Edukira joan

Lur-1

Wikipedia, Entziklopedia askea
Lur-1 satelitea» orritik birbideratua)
Lur-1
Historia
Espazio jaurtiketa

Lur-1 satelitea espazioratu den osorik Euskal Herrian egindako lehen satelitearen izena da. 2024ko abuztuaren 16an, 20:56an zirenean, AEBko Kaliforniatik bota zuten, Elon Musk enpresari estatubatuarraren SpaceX enpresaren Falcon 9 suziri batean —guztira, 116 satelite eraman zituen berekin—. Eta hamasei ordu geroago, larunbat 17ko 12:42 zirenean, satelitearekin konexioa egitea lortu zuten. Lur-1 Gasteizko AVS Added Value Solutions enpresak diseinatu eta muntatu du.[1][2]

Sateliteak Lurraren azaletik 515 kilometro ingurura orbitatzen du. Sateliteak berak orbitatuko du Lurra, batez beste 7km/s-ko abiaduran. Lur-1 bost urteko balio-bizitza izateko diseinatu da, eta 5 urte horiek amaitzen direnean, Lurrera itzuliko da, atmosferan desegiteko.[3]

Jaurtiketa AEBetako Indar Espazialak Vandenbergen (Kalifornia) duen basetik egin zuten. Hasiera batean, 20:19rako zuten programatuta, baina ia hiru ordu laurden atzeratu zuten jaurtiketa, sateliteak hedatzeko orduan «talka arriskua txikiagotzeko». Suziria jaurti eta hiru minutura, 20:59an, satelitea eta suziria banandu egin ziren, eta suziria itzuli zen lurrera, abiatu zen toki berera. Operazio luzea izan zen, ordubete baino gehiago luzatu zena, baina, azkenean, 22:00ak baino pixka bat lehenago heldu zen Lur-1 helmugara, hots, lurrazaletik 515 kilometroko garaierara. Hedatu egin da suziria jaurti eta 80 minutu geroago, eta orbitan sartu zen gauean. Ondoren, 90 minutuan eman zion munduari lehen itzulia. Azkenean, enpresak berak zuen antenarekin kontaktatu zuen sateliteak larunbat eguerdian, 12:42 zirenean. «Gertakari historikotzat» jo zuen enpresak berak. Konexioa ongi egin zela bermatuta, espero zuten satelitea irudiak hartzen hasteko prest egongo zela aurki.[1][4]

AVS Added Value Solutions enpresaren azkeneko misioa da Lur-1. Elgoibarren (Gipuzkoa) sortu zen enpresa eta egoitza nagusia Gasteizen du 2021etik, Arabako Parke Teknologikoan. Guztira, AVSko hogei bat kide aritu dira proiektu horretan lanean, hiru urte baino gehiagoz. Zortzi milloi euroko inbertsioa jaso dute; horren %40, publikoa. Uztailean ziren satelitea jaurtitzekoak; Falcon 9-ak motorrean izandako arazo bat zela medio, ordea, atzeratu egin zuten espazioratzea, gaur arte.[1]

Gaur egun, 200 langile baino gehiago ditu AVSek, eta haietatik 25ek parte hartu dute proiektu honetan. NASAren Marte 2020 misioko Perseverance ibilgailuak dituen bi osagai ere garatu ditu enpresak: MEDA meteorologia neurtzeko gailua eta Super Cam kamera sistema bat; azken hori, ibilgailuaren mastaren goialdean kokatutakoa.[1]

Aurrekaria Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaurkoa ez da Euskal Herriko satelite bat espaziora jaurti duten lehen aldia: aurrekoa, Urdaneta-Armsat1, 2022. urtean espazioratu zuen Satlantis taldeak —EHUk Leioan duen parke teknologikoan du egoitza—. Beste hori, ordea, ez zen guztiz Euskal Herrian egina: Europako zenbait talderen laguntzarekin eraiki baitzen; beraz, Lur-1 aitzindaria da alde horretatik.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]