dena. Udan kostaldetik gertuago eta neguan urrunago egoten da. Gazteak sardetan bizi badira ere, zaharragoak bakartiagoak dira. Ondo

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lupiak haragijaleak dira, apetitu handikoak, oso jatunak eta oso erasokorrak[3][9], kanibalismora ere irits daitezkeenak[2]. Gazteek txipiroiak, izkirak eta itsas zizareak jaten dituzte eta helduek arrain txikiagoak jaten dituzte, sardinak, antxoak eta abixoiak adibidez[6]. Arrain heldu handienak gauez ateratzen dira ehizara.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaberrian izaten dute errute aldia, otsaila eta ekaina artean gutxi gorabehera. Arrautzak ur hotzetan askatzen dituzte (12-14ºC)[7] eta pelagikoak dira eta larbak garatzen doazen heinean kostaldera hurbiltzen dira. Estuarioetan sartu eta urtebetez edo bi urtez bertan egoten dira.

Gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere haragia oso preziatua da, euskal sukaldaritzan ez ezik Europa osoan ere jaten dena[1]. Hain da eskatua non akuikulturan ekoiztu baitute[10]. Euskal Herriko arraindegietan aurkitzen den gehiena haztegietan hazitakoa da gaur egun[4].

Arrain zuria da baina sasoiaren arabera gantz kopuru handiagoa izan dezake[9]. Lupia donostiar erara, gatzetan kozinatua, parrillan edo labean erreta edota plantxan dira ohiko errezeta batzuk[11][12].

Arriskuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da bereziki mehatxaturik dagoen espeziea, baina kopuru txikiagoak harrapaten dira eta badirudi lupia gazteak sexu heldutasunera iritsi aurretik hartzen direla. Horregatik hainbat herrialdek (Frantziak edo Irlandak adibidez) lupia arrantzatzeko tamaina minimoak ezarri dituzte. Ikerketek diote 42 cm-ko luzerako lupiek ugaltzeko %100-eko probabilitatea dutela baina Europan 36 cm-tako lupiak ere jasotzen dira gaur egun[7]

Bestalde larrialdi klimatikoak ere eragina du lupien populazioetan. Uretako CO2 kontzentrazioak eta ondorioz gertatzen den uren azidotzeak lupien usaimen gaitasuna gutxitzen du eta elikatzeko aukerak gutxitzen dizkio[7].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Ba al da euskal sukaldaritzarik?» Berria 2008-04-12.
  2. a b (Gaztelaniaz) Perciformes – Tiburones y Peces de España. 2021-04-04 (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
  3. a b (Gaztelaniaz) Santiago, Ana. (1970-01-01). «La lubina, el lobo del mar» El Norte de Castilla (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
  4. a b «lupia» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
  5. a b «Dicentrarchus labrax, European seabass : fisheries, aquaculture, gamefish» fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
  6. a b c (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Dicentrarchus labrax (Linnaeus, 1758)» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
  7. a b c d e (Gaztelaniaz) «Lubina • Dicentrarchus labrax • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
  8. (Ingelesez) Froese, Rainer & Pauly, Daniel ed. (2006), «Dicentrarchus labrax», FishBase webgunean. Bertsioaren data: 2006(e)ko apirila.
  9. a b «Lubina» www.gastronomiavasca.net (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
  10. «Itsasoan ez; lehorrean ba ote?» Berria 2008-04-19.
  11. (Gaztelaniaz) Fuchs, Liliana. (2023-02-13). «Temporada de lubina: cinco recetas imprescindibles para seguir disfrutando de este saludable pescado no solo en Navidad» Directo al Paladar (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
  12. (Gaztelaniaz) Viveur, Bon. «Recetas con lubina rápidas y fáciles» Bon Viveur (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]