Luzaideko markesgoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Raimundo Güell Borboikoa, Luzaideko markesa.

Luzaideko markesgoa titulua Isabel II.a espainiar erreginak sortu zuen 1867 urtean Raimundo Güell Borboikoaren alde. Hau bere aldetik, José Lorenzo Buenaventura Güell y Renté jatorri katalaneko kazetari kubatarra eta Josefina Fernanda Borboikoaren semea zen. Carlos IV.aren biloba eta Francisco de Paula Borboikoaren alaba Josefina Fernanda, Frantzisko Asisko Borboikoaren (Isabel II.aren senarra) arreba zen, beraz, erreginaren koinatua.

Infanta eta kazetari kubatarraren arteko ezkontza morganatiko eta ezkutukoa ez zuten begi onez ikusi espainiar gortean eta hori dela kausa Espainiatik alde egin behar izan zuen bikoteak. Pariserako bidean, haurdun zegoen Josefina Fernanda Luzaiden erditu zen, eta era horretan Agirreneako Bentan sortu zen aipatu Raimundo Güell[1].

Handik urte batzuetara Josefina eta Jose Lorenzo banatu egin ziren, eta Isabel II.a erreginak, Josefina Fernanda nolabait barkatu eta bere ohorea eta posizio soziala itzuli nahi izan zizkion, eta horregatik sortu zuen, hain zuzen ere, Luzaideko markesgoa propio herri horretan jaiotako bere semearendako[2].

1907tik, Raimundo Güell Boiboikoaren heriotzaz geroztik titulua jaberik gabe dago. Beraz, bera izan da Luzaideko markes bakarra.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hori dio Juan Garmendia Larrañagak La "eskalapineilia"de Valcarlos artikuluan, 2. orrialdean. http://www.vianayborgia.es/bibliotecaPDFs/CUET-0008-0000-0221-0226.pdf
  2. Jose Apezarena : Luis Alfonso de borbon (Biografias Y Memorias). Plaza & Janés. 2007. 462. orrialdea

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]