Luteranismo

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Luteranismoa Martin Lutherk defenditutako mugimendu erlijioso protestantea da. Bere ideien arabera, Jainkoak ez gaitu gure ekintzengatik, onak ala txarrak, epaitzen, gure fedeagatik baizik.

Lutherrek hasten duen erasoa fedeagatik justifikazio kontzeptuan oinarritzen da, salbamenerako merituen eta santuen bitartekaritzaren teoria erromatar guztia ezeztatzen zuen. Luteranismoak Aita Santuaren autoritatea eta lehentasuna baztertzen ditu. Horregatik Apaizgo Unibertsala defendatuko du: sinisdun bakoitza bere buruaren apaiz da, bakoitzak Biblia bere erara irakur eta interpreta dezakeelako.

Lutherren dotrina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martin Luther apaizak idatzitako 95 tesiak

Hasiera batean dotrina berri eratzeko asmorik ez bazuen ere, Wittenbergeko katedralean iltzatutako tesietan bertan ere, errua Jainkoak berak baino ezin duela barkatu –sola fede- argudiatzen zuen, eta, apaizaren absoluzioa erabilgarria izanda ere, ez zela ezinbestekoa. Orobat, hierarkiak ez zeukan garbitokiko zigorrik arintzeko eskumenik.

Izan ere, Lutherrek gizakiaren eta Jainkoaren arteko elkarrizketa zuzena azpimarratzen zuen. Honela, lehendabiziz, Eliza eta apaizteriaren bitartekari-papera ahultzen zen. Bataiatutako orok apaiza izateko gaitasuna duela defendatu zuen. Bigarrenik, Biblia (salbaziorako iturri bakarra –sola scriptura-, usadioa baztertzen baitzuen) edonork irakur eta interpreta zezakeen, eta ez bakarrik apaizek. Eta hirugarrenik, Elizaren zazpi sakramentuak hirutara mugatu zituen, Biblian oinarri dutenetara, hain zuzen: eukaristia, penitentzia mota batzuk eta bataioa.

Lutherren oinarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1. Solus Christus (Kristo bakarrik): fedearen oinarri bakarra Jesu Kristo da. "Inork ezin du beste oinarririk jarri, jarrita dagoena izan ezik, eta hori Jesu Kristo da" (Korintoarrei lehenengo epistola, 3: 11). "Izan ere, bakarra da Jainkoa, baita Jainkoaren eta gizonen bitartekoa ere: Jesu Kristo gizona (Timoteori lehenengoa, 2: 5).
  • 2. Sola Gratia (Grazia bakarrik): Kristo guregatik hil zen, eta heriotza eta piztuera horretan dugun sinesmena da salbatu gaitzakeen gauza bakarra. Salbamena Jainkoaren graziaren ondorio da soilik. Horrela inor ezingo da bere egintza onez harrotu, ezta hauek bere salbamena dakartela pentsatzera iritsi ere.
  • 3. Sola Scriptura (Biblia bakarrik): Errebelazio baliozko bakarra Biblia da. Bere gainetik ez dago inolako autoritate erlijiosorik.
  • 4. Sola fide (Fedea bakarrik): fedea da, Jainkoaren graziaren laguntzaz, gizakia salba dezakeen bakarra. Gure salbamena ezin da inolako ekintzetan oinarritu, guk geuk ezin baitugu salbaziorako meriturik egin. San Pauloren arabera "Zuzena fedeagatik biziko da" (Erromatarrei, 1: 17).

Hedapena Alemanian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Luteroren zigilua.

Lutherren 95 tesien zabalkundeak hautsa harrotu zuen berehala. Mainzko apezpikuak eta domingotarrek, Inkisizioaren arduradunek, segituan salatu zuten Luther. Erroman, nolanahi ere, besteak beste Maximiliano I.a enperadorearen heriotza zela eta, erantzuna 1520ra arte atzeratu zen. Leon X.a Aita Santuak, bulda baten bidez, hirurogei egunetan atzera egin ezean, eskumikatuko zuela adierazi zuen. Lutherren erreakzioa Wittenbergeko unibertsitateko irakasle eta ikasleen aurrean bulda erretzea izan zen.

Karlos V.a enperadore berriak Wormseko dieta deitu zuen 1521ean, atzera egin zezan Lutherri berriro eskatzeko. Ezezkoak haustura berretsi zuen. Ordurako, Alemaniako humanista andana bat egina ziren Lutherren dotrinarekin, tartean Ulrich Utten eta Filip Melanchton. Azken hau dotrina egitaratu zuena izan zen. Zenbait artistak (Durer, Holbein) eta hiritarrek ere bat egin zuten Erreformarekin. Hurrengo urteetan hainbat hiritan eta printzerritan Lutherren dotrina onartu zen. Iparraldeko Europan, gero eta handiagoa zen kontzientzia naziolari esker ere erakargarriagoak suertatu ziren Lutherren irakaspenak. Izan ere, Aita Santua salatu zuen politikan eskua sartzeagatik. Gainera, noblezia babestu zuen Lutherrek 1525eko Nekazarien Matxinada bertan behera uzteko eta Elizarren lurra bereganatzeko.

Wormseko dietaren ostean enperadoreak Luther Inperiotik kanporatu bazuen ere, gezurrezko zelata batean Wartburgera eraman zuten Luther, babesa ematearren. Bertan sei hilabete eman zituen haren lan nagusienetako batzuk idazten. Ondoren, Wittenbergera joan zen, harik eta Eislebenera, haren jatorrizko hirira hain zuzen ere, itzuli zen, non 1546an hil zen.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Luteranismo Aldatu lotura Wikidatan